Abu-Ali al-Hussayn ibn Abdullah ibn Sina (persieraz: ابوعلى سينا‎; arabieraz: أبو علي الحسين بن عبد الله بن سينا‎Abū ʿAlī al-Ḥusayn ibn ʿAbd Allāh ibn Sīnā; Khorasan, Bukhara ondoan, gaurko Uzbekistan, 980ko abuztuaren 22a - Hamadan, gaurko Iran, 1037ko ekainaren 21a), Avizena[1][2] edo Ibn Sina gisa ezagunagoa, persiar mediku, filosofo eta zientzialari bat izan zen. Erdi Aroko islameko filosoforik ospetsuena da. Aristoteles interpretatzerakoan neoplatonikoen ildotik ibili zen. Beraren zenbait testu gorde dira, horietako bat Medikuntzaren Kanona, testu klasiko bilakatu zena medikuntzaren irakaskuntzan, eta eragin handia izan zuena XVI. mendea arte, Ekialdean nahiz Mendebaldean.

Avizena

Bisir

1024 - 1037
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakأبو علي الحسين بن عبد الله بن الحسن بن علي بن سينا
JaiotzaAfshona (en) Itzuli980ko abuztuaren 22a
HerrialdeaSamandar Inperioa
Buyid dynasty
BizilekuaRay (en) Itzuli
Bukhara
Urgench (en) Itzuli
Gorgan
Hamadan
Lehen hizkuntzapersiera
HeriotzaHamadan1037ko ekainaren 21a (56 urte) (56/57 urte)
Hobiratze lekuaAvicenna Mausoleum (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
persiera
Irakaslea(k)Abu Sahl 'Isa ibn Yahya al-Masihi (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, poeta, astronomoa, medikua, musikaren teorikoa, fisikaria, matematikaria, kimikaria, ethicist (en) Itzuli, Alfakia eta idazlea
Lan nabarmenak
InfluentziakAl-Biruni, Plotino, Muhammad, Galeno, Aristoteles, Hipokrates, Aventzoar, Wasil ibn Ata, Abu Zayd al-Balkhi (en) Itzuli, Al-Kindi, Al-Razi eta Al Farabi
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama
Xiismoa

Arabiar munduko medikuntzaren egile eta Erdi Aroko mediku nagusitzat jotzen da. Bere entziklopedia medikoa, Gerardo Cremonakoak Toledon egindako latinezko itzulpenean, Canon izenburuaz, medikuntza irakasteko oinarrizko testua izan zen Europan XVIII. mendera arte.[3] Haren jarraitzaileek «jakintsuen printze» edo «medikuen printze» edo aix-xaykh ar-rais deitzen zioten, hau da, «maisu nagusia».

Testuinguru kulturala

aldatu

Avizenak literatura corpus zabal bat sortu zuen, oro har, Islamiar Urrezko Aroan, mende haietan Grezia eta Erroma klasikoen, persiarren eta hinduismoaren testuen itzulpenak sakonki aztertuak izan baitziren. Eskola neoplatoniko eta aristotelikoko nahiz Al-Kindi eskolako testu grekoz edo latinez idatzitakoak berriro ere argitaratu ziren, intelektual islamiarrek funtsezko garapenekin. Halaber, persiarrek eta hinduek sortutako matematika, astronomia, aljebra, trigonometria eta medikuntza zientziak asko garatu zituzten.[4] Samandar Inperioak, Persiaren ekialdean, Khorasan Handia deiturikoan eta Erdialdeko Asian, eta buyidtar dinastiak, Persia mendebaldean eta Iraken, giro egokia sustatu zuten kultura eta irakaskuntza garatzeko. Samandarren azpian, Bukhara lehia bizian aritu zen Bagdadekin, islamiar munduaren kultura hiriburu izateko.[5]

Koranaren eta hadithen ikerketak aurrera egin zuen giro horretan. Filosofia (fiqh) eta teologia (kalam) ere Avizenak eta haren aurkariek garatu zituzten nagusiki. Ar-Razík eta Al-Farabík behar zen metodologia eta jkintza ezarri zuten medikuntzan eta filosofian. Balkh, Khwarezm, Gorgan, Rayy, Isfahan eta Hamadaneko liburutegi handiak eskura izan zituen Avizenak. Testu batzuetan ikusten ahal da garai hartako jakintsu handien puntu filosofiko nagusiak eztabaidatu zituela.[6] Nizami Aruzi poetak azaltzen du nola Avizenak, Khwarezmetik irten aurretik, ezagutu zituen Abu-Rayhan al-Biruni zientzialari eta astronomo ospetsua, Abu Nasr Mansur matematikari ospetsua, Abu-Sahl al-Massihi filosofoa eta Ibn al-Khammar medikua.[7]

 
Avizenaren marrazki bat, XIII. mendeko eskuizkribu batean.

Biografia

aldatu

Avizena Khorasanen jaio zen, Bukharatik gertu, egungo Uzbekistanen. Aita musulman ismailita zen,[8] eta ama, ziurrenik, judu jatorrikoa, nahiz eta zalantzazkoa den hori. Haurtzaroan, al-Natili izeneko merkatari batekin bidali zuten, kalkulua ikas zezan. Memoria ona zuenez, berehala gainditu zuen maisua kalkuluan eta matematikan. Aita funtzionario izendatu zutenean, berarekin batera joan zen Bukharara, orduan samandarren hiriburura; han hasi zen ikasten garaiko jakintzak, hala nola fisika, matematika, filosofia, Korana edo logika. Dirudienez, Korana osorik zekien buruz 10 urte zituela.[9] 14 urterekin, bakarka ikasten zituen natura zientziak eta medikuntza. Al-Farabiren tratatu baten laguntza ukan zuen, Aristotelesen Metafisika aztertzerakoan aurkitu zituen zailtasunak gainditu ahal izateko.[8]

 
Avizenaren hilobiaren barruko bista, Hamadanen (Iran).

16 urte zituenean, teoria medikoa ikasteaz gain, gaixoei doako laguntza ematen zien —beraren kontakizunaren arabera—, eta haientzako tratamendu metodo berriak aurkitu zituen. 17 urterekin ospea lortu zuen Nuh II ibn Mansur II. emiraren bizitza salbatzeagatik.[9] Trukean, errege liburutegian sartzeko baimena soilik eskatu zuen, eta, horri esker, matematika, musika eta astronomia jakintzak zabaldu ahal izan zituen. Bere jakintza grinak eraginda, 18 urterekin zientzia ezagun guztiei buruzko jakintza aurreratuak zituen. Gainera, gorteko medikua eta zientzia gaietako aholkularia izan zen, Samandar Inperioa erori zen arte, 999an.

Hamadan, Xams-ad-Dawla buyidtar emirrak ministro hautatu zuen. Orduan, lan programa nekagarri bat ezarri zion bere buruari: egunez, kudeaketa publikoan aritzen zen; gauez, zientzian. Horrela, lan bikoitza egiten zuen: Sendaketa Liburua (Kitāb al-Shifā) eta Medikuntza Kanona (al-Qānūn fī l-ṭibb) liburuen konposizioa zuzentzen zuen.[9]

1021ean, Xams-ad-Dawla printzearen heriotzak eta Sama al-Dawla semearen erregealdiaren hasieran, funtzionario askoren anbizioak eta gorrotoak piztu ziren. Intriga politikoen biktima, Avizenna espetxeratu egin zuten.[10] Dervixez mozorrotuta ihes egitea lortu zuen, eta Isfahanera joan zen, Ala al-Dawla Muhammed kakuyida militarrarekin batera.

 
Avizenaren mausoleoa eta museoa, Hamadan.

32 urte zituela, Avizena bere maisulana, al-Qānūn fī l-ṭibb (Medikuntza kanona), idazten hasi zen, bere garaiko jakintza mediko eta farmazeutikoen bilduma antolatu bat, 5 liburukitan.[11]

Hamadanera egindako espedizio batean, Avizenak eritasun larri bat izan zuen hesteetan, aspaldidanik jasaten zuena, gehiegizko lanagatik eta plazerengatik, dirudienez.[12] Bere burua sendatzen saiatu zen, baina sendabidea oso txarra izan zen. Berrogeita hamazazpi urte zituela hil zen, 1037ko abuztuan. Hiltzear zegoela, ondasunak behartsuei eman zizkien, esklaboak askatu eta Korana hiru egunetik behin irakurtzen zuen, hil arte. Hamadanen (Iran) lurperatu zuten.[13]

Avizenaren obra ugaria eta askotarikoa da, nahiz adituen iritziak ez datozen bat haren zabaltasunaz: Georges Chehata Anawati egiptoar filosofoaren arabera, 276 liburu; Yahya Mahdavi iraniar irakaslearen arabera, 242.[14] Avizenak bere garaiko «jakintza hizkuntzan» idatzi zuen nagusiki, hau da, arabiera klasikoan, baina, batzuetan, bere ahozko hizkuntzan, persieraz ere idatzi zuen. Haren obra osotik, gaur egun 105 bolumen gordetzen dira, batzuk izaera entziklopediko nabarmenekoak, Kitāb al-Shifā edo Sendaketaren Liburua bezala.

 
Medikuntzaren Kanonaren irudi bat.

Obra handiak egin zituen, beste batzuk apalagoak, baita testu laburrak ere. Haren lanak garaiko jakintzaren hedadura osoa hartu zuen:[15]

Kitāb al-Shifā' (Arimaren Sendatzearen Liburua) obra filosofiko bat da, logika, fisika eta metafisika besarkatzen dituena, natur zientziez, matematikaz edo metafisikaz idatzitako testu zaharren itzulpenetatik abiatuta, eta Avizenak bere oharrak edo iruzkinak erantsita. Arimak gorputzean duen jaitsiera deskribatzen du, esfera altuenetik datorrena, hau da, bere bizilekutik datorrena.

Kitab al-Najat (Liberazioaren Liburua), Kitāb al-Shifā' sintetizaziotzat har daitekeena.

Filosofoaren helburu pertsonalak ekialdeko filosofian (Hikmat Mashriqiya) aurkitu zuen bere helburua, eta hogeita zortzi mila gairen bilduma bihurtu zuen. Lan hori 1034. urtean desagertu zen Isfahanen, eta zati batzuk besterik ez dira geratzen.

Kitab al-Icharat wal Tanbihat (Zeinuen eta Ohartarazpenen Liburua), natur zientzietako, teologiako, sufismoko eta moraleko ikasketak biltzen ditu.

Adwiyat-al-Qalbiyari, gizalegeari eta adeitasunari buruzko tratatu bat.

Bere bizitzako azken urteak filosofiari eman zizkion, liburuki anitz idatzita arimaz eta patuaz, jakinduriaz, bertutearen eta bekatuaren bizitzaz eta abar. Gizakiaren esentzia eta existentzia bereizteari buruzko bere pentsamendua Tomas Akinokoak ustiatuko zuen. Horrela, Erdi Aroko kristau filosofia eskolastiko neo-aristotelikoaren oinarrietako bat bihurtu zen.

Avizenak Urdjuza Fi-Tib (Medikuntzako Poema, 1300) lanean laburbildu zuen bere pentsamendu medikoa, gerora Armengaud Blaise Jakue II.a Aragoikoaren eta Klemente V.aren medikuak itzuli zuena eta pentsamendu honekin hasten den: «medikuntza da osasuna mantentzeko eta, batzuetan, gorputzean gertatzen den gaixotasuna sendatzeko artea».[16]

Medikuntzako ekarpenak

aldatu
 
Avizenaren Kitāb al-Qānūn fī al-ṭibb (Medikuntzaren Kanona) lehen liburukiaren portada.

Kitāb al-Qānūn fī al-ṭibb, bost liburukiz osatua, Avizenak medikuntzari buruz egindako lanik handiena da. Gorganen hasi zen idazten, Rayyn jarraitu zuen, eta Hamadanen azkendu zuen. Avizena idatzitako lanik handiena da, milioi bat hitz inguru ditu. Lana bost zatitan dago banatuta:[17]

Ezaugarri hauek nabarmendu daitezke izugarrizko obra honek garai hartan ekarri zituen aurrerapenei dagokienez:

  • Pleuresia, mediastinitisa eta abzesu subfrenikoa bereizten lehena izan zen.
  • Aurpegiko paralisi bi motak, zentrala eta periferikoa, xeheki deskribatu zituen.
  • Garai hartan ezagutzen ziren organo guztien egoera azaldu zuen, haiei lotutako patologia nagusiekin batera.
  • Farmakologia: ezagutzen ziren sendagai guztien zerrenda, alfabetoaren araberako hurrenkeran, ezaugarri nagusiekin.
  • Etikak lanbide medikoaren garapenean duen garrantziaz jabetu zen.[18]

Lan honek arrakasta itzela izan zuen, eta itzalpera kondenatu zituen aurrez Ar-Razi, Ali ibn Abbas al-Majusi, Abulkasis eta bestek idatzitako obrak, baita gerora Ibn al-Nafis siriar medikuak idatzitakoak ere. XII-XVII. mende bitarteko gurutzadek berriro eraman zuten Europara liburua, praktika medikoan eragina zabalduz eta «erreferentzia gisa ezarriz medikuen prestakuntzarako, zenbait mendetan zehar, medikuntza eskola guztietan».[21]

Lana latinera itzuli zuen Gerardo Cremonakoak 1150 eta 1187 artean, eta hebreeraz inprimatu zen Milanen 1473an, gero Venezian 1527an eta Erroman 1593an. Bere eragina iraunkorra izan zen eta soilik Pizkundetik aurrera hasi zen zalantzan jartzen: Leonardo da Vincik anatomian zeuden akatsak argitu zituen eta Parazeltsok jendaurrean erre zuen, 1527ko ekainaren 24an.[22] Europako zientziaren garapenak lortu zuen, XVII. mendetik aitzina, Avizenaren jakintza gainditzea, adibidez, William Harveyk 1628an odolaren zirkulazioa deskribatu zuelarik.[23]

Doktrina filosofikoa

aldatu
 
Miniatura bat, Avizenaren irudiaz.

Avizena Bagdadeko eskola filosofikoaren parte izan zen. Bere jarduera filosofikoaren ildo nagusia zen diskurtso arrazionala eta erlijioa uztartzea da. Neurri batean, Al Farabi bere irakaslearen lanak egokitu zituen Koranarekin bateragarri izan zitezen, eta tradizioz teologikoak ziren elementuak erantsi zituen filosofian, hala nola aingeruak, funtsezko zeregina ematen baitzien gizakiekin, batez ere profetekin, zuten harremanean. Oro har, Ekialdea hartzen zuen argi iturritzat, eta ekialdeko filosofia nabarmentzen eta Mendebaldera transmititzen ahalegindu zen.Tamalez, gai horri buruzko lan asko galdutzat ematen dira.[24]

Errealitatea azaltzeko, Avizenak sistema emanatista hartu zuen, oro har, neoplatonismoari zegokiona.[3] Hala ere, Aristotelesen tradizio naturalistatik jasotako jakintza eskema bat zeukan: bereizten zituen sentsazioa, irudimena, adimen posiblea eta adimen agentea, hau da, mailakatze bat egiten zuen lehen abstrakzio posibletik abiatuta, sentiberak ez diren ideia partikularretara, eta ideia orokorretan amaitzeko. Hierarkia hirukoitz hori izakiei ere aplikatzen zaie. Esentziaren eta existentziaren arteko erlazioan ere sakondu zuen: gauza bat izango da soilik haren existentzia beharrezkoa denean. Jainkoak egindako sorkuntza behar horren araberakoa litzateke.[25]

Avizenak egokitu egin zuen Aristotelesen bereizketa, adimen posiblearen (pazientea, pasiboa) eta adimen eragilearen (aktiboa) artean, eta interpretazio espiritualistago bat egin zuen. Hala, bada, adimen aktiboa Jainkoarena dela uste zuen, eta gizakiari komunikatzen zaio denboran zehar; adimen pasiboa, berriz, gizakiarena da, baina ez da gorputzean hiltzen, arimaren hilezkortasunean sinesten baitzuen. Avizenaren ikuspegiaren arauz, adimen pazienteak ezin du ezer egin adimen agenterik gabe, eta, beraz, giza adimena posiblea baino ez da. Adimen agentea bide espiritualetik sortu behar da.[3]

Avizena bereziki garrantzitsua da filosofiaren historian, Aristotelesen irakurketa erraztu baitzien eskolastikoei.[3]

Ekialde mistikoa

aldatu
 
Avizenaren eskuizkribu bat, jatorri ezezaguna. Taxkent, Abu Rayhan Biruni Institutua (XIV. mendea).

Islamiar teosofiaren eta mistizismoaren tradizioan, mashriq (Ekialdea) argi mundutzat hartzen da, eta, beraz, aingeruen adimenaren mundutzat; aldiz, maghrib (Mendebaldea) ilargi azpiko mundua da, ilunpeko mundua, arimak erortzen diren mundua. Ikusmolde hori oso esplizitua zen Avizenaren lanetan, eta are nabarmenagoa izango zen haren iruzkingile eta kritikarien lanetan, hala nola Suhrawardi filosofoarenetan.[26]

Avizena ekialdeko filosofiari buruzko hiru testuren egilea da: Ḥayy Ibn Yaqẓānen kontakizuna, Txoriaren kontakizuna eta Salâmânen eta Absâlen kontakizuna.

  • Ḥayy Ibn Yaqẓānen kontakizuna: Hayy ibn Yaqzan irla batean isolatuta dagoen haurra da. Ezagutzen du, bere kabuz, inguratzen duen unibertsoa. Kontakizun hau Ekialdeari buruzko sarrera bat bezalakoa da, argiaren goiaingeruaren forma, mendebaldearen eta mendebaldeko muturraren (materia puruaren lekua) aldean. Hayy ibn Yaqzanek Avizena pertsonalizatzen du aingeruarekin duen harremanean.[27]
  • Txoriari buruzko kontakizuna: kontakizun honek Hayy ibn Yaqzanen historiari erantzuten dio, Ekialde Urrunean ekiten dio bidaiari, «erregearen hiria» lortzeko absolutuaren ikerketan. Arima berez esnatzen da. Igoera mental baten estasian, mendi kosmikoko ibarrak eta erretenak zeharkatzen ditu aingeruarekin batera.[28]
  • Salâmânen eta Absâlen kontakizuna: istorio honek Kitab al-Isharat wa-l-tanbihat liburuaren azken zatiko bi heroien drama deskribatzen du. Bi kontenplazio adimenen (edo espekulazio adimenen) bi pertsonaia tipiko horiek aurkitzen dira, baita ere, Prometeo eta Epimeteo greziar mitoetan, hitz batean: zerutar gizakia eta hezur-haragizko gizakia. Hala, bada, sinkronia bat dago arimaren esnatzearen eta gidariaren bistaratzearen artean.[29]

Aingerua

aldatu

Hamargarren adimenak garrantzi berezia du: agente adimentsua edo aingerua da, eta Gabrielekin lotzen da Koranean, hasieran zegoen eta bere emanazioa puskatu egin zen zati askotan. Horrela, aingeru bera bederatzigarren adimenaren jariatze gisa behatuta, ez da zeruko arimaren ondorio, giza arimena baizik. Handitasunaren aingeruek zentzurik ez duten bitartean, giza arimek, berriz, irudimen sentsuala eta sentikorra dute, eta gorputz materialak mugitzeko gaitasuna dute.[30]

Avizenaren aburuz, giza adimena ez da eratzen formen eta ideien abstrakzioaren bidez. Gizakia, hala ere, botere adimenduna da, baina aingeruaren argitasunak bakarrik ematen dio jakintzatik jarduneko jakinduriaren edo ekintzaren boterera pasatzeko ahalmena. Zernahi gisaz, giza adimena aingeruak argiztatzeko duen indarra aldatu egiten da:[31]

  • Profetak argiz betean izan ziren, eta, zentzuzko adimena ez ezik, irudimena ere hedatu zuten, eta beste gizaki batzuei eman zieten oparotasun hori.
  • Beste gizaki batzuek argia jasotzen dute, baina profetek baino gutxiago, idazten, irakasten eta legislatzen dute, eta, hala, besteengana adimena birbanatzen parte hartzen dute.
  • Beste batzuek beren perfekziorako behar adina argitasun jasotzen dute.
  • Eta beste batzuek hain gutxi jasotzen dute, ezen ez baitira inoiz ekintzara heltzen.

Ikuspegi horren arabera, gizakiek adimen bakarra partekatzen dute, hau da, kontzientzia kolektibo bat. Giza bizitzaren azken etapa, orduan, aingeruen jariatzearekin lotzea da. Beraz, arima hilezkorrak argiztapen aingerutarraren pertzepzioa ohitura bihurtu duten guztiei ematen die superexistentziarako gaitasuna, hau da, hilezkortasuna.[32]

Neoplatonikoentzat —eta Avizena horietako bat da—, arimaren hilezkortasuna haren izaeraren ondorio da, eta ez helburu.

Alkimia

aldatu
 
Tajikistanen emandako zigilua, Avizenaren irudiarekin (2005).

Avizenak alkimiari buruz egin zituen hausnarketek —ez zuen uste metalen transmutaziorako aukerarik zegoenik— eragin nabarmena izan zuten bai alkimistengan, bai haien aurkariengan, Kitab al-ma'âdin wa-l-al-Atar 'uluwiyya (latinez: De congelatione et conglutinatione lapidum) lanari esker. [33] Avizenaren Kitab al-Shifa liburuaren zati baten itzulpen laburtua da, «harrien eraketa, mendien jatorria, mineralen sailkapena (harriak, sufrea, gatzak) eta metalen jatorria». Avizenak azaldu zuenez, metalak «merkurioa eta lur sulfurosoa elkartzearen ondorio dira».[34] Ukatu egiten zuen metalen transmutazio kimikoaren aukera: alkimisten usteei dagokienez, jakin behar da ez dela haien ahalmena espezieak bata bestean benetan eraldatzea (sciant artifices alchemiae species metallorum transmutari non posse), baina haien eskumenean dago imitazio ederrak egin ahal izatea, gorriz tindatu eta zilarraren oso antzeko izan dadin, edo horiz urrea eman dezan.[35] Bestela esanda, alkimistek ezin dituzte konplexioak bihurtu, espezieak aldatu: uneko kalitateetan baino ez dute jarduten eta imitazioak baino ez dituzte egiten.

Besterik

aldatu

UNESCOk 2003an Avizenaren izeneko sari bat ezarri zuen, zientzian ikuspegi etikoa aplikatzen duten zientzialariak ohoratzeko.[18]

Noah Gordonen The Physician (1988) eleberrian,[36] garaiko maisu handiarengandik ikasteko, medikuntzako ikasle gazte ingeles baten ibilerak ageri dira. Era berean, Gilbert Sinoué frantses idazlearen Avicenne ou la route d'Ispahan (1989) eleberriak[37] Avizenaren fikziozko biografia azaltzen du, giza ikuspegi batez, bere grina eta jakinduriarekin.

Behinolako Lenin saria izenez aldatu zuen Tajikistango gobernuak, 2006ko uztailean, Abuali ibn Sino (tajikeraz: Абӯалӣ ибни Сино), Avizena filosofoaren omenez.[38]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 13 or..
  2. Mujika, Alfontso; Goenaga, Ane Miren; Alberdi, Andres. (2005). Onomastika. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 978-8445722978. OCLC .432975658.
  3. a b c d (Katalanez) «Avicenna» Enciclopèdia Catalana (www.enciclopedia.cat) (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  4. (Ingelesez) «Major periods of Muslim education and learning» Encyclopaedia Britannica 2024-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  5. (Ingelesez) Afary, Janet. (2013). «Iran» Encyclopaedia Britannica (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  6. (Frantsesez) Avicenna; Michot, Yahya. (2000). Lettre au vizir Abû Saʻd : editio princeps d'après le manuscrit de Bursa. Beyrouth: Editions al-Bouraq ISBN 978-2841611508. OCLC .50584897.
  7. (Ingelesez) Nizami i Arudi. (1921). Chahar Maqala. Itzulpena: Edward G. Browne. London: Cambridge University Press (web.archive.org).
  8. a b Corbin 2014, 167-175. orr. .
  9. a b c (Ingelesez) Flannery, Michael. (2024-05-06). «Avicenna | Biography, Books, & Facts» Encyclopaedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  10. Davis 1993, 82. orr. .
  11. Jaramillo 2005, 17. orr. .
  12. Giné 1869, 216. orr. .
  13. Osler 2023, 72. orr. .
  14. Warszawski, Jean-Marc. (2023-01-21). «Ibn Sina, Avicenne (980-1037)» Musicologie.org (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  15. Aguado 2004, 143. orr. .
  16. (Frantsesez) «Ibn Sînâ (Avicenne)» Les cahiers de l'Islam (web.archive.org) 2023-10-03 (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  17. Jaramillo 2005, 48. orr. .
  18. a b UNESCOk 2003an Avizenaren izeneko sari bat ezarri zuen, zientzian ikuspegi etikoa aplikatzen duten zientzialariak ohoratzeko.
  19. Jaramillo 2005, 49. orr. .
  20. (Ingelesez) Missori, Paolo; Brunetto, Giacoma M.; Domenicucci, Maurizio. (2012-04). «Origin of the Cannula for Tracheotomy During the Middle Ages and Renaissance» World Journal of Surgery 36 (4): 928–934.  doi:10.1007/s00268-012-1435-1. ISSN 0364-2313. (Noiz kontsultatua: 2024-06-22).
  21. de las Heras García 2005, 7. orr. .
  22. Puerto Sarmiento 1991, 38. orr. .
  23. Duce 2005, 7. orr. .
  24. (Frantsesez) Forget, J.. (1894). «Un chapître inédit de la philosophie d'Avicenne» Revue Philosophique de Louvain 1 (1): 19–38.  doi:10.3406/phlou.1894.1359. (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  25. (Frantsesez) Bennani, Azelarabe Lahkim. (2014). Almoubaker, Mohamed ed. «Être et essence chez Avicenne : lecture de Driss Mansouri» Pratiquer les sciences sociales au Maghreb : Textes pour Driss Mansouri avec un choix de ses articles (Centre Jacques-Berque): 573–582.  doi:10.4000/books.cjb.676. ISBN 979-10-92046-22-9. (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  26. (Ingelesez) Janssens, Jules. (2016-03-01). «Ibn Sīnā. A Philosophical Mysticism or a Philosophy of Mysticism?» Mediterranea. International Journal on the Transfer of Knowledge: 37–54.  doi:10.21071/mijtk.v0i1.5172. ISSN 2445-2378. (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  27. Corbin 1990, 123-164. orr. .
  28. Corbin 1990, 165-203. orr. .
  29. Corbin 1990, 204-241. orr. .
  30. (Ingelesez) Zaeri Amirani, Maryam; Rahmati, Enshaallah; Javadi, Mohsen. (2017). «Avicenna on the Angelological Relevance of Mystical Experience» Religious Inquiries (web.archive.org) 6 (12): 1-24.. ISSN 2538-6271. (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  31. (Ingelesez) Lizzini, Olga. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Ibn Sina’s Metaphysics» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  32. (Ingelesez) Morewedge, Parviz. (1971). «The Logic of Emanationism and Ṣūfism in the Philosophy of Ibn Sīnā (Avicenna), Part I» Journal of the American Oriental Society 91 (4): 467–476.  doi:10.2307/598443. ISSN 0003-0279. (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  33. Anawati 1971, 285-341 orr. .
  34. Pérez de Laborda 2005, 240 orr. .
  35. (Latinez) E. J. Holmyard, D. C. Mandeville. (1927). Avicennae de congelatione et conglutinatione. Being Sections of the Kitâb al-Shifâ': The Latin and Arabic texts. Paris: Paul Geuthner (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  36. (Ingelesez) Gordon, Noah. (2013). The physician. Barcelona: Barcelona Editions ISBN 978-8499188362. OCLC .879362497 (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  37. (Frantsesez) Sinoué, Gilbert. (2014). Avicenne ou la route d'Ispahan. Paris: Denoël ISBN 978-2070383023. OCLC .925438534.
  38. Президенти Точикистон - Tajikistango gobernuaren ebazpena 297 zk.. web.archive.org 2006-07-04 (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Avizena