Agaramontarrak[1] Agaramont Nafarroako Erresumako antzinako leinuaren jarraitzaileak izan ziren. Beaumontarren etsaiak, Joan II.a Aragoikoaren alde borrokatu ziren Nafarroako Gerra Zibilean, eta Fernando II.a Aragoikoaren aurka Nafarroako konkistan.

Agaramont etxearen armarria.

Historia

aldatu

Agaramont leinuaren lehendabiziko aipamena XII. mendekoa da, Antso VII.a Azkarra Nafarroako errege zela. Agaramontarren eta beaumontarren arteko liskarrak XIV. mendean piztu ziren. Alabaina, Karlos III.aren heriotzak ekarri zuen dinastia arazoak areagotu egin zuen gatazka hura. Karlosek Zuria alaba utzi zuen oinordeko, Joan Aragoikoarekin ezkondurik zegoena. Zuriak hiru seme-alaba izan zituen: Karlos, Vianako printzea, Zuria, ondorengorik gabe hil zena, eta Leonor, Gaston Foixkoa, Biarnoko bizkondearekin ezkondua.[2]

Luis Beaumontekoa, Leringo kondea buru zuten beamontarrek printzearen kausa defendatu zuten; agaramontarrak, Filipe, Nafarroako mariskala eta Piarres Peraltakoa buru, Joan Aragoikoaren eta Eleonorren alde atera ziren.[2] Batzuek eta besteek aliatuak zituzten Euskal Herriko mendebaldean: agaramontarrek ganboatarrak, eta beaumontarrek oinaztarrak. 1451n, agaramontarrek preso hartu zuten printzea Oibarren. Bi urte geroago utzi zuten aske, baina Luis Beaumontekoa, haren seme-alabak eta beste beaumontar batzuk bahiturik geratu ziren Zaragozan. 1455ean berriro piztu ziren borrokak, eta orduan ere beaumontarrak garaituak izan ziren. 1460ko urtarrileko hitzarmenaren ondorioz, Joan II.ak preso beaumontarrak aske utzi zituen, baina abenduan printzea Lleidan preso hartu zutenez gero, gerra berpiztu zen. Printzea 1461eko irailean hil bazen ere, erresuma ez zen baketu. 1464an hil zen haren arreba Zuria, Gaston Foixkoak Orthezen preso zeukana.[2]

Vianako printzea hil ondoren piztu zen Kataluniako Gerra Zibilean (1462-1472), agaramondarrek Aragoiko erregeari lagundu zioten, eta beaumontarrek Kataluniako Printzerriko diputazioari.[2] Nafarroan ere ez ziren amaitu agaramondarren eta beaumontarren arteko liskarrak. 1468ko azaroan, Piarres Peraltakoaren gizonek Nikolas Etxabarri, Iruñeko apezpikua eta Leonor Nafarroakoaren kontseilaria, hil zuten Tafallan.[3] 1471n, Leringo kondeak ez zuen onartu Joan II.aren eta Leonorren arteko akordioa. Leonor ezkutuan sartu zen Iruñean, Petri I.a, Nafarroako mariskalak lagundurik. Baina beaumontarrek eraso zieten, eta Filipe Beaumontekoak, Leringo kondearen anaiak, Nafarroako mariskala hil zuen Kontuen Ganberako patioan.[4]

Joan Aragoikoa 1479ko urtarrilean hil ondoren, Leonor bilakatu zen Nafarroako erregina, baina bi aste geroago bera ere hil zen. Beraz, Frantziskok, Leonorren eta Gastonen semeak, jaso zuen Nafarroako tronua, Foixko eta Biarnoko jabegoekin batera. Agaramontarrak leial izan zitzaizkion Frantziskori, eta baita haren ondorengo Katalina I.ari ere. Bitartean, Fernando II.a Aragoikoa, Joanen ondorengoa Aragoiko Erresuman, Nafarroako alderdien arteko etsaigoaz baliatu zen beaumontarrak beregana biltzeko.[2] Horiek horrela, 1512an Fernandok beaumontarren babesa izan zuen Nafarroa konkistatzeko; agaramontarrek, berriz, zapalketa latza jasan zuten.

Agaramontarrak hirutan saiatu ziren Nafarroako Erresuma askatzen: 1512an, 1516an eta 1521an. 1516koan agaramontarren burua, Petri, Nafarroako mariskala, preso hartu zuten Erronkarin. Lehenik Atienzan eduki zuten gatibu, eta Simancasen geroago. 1522ko azaroaren 24an, labankadaz hila agertu zen Simancasko kartzelan. 1521ean, beaumontar hirietako biztanle ugarik bat egin zuten saiakera legitimistarekin, Iruñekoak esate baterako. Henrike Albretekoaren aldekoek Nafarroa osoa askatzea lortu arren, erabateko desegigoa pairatu zuten Noaingo guduan.[5] Handik aurrera erresistentzia ahalegin txiki batzuk bainoez ziren izan, hala nola Amaiurko gaztelukoa eta Hondarribiakoa.[6]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
  2. a b c d e Estornés Zubizarreta, Idoia. Agramonteses y Beamonteses. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-25).
  3. Hermoso de Mendoza, Javier. Nicolás de Echávarri. sasua.net (Noiz kontsultatua: 2020-1-26).
  4. Sánchez Marco, Carlos. Casa de Beaumont. Historia medieval del Reyno de Navarra, lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2020-1-25).
  5. Urruxulegi, Jon. Noaingo gudua. Nabarralde, 2009-08-12, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-26).
  6. Sánchez Marco, Carlos. Intentos de recuperación legitimista: tercer intento de mayo 1521. Historia medieval del Reyno de Navarra, lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2020-1-26).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu