Sorgin
Sorgin hitzak, euskal mitologian, izatez bere baitan bi izaki desberdin bereganatzen ditu. Alde batetik Mariren borondatearen gauzatzaileak diren sorginak, izaki miragarri bezain mitikoak. Bestalde sorgintzat jo zituzten emakumeak gauetan akelarre izeneko bileretara hurbiltzeaz salatuak izan zirenak. Zuberoan Belagile edo Sorsain izena hartzen dute.
Sorgin | |
---|---|
Euskal Herriko mitologia eta sorginkeria | |
Ezaugarriak | |
Sexua | emakumezkoa |
Baliokideak | sorgin |
Ogibidea | sorginkeria |
Batzuetan, sorginak laminekin nahasten dira, nahiz eta izaki bera ez izan. Haiekin eta batez ere jentilekin batera, historiaurreko monumentu megalitikoak eraiki izana egozten zaie tokiko usadioen arabera, hau da, trikuharri, harrespil eta zutarriak.
Etimologia
aldatuHitzaren jatorria ez dago argi.
Koldo Mitxelenak sor(tu) + gin osagaiak proposatu zituen, baina sor aditzaren "sorgortu, moteldu, (mina) arindu edo baretu " esanahia hobesten du, belagileek edo sorginek oinazea arintzen baitzuten.[1]. Bestalde, latinezko sortem hitzarekin lotzeko arazo handiak daudela idatzi zuen[2], izen horrek, *zortagin, *zortkin edo *zortgin emango zuelako.
Gaur egungo berezilarientzat baztergarri diren beste etimologia batzuk ere proposatu izan dira:
- Batzuen ustez sor + gin da. Hau da, sor > sor(tu) aditz erroa + -gin atzizkia. Hortaz sortzen duena edo sortzailea litzateke. [erreferentzia behar]
- Joxe Miguel Barandiaranek uste izan zuen "sor", sortu aditzarekin lotuta egongo zela eta proposatu zuen "Sorgina", "Sorzaina" izena ere izango zuen eta jaiotzak zainduko zituen jeinua izango zela[3].
- Caro Barojak uste zuen, hasierako sor hitza latinezko sortem[oh 1] zela (zori edo patu adieran). Hortaz, patu-egile edo zori-iragarle litzateke[4]
- Mikel Azurmendi idazle eta antropologoak uste du sor hitza berak egungo "sorginkeria" esanahia zuela eta Mitxelenak proposatutako sorgortu beraren ildotik doa. Sor bat botatzen duenak sorgortzen du: tontotu, moteldu, sentsibilitatea kendu. Eta beraz, sorgina "sorgintzen duena" , "sorginkeria botatzen duena". da[3].
- Rafael Castellanoren "Sutondoan, sombras y quimeras del eusko-lur" liburuan XII. mendean Tarn-eko bailaran idatzitako "enquiridión" batetaz mintzo da. Etorkizuna jakiteko erabiltzen zen liburu huraren erabilpenari "faire les sorts" esaten zioten mendebaldeko pirineoetan eta bere iritzian sorgin hitzak eragiketa honen itzulpen zuzenatik letorke.
Erdal 'bruxa' hitzak jatorri zeltiarra izan dezake, 'brío' hotsak bezala, esanahi honekin: indarra > adurra (indar magikoa). "bruixa" hitza edo antzekoa sortzen duen erroa hizkuntza zeltiar guztietan zegoen oso antzeko forma batean. Hizkuntza galo-erromantzetan agertzen denez, horietan galieratik hartua izan daiteke. Adibidez, galizieraz oso bestelakoa da darabilten hitza: meiga. Wikitionaryn, 'bruixa' keltiberorik datorrela dioen arren, gaztelaniaz eta portugesezko 'brujo/bruja' eta 'bruxa' okzitanieratik hartu zuten eraginaren ondorio izan daitezke. Bestalde, latinezko 'sorte'-ri erreferentzia egiten dioten etimologiak erromantzezko 'sorcière' [sorgina] (< *sortarius) hitzaren haritik datoz.
Sorgin-ehizak eta aro modernoko epaiketen hilketak
aldatuAro Modernoaren hasieran, Europa osoan barreiatu zen sorginenganako izua eta, horregatik, haien aurkako jazarpena eta epaiketak. Euskal Herrian ere izan ziren epaiketa edo sorgin-ehiza hauek, batez ere Nafarroa Garaian eta Lapurdin, hau da, Xareta osatzen duten herrien inguruan eta Donibane Lohizune inguruan.
Gaztelako Erresumak 1478 sortu zuen Inkisizioa, batez ere juduen eta musulmanen aurkako epaiketak egiteko. 1512-21 urteetan Nafarroako Erresuma konkistatzean, bertako sineskeren aurka ere ekin zuen, sorginak jomugan jarriz. Hala, 1525ean, operazio militar nagusiak amaitu eta hurrengo urtean, sorginen lehen jazarpen handia izan zen Nafarroan, eta Euskal Herrian.
Pertsekuzio ezagunena Inkisizioaren 1610. urteko Logroñoko prozesua izan zen, Zugarramurdiko akelarreari buruz. 12 emakume erre zituzten, haietako bost sinbolikoki, galdeketetako torturapean hil baitzituzten. Aurreko urtean, 1609an, Bordeleko epaile zen Pierre de Lancrek epaiketa erraldoia hasi zuen Lapurdin, uste baitzuen ia lapurtar guztiak sorginak zirela. Azkenean, 70 lagun erre zituen, artean zenbait apaiz. Azkenean, Bordeleko Parlamentuak itzularazi egin zuen, lapurtarren matxinadaren beldurrez.
Mendebaldeko historian gorde den sorginaren iruditeria, adibidez, erratzean hegal egiten duten sorginena, XV. mende amaieran eta XVI. mendean sortu zen. Ordu arte inork ikusi ez zuenaren irudia hainbat marrazkilari eta margolarik elikatu zuten. Bruegel Zaharra izan zen horietako artista bat.[5] Hala ere, sorginkeriaren inguruko sinesmenen irudia finkatu eta zabaldu zuena, eztabaidarik gabe, Pierre de Lancre izan zen. 1612. urtean bere ikerketa eta epaiketen batazbesteak "Tableau de l'inconstance des mauvais anges et demons" liburuan argitaratu zuen gehigarri batekin batera, Ziarnko Jan-en Akelarrearen grabatu erakuslea. Eta grabatu hau erakuslea izan zela esana beharra dago ondorengo artisten irudimena eta letragabe europarren asmakizunen iturri bihurtu zelako. Letragabe zen gizartean irudi horretan agertzen diren gertakizunak ahoz aho mendebaldeko Europan sorgin izua zabaldu eta horren ondorioz sorgin-ehizak sarraski batean bukatu zuten ondorengo urteetan.
Sorgin-ehiza itsasoa zeharkatu eta Europatik aparte Estatu Batuetan ere gertatu zen. 1692-93. urteetan Salemeko epaiketek amaitutzat eman zuten sorginen ehiza. Eskozian, 2.558 pertsona exekutatu zituzten 1563tik 1736era sorginkerian ibiltzea leporatuta.[6]
Elezaharrak
aldatuEuskal elezaharretan ageri diren sorginak izaki miragarri eta izugarriak dira, Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua. Katu itxura hartzen dute maiz. Euli itxuran logeletako zerrailu zulotik sartzen ziren lokartutakoei oinak zurrupatuz odola xurgatzeko.
Sorgin numenek Mariren eginkizunak betetzen dituzte. Askotan Mariren laguntzaile gisa sorgin bat du kobazuloan, bai Anboton, Aloñan, Aketegin, Gorbean, Odeben, Putterrin, Sasterrin, Aralarren, Murun etab. Sorgin leizeak ere badira, Morgakoa, Mañariako Laskondokoan eta Baltzolakoan beste batzuen artean.[7]
Arrantzaleen sinesmenetan 'sorgin' hitza esatea debekatua zegoen, tabu baten antzera zuten Lekeitioko eta Hondarribiko arrantzaleek itsasoratuak zeudenean.[7]
Gehienetan ezaren fruituak jasotzen dihardute gaua, beste askotan berengan sinisten ez dituztenak kaltetzen dituzte, beren abereak eta uztak galtzen edo senideak gaixotzen, birao eta beste aztikerien bitartez.
Ele zaharrak dioenez:
« | Direnik ez da sinetsi behar; ez direla ez da esan behar | » |
Nolanahi kondairetan beraiengan sinesten ez dutenentzat erantzuna ere badute:
« |
|
» |
XV-XVI-XVII. mendeetan, Europa osoan bezala, Euskal Herrian sorginen aurkako hainbat epaiketa egin ziren, batez ere 1609an Pierre de Lancre epaileak Lapurdin egindakoa eta 1610an Logroñoko prozesuan Zugarramurdiko akelarrearen aurka. Auzi hauetan guztietan herri-sineskerak, erlijioa, auzokideen arteko liskarrak eta politika elkarrekin nahasita zeuden.
Sorginak astintzeak ez du eraginik haiengan, mintzeko itzalari jo behar omen zaio. Jesusen izenak, gurutzeak, errudak, apioak, sutondoko ikatzak, higak eta beste kuttun batzuek atzerantz botatzen ditu.[7]
Euskal elezaharren arabera, etxeko ateetan jartzen den eguzkiloreak sorginak gelditu eta loreak dauzkan arantzak kontatzea behartzen ditu, modu honetan denbora-pasan egunsentia ailegatu eta oilarra kantua entzuteko unean etxean sartzeko saiakera bertan behera utzi beharra daukate. Eguzkilorea ikusita, egunaren argia baino gehiago, eguzkia bera dela dirudi sorginak menderatzen dituena.
Kondairetan nahasturik ageri dira lehen aipatutako sorgin mitikoak eta gauez sorgin bilakatzen ziren auzoko bizilagunak. Edozein bizilagun sorgin bihur zitekeen, baita zu zeu ere: elizari gauez hiru bira ematen bazenituen, gaizki bataiatua izan bazina, sorgin arropak ereduan jasotzen bazenituen, sorgin baten orratzontzia oparitzen bazizuten, hilzorian dagoen sorgin batek ukitzen bazintuen edo eta deabrua besarkatu ondoren oinarekin gurutzearen keinua egiten duzun bitartean zera esaten bazenuen:
porla se, zalpate, funte fa, funte fi, txiri biri, ekatsu, ekatsu, amen![8]
Sorginek, akelarrera joan eta etortzeko, ukendu berezi bat gorputzean hedatu eta honako hitzok esaten omen dituzte:
- Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik
Elezahar askotan, sorgin izan edo sorginak miatu nahi duen batek hitzak alderantziz esaterakoan (Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik) guztiz urratua iristen da akelarrera.
Sorginekin zerikusia duten lekuak
aldatuEuskal Herria osoan zehar, sorginekin zerikusia duten hainbat leku daude, askotan toponimiak adierazten duen bezala.
Araba
aldatu- Agurain: Sorginetxe izeneko trikuharria, Arrizala herrian, eta bereziki, Lezaoko haitzuloa.
- Aramaio: Abadelaueta, Anbotondo eta Amezola lekuak, hala nola Gorbeiako zelai ezezagun bat, akelarre tokia.
- Bilar: Herri honetatik gertu Sorginaren Txabola deituriko trikuharria dago. Bertan sorginak bizi omen ziren, eta gaur egun, akelarreak ospatzen dira honen inguruan, herriko jaiak direla eta.
- Maeztu: Margarita Jauri, herriko emakume bat, Zugarramurdiko auziko sorgin bat zen. Errugabe izendatu zuten, baina jasandako atxiloketa eta torturak zirela-eta, askatu zutenetik gutxira bere buruaz beste egin zuen.
- Urizaharra: Urkiza zelaia akelarre tokia omen zen.
Bizkaia
aldatu- Anboto mendia Mariren egoitza nagusia omen da, askotan Anbotoko Sorgina izena hartuz. Bizilekua Sorginkoba izeneko leize irisgaitzean du.
- Dima: Petralanda baserria omen zen Arratiako akelarre lekua XVI. mendean, Inkisizioaren arabera.
- Mañaria: Azkondo leizea omen zen sorginen topalekua, bertako elezaharraren arabera. Jose Miguel Barandiaranek deabruen joko zelaitzat jotzen zituen Akelarre zelaiaren eta Silibranka leizearen arteko amildegiak.
- Murueta: Etxebartxuko-landa, tokiko elezaharraren arabera.
- Muxika: hainbat leku daude akelarre tokitzat hartzen direnak, eperlanda izenekoak.
- Orozko: tokiko kondairak Garaigorta mendia jotzen du akelarre tokitzat. Supelegor leizea, Itxinan kokatua, sorginei eta batez ere laminei lotuta dago. Mariren bizilekutzat ere jotzen da.
- Zeberio: bertako sorginak Diman dagoen Petralandako akelarrera joaten omen ziren, baina lantzean behin Herenoizan egiten zuten bilera.
Gipuzkoa
aldatu- Andoain: zubi zahar bat sorginek eraikia omen da.
- Ataun: Txabaltxo (errekaren ondoan), Iraubeltz (basoa), Mendabeita (zubia), Zelaun (zelaia), Artzate baserriaren ondoko erreka, Negarregi iturria eta Dantzaleku zelaira sorginak joaten omen ziren. Bertako zenbait izenek argi adierazten dute tokiaren izatea: Sorginiturri, Sorginpelota, Sorginzulo eta Sorgizuloeta.
- Azkoitia: Kimutxo baserria.
- Bergara: Itxu mendia, akelarre lekua.
- Errenteria: Maria Zozoaia, herriko emakume bat, Zugarramurdiko auzian salatu zuten. Inkisizioaren arabera, Matxarana zelaian egiten zituzten bilerak eta Atsegin Soro izena ematen zioten tokiari.
- Hernani: Sorgintxulo leizea, Barandiaranek idatzi bezala.
- Hondarribia: Sorginak Jaizkibel mendian elkartzen zirela "jakin" zuen Inkisizioak, Santa Barbara baselizaren ondoan. Tokiko kondairen arabera, Santa Ageda egunean akelarreak izaten ziren Mendelp, Santa Engrazi eta Puntaleako zubietan.
- Lezo: Ugarte inkisidorea herri honetan pozoitu omen zuten 1531 urtean.
- Lizartza: Aini mendiko hesi baten ondoan.
- Mendaro: Silerokua edo Silerene etxean sorgin bat bizi omen zen, katu bihurtuta emakume aratzak jazartzeko.
- Oiartzun: sorginak Irantzi eta Puilegi amildegietan elkartzen omen ziren.
- Oñati: Gaiztozulo leizea omen da Mariren eta haren sorgin gortearen bizilekuetako bat.
- Pasaia: Mari Zuloko Donostian atxilotu zuten, sorginkeria egiteagatik salatua. Gero, harrikatua eta erbesteratua izan zen, Donibane Lohizunen kokatuz.
- Tolosa: sorginek Ugartebide ondoan garbitzen omen zituzten jantziak, Edar Iturri eta Sorginerrekan elkartzen.
- Zegama: Mari jainkosa, sorgintzat hartua, Aketegiko Sorgina izena hartzen du. Sorginzulo leizean bizi omen da.
Lapurdi
aldatuLapurdin 1609an epaiketa erraldoiak egin zituzten, Pierre de Lancre euskal jatorriko epailearen ardurapean, euskaldun guztiak sorginak zirelako uste osoa zuena.
- Arrangoitze: herritar guztiak omen ziren sorginak, inguruko herrietakoen ustetan.
- Azkaine: 1609ko epaiketan, herriko apaiza sutan erre zuten sorgina zelakoan.
- Donibane Lohizune: Alakoandia zelaia eta Zibururekin lotzen duen zubia.
- Hendaia: Ondarraitz hondartza zen akelarreak egiteko leku gogokoena, batez ere Lakua izeneko lekuan. 1609ko epaiketan, epaitu batek esan zeruko izarrak beste sorgin zegoen akelarrean.
- Lehuntze: bertako sorgin asko Sohütan (Zuberoan) egiten zituzten bilerak.
- Sara: kondairen arabera, sorginak Egoainea, Ihartzegaraia eta Larraburua etxeetan bizi omen ziren. Tokiko akelarrea Fikozelain ospatzen zen. Bertako emakume asko epaitu zituzten 1609an, adingabeko asko eta Txantokorena etxaldeko andrea barne.
- Senpere: Pierre de Lancre hemen bizi zen 1609ko sorgin-ehizan, Amu gazteluan. Akelarreak hilerriak egiten omen ziren, baita etxeetan ere, Amu gazteluan barne. Herritar askori leporatu zieten de Lancre hiltzeko sorginkeria egitea.
- Urruña: De Lancrek bertako bi sorgin exekutatu zituen. Beste asko Nafarroa Beherera ihes egin zuten.
- Uztaritze: 1576 urtean, Lanetabarta etxaldeko Marie Txorropike erre egin zuten. Beste ustezko berrogei sorgin ere hil egin zituzten. Akelarrea Pagola izeneko tokian ospatzen zen.
- Ziburu: jende asko epaituak izan ziren 1609ko epaiketan, bost apaiz barne.
Nafarroa Beherea
aldatu- Bidarrai: Ebrain zubia, Infenuko zubia izenez ere ezaguna, laminek edo sorginek eraiki omen zuten gau bakar batean.
- Eiheralarre: herritar guztiak jotzen ziren sorgintzat. Aspaldi akelartarrak ezizena zuten.
- Iholdi: bertako sorginek Oxarti errekan garbitzen omen zituzten jantziak.
Nafarroa Garaia
aldatuNafarroako eskualde asko jasan zituzten 1610eko Inkisizioaren epaiketak, batez ere Zugarramurdiko akelarrearen inguruan.
- Abaurregaina: bertan zubi natural bat dago Sorginzubi izenekoa.
- Altsasu: tokiko kondairak dioenez, Mari Odabe leizean bizi da, zerbitzari sorgin bat duela.
- Anotzibar: Odietako Anotzibarren 1575ean emandako prozesua, bere laztasuna medio, Nafarroako entzutetsuenetarikoa izan zen. Bi heriotz zigor beldurgarri ekarri zituen. Bertan dira Aldaungo leizeak, Indulezta.[9]
- Araitz: bertako sorginak Urrizolako maldan elkartzen omen ziren, akelarrera hegan baino lehen.
- Arantza: sorginak Arrutxipin bizi omen ziren.
- Areso: Uli leizea, Ulizar mendian, omen zen akelarreak ospatzeko leku gogokoena.
- Auritz: Basajaunberro (ziur asko oraingo Patxaranberro), Ortzanzurieta menditik hurbil, eta Sorginarizaga, Orreagatik hurbil. Bi sorgin ehiza izan ziren herrian: 1525-27 eta 1575 urteetan.
- Bargota: Juanis Bargota apaiza sorgin ezaguna omen zen. Harreman berezia omen zuen Vianako sorgin batekin, Endregoto izenekoa. Biak izan ziren epaituak 1610ean, baina Endregoto erre egin zuten eta Juanis Bargota ez, guztiz damutu baitzen.
- Baztan: 1610ean Urdazubiko Aranibar abadeak jende askori aitorrarazi zion sorgina zela, tortura erabiliz. 1612an epaiketa zibila hasi zen bertako zazpi emekumeren aurka. Jauregizar eta Jauregizuri dorreetan eginiko torturak hain ziren basatiak, ezen emakumeek Logroñora eramateko eskatu baitzuten, Inkisizioak berak epaitu zitzan, arinagoak izango zirelakoan. Elbeten dagoen Dutxuketan egiten omen zituzten bilerak. Haranean Sorginetxe izeneko trikuharria dago.
- Bera: bertako sorginak Larrunen egiten omen zituzten akelarreak, Sara eta Azkaineko sorginekin batera.
- Bertizarana: Inkisizioaren agirien arabera, sorginek Narbarten egiten omen zituzten bilerak. 1611. urtean, Aranibar abadeak eskatuta, sorgin-ehiza izan zen Legasan. Graziana Maribertizena eta alaba ankerki torturatuak izan ziren eta salatutako guztia aitortu zuten.
- Burgi: 1569ko Inkisizioaren epaiketaren arabera, sorginak Larraoinan elkartzen omen ziren, baita ibaiko urtegian ere.
- Ergoiena: sorginek Arleze leizea erabiltzen omen zuten. Putxerri leizea (baita Putterri edo Bueitarri) omen zen Mariren bizilekua. Horregatik Putxerriko Damea izena ematen zioten.
- Erronkari: Bedagin-pikoa omen zen akelarre tokia. Haran osoak jasan zituen jazarpenak 1532an.
- Etxalar herriak ere 1610eko auzia jasan zuen. Bertan, Aranduriaretxa zelaia (baita Urristilde edo Sarueta ere) eta Larbure izeneko lekua akelarreak egiten ziren tokitzat jo ziren.
- Garaioa: 1525ean, Martin Lizuain erre egin zuten Auritzen. 1577an, bost urteko mutiko batek salatuak, zazpi emakume auziperatu eta erregabetu zituzten. haietako bi torturapean hil zituzten.
- Hiriberri: Petxuberro (edo Petiriberro) mendia Aezkoa osoako akelarre lekua omen zen.
- Iruñea: 1527an izan zen auzi nagusia.
- Ituren: bertako akelarrea Mendaur mendian egiten omen zen, gailurretik gertu. Auziak 1525 eta 1610 urteetan izan ziren.
- Itza: Oskia edo Arkaitz omen ziren bilera tokiak.
- Izaba: Berin-pikua izeneko tokian egiten omen ziren akelarreak.
- Larraun: Alli leizetik hurbil, Akelar trikuharria dagoen tokian. Baita Urrizolaegia zelaian ere.
- Lerga: Campoluengon.
- Lesaka: 1610ko auzian, Kolunba zelaitik hurbil egiten omen ziren.
- Miranda Arga: Baionako zelaian.
- Otsagabia: Akelarrea herriko plazan egiten omen zen, baita Abodibidean ere, baso barnean. Kondairaren arabera, Joan I.a erregina Troyesko apezpikuaren magia beltzak hil zuen (1308-13an sorginkeriaz salatua). Harrezkero, erreginaren mamua Iratiko oihanean bizi omen da, mendeku bila.
- Ultzamaldea: Elizamendia, Aldaun, Txuxurro eta Arbilaga mendi eta belatsoak omen ziren bilera lekua.
- Urdazubi: Laburdiko 1609ko sorgin-ehizan, hainbat auziperatuk deklaratu zuten akelarreak Urdazubiko elizan egiten zituztela. Barandiaranen arabera, Alkerdiko bizilagun guztiak sorgintzat jotzen ziren. Akerdin Paleolitoan erabilitako leizeak daude.
- Ziordia: Bekatu-Larre omen zen akelarre lekua. Herrian 1575-76 eta 1610ko auziak egin ziren.
- Zugarramurdi: Akelarrenlezea herritik 500 metrora baino ez dago. Berez, sorginak leizeen kanpoaldean dagoen Berroskoberro zelaian egiten omen zituzten bilerak. Herri hau izan zen 1610ean Logroñon egin zen epaiketaren ardatz nagusia. Zazpi lagun erre zituzten eta beste zortzi sinbolikoki, torturapean hil baitzituzten, Zugarramurdiko sorginkeria prozesuan. Egun, Akelarrenlezea udako solstizio jaia ospatzeko erabiltzen da.
Zuberoa
aldatu- Altzai-Altzabehiti-Zunharreta: Arlegiko Kutxian (gurutzea) agertzen omen ziren sorginak. Artegaina ere akelarreak ospatzen omen ziren lekua da. Handik hurbil Ertzagainako karbia (leizea) dago, aspaldi herensuge baten bizilekua omen zena.
- Sohüta: herri honetako eta Lahuntzako sorginak Maule ondoko zelaian egiten omen zituzten bilerak.
Sorginak Pirinioetako beste zenbait lekutan
aldatu- Okzitanian eta Katalunian sorginak Breiches, Brouches edo Bruixes izendatzen zituzten. Bruxons aztiak ziren Aragoian, eta Bruxas deitzen zituzten sorginak.
Euskal Herriko sorginen antzera ere, jazarpen handia pairatu zuten XVII.en eta XVIII.en urtetan, eta haren ondorioz Inkisizioak jende asko hil zuen.
- Bruixonada deitzen dute era berean kazkabarra erauntsi handiei Kataluniako Pirinioetan, eta sorginek sortutako eta gidatutako ekaitzak direla esaten omen dute, Euskal Herrian bezala. Uste dute era berean kazkabar aleek sorginen marka bat daramatela, eta "sorgin ileak" deitzen dituzte marka hauek.
- Aragoiko goi ibarretako etxeetan, ohikoa izan da "espantabruxas" delakoak. Tximinien goi partetan kokatzen diren harrizko irudiak ziren, batzuetan giza itxurarekin. Haien betebeharra sorginak etxeetan ez sartzea zen.
Eleberriak
aldatuAzken urte hauetan emakumeen aldeko mugimenduak eta historiaren berrikuspenak antzinako sorgin-ehizetako sorginen irudiak eraldatzen joan dira, eta lehen deabruaren bikotekide zirenak trukean egun mantroi- eta sendabelar-egileak bide zirela ikusten da gehiago.
Belagile eta Sorsain izenak eredu honi hegalak ematen dizkio, lehenengoa belar egilez osatutako izena izan zezakeelako eta bigarrena umeak (naiz abereak) argitzeko zaintzan oinarritzen dela sinesmenean.
Julio Caro Barojak "Las brujas y su mundo" liburuan lehen eskuko bi berri aurkezten ditu sorginen sinismenak XX. mendean bizirik zihardutela erakusteko.
Lehena, R. medikuak esandakoa: 1929. urtearen inguruan udako gau batean, Debatik Bilbora doan kostaldeko errepidetik kotxez zihoala, Lekeitio eta Ispasterren artean errepide erdian geldirik zegoen bulto beltz bat zegoela ikusi zuen. Hurbiltzen eta klaxona jotzen zihoala, beataz metro gutxira emakume bat zela ohartu zen. Haserre, emakumeari errietan "Zergatik ez duzu kasurik egiten klaxona jotzen danean?" esan zion. Emakumea ezjakinean geratu eta ondoren barrezka "Ez ahal duzu ikusten akelarrean nagoela?" erantzun zion.Hori esan eta momentuan hondoko zelaitik beste pertsona batzuen ahotsak entzun ziren eta emakumea ziztu bizian aruntza joan zen, gizonak bere bidea jarraitu zuelarik.[10]
Bigarrena, Barojaren mediku lagun baten esanetan hala dio:1942. urteko abuztuan, asteko ez dakigun ze egun zehatzean baina bai gaueko hamaikak zirela jakinean, Gipuzkoako ezin ezan dezakeen auzo eta herri batean Orreagako mugatik gertu dagoen baserri batean jende multzo bat elkartu zen bazkari eta edari oparo baten ondoren. Afaldu eta gero ardoa eta bermuta edaten jarraitu zuten baserriko ukuiluan. Taldea etxeko andrea, sei gizon eta bi emakumez osaturik zegoen. Beroa egiten zuen harren (eta beraien mozkorrak berotzen ziela susmoan) ukuilu erdian enbor batzuk piztuak zeuzkaten. Nahiko zahar zen gizon bat, han zegoen baten aitaginarreba, zuzendaria zirudien eta bere agindu batez denak biluzi eta arropak paretan zeuden iltze batzuetan utzi zituzten eta honela noizean behin errepidera irteten ziren freskatzera. Hauetako batean etxeko andreak zopa pertza bat jarri zuen sugarren gainean. Zuzendariak sabaira igo eta handik katu bat bota zuen pertza barrura, han zegoen beste batek ziztu bizian tapa jarri zuen.
Katu zopa hori, mediku honen arabera, benetako errito baten moduan hartu zuten, zurrutada eta zurrutada bakoitzaren artean salmodia edo sorginkeri baten antzeko esanak euskaraz ziotela.
Horren ondoren beste gonbidatu batek aldare bat antolatu zuen egur taula batzuekin eta elizaren mezaren parodia antzeko bat antzeztu zuen. Txorizo bat hartu, zatitu eta jaunartzearen parodia egin zuten birao eta beste iseken artean. Jaunartzea jasotzen zutenean latinezko eredua esaten zuten. Gezurrezko mezaren barne euskarazko salmodia bat ere abestu zutelarik. Bertako bi edo hiru euren zakila eskutan zutelarik birao erritmikoak esan eta apoak harrapatzera irten ziren, batere harrapatu gabe.
Guzti hau gertatu zen bitartean emakumeekin larrua jotzen omen zen.
Denbora gutxira guzti hau zuzendu zuen gizon zahar horrek, herrian katolikotzat zutena, kristauen sinesmenaz barre egiten hil zen, bere buruari zeruan ardo onik egongo zen galdezka.[10]
XX. mendearen erdialdetik aurrera, Gerald Gardner-rek britaniarrak 1954. urtean Witchcraft Today liburua argitaratu zuenetik, Wicca delako neopaganismoaren sorrera bultzatu zuen. Margaret Murray, Charles Leland eta Sir James Frances-en lanetan prehistoriako jainkosaren erlijioaren teorian oinarrituak aitzinako sorginkeriaren sinismen erlijiosoa berreskuratzeko ahaleginetan zebiltzan taldeak hedatu ziren.[11]
Euskal Herrian gaur egun hauetako talderik egongo delakoan pentsa dezakegu.
Berez egoera hainbeste aldatzen joan zen , 1972. urtean Donostian "Sorgin-ikerketen lehen hitzaldi nazionala" (gazteleraz, I Congreso Nacional de Brujología) antolatu zela, hori bai, antropologia eta maisu ikerlarien ikuspegitik jasotako iritziak aztertzeko.
Dena den, XX. mendean euskal sorgin bat egon bada hori Marixu Guller da.
Maritxu Guller: Uliako sorgin ona
aldatu1993. urteko apirilak 4ean Isabako Maritxu Erlanz Mainz Donostian hil zen. Maritxuk bere abizena senarrarengandik jaso zuen eta bere bizi osoan izen zehatzik jarri gabe oparitzat zuen ahalmen berezi baten jabe izan zela zioen. Sinesmen horretan bere senideak lehenago eta bere senarra ondoren bera sinetsi eta ahalmen hori bideratzen lagundu zioten. Bizidunen argindarra (aura delakoa) eta etorkizuna ikusteko ahalmena izan harren ez zuen espiritismoan sinesten. [12]
1952. urtean Uliara joan zen bere senarrarekin bizitzea, 1957. urtean bere senarraren heriotza iragarri ondoren "Uliako sorgin ona" bezala ezaguna egin zen. Kartomantzia zen bere ahalmena bideratzeko eta etorkizuna ikusteko erabiltzen zuen modua, tarotako kartei "kartoi" deitzen bazien ere. Martixu Gullerrek Fournier etxearekin hiru Tarot argitaratzeko lanetan lagundu zuen:
EL GRAN TAROT ESOTÉRICO Luis Peña Longa-ren marrazkiekin
EL TAROT MÍTICO VASCO Angel Elvira-ren marrazkiekin
EL TAROT DE EUSKALERRIA Alfredo Fermín Cemillán "Mintxo"-ren marrazkiekin
Zioenez bidezkoa zen emakumeei tarota irakurtzen irakastea zeren , bere esanetan, gezurti eta fartsari asko zegoen dirua lortzekotan jende gizarajoei entzun nahierakoak esaten.
Tarota gertakizun kalkulagailu bat bezalakoa zela defendatzen zuen eta bere erabilera hedatzeko saiakerak egin zituen.[13]
XXI. mendeko sorginkeriak
aldatuBetidanik egon arren XXI. mendearen hasieratik sorginkeri egileak eta etorkizun iragarleak ugaldu dira. Etorkinek beraiekin batera bere kulturen erlijio sistemak daramatzate barneratuak, beraientzako ohizkoa dena gutako askorentzat exotikoa eta, sineskorrentzako, baliagarria dirudi.
Ez da gauza berria, Espainiako XIX. lege kodearen aldaketak lagungarri izan ziren sorginkeri hauen zabalkuntzarako, lehen zeuden Espainiako lege kodeak zorrotz jotzen zituen eliza katolikoak aztikeriatzat zituzten jokabide eta eginkizunak. Eliza katolikoaren sorgin-ehizak XVII. mendean bukatu baziren ere Espainiako eliza katolikoak, inkisizio espainiarra zuela medio, mendeetan gogor zigortu zituen bere usteen aurka zihoan guztia.[14]
2020. urtean, tamalez, edonon topa ditzakegu sorginkeriak eskaintzen dituzten iragarkiak, buzoietan, kotxeko leihatilan eta gehienetan gure herrietako kaleetan lurretik botata.
Lehenagoko sorginak baliteke aspaldian galdu izana, baino, badirudi gizakiaren oinarrizko izaeran gainontzekoei kaltea eragiteko ahalmena betiko eta betirako gauza bat dala.
Oharrak
aldatu- ↑ Sortem, Sors izen arruntaren akusatiboa da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ MITXELENA, K. (1970). "Nombre y verbo en la etimología vasca". Fontes Linguae Vasconum, 4, 72. or, oharra. Iruña: Nafarroako Gobernua, Vianako Printzea Erakundea. PDF deskarga daiteke César Borgia Dokumentazio zentroan:
- ↑ MITXELENA, K. (1955): Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio Urquijo", 2. Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 25. or.
- ↑ a b Azurmendi, Mikel. (1993). Nombrar, embrujar: para una historia del sometimiento de la cultura oral en el País Vasco. Alberdania, 243 or. ISBN 848866302X. PMC 31044117. (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
- ↑ Julio., Caro Baroja,. (). Las brujas y su mundo.. ([4. ed.]. argitaraldia) Alianza Editorial, 358 or. ISBN 8420610127. PMC 2943130. (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2019-11-02). «¿Cómo llegaron las brujas a volar en escoba?» Verne (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-01-05). «Perdón y memoria para las más de 2.500 brujas de Escocia» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-01-06).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitología del Pueblo Vasco. Ostoa, 125 or. ISBN 84-88960-18-6..
- ↑ (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitología del Pueblo Vasco. Ostoa, 128 or. ISBN 84-88960-16-6..
- ↑ Usúnariz Garayoa, Jesús María. (2012). Akelarre: la caza de brujas en el Pirineo (siglos XIII-XIX): homenaje al profesor Gustav Henningsen. (The Witch-Hunt in Early Modern Navarre (XVIth-XVIIth centuries)). Eusko Ikaskuntza = Sociedad de Estudios Vascos, 314 or. ISBN 978-84-8419-238-1. PMC 828393218. (Noiz kontsultatua: 2019-01-01).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1966). Las brujas y su mundo. Alianza Editorial, 283-284 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) [|Valdivia, Wladimir]. (2020). WiCCA. .
- ↑ (Gaztelaniaz) [|Maritxu Guler, Mitxel Casas]. Youtube elkarrizketa 1 atala. .
- ↑ (Gaztelaniaz) [|Maritxu Guller, Mitxel Casas]. Youtuben elkarrizketaren 2. atala. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Martinez-Pereda, José Manuel. (1991). Magia y delito en España. Laida, 194-200 or. ISBN 84-87168-22-1..
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Sorgin-ehiza Berriako artikulu batean.
- Sorgin garaia Euskal Herrian Euskonews Gazteako artikulu batean.
- Joseba Aurkenerena: Sorgin mugimendua, herri xehearen matxinada inkontzientea [1]
- Joseba Aurkenerena: Sorginak eta zapalketa Euskal Herri zaharrean [2]
- Joseba Aurkenerena: Rossel Hope Robbins eta Lapurdiko sorginak [3]
- Joseba Aurkenerena: Sorginak, Inkisizioa eta Lope Martinez Isastiren txostena [4]