Dashiell Hammett
Dashiell Hammett (Saint Mary, Maryland, Ameriketako Estatu Batuak, 1894ko maiatzaren 27a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1961eko urtarrilaren 10a) ingelesezko idazlea izan zen[1]. Hammett AEBetako polizia eleberri errealistaren, gerora "beltza" deitua izan den generoaren, sortzailea da. 1934an literatura egiteari utzi bazion ere, eragin nabarmena izan zuen XX. mendeko polizia gaietako eleberrigileengan. Hammettek bere garaiko gizartearen bortxakeria eta ustelkeria begirada zorrotzez islatzen jakin zuen, elkarrizketa zorrotz trebez osaturiko eleberrietan. Macarthismoaren garaian kartzelara sartu zuten iritzi politiko aurrerakoiak zituela eta. Hammetten eleberri asko eraman izan dira zinemara; berak gidoiak ere egin zituen.
Dashiell Hammett | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Baltimore, 1894ko maiatzaren 27a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | New York, 1961eko urtarrilaren 10a (66 urte) |
Hobiratze lekua | Arlingtongo Hilerri Nazionala |
Heriotza modua | berezko heriotza: birikako minbizia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Josephine Dolan (en) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Baltimore Polytechnic Institute (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, eleberrigilea, gidoilaria, kazetaria, literatura-kritikaria eta prosalaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Civil Rights Congress (en) |
Genero artistikoa | detektibe-fizkioa Nobela poliziakoa |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Ameriketako Estatu Batuetako Armada |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra Bigarren Mundu Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Alderdi politikoa | Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Komunista |
|
Bizitza
aldatuAmak txikitatik bultzatu zuen asko irakurtzera. Gazte, 14 urterekin, hasi zen lanean aitaren gaitz larri batengatik. Lan ugaritan aritu zen, harik eta bulegari postua lortu zuen Pinkerton detektibe agentzian.
Pinkerton
aldatuPinkerton agentzian bulegari izatetik detektibe izatera pasa zen. Askotan bete zituen mota guztietako txostenak: iruzurrak, lapurretak eta, geroz eta gehiago, grebak hausteko lanei zegozkionak[2]. Baten batek aipatu izan du: 1917an, horietako lan ez oso garbi batean, sindikalista bat hil eta guzti egin zutenean, bera ez zebilela handik oso aparte.
Lan honetan lortuko zuen gerora paperetara pasako zituen istorioen ezagutza. Lan honek, ikusitakoak ikusi ondoren, sortarazi zion berezko kode etikoa: behar bada ez besteena bezalakoa, baina zorrotz zaindu zuena hil arte.
1918an , Lehenengo Mundu gerraren azken urtean, sartu ziren gerran AEBak. Hammett alistatu egin zen. Urte horretan tuberkulosiak harrapatu eta, ondorioz, hurrengo urteetan oso osasun kaskarra izan zuen: sendatu eta berriro makaldu, behin eta berriro.
Garai honetan ezagutu zuen erizain bat: Josephine Dolan. Berarekin joan zen San Franciscora bizitzera. Han jaio zen bere lehenengo alaba.
Bere detektibe lanetan segitu nahi zuen. Fatty Arbuckleren epaiketan lan egindakoa zela uste da. Baina 1922rako etsi egin zuen: tuberkulosiaren kontrako borroka ikaragarria zen eta, ordurako, neurrigabe edaten hasia zen.
Idazle
aldatuPinkerton bulegoan detektibe-lanetan bederatzi urtez aritu ondoren, eta gaixotasunak atseden hartzera beharturik, izena eman zuen idazketa lantzeko ikastaro batean, Beteranoen bulegoak antolatu zuena. Generoen ezaugarriak aztertu ondoren, polizia-kontakizun laburrak idazteari ekin zion. 1923an agertu ziren lehen lan horiek Black Mask aldizkarian.
Genero hau oso gogoko zuen, erakarri egiten zuen. Garai hartako polizi nobelak ez ziren errealistak. Berak ekarriko du errealitatea nobelara: horretarako ezagutzen zuen berak mundu hori [3]. Gainera, aldizkari ezagunetan –society magazines delakoetan- argitaratuko ziotela espero zuen. Horren zain zegoen bitartean, bigarren mailako aldizkarietan jarraitzaile mordoxka lortu zuen.
Beteranoen bulegoaren diru laguntzak atzeratzen zirela eta bestelako lanak onartu behar izan zituen .
Bigarren alaba jaio zen 1926an. Tuberkulosia dela eta, bere alabak ez kutsatzeko beste etxe batera joan behar izan zuen, bizitzera joan ere. Honek eman zion idazteko askatasuna. Ez hori bakarrik, ordea. Aitaren ezpalekoa zen: emakumekoak zituen gustuko, edaria lagun. Beraz, hau izan zen orduko harremanaren hausturaren lehenengo pausua. Hala ere, 1927an sendatu guztiz eta berriro bueltatu zen Josephinerekin. Bi urte gehiago izan ziren elkarrekin. Gerora guztiz hautsi zuten harremana.
Eleberriak
aldatuGero eleberriak argitaratu zituen, ia denak oso epe laburrean idatziak −bizpahiru urteko tartea−: Uzta gorria (1929, Red Harvest, Xabier Olarraren itzulpena), Maltako belatza (1930, The Maltese Falcon, Xabier Olarraren itzulpena). Azken horrek arrakasta handia izan zuen, J. Hustonek zinemara eraman zuelako. Kristalezko giltza (1931, The Glass Key), Gizon argala (1934, The Thin Man, Koro Navarrok euskaratua). Hemendik aurrera ez zen gauza izan taxuzko ezer gehiago idazteko. [4]
Ospea
aldatuAzken urte hauetan idazle ospetsua zen[5]. Osasuna berreskuratzeko bidean. Bizitza berria hasi zuen: festak, jende famatua, eta, nola ez, ospetsua egin zuen zurruterako joera. 1930ean Hollywoodera joan zen, diru asko eskaini baizioten bertan. Familia Los Angelesera eramango zuen, baina beste etxe batera. Ordukoa da Lillian Hellman-ekin izango zituen harremanen hasiera.
Emakumeekin izan zituen harremanetan ez zuen onartu fideltasunik. Garai honetan denbora eta dirutza inbertitu zuen emakume dotore eta ez hain dotoreetan. Koktelak bazituen festak, opariak, prostitutak, hotelak eta abar. Giro honetan ezagutu zuen L. Hellman. Sortu zen lotura gerora maitasunera lerratu eta bizitza osorako izango zen.
Lana:zenbait egokitzapen egin zituen, horietako batzuk ospetsuak (The Thin Man). Baina taxuzkorik ez. Komikien mundurako elkarrizketak idazten emango zuen urte bat, hau ere oso ondo pagatu ziotelako.
1937an gaude. Kazetaritza lan batzuk. Patrika bero: saldu egin zituen zinerako eskubideak. Zer edo zer emaztearengana iritsi zen oparien moduan, ezer gutxi, hala ere. Lanak agindu zizkien editoreei, baina hauek ez zuten sekula halakorik jasoko. Garai luze batez alkoholarekin zuen harremana eten bazuen ere, azkenean berriro ekin zion. Ondoren ospitalizazioa eta osatze luzea, Hellman alboan zuela.
Politika
aldatuUrte hauetan egoera politikoa pil-pilean zegoen: Espainian Gerra Zibila, eta Alemanian nazismoaren goraldia. Horren aurrean bera antifaxisten alde jarri zen: Pinkertongo garaietatik bere ideologia ezker aldera lerratu zen.
1941ean, bera osasunez hobeto zegoela, AEBak II. Mundu Gerran sartzerakoan, alistatu nahi izan zuen. Bada, hirugarrenean lortu zuen −dirudienez haren zalea zen harrerako medikua−. Aleutiarretara bidali zuten. Bertan, beste zereginen artean egunkari bat plazaratu zuen. Hori ezin izango zuen bestela egin, hau da, armadan izan ez balitz: bizitza zibilean ordurako FBI atzetik baitzuen. [6]
Gerra ostean, batetik, Mary alaba berarekin bizitzera joan zelako, eta, bestetik, alkoholarekin jarraitzen zuelako, Hellman uxatu zuen Hammettek. Azkenean, eta heriotzaren mehatxupean, utzi zion edateari, betirako. Hemendik aurrera, zintzotu eta idazten eta politikan aritu zen, eta Hellmanekin adiskidetu.
Politikan, Antiamerikar Jardueren Legeari jarraituz epaituta zeuden komunisten fidantzak lortzeko elkartekoa zen. 1951ean epaitutako batzuk ihes egin zutela eta, azterketapean jarri zuten elkartea. Hammmett deitu egin zuten epaiketara galdekatzeko: elkartearen jarduerei buruz eta fidantzak pagatzeko dirua jarri zutenen gainean. Hauen izenak emateari uko egin zion, Konstituzioaren 5. Emendakinak zioenean oinarrituta. Giltzapera eraman zuten. 6 hilabete eman zuen han. Astindu ederra izan zen hura.
Handik atera eta Hazienda bila joan zitzaion diru eske, hainbat urtetan irabazitakoen zergak ez zituelako ondo pagatu: dena bahitu zioten. Lagun baten etxera bizitzera joan behar izan zuen New Yorken. Berriro azaldu behar izan zuen McCarthy senatariaren aurrera.
1961ean hil zen. New York Timesek haren lanaren goraipamena egin zuen.[7]
Idazlanak
aldatu- Red Harvest (1929)
- The Dain Curse (1929)
- The Maltese Falcon (1930)
- The Glass Key (1931)
- Woman in the Dark: A Novel of Dangerous Romance (1933)
- The Thin Man (1934)
- The Big Knockover (istorio laburrak)
- The Continental Op (istorio laburrak)
- Nightmare Town (istorio laburrak)
- Complete Novels (1999)
- Crime Stories and Other Writings (2001)
Euskaraz
aldatu- Gizon argala (The thin man) (1989). Elkar argitaletxea. Itzultzailea: Koro Navarro.[8]
- Uzta gorria (Red Harvest) (1996). Igela argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Olarra. [9]
- Maltako belatza (The Maltese Falcon) (1997). Igela argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Olarra.
- Kristalezko giltza (The Glass Key) (2014). Igela argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Olarra - Esti Lizaso. [10]
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dashiell Hammett |
- ↑ «Biografia de Dashiell Hammett» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Cuando Dashiell Hammett fue Sam Spade» ELMUNDO 2019-06-25 (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La simiente negra - Dashiell Hammett, todo un tipo» www.la-simiente-negra.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Todos los libros del autor Dashiell Hammett» www.todostuslibros.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Dashiell Hammett, fundador de la novela negra (Artículo Literario)» Cicutadry 2015-11-30 (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Ingelesez) Kick, Russ. FBI File: Dashiell Hammett – AltGov 2. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Ingelesez) Stade, Reviewed by George. (1983-10-16). «Dashiell Hammett (Published 1983)» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El hombre delgado, de Dashiell Hammett (1934)» Leer sin prisa 2016-02-23 (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ www.alianzaeditorial.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) «La llave de cristal, de Dashiell Hammett (1931)» Leer sin prisa 2015-09-11 (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.