Montejurra
Montejurra | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 1.046 m |
Mota | mendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°37′52″N 2°02′41″W / 42.6311°N 2.0447°W |
Mendikatea | Montejurrako mendilerroa |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Lizarra |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Aiegitik |
Luberri | Luberri |
Montejurra[1][2] —euskarazko testu batzuetan, Jurramendi[3][4][5] edo Mendixurra[6] izenez aipatua— Nafarroa Garaiko mendebaldeko mendi bat da, 1.046 metro garai. Lizarrako merindadean dago, Aiegi herritik hurbil. Mendi bakartzat jo ohi den arren, hiru tontor ditu, antzeko altueradunak. Montejurra sinbolismoz jantzitako lekua da Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan, hainbat gerra gertaera izan zirelako bertan XIX. mendeko karlistaldietan. Ondorioz, XX. mendean karlistek erromeria jendetsua egiten zuten urtean behin.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Montejurra du izen arautua euskaraz eta gaztelaniaz. Euskaraz, izen hori da tradizioan lekukotza duen bakarra, bai ahoz eta bai idatziz. Agiri zaharretan, honako forma hauekin ageri da: Montehurra, Montexurra eta Montejurra. Lehen zatia baliteke gaztelaniazko izen arrunt bat izatea (monte); eta bigarrena, izen ezezagun bat, itxuraz euskarazkoa.
Gaur egun euskaraz saihestekotzat jotzen dira XX. mendean asmatutako Jurramendi, Mendixurra eta Mendixurri izen berriak,[2] Euskaltzaindiaren arabera mendi honen arauzko izen bakarra euskaraz Montejurra baita.
Morfologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Montejurra mendigunea hiru gailurretan amaitzen da. Haietako mendebaldekoenak antena estazio bat du gainean, baita mugarri geodesiko bat ere. Erdiko gailurra, ia altuera berekoa (1.046 metro), Montejurra deitzen da, eta ekialdean du gailur ezagunena, erromerien helmuga. San Ciprián (1.042 metro) gailurraren magalean izen bereko ermita dago, baita harrian zulatutako kapera ireki bat ere.
Montejurrako guduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi gudu gertatu ziren, bi karlistaldietan, Montejurraren eta Lizarraren inguruan: 1835. urteko azaroaren 16an, lehena; eta 1873ko azaroaren 7, 8 eta 9an, bigarrena.
1835. urtekoan Egia jeneral karlistaren gizonek Fernández de Córdoba jeneralaren mende zegoen Lizarra bereganatu zuten. Ozta-ozta egin zuten ihes liberalek.
1873. urteko gudua, berriz, askoz ere latzagoa izan zen, 25.000 bat gizon armatu bildu baitziren Lizarra aldera: 17.000 liberal eta 8.000 karlista. Hiru borroka egunen buruan, Moriones jeneral liberalak bere gizonei atzera egiteko agindua eman ziela jakin zuten karlista garaitzaileek. Karlos VII.a erregegaia han izan zen, bere osteen mugimenduei behatzen. Gertaera hura gogoratuz, Karlismoaren jarraitzaileek egun hori eta mendi hau bilgune bihurtu dute.
1976ko gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1976ko maiatzaren 9an, Karlos Hugo Borboikoak Una cita para el pueblo esapidean gonbidatu zituen hainbat alderdi (PCE, PSUC, PTE, ORT, MCE, PSP, PSOE), urteroko festa egun karlista ospatzeko, baina eskuin muturreko Francoren jarraitzaileek, Sixto Henrike Borboikoa buru zela, atentatua burutu zuten eta 2 pertsona erail zituzten, Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos hain zuzen ere, hainbat zauriturekin batera.
Espainiatik kanporatzeko agindua jaso zuen Sixto Borboikoak haren ondoren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia: «Montejurra», Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ a b «Montejurra» Berria Estilo Liburua (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
- ↑ «Mancomunidad de Montejurra / Jurramendiko Mankomunitatea» Mancomunidad de Montejurra / Jurramendiko Mankomunitatea (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
- ↑ «Jurramendi - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
- ↑ «...eta hiltzen jarraitu zuten» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-11-22).
- ↑ «Lizarra-Iruñerria. Zistertar eta benediktarrak otoitzean» Argia (Noiz kontsultatua: 2001-11-18).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Montejurra luberri.net webgunean
- Euskal-Herria.org webgunean.
- (Gaztelaniaz) Montejurrako ekitaldiak, Euskalherriko Karlista Alderdiaren webgunean.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |