Irlandako Armada Errepublikazalea
Irlandako Armada Errepublikazalea | |
---|---|
Datuak | |
Mota | Paramilitarra |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1917 |
Irlandako Armada Errepublikazalea edota IRA, irlanderaz: Óglaigh na hÉireann eta ingelesez: Irish Republican Army, XX. eta XXI. mendeetan Erresuma Batutik aske den Irlandako Errepublika bat lortzeko helburuz irlandar errepublikanismoren barnean dauden hainbat talde paramilitarrek jasotako izendapena da.
Jatorrizko erakundea 1917an Irlandar Boluntarioak, Irlandako Armada Hiritarra eta beste zenbait talde armatu errepublikazaleren kideen elkarketatik sortu zen, horietako batzuk 1916ko Pazko matxinadan erakunde horien eskutik parte hartu zuten eta beste batzuk Lehen Mundu Gerran Britainiar Armadako soldadu gisa borrokatuz eskarmentu militarra bereganatu eta desertatu ostean erakundera elkartu ziren, ironikoki Irlandako Independentzia Gerran Britainiar Armada beraren aurka borrokatzeko.
IRA eta bere bereizketen genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Irlandako Armada Errepublikazalea (1917-1922): (Old IRA edo IRA Zaharra) Erresuma Batuaren aurka, Irlandaren independentziaren alde, 1916 eta 1921 bitartean borrokatu zuen armada. Bake-akordioak bitan bereizi zuen armada.
- Irlandako Armada Errepublikzalea (1922-1969): 1922an Irlandaren banaketa eta Ipar Irlandaren sorrera ahalbideratzen zuen Anglo-irlandar itunaren aurka agertu eta Irlandako Gerra Zibilean zehar Irlandako Estatu Askearen Armadaren aurka borrokatu zen. 1969an berriro erdibitu zen.
- Irlandako Armada Errepublikazalea-Ofiziala (Official IRA) (1969-1973): Gerra zibiletik zetorren adarra zen hau. 1973an armak utzi zituen, marxismoarekin lerrokatu eta klase gatazka nazionalaren kaltetan lehenetsi ondoren.
- Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikazalea (Provisional IRA, PIRA): 1969ko zatiketan sortu zen adar nazionalista. 2006an bere kanpaina armatua bukatutzat jo zuen.
- Jarraipeneko Irlandako Armada Errepublikazalea (Continuity IRA, CIRA): Behin-behineko IRAren zatiketa, 1986an osatua, Sinn Féinek Ipar Irlandako parlamentuan eserlekuak hartzearen kontrakoa.
- Benetako Irlandako Armada Errepublikazalea (Real IRA, RIRA): Behin-behineko IRAren zatiketa, 1997an osatua eta Ostiral Santuko Akordioaren aurkakoa.