Aztore arrunt
Aztore arrunta (Accipiter gentilis) falkoniformeen saileko eta accipitridae sendiko hegazti harraparia da. Bere kontserbazio egoerak, arrisku txikiko hegazti mota bezala zehazten du.
Aztore arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Accipitridae |
Generoa | Astur |
Espeziea | Accipiter gentilis eta Astur gentilis |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 67 g arra: 712 g emea: 1,14 kg |
Zabalera | 115 cm eta 100 cm |
Eguneko zikloa | eguneko |
Taxonomia
aldatuAccipiter gentilis espezieak zortzi azpiespezie ezagun ditu:[1]
- Accipiter gentilis gentilis, Europan eta Afrikako ipar-mendebaldean bizi dena. Euskal Herrian bizi den aztore mota da.
- Accipiter gentilis arrigonii, Korsikan eta Sardinian bizi dena.
- Accipiter gentilis buteoides, Eurasiako iparraldean bizi dena, Suediatik Lena ibairaino; Asia erdialderaino heltzen da neguan.
- Accipiter gentilis albidus, Siberiako ipar-mendebaldetik Kamtxatkaraino bizi dena.
- Accipiter gentilis schvedowi, Asiako ipar-ekialdetik Txinako erdialderaino bizi dena; neguan Indotxinaraino heltzen da.
- Accipiter gentilis fujiyamae, Japonian bizi dena.
- Accipiter gentilis atricapillus, Ipar Amerikan bizi dena, Mexikoraino eta Ameriketako Estatu Batuetako hegoalderaino.
- Accipiter gentilis laingi, Kanadan bizi dena, Queen Charlotte eta Vancouver uharteetan.
Anatomia eta fisiologia
aldatuTamaina
aldatuNeurri ertainekoa da (48 eta 58 zentimetro artean neurtzen du, zapelatz arruntaren oso antzekoa) eta bere gorpuzkerak, gabirai handi bat edo belatz baten antza ematen dio, hegazti mota, benetan, arranoekin lotuta dagoen arren. Bere hego luzera 100 eta 120 zentimetro artekoa da eta 0,7-1,5 kg arteko pisua du, eta, hegazti harrapari guztietan bezala, arra emea baino txikiagoa da.
Gorputza
aldatuArranoekin duen beste elkar ezaugarri bat, buruaren forma eta mokoa dira, baita herpeak ere, laburrak, kamutsak eta oso indartsuak direnak, aztoreak (arranoek bezala) ez baititu bere harrapakinak mokoarekin lepoa moztuz hiltzen, belatzek egiten duten bezala, euren herpeen estutzearekin baizik.
Hegoak
aldatuAztorea, zuhaitz ekosistemetako ehizan bereizituriko hegaztia da, bere hegoak, laburrak dira duen neurrirako eta muturrak biribilduak dituzte, aldi berean, euren isatsa proportzionalki luzea da eta 4 edo 5 lerro ilun ditu. Ezaugarri hauek, mugikortasun handia eta mugimendu ahalmena ahalbidetzen diote landaredi askoko giro batean, eta bere hego laburrek, basoko zuhaitzen aurka jotzea eragozten dute, honela, giro trinko batean arazorik gabe hegan egiteko gai delarik. Ezaugarri zinegetiko hauek antzinatetik bere balioa eman zioten belazketa hegazti gogokoena bezala basoan ehizatzeko.
Kolorazioa
aldatuGazteek, margo argiak dituzte: gorriska goian eta horinabar ilun kolorezko orban handiekin behean. Helduek, nabar errauts kolorea dute, urdinabar eta beltzkara margokoak gainaldean eta zurixkak lerro ilunekin behean. Bi orban zuri dituzte euren begi handien gainean eta euren begininia horia edo laranja da; azken ezaugarri hauek, belatzekin dituzten aurpegiko ezberdintasunik nabarmenetako batzuk dira, belatzek ez baitute orban horiek, eta, gainera, euren begininiak ilunak dira.
-
Aztorea zuhaitz batean pausatua
Habitata
aldatuBaso zabal eta helduetan bizi da, behar bezain lasaiak direnetan. Hala ere, nahiago ditu irekiguneen eta baso-ertzen ondoan dauden lurraldeak. Pagadiak, pinu gorriaren pinudiak eta harizti-ameztiak gustuko ditu, baina urteetan eman den baso ustiaketa izanez arrazoi nekazaritza- eta hiri-lurretara desplazatua izan da. Itsas mailatik 3400 m-ko altitude-arte aurkitu daiteke.[2]
Baso trinkoetan bizi da, lautada zein mendikoak, eta gutxitan irtetzen da basorik ez dagoen tokietara, Europa, Asia eta Ipar Amerikan aurkitu daiteke. Oso banaketa zabala du, izan ere Ipar Amerika, Europa eta Asia iparraldean aurkitzen da. Eurasian, espezie hau Britainia Handitik Japonia ekialde-arte banatzen da, iparraldeko ugalketa muga Suitza iparraldea eta Siberia ipar-ekialdea izanik. Hegoaldeko ugalketa muga Txina erdi-arte zabaltzen da ekialdean eta mendebaldean, Afrika ipar-ekialdeko muga-arte. Hala ere, alderrai dabiltzan indibiduoak beste hainbat lurraldetan topatu daitezke, esaterako Arabiar Emirerri Batuetan. Amerikan, Aztorea iparraldean aurkitzen da, hala nola Kanada mendebaldean, Estatu Batuetako Tenessee eta Arizona hegoaldean eta Mexiko mendebaldean. Iberiar penintsula osoan hedatua dago, batez ere iparraldean, baina ez da Balear Uharteetan bizi.
Euskal Herrian
aldatuEuskal Herriko baso handienetatik hedatzen da, bereziki Araba, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako baso kontserbatuenetan, gizakiaren presentzia txikiko gunetan. Kantauriko isurialdean ez da ia ageri, ez kostaldean ezta barnealdean ere.
Urkiola, Altube-Gorbeia, Aralar, Urbasa, Elgea-Urkilla, Ultzama, Iratiko oihana, Senpere-Uztaritze, Eguralde, Mugerre, Ezka, Zaraitzu, Malerreka, Izki-Iturrieta-Entzia inguruetan hedatzen da gehienbat, hostozabal (pagadi, haristi, baso misto...) zein pinofito basoetan.
Bizi-zikloa
aldatuUgalketa eta ontogenia
aldatuEz da oso espezie soziala, bakarka edo bikoteka ibili ohi da.[3] Oso zaila da ikusten, habia egiten duen inguruetan barne. Ugalketa garaian bikoteen habien arteko distantzia kilometroko batekoa baino handiagoa izan ohi da. 19 urteko biziraupena izan dezake. Apiril-ekaina inguruan bikoteak habia eraikitzen du 10-20 m-ko zuhaitzen gainean, adar handi eta sendoetan. Habia adar txikiz dago eraikia, adartxo eta hostoek babestua. Emeak urtean behin 2-5 arrautza errun ohi ditu, urdin kolorekoak direnak eta 35-40 egunetan zehar inkubatzen ditu, bitartean arra ehizan jardunez. Eklosioa eman eta 34-41 egunetara txitek habia uzten dute, 56 egun inguru dutenean hegan egiteko gaitasuna lortzen dute eta 70-90 eguneko adinarekin independizatzen dira. Heldutasun sexuala 2-3 urtetara lortzen dute.[2]
Zuhaitzetan egiten ditu bere habiak. Habian 3 edo 4 arrautza jartzen ditu (ez hain ohi 1etik 5era), hiru egunen epean. Txitaldia, nagusiki, emeak egiten du, arra ordea, elikaduraz arduratzen dena da txitatze denbora guztian, hau da, 36 eta 41 egun bitartean. Txitatan, lumaia 18 eta 38 egun bitarteko epean agertzen da, gutxi gora-behera 40 egunetara, habiatik irteten dira, eta 45era, euren lehen hegaldia egiten dute, independentzia maila handi bat lortuz 70 egunetara.
Ekologia
aldatuAztore arruntak garrantzi ekologiko handiko harraparia da, basoetako ekosistemetan egunean mugitzen den baso harraparirik indartsuena da, beraz kontrol ekologiko orekatzaile bat egiten du bere elikadura katean dauden espezie anitzengan. Emeak, arra baino handiagoa denak, basoilar eta erbien tamainako harrapakinak ehizatu ditzake, arra espezie txikiagoekin konformatzen da. Aztorea orokorrean sedentarioa da, baina iparraldeko, hau da Ipar Amerikako, Eskandinaviako eta Errusiako populazioek hegoaldera migratzen dute iraila eta azaroa bitartean, eta martxoa eta apirilean itzultzen dira.[2]
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuAztorea tamaina aldetik baso hutsez osaturiko hegazti harraparirik indartsuena eta oldarkorrena da. Zapelatz arruntaren tamainakoa da, baina hau baino oldarkorragoa eta indarstuagoa. Habian dauden arrautzak oso erakargarriak dira zuhaitzetan gora igo edo hegan eginez iritsi daitezkenentzat, hau dela eta hontz handia, arranoa, jatuna eta lepahoria aztore arrautzen harrapariak dira.
Europako iparraldean eta erdialdean aztoreak zapelatz arrunta desplazatzen du erasoaldien eta oldarraldien eraginez, zapelatzari lurraldearen lehian argi eta garbi nagusitzen zaio. Latitude horietan aztorea zapelatza baino apur bat handiagoa eta pisutsuagoa da. Iberiar penintsulan eta Europako hegoaldean ordea, tamainaz berdinak dira eta bertan erasoaldiak gutxiago gertatzen dira, elkarren arteko errespetua handiagoa da. Zapelatz listorjalearekin ere lehiatzen da lurraldearengatik, hauek ere basoetako hegazti harrapariak dira eta. Beraien arteko lehian aztorea da nagusitzen dena, erasoaldietan zapelatz listorjaleak hiltzeko gai baitira. Normalean Zapelatz listorjaleak bere habiak aztoreen habiengatik urrun jartzen ditu. Gabirai arruntak zapelatz listorjalearen antzera jokatzen du, aztoreengandik tartea eta distantzia uzten saiatzen da.
Harrapariak
aldatuAztore helduak egunez ez du harrapari askorik. Gauean noizbehinka hontz handiak ehizatzen du, egunez ordea, aztorea baino handiagoak diren arranoek ehiza dezakete, baina oso gutxitan ematen da. Noizbehinka lepazuriak eta lepahoriak arrautzak eta txitak ehiza ditzakete, baina aztore helduak inoiz ez. Kontrakoa ere gertatzen da, aztore emeek lepahori eta lepazuri kumeak ehizatzen ditu. Helduen artean, elarrengadik errespetua dute.
Dieta
aldatuAztorea, basoko ehiztari paregabe bat da: bere harrapakinak azkar jazartzen ditu zuhaitzen artean behetik abilezia handiz hegan eginez. Hegazti mota ezberdinak ehizatzen ditu (beleak, usoak, arabazozoak, eperrak etab...), baita ugaztun txikiak ere (untxiak, erbiak urtxintxak, saguak etab...), musker eta zomorroez gain. Zelatatzen ehizatzeko ohitura du, behatoki batean edo toki pribilegiatu batean pausatua, nondik bere lurraldea eta balizko harrapakinak ikus ditzakeen bera ikusia izan gabe. Behin bere harrapakina ikusi duenean, angelu hil bat jarraituz erasotzen du, ohi behetik hegan doan hegazti baten kasuan, edo lurraren mailatik bere harrapakina lurrean baldin badago. Bere harrapakinak, harrapatutako tokian jaten ditu.
Eguneko hegazti zuhur bat da, eta ikusteko oso zaila, txikiagoa den bere senide gabiraia baino are gehiago.
Kontserbazioa
aldatuGaur egun ez dirudi populazioa galbidean dagoenik, handia, hedatua eta egonkorra baita, munduan 500 mila indibiduoa egonez. IUCN katalogoan "least concern" bezala dago katalogatua. Hala ere, espezie hau oso sentikorra da gizakiaren mehatxuen aurrean. Europa osoan 19. eta 20. mendeetan beherakada adierazgarria jasan zuen Aztoreak baso-soiltze eta ehiza zela eta. Beranduago, 1950 eta 1960 urteetan bigarren murrizketa eman zen plagiziden eta metal astunen intoxikazioagatik.[4] Basoen mozketak espezie honen gain oso inpaktu negatiboa duela ikusi da, harrapakinen dentsitatearen murrizketa eta baso helduaren arearen murrizketa eragiten duelako. Gaur egun harrapariaren gaineko ikuspuntua aldatu den eta basotzeak egoera hobetu duen arren,[2] erregresioa eragiten duten hainbat faktore ez dira aldatu, hala nola, basoen degradazioa, parke eolikoak eta pestiziden kutsadura.
Eukal Herrian aldiz, murriztu egin da aurretik aipatutako mehatxuengatik eta “Bakana” kontsideratzen da.
Galeria
aldatu-
Aztore arrunta hegan
-
Aztore arrunt gaztea
-
Aztore arrunta eraztun batekin markatuta
-
-
Aztore arrunta goi batean pausatua
-
Aztore arrunta harrapakinarekin
Erreferentziak
aldatu- BirdLife International (2015). «Accipiter gentilis». IUCN 2015.4-ko espezie mehatxatuen zerrenda gorria (ingelesez). ISSN 2307-8235. 2016/04/23 datan kontsultatua.
- ↑ Clements, J. F. 2007. The Clements Checklist of Birds of the World, 6.4 bertsioa. Cornell University Press.
- ↑ a b c d Hoyo, J. D.; Elliott, A.; Sargatal, J.; Christie, D.. (2010-10-01). Handbook of the Birds of the World. (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Ferguson-Lees, James; Christie, David A.. (2001). Raptors of the World. Houghton Mifflin Harcourt ISBN 978-0-618-12762-7. (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
- ↑ Selås, Vidar; Steen, Odd Frydenlund; Johnsen, Jon Trygve. (2008-07-30). «Goshawk breeding densities in relation to mature forest in southeastern Norway» Forest Ecology and Management 256 (3): 446–451. doi: . ISSN 0378-1127. (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
Bibliografia
aldatu- Udo Bährmann: Über das Variieren des Habichts. Zool. Abh. Mus. Tierk. Dresden 28; 1965: S. 65–94; dort weitere Maße.
- F. Ziesemer: Untersuchungen zum Einfluss des Habichts auf Populationen seiner Beutetiere. Beitr. z. Wildbiologie 2; 1983. ISBN 3-88847-008-0.
- P. Widén: The hunting habits of Goshawks Accipiter gentilis in boreal forests of central Sweden. Ibis 131; 1989: 205-213 orr.
- R. Tornberg e A. Colpaert: Survival, ranging, habitat choice and diet of the Northern Goshawk Accipiter gentilis during winter in Northern Finland. Ibis 143; 2001: 41-50 orr.
- T. Mebs e D. Schmidt: Die Greifvögel Europas Europas, Nordafrikas und Vorderasiens. Biologie, Kennzeichen, Bestände. Franckh-Kosmos Verlags GmbH Stuttgart 2006; 293 orr. ISBN 3-440-09585-1
Kanpo estekak
aldatu- Espeziaren fitxa (PDF), Javier Blasco-Zumetagandik
- Aztorea fitxa (gaztelaniaz). Inaturalist.
- Aztorea fitxa (gaztelaniaz). Macizo del Gorbea.