Larresoroko apaiztegia
Larresoroko seminarioa Lapurdiko izen bereko herrian kokatutako eraikina da, XVIII. eta XIX. mendeen artean Ipar Euskal Herriko kulturagune nagusienetako bat izan zena. Euskal literaturan erromantizismoa bertatik zabaldu zen hein batean.[1] 2005ean monumentu historiko sailkatu zuten.[2]
Larresoroko seminarioa | |
---|---|
Monumentu historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Lapurdi |
Herria | Larresoro |
Koordenatuak | 43°22′19″N 1°26′00″W / 43.3719°N 1.43335°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1733 |
Arkitektura | |
Ondarea | |
Mérimée ID | PA64000055 |
Historia
aldatuJean Agerre abadeak 1733ko apirilaren 29an eraiki zuen, apaiztegi txiki batek eta kapera batek osaturik.[3] Garai hartan Baionako elizbarrutia barruko jansenismoari eta ondoan zuen Bearnoko protestantismoari aurre egiteko bere kleroa ortodoxian eskolatzeko premian aurkitu zen. Larresoroko apaiztegiak garrantzi berezia izan zuen jansenismoa Iparraldetik erauzteko orduan.[4]
1739an Euskal Herri osoko lehenengo ikasleak ailegatu ziren filosofia eta teologia ikasteko. Baionako elizbarrutiaz gain, Oloroekoa eta Akizekoa ere bere apaizez bete zen.[5] Apaizgaiak bakarrik ez, gero ikasketa zibilak Bordele, Tolosa edo Parisen jarraitu nahi zituztenak ere pasa ziren Larresorotik.[6]
1792ko urrian apaizak eraikinetik bota zituzten eta 1820ra arte ez ziren itzuli. Apaiztegiak bigarren loraldi bat izan zuen orduan, euskal literaturarentzat ere emankorra izan zena.[6] Eliza eta Estatuaren arteko legea ezarri ondoren, 1906ko abenduaren 18an Gobernua eraikinaren jabe bilakatu zen. Lehenengo Mundu Gerran ospitale moduan erabili zuten.
Bertoko ikasle ospetsuen artean Louis-Édouard Cestac, Dominique Garat Hiriarte, Dominique Joseph Garat, Joan Piarres Duvoisin, Martin Duhalde, Jean Hiriart-Urruti edo Grazian Adema daude, baita Euskaltzaindiaren kide batzuk ere, tartean Jean-Blaise Adema, Jean Elizalde, Bernard Goity, Jules Moulier, Martin Landerretxe edo Jean Saint-Pierre.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 161. or.
- ↑ Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Larresoroko seminarioa. .
- ↑ Goihenetxe, M.. (1995). Les Basques et leur histoire. Mythes et réalités. Elkar.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 159. or.
- ↑ Hariztoi, P.. (1884). Recherches historiques sur le Pays Basque. Baiona: Lasserre.
- ↑ a b Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 160. or.