Potemkin korazatua
Potemkin korazatua (errusieraz: Броненосец Потëмкин, Bronenosets Potyomkin), Sergei Eisenstein zinemalari errusiarrak zuzendutako filma da, 1925ean Moscofilmek ekoiztua. 1905ean Potemkin ontziko eskifaiaren matxinada du gai. Zinemaren historiako film onenetakotzat jotzen da. Propaganda filmtzat hartu bada ere, Eisensteinek muntaiaren gaineko bere ekarpen eta teoriak azaldu nahi izan zituen.
Bost atalek osatzen dute:
- "Gizonak eta harrak" (Люди и черви) delakoan marinelak kexu dira, ontziko jatekoa ustel baitago.
- "Drama portuan" (Драма на тендре) izenekoan eskifaia matxinatu egin da eta haien buruzagiak bizitza galdu.
- "Hildakoak justizia aldarri du" (Мёртвый взывает) atalean, Odesako herritarrek bat egiten dute matxinatuekin.
- "Odesako eskailerak" du izena laugarrenak (Одесская лестница), eta leku hartan tsarraren soldaduek odesarrak jazarri dituzte.
- "Eskuadroiarekin hitzordua" da azkena (Встреча с эскадрой).
Bere lehen lanean erakutsitako maila ikusita (Greba, 1924), Eisensteinek aukera izan zuen 1905eko iraultza ospatzeko asmoz egin zuen filma zuzentzeko. Iraultza horrek bi gertakizun nagusi ditu garaikide: batetik, Errusiak Japoniaren aurka galdutako gerra eta, bestetik, tsarraren indarrek San Petersburgoko langileen aurka eragindako triskantza. Jazarpen horrek greba orokorra abiarazi zuen Errusiako hainbat lekutan. Gobernuak gertaera horiek ospatzeko filma egiteko asmoa zela-eta, gidoilaria paratu zuen lanean eta hura 1905eko kalamitate horiek gidoi batean harilkatzen saiatu zen. Eisensteinek, hainbeste gertakariren artean galduta eta nahasirik, irtenbidea Odesako portura eraman zuen, eta bost ataletan banatu zuen bi ardatz ondo berezien arteko dialektika: onen eta gaiztoen arteko liskarra.
Odesako eskailerak
aldatuFilmeko laugarren atalean, Odesako eskaileretan jazotakoa da oinarri, gerora filmaren beraren sinbolo bilakatu dena. Eszena horretan, tsarraren kosakoak amaierabako eskaileretan behera doaz, hiltzeko makinak bailiran, halakoa baita daramaten itxura eta darabilten ibilera izutzekoa. Sekuentziaren bukaeran, soldaduek ama eta umeari egiten diete tiro. Ama lurrera hilik erortzean, nahigabean haur-kotxea bultzatu du: umea barnean dela, badoa ibilgailua amilka, jende jazarri beldurtuaren ondoan.
Eisensteinek alegia sortu zuen. Odesako eskaileretakoa ez zen benetan horrela gertatu. Zuzendariaren asmazioa izan zen, nahiz eta egia izan Odesako herritarrak kexu azaldu Potemkin itsasontzia hirian egon izanaz. Dena den, maisuki kontatu zuen Eisensteinek azaldu nahi zuena (ondo egindako propagandari ordain handia zor), jende askok egiazko eta gertatukotzat jotzen baitu filmean agertutakoa.
Eszena hori Eisensteinen muntaiaren teorien isla da. Osterako eraginak asko eta ezagunak izan dira: Leni Riefenstahl (Triumph of the Will), Francis Ford Coppola (The Godfather), Brian De Palma (The Untouchables), Woody Allen (Bananas eta Love and Death) edo Terry Gilliam (Brazil).
Zenbaitek dioenez, pertsonak baino Eisensteinen helburua giza taldea erretratatzea izan zen. Hartara pertsonaien ezaugarritzea lausoa da, eta nahikoa da onak eta gaiztoak zeintzuk diren ondo islatzea: korazatuko kapitaina, usteldutako okela jateko moduan dagoela ziurtatu duen medikua edota ontziko popea ikuslearen begitan gaizto eta krudel dira; matxinadari ekin dion marinela, ordea, martiri izatera iritsi da. Ikusleek inongo esfortzu barik hiru etsai horiei gorroto die eta herriak bizi duen egoera tamalgarriaren erantzuleak nortzuk diren erraz asko asmatu behar du; aldi berean, euretako bat marinela da, heroia sortua da.
Zine mutuko lau lan sortu zituen eta beraietan antzezle nagusia jendetza da, jende oldea. Ez zien aktore profesionalei aukerarik eman, gutxitan ez bada eta, kasu horietan ere, bigarren maila batean utzita.
-
Potemkin korazatua
-
Potemkin korazatua filmaren beste afixa bat
-
Tsarraren soldaduak eskaileretan behera doaz.
-
Umea eskaileretan behera.
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Fitxa - imdb.com