Itsaso
- Artikulu hau ur eremu zabalei buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Itsaso (argipena)».
Itsasoa ur gaziko hedadura zabala da[1], kostatik haratago dagoena, eta Lurraren azaleraren % 71 estaltzen duena (361.132.000 km², eta bolumena osoa 1.332.000.000 km³ inguru[2]). Itsasoek hidrosferaren azaleraren % 97,2 hartzen dute. Lurreko klima erregulatzen du eta eginkizun garrantzitsua du uraren zikloan, bai eta karbonoarenean eta nitrogenoarenean. Geografian, itsasoa ur eremua da, ozeanoa baino txikiagoa edo harexen zatia dena, eta batzuetan laku handiei ere itsaso deitzen zaie. Gizakiak historiaurretik baliatu izan dira itsasoaz, aztertuz, ustiatuz eta garraiobidetzat erabiliz. Itsasoaren azterketa zientifiko modernoa ozeanografia da.
Itsasoko uretan disolbatutako solido ugariena sodio kloruroa da. Horrez gain, urak magnesio-, kaltzio-, potasio- eta merkurio-gatzak ere baditu, eta besteak asko, horietako batzuk oso kontzentrazio txikietan. Gazitasuna asko aldatzen da, txikiagoa urazaletik eta ibai handien bokaleetatik hurbil eta handiagoa hondo sakonetan; hala ere, disolbatutako gatzen proportzio erlatiboak gutxi aldatzen dira itsasoan zehar.
Gizakiak elikagaiz hornitzen da itsasotik, batez ere arrainak, baina baita itsaskiak, ugaztunak eta algak ere, arrantzaleek harrapatuz edo urpean haziz. Itsasoak beste hainbat erabilera ere baditu, horien artean merkataritza, bidaiak, meatzaritza, energiaren sorrera, gerra eta aisialdiko jarduerak, hala nola igeriketa, bela eta urpekaritza. Jarduera horietako askok itsas kutsadura sortzen dute.
Hitza
aldatuEuskara batuan erabili beharrekoa itsaso da, ts-rekin[1].
Hitz elkarketan, lehen osagaia denean itsas forma bereiz idazten da, marrarik gabe. Hala ere, euskal hitz zaharrak loturik idatzi ohi dira: itsasadar, itsasargi eta abar[3].
Itsaso emakume-izena ere bada[4]. Itxaso ere erabiltzen da[5]. Itsaso edo Itxaso deiturak ere badira [6].
Izenak
aldatuUr eremu batzuek itsaso izena hartzen dute, itsasoak ez izan arren. Beste hainbat, nahiz eta beste izen bat erabili, itsasoak dira. Adibidez, golko eta badia. Hurrengo zerrendan izen nahasgarri batzuk agertzen dira:
- Bizkaiko golkoa: Ozeano Atlantikoko itsasoa da.
- Persiar Golkoa itsasoa da, Mediterraneoaren antzekoa.
- Itsaso Hila berez aintzira da.
Motak
aldatuOzeanoa baino txikiagoak diren itsasoen artean, hiru mota bereizten dira: itsaso zabalak, ozeanoekin zuzenean lotuta daudenak (Kantauri itsasoa edo Karibekoa, esaterako), ozeanoarekin itsasarte baten bidez lotuta dauden itsasoak (Mediterraneoa edo Itsaso Gorria, adibidez) eta, azkenik, itsaso itxiak, ozeanoarekin batere loturarik ez dutenak (Itsaso Hila, Kaspiar Itsasoa eta abar).
Zerrenda
aldatu
Barrualdeko Itsasoak |
Itsasoko ura
aldatuGazitasuna da, dudarik gabe, itsasoko uraren ezaugarri nagusia; horregatik, gesala ere esaten zaio. Gazitasunarekin batera, tenperatura eta presioa dira beste bi tasun aipagarriak. Eguzki energia da itsasoen bero iturri behinena; hala, ur azalean nabaritzen da, batez ere, Eguzkitiko berotasuna, eta sakondu ahala gero eta berdinago eta gorabehera gutxiago izaten du.
Oro har, itsasoko uraren erdia 13 eta 3,8 graduren artekoa da; horrela bada, itsasoa kontinenteetako tenperaturen erregulatzaile da. Itsasoko urak bere osaketan elementu kimiko asko ditu. Hala ere, itsas azaleko gazitasunak gorabehera handiak izaten ditu; batetik, beroak azaleko ura lurruntzen baitu eta orduan gazitasuna handitzen da; bestetik, ibaietako urak, euriak eta glaziarretako izotz urtuak gezatu egiten dute itsas azaleko ura.
Solutua | Kontzentrazioa (‰) | gatz guztien % |
---|---|---|
Kloruroa | 19.3 | 55 |
Sodioa | 10.8 | 30.6 |
Sulfatoa | 2.7 | 7.7 |
Magnesioa | 1.3 | 3.7 |
Kaltzioa | 0.41 | 1.2 |
Potasioa | 0.40 | 1.1 |
Bikarbonatoa | 0.10 | 0.4 |
Bromuroa | 0.07 | 0.2 |
Karbonatoa | 0.01 | 0.05 |
Estrontzioa | 0.01 | 0.04 |
Boratoa | 0.01 | 0.01 |
Fluoruroa | 0.001 | <0.01 |
Beste solutu guztiak | <0.001 | <0.01 |
Sodio kloruroa da itsas urak duen gatz ugariena, eta, ondoren, magnesio kloruroa, kaltzio eta potasio sulfatoak, kaltzio karbonatoa eta magnesio bromuroa, besteak beste. Lurruntasuna handia izaten den itsasoetan –tropiko aldekoetan eta itsaso itxietan– are gaziagoa izaten da itsas ura.
Uraren higidura
aldatuItsasoko ura etengabe ari da mugitzen, gainaldeko ura batez ere. Uhinak, itsasaldiak eta itsaslasterrak dira itsasoaren higidura mota nagusiak.
Uhinak
aldatuHaizeak jotzen duenean, ur azalean uhinak edo olatuak eratzen dira, eta gehienez ere zazpi-hamar metrotako sakonera izaten dute. Itsas zabalean haizeak uhinak eratzen ditu, baina ez du ur masa aurrerantz eramaten; kostaldera hurbildu ahala, ordea, olatuaren uhinak hondoaren kontra jo eta lehertu egiten dira. Olatuek indar handia har dezakete lehertzean; hala, kosta higatzen dute.
Itsas zabaleko olatuek eta grabitate arruntekoek izan dezaketen goreneko garaierari buruz hainbat iritzi daude, baina orain arteko erregistroen arabera, olatuek 20 metroko garaiera izan dezakete gehienez ere. Dena dela, uhin garaiera oinarri harturik sailkapen hau egiten dute marinelek ageriko olatuentzat:
- Itsaso barea dagoela esaten da itsasoaren egoera oso egonkorra denean, uhin luzera handiko eta garaiera oso txikiko olatuak, ia ikusten ez direnak beraz, daudenean.
- Itsaso kizkurra dagoela esaten da olatuak uhin luzera txikikoak eta 25 zentimetro baino anplitude txikiagokoak direnean.
- Itsaso handia da lau metro inguruko anplitudeko olatuak daudenean.
- Itsaso oso handia, berriz, lau metrotatik sei metro arteko anplitudeko olatuak daudenean.
- itsaso zakarra olatuek seitik bederatzi metro arteko anplitudea duten egoera da.
- Itsaso hautsia 9 metrotik gorako anplitudeko olatuak eratzen diren egoera da.
Itsasaldiak
aldatuMareak edo itsasaldiak itsas mailaren gorabeherak dira, eta Eguzkiaren eta, batez ere, Ilargiaren erakartze indarrek eragiten dituzte. Ilargiaren erakartze indarra Eguzkiarena baino askoz ere handiagoa denez Lurrean, Ilargiaren aldiekin batera izaten dira itsasgorak eta itsasbeherak.
Ilberria eta ilbetea denean izaten dira itsasaldi biziak eta orduan igotzen eta jaisten da gehiena itsas maila, zeren eta, halakoetan, Ilargiaren erakarpen indarrari Eguzkiarena gehitzen baitzaio. Itsasaldiak askoz ere gorabehera txikiagoak izaten ditu itsaso itxietan (Mediterraneoan, adibidez) itsaso zabaletan baino (Kantauri itsasoan, esaterako).
Itsaslasterrak
aldatuItsasoko ur-lasterrak itsas azalean edo hondoan higitzen diren ibaien moduko jarioak dira, eta Lurreko beste latitude batzuetara eramaten dituzte jaiolekuko uraren ezaugarriak (gazitasuna, tenperatura, etab.). Haize nagusiak eta uraren dentsitate desberdintasunak dira itsaslasterrak sortzen dituzten bi arrazoi behinenak. Itsaslasterrak horizontalean higitzen dira azalekoak direnean, eta bertikalean sakonekoak direnean.
Lurraren errotazioarengatik sortzen den inertziak, Coriolisen indarra delakoak, eskuinerantz desbideratzen du itsaslasterren norabidea Ipar Hemisferioan, eta ezkerrerantz Hego Hemisferioan. Itsaslasterrak hotzak edo epelak izaten dira, jaiolekuaren arabera, eta eragin handia dute tokian tokiko kliman.
Itsaslaster hotzak bi lurburuetan jaiotzen dira, eta tropikoetarantz bideratzen dira handik; aldiz, itsaslaster epelak Ekuatorean eta tropiko aldean jaio eta lurburuetarantz joaten dira. Golkoko itsaslasterra izenekoa Bizkaiko golkotik igarotzen da; itsaslaster epela da, Mexiko parean jaiotzen baita, eta Euskal Herriko klima epeltzen du.
Itsas hondoko erliebea
aldatuLurrazalean bezala, itsas hondoan ere haranak, sakanak, ordokiak eta mendikateak daude. Hala, kostaldean kontinentearen itsaspeko ordokia hedatzen da, itsaso zabalerantz okertuta egoten den lur zerrenda laua eta sakontasun gutxikoa (200 metro sakon du gehienez ere).
Kontinentearen itsaspeko ordokia bukatzen den tokian ezponda edo aldapa hasten da; ordokian eta ezpondan arroila sakon batzuk izaten dira ibaietako ur lasterrek ebakiak. Ezpondatik itsaso zabalerantz barneratu ahala, itsas hondoko sakana edo ordoki abisala hedatzen da; itsas maila baino 3.500-5.500 metro beherago dago sakana abisala eta bertan biltzen dira, ibaiek eramanda, kontinenteetako sedimentuak.
Ordoki abisalean mendikateak edo bizkarrak daude, ozeanoetan zehar kilometro askotan luzatzen direnak, eta mendikate horietako tontorrak bizpahiru kilometrotako garaiera izaten dute. Lurraren azaleko bi plakaren artean eratzen dira itsas hondoko bizkarrak, eta lurpeko indarren ondorio dira. Ordoki abisalean badira osin sakon batzuk ere, eta osin horien alde batean uretatik kanpora irteten diren tontor batzuk izaten dira, uharte arku izenekoak.
Itsas bizitza
aldatuItsasoa hainbat izaki bizidunen bizitokia da, habitat bezala erabilia. Eguzkiaren argiak goiko geruzak bakarrik argitzen dituenez, itsaso gehiena ilunean dago. Sakonera eta tenperatura gune ezberdinek espezie multzo desberdinentzako habitata ematen dutenez, itsas inguruneak bere osotasunean bizi-aniztasun oparoa jasotzen du bere baitan[9]. Itsas habitatak aldatu egiten dira urazaletik hasi eta itsas hobi sakonenetaraino, eta koral uharriak, alga-basoak, itsas belardiak, marea-putzuak, itsas hondo lohitsu, hareatsu eta harritsuak eta eremu pelagiko irekia barne. Itsasoan bizi diren organismoak askotarikoak dira: 30 m luzeko baleatik fitoplankton eta zooplankton mikroskopikoetaraino.
Itsas ekoizle primarioak (landareak eta organismo mikroskopikoak planktonean) oso hedatuta daude eta funtsezkoak dira ekosisteman. Kalkuluen arabera, munduko oxigenoaren erdia fitoplanktonak sortzen du[10][11] eta itsasoko material biziaren ekoizpen primarioaren % 45 diatomeek ematen dute[12]. Alga handiagoak, makroalga (itsas belarra) deritzena, garrantzitsuak dira toki mailan; sargazoek jito flotatzaileak eratzen ditu, kelpak, aldiz, itsas hondoko basoak.
Argia urazaletik 200 metrora baino ezin denez sartu, sakonera hau landareak haz daitezkeen itsas zati bakarra[13]. Itsasoko nitrogenoaren zikloa eraldaketa mikrobiano konplexuetan datza, horien artean nitrogenoaren finkapena, honen asimilazioa, nitrifikazioa, anammoxa eta desnitrifikazioa[14].
Animalia handiei dagokionez, itsasoan lehorrean baino taxoi mota zabalagoa dago, eta oraindik espezie asko ez dira aurkitu, zientziak ezagutzen duen kopurua urtero handituz. Ornodun batzuk lehorrera itzultzen dira ugaltzera, adibidez itsas hegaztiak, fokak eta dortokak, baina arrainek, zetazeoek eta itsas sugeek bizimodu erabat itsastarra dute dute, ornogabeen filum oso batzuk bezala.
Biomak
aldatuItsasoko biometan ezin da eskualde biomarik bereizi, itsasoko ingurunearen egoera era berekoa delako eskala handian, eta itsasoko izaki biziak erraz barreiatzen direlako. Urak dituen ezaugarri fisikoen ondorioz, itsasoan ez dira behin ere izaten lehorrean berez izaten diren tenperatura aldaketak; gainera, ura ez da faktore mugatzailea, argia bai ordea, ez baita metro gutxi batzuk baino sartzen.
- Itsasaldeko bioma: kostaldearen eraginetik urrun dago eta hiru azpibiomatan banatzen da: igeri dauden eta itsaslasterrek eramaten dituzten izaki bizi batez ere mikroskopikoena (planktona); nektonak edo animalia multzo igerilari aktiboek (balea, izurdea, atuna, txibia, dortoka, etab.) osatzen dutena; eta, hondoko izakiek edo bentosak osatzen dutena.
- Kostalde harkaiztsuetako bioma: Itsas belarrak dira hor nagusi, eremu batzuetan saldo horizontal ondo mugatuak eratzen dituztela, urak zenbat eta sakonago, saldo horiek orduan eta aldatuago (eremu banatze bertikala), animaliengan ere eragina duten itsasaldien ondorioz sortzen diren lehorraldien arabera.
- Lurreko eremu batzuetan koralezko uharriak izaten dira, eta beren ehunetan itsas belar mikroskopikoak dituzten koralak nagusi dira han nagusi. Koralezko uharriak, "Itsasoko baso tropikalak" deiturikoek, munduko ozeanoaren azaleraren % 0,1 baino gutxiago hartzen dute, baina bertako ekosistemek itsas espezie guztien % 25 dira[15]. Ezagunenak uharri tropikalak dira, Australiako Koral Hesi Handia kasu, baina ur hotzeko uharriek espezie ugari dituzte, koralak barne.
- Kostalde hareatsu eta lohitsuetako bioma: Azpiak ez du egonkortasunik, itsasaldiek eta ur-lasterrek etengabe astintzen baitute, eta, beraz, etengabe ari da azpia berriz eratzen. Itsas belarrak bakanak dira eta animaliak ugariak: harrak, soinberak eta oskoldunak gehienbat.
Itsaso estralurtarrak
aldatuIlargiko itsasoak zabaldi basaltikoak dira berez. Lehen astronomoen ustetan ur eremuak zirenez, itsaso izena hartzen dute. Izena latinez dute, hau da, mare, baina baita ere oceanus (ozeanoa), lacus (lakua), palus (zingira) edo sinus (badia).
Ur likidoa aspaldi existitu ahal izan da Marteko lurrazalean. Horregatik, hainbat zabaldi itsaso lehortuak direlako teoriak daude. Handiena Vastitas Borealis da; beste batzuk Hellas Planitia eta Argyre Planitia dira.
Hainbat ilargiren lurrazpian ur likidoa dagoela uste da, batez ere Europa ilargian.
Kulturan
aldatuItsasoak kulturan eragin handia izan du hainbat mendeetan zehar eta gizakiak itsasoan izan duen esperientzia kontraesankorra izan da: boteretsua baina barea, ederra baina arriskutsua. Itsasoari buruzko kultura literatura, arte, poema, film eta antzerki bidez gauzatu da. Txalupak irudikatzen dituen artelanik zaharrena duela 40.000 urtekoa da. Harrezkero, hainbat herrialde eta kulturatako artistek itsasoa irudikatu dute. Sinbolikoki, izaki fantastikoz betetako ingurune etsaitzat hartu izan da itsasoa: Leviatan Biblian, Isonade japoniar mitologian, Kraken eskandinaviar mitologian edo Traganarru euskal mitologian.
Zientzian
aldatuItsaso terminoa Fisika kuantikoan ere erabiltzen da. Dirac itsasoa energia negatiboaren egoeren interpretazio bat da, hutsa barnean hartzen duelarik.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b «itsaso». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-10-11.)
- ↑ (Ingelesez) WHOI Calculates Volume and Depth of World’s Oceans. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012).
- ↑ itsas/itsaso Euskara Batuaren Eskuliburuan (kontsulta: 2021-10-11).
- ↑ Itsaso Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-11)
- ↑ Itxaso Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-11)
- ↑ Itsaso Euskaltzaindiaren deitura zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-11)
- ↑ World Ocean Atlas 2009. nodc.noaa.gov
- ↑ (Ingelesez) Millero, F. J.. (2008). The composition of Standard Seawater and the definition of the Reference-Composition Salinity Scale. , 50–72 or. doi: . Bibcode: 2008DSRI...55...50M..
- ↑ (Ingelesez) Profile. Department of Natural Environmental Studies: University of Tokyo (Noiz kontsultatua: 2013).
- ↑ (Ingelesez) Roach, John. (2004-6-7). «Source of Half Earth's Oxygen Gets Little Credit» National Geographic News (Noiz kontsultatua: 2016-04-04).
- ↑ (Ingelesez) Lin. (2003). «New evidence for enhanced ocean primary production triggered by tropical cyclone» Geophysical Research Letters 30 (13): 1718. doi: . Bibcode: 2003GeoRL..30.1718L..
- ↑ (Ingelesez) Yool, A.; Tyrrell, T.. (2003). «Role of diatoms in regulating the ocean's silicon cycle» Global Biogeochemical Cycles 17 (4) doi: . Bibcode: 2003GBioC..17.1103Y..
- ↑ (Ingelesez) Russell, F. S.. (1928). «The Seas» Frederick Warne: 225-227..
- ↑ (Ingelesez) Voss, Maren; Bange, Hermann W.; Dippner, Joachim W.. (2013). «The marine nitrogen cycle: recent discoveries, uncertainties and the potential relevance of climate change» Philosophical Transactions of the Royal Society B 368 (1621): 20130121. doi: ..
- ↑ (Ingelesez) Spalding MD and Grenfell AM. (1997). «New estimates of global and regional coral reef areas» Coral Reefs 16 (4): 225–230. doi: ..
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Ozeanoei buruz hitz egin dezagun Unesco Etxearen txostena