Ivan IV.a Errusiakoa
Ivan Vasilievitx edo Ivan IV.a Errusiakoa (errusieraz: Ива́н Васи́льевич, Иван IV, Ivan Vasilyevich, Ivan IV; Kolomenskoie, 1530eko abuztuaren 25a - Mosku, 1584ko martxoaren 18a), ezagunagoa Ivan Izugarria (errusieraz: Ива́н Гро́зный, Ivan Groznyy) ezizenez, Errusiako tsarra izan zen 1547tik 1584 arte. Errusiar estatuaren sortzaileetakotzat hartzen da.
Gutxienez zazpi aldiz ezkondu zen, baina bere ezkontzarik garrantzitsuena lehena izan zen, Anastasia Romanovna Zakharinarekin, 1547an. Errusiari egin zizkion ekarpenik garrantzitsu eta handienak, Siberiaren konkista, lege kode berri baten sortzea, Sudiebnik izenekoa, boterea hiriburuan zentralizatu izana, herri partaidetza zuten instituzioak sortzea, Astrakhan eta Kazango khanerri tartariarrak konkistatu izana, Ordena Teutonikoaren suntsipena eta barne erreforma handiak izan ziren, horien artean armadaren erreforma eta lege kodearen berrikuspena.
Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ivan III.a Errusiakoa Duke Handiaren biloba eta Vasili III.a Moskuko printzearen eta Elena Glinskaiaren semea, Ruriken varegiar leinukoa eta Lituaniako printzesaren leinukoa da. Hiru urterekin koroatu zuten Moskuko Printze Handi bezala, bere aita hil ondoren. Baina, erresuma, bere amak administratu zuen, koroatzetik bost urtera, botereagatik lehian ari ziren boiardo klanek pozoitu zutena. Boiardoen irainak jasan behar izan zituen, horrek, bere izaera ilundu zuelarik. Kremlingo jauregian sartua izan zen, ia eskale bat bezala biziz. Honek, Ivanengan, boiardoenganako berebiziko gorrotoa piztu zuen, eta, ondorio bezala, klan hauen aurka antolatu zituen jazarpen eta sarraskiak izan zituen. Lehen urte hauetan, Ivanek, buruko gaixotasunen bat jasan zuen, ondorio konponezinak eragin zizkiona, bere haserrea etengabe erakutsiz eta zakurrak torturatuz eta dorreetatik jaurtiz. Ezagutzen denez, anaia gormutu bat izan zuen, baina, anaia honi buruz ez da gehiagorik ezagutzen.
13 urterekin, jendea Ivan errespetatzen hasi zen, eta bere pertsona leial talde bati, Andrei Shuiski printzea harrapatzeko agindu zion, zakur talde batetara botatzeko, zakur hauek, Andrei, txiki-txiki egin zutelarik. 16 urterekin jada nabarmentzen zen idazten eta liburu irakurle sutsua izan zen, gazte galant eta gihartsu bat izateaz gain. Erretorika ikasi zuen Makario gotzainaren eskutik. Garai honetan, jada oso erlijiosoa zen.
Tsar bezala errespeta zezaten, Makariok, Ivan, zuhaitz genealogiko baten arabera, Erromatar Inperioko lehen enperadore edo zesarren leinukoa zela adierazi zuen.
Erregealdia, tsar bezala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gobernualdi hau, bi arotan bana daiteke, 1560an, bere emazte Anastasia Romanova hil ondoren Ivanengan gertatu ziren aldaketek adieraziak. 1547tik aurrera, Ivan IV.ak, garai horretan hamazortzi urte zituena, Radaren laguntzarekin gobernatu zuen, bere eraginik handieneko partaideen artean, Silbestre apaiza, Makario gotzaina, eta bere idazkari Alexei Adashev agertzen ziren kontseilu pribatu bat, azken honi, Alexeiri, alegia, Ivanen erregealdiko lehen hamabi urteetako jarrera patxadatsua zor zaiolarik. Zentzu honetan, Anastasia Romanov printzesak ere eragin zuen, 1547an Ivanekin ezkondu zena.
Ivan IV.ak, hasieran erakutsi zuen joerarik nabarmenena, noblezia boiardoa bere ondotik aldentzea izan zen, bateratu eta zentralizatutako administrazio baten oinarriak jartzen eta herriaren partehartzea zuten instituzioak sortzen arduratzen zen bitartean. Erresumako arauak, kode batean (Sudiebnik, 1550ekoa) kodetu eta bildu zituen. 1549an, lehen aldiz deitu zituen Zemski-Sobor direlakoak, errusiar estatu orokor antzeko zeozer, eta, bi urte beranduago, bere asmoekin bat zetorren eliza bat antolatzeko kontzilio bat.
Gainera, nekazariak glebara lotu zituen, horretarako, 1581ean ezarri zen mirabetzaren jatorria adierazi zuelarik, eta bere talde armatu propioa eratu zuen, "streltsi"a, bertako partaideak, lursailekin sarituak zirelarik, erregearen boterea, aristokrazia handiarenaren aurrean indartzeko asmoz, armada modernizatu eta berrantolatzeaz gain.
Bere erregealdiko lehen tarte honetako xedeak behin bete ondoren, nagusiki barne antolakuntzan murgildu zena, Ivan IV.a Izugarriak, 1552an Kazan eta, 1554an, Astrakhan konkistatzera eraman zuen hedapen politika bat hasi zuen. Volgaren harana ere hartu zuen, eta Inperioa, Ural mendiak eta Siberiaraino hedatzeko prestatu zen. Itsaso Baltikoan irteera bat izateko asmoz, Livoniaren aurka joan zen, baina han, Lituania, Suedia, Polonia eta Danimarkaren interesekin tupust egin zuen.
Errusiar nazionalismoaren gorakadaren beldurrez, mendebaldeko potentziek, Moskoviako printzerria blokeatu zuten, honela, Europako teknikari eta armak jasotzea eragotziz. Gatazkaren luzapenak, boiardoen eta kleroaren erreakzioa bultzatu zuen krisi ekonomiko sakon bat eragin zuen. 1560an bere emaztea hil izanak, Ivan IV.aren autoritarismoa areagotu zuen, lehen zantzu psikopatikoak erakutsiz, aurrerago larriagotuak, basakeria oro egitera bultzatu zutenak, horien ondorioz jaso zuelarik Izugarria ezizena, baita neurriz gaindiko erlijiozaletasuna zela-eta, ia zorakeriaraino. 1560 eta 1564an, streltsiez baliatuz, eta bere boterea, aristokraziaren aurrean sendotzeko asmoz, boiardoen eta kleroaren aurkako errepresio odoltsu bat egin zuen, Radako kontseilariak kanporatuz. 1570ean, antzinako hiri askeak ziren Novgorod eta Pskov eraso eta sarraskitu ere egin zituen, eta, 1581ean, bere semerik zaharrena hil zuen.
Livoniako gatazkarentzako konponbiderik aurkitu gabe, hau, 1583 arte luzatu zen. Bere tropak nekatuak eta Inperioko arazo sozial eta politiko eta krisi ekonomikoagatik itoa, Ivan Izugarriak, Livonia Poloniari eta Ingria eta hegoaldeko Karelia Suediari eman behar izan zizkien. Horretaz gain, Itsaso Baltikoan portu bat izatearen nahiari uko egin behar izan zion.
1560 baino lehenagoko gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Makariorekin, Errusiako monasterio eta elizetatik ibilaldi bat egin ondoren, Errusia guztiko Tsar eta Printzea izendatua izan zen, Jasokundearen Katedralean. 1547an, Anastasia Romanovna edo Romanovekin ezkondu zen, eta bere gobernuan, eragin handia izan zuen.
Bere funtzioak, Juri eta Mikhail Glinski anaiengana pasa ziren, Ivanen osabak bere amaren aldetik, hauek, ustelkeria eta gehiegikeriak Errusia osotik hedatu zituztelarik. Bidegabekeriak, sinestezinezko mailetara iritsi ziren, honako kronika honetan deskribatzen den bezala: "Euren maltzurkeria eta euren deabruzko praktiketan, lurperatu berriko gorpuak ere lurpetik ateratzen dituzte, eta tarrasean eramaten dituzte, moztuak eta basurdeak ehizatzeko benabloen bidez odolustuak, hiritar ondratuen etxeetaraino, hauek, ordaindutako informatzaile batzuek, orduan hilketaz salatzen dituztelarik". Urte honen amaieran, Moskuko barruti osoak suntsitu zituzten zenbait sute gertatu ziren, milaka pertsona hilez. Herriak, horretaz, Glinskitarrak salatzen zituen, eta, beraz, Ivanek, euren osabak erbesteratu behar izan zituen. Juri, jendetzak lintxatu zuen, babestu nahian zebilen bitartean, eta Mikhailek ihes egin zuen. Ivanek Mosku berreraiki eta San Basilio Katedrala eraikitzea agindu zuen.
Handik gutxira, boiardoen boterea murrizteko, merkatariek eta noblezia txikiak osatutako hautaketa kontseilu bat eratu zuen. 3.000 streltsi edo musketariko lehen armada iraunkorra sortu zuen.
Garai hau, bere barne erreforma handia eta bere lurralde hedapenagatik ere bereizi zen. Bere erregealdian, artea eta literatura bultzatu zituen, inprenta Errusian sartzeaz gain. Urte horretan bertan, Rada sortu zuen, errege kontseilu bezala funtzionatu zuen gobernu organismo bat. Kontseilu hau, Silvestro apaizak, Ivanen tutorea zen Makariok eta bere idazkari Aleksei Adashevek osatu zuten. 1549an, lehen Zemski Soborra egin zuen, errusiar printzerrietako ordezkarien biltzarra, eta lege kodearen berrazterketa bat hasi zuen. Ekarpen handi eta garrantzitsu bat, Sudiebnika izan zen, 1550ean sortua, gobernuak, garai horretara arte onartutako dekretu guztien bilketa bat dena. Sudiebnikak eta errege diplomek (Ustavníye grámoty), nekazarien hauteskunde ordezkarien partehartzea, prozedura judizialera eta kudeaketa lokalera hedatu zuten. 1551n bere asmoekin bat zetorren eliza bat sortu zuen. Richard Chancellor kantziler ingelesa eta zenbait nabigatzaile ingeles, Moskura, 1553an iritsi ondoren, merkataritza loturak ezarri zituen Ingalaterrarekin.
Bere kanpaina militar handienetako bat, tartariar, chuvashiar, mariar, morduindar eta udmurtiarrez populatuta zeuden Kazango khanerria 1552an eta Astrakhango khanerria 1556an konkistatzea izan zen, Volga ibaiaren ibilbide osoa kontrolatu eta 300 urte baino gehiagoz iraun zuen dominazio batekin amaitzeko. Milioi bat kilometro karratuko lurralde bat erantsi zitzaien Moskuko domeinuei, Ivanek, Konstantinoplaren oinordeko bihurtu nahi zuena. 100.000 soldadurekin lortu zuen, zalditeria, artilleria eta mertzenario kosakoen artean banatuak. Kazanen, bertako biztanle guztiak hil zituen eta katedralaren lehen harria jarri zuen, bertako biztanleria musulmana, errusiar kolonoez ordezteaz eta meskitak eliza ortodoxo bihurtzeaz gain (gainontzeko khanerrietan errepikatuko ziren ekintzak). Guduetan, sekula ez zen agertzen, azpibanaketa militarren kokapena zuzendu zuen, zenbait alditan tartariar gotorlekua inguratu zuen, eta, azpibanaketa, gotorlekuaren hormetatik gertu ikusi zuen. Volgako khanerrien eransketarekin tartariar zalditeriak Errusiaren ekialdean eginiko inbasio kaltegarriak amaitu ziren, horda oldarkorren Asiatik Europarako migrazioa zaildu zuen eta Siberiaranzko errusiar migrazioarentzako bidea ireki zuen. Gertaera hauen ondoren, Konstantinoplako aitalehenak "kristau komunitate guztiaren tsar eta subirano ortodoxo, ekialdetik mendebaldera eta ozeanoraino" izendatu zuen, Alexandriako aitalehenak, Alexandro Handiarekin alderatu zuen bitartean. Ivan IV.aren konkistak, oraindik mantentzen diren kantu eta baladetan ospatuak izan ziren. Garai honetan jaio zen bere lehen semea, Dimitri, jaio eta gutxira hil zena.
1547an, Hans Schlittek, Ivan IV.aren agenteak, artisauak kontratatu zituen Alemanian, Errusian lan egiteko. Baina, artisau guzti hauek, Lübecken geldiaraziak izan ziren Polonia eta Livoniak hala eskatu zutelako. Livoniak, errusiar merkataritza oztopatu zuen Europa mendebaldeko nazioekin. Errusia, itsas bide komertzialetatik isolatua izan zen.
Tsarrak, Livoniaren (egungo Estonia eta Letonia) poloniar-lituanira mankomunitate baten aurkako gerra hasi zuen 1558an, Itsaso Baltikorako irteera bat lortzeko. Ezpataren Anai Livoniarrek defendatzen zuten. Konkistak, Errusiari, Narvako portua eman zion, iparraldeko herrialdeekin merkataritza harremanetan hasiz. Gainera, gerra honetan, Ordena Teutonikoa garaitu eta suntsitu zuen. Errusiaren garaipena gora-behera, Polonia, Lituania eta Suediak Errusia eraso zuten, honen botereagatik mehatxatuak sentituz, gerra, 1583 arte luzatu zelarik.
1560an hil zen bere emazte zen Anastasia Romanova, eta, Ivan IV.a, gobernari psikopata bihurtzen da, fanatiko erlijiosoa eta autoritarioa. Ivanen izaeran aldaketa dramatiko hau, ez zen soilik bere emaztearen heriotzagatik eman, baizik eta baita 1553an, gaixotasun larri baten ondorioz hiltzear egon zelako ere. Garai honetan, Ivanek, boiardoei, bere seme nagusiarekin aliantzarik egingo ote zuten galdetu zien, bera hil ondoren gobernatzeko, eta boiardoek ezezkoa eman zioten, bere lehengusu Vladimir Staritsakoan tsar berri bezala pentsatuz. Ivanek, hobera egin zuen, eta ordura arte, boiardoez gutxi fidatzen bazen, ordutik aurrera, are gutxiago, lehen aipaturikoagatik, bere emaztea 1560an hil zenean, boiardoek pozoitu zutela uste izan baitzuen. Konspirazio eta azpijoko hauek, boiardoen eta hauen aliatuen aurkako hilketan eratorri ziren, Aleksandr Gorbati-Shuiskiren kasuan bezala, Kazango khanerriaren jeneral konkistatzailea. Ivanek 33 urte zituen, eta, Errusian, beldur eta odolezko garai bat abiarazi zuen.
1560 ondorengo gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere emaztea hil ondoren, Ivan, tsar autoritario eta psikopata bihurtu zen, berari buruz, gauetan, bere oihuak, Kremlin osoan entzuten zirela esaten den. Poztasunetik, depresiorik gogorrenera pasatzen zen. Gainera, handik gutxira, Makario metropolitarra hil zen, nahigabe handiagoa eta bere hain aldekoa ez zen oinordeko erlijioso baten agerpena eragin zuelarik, Afanasio. Honek, tsarraren jauregira, bere gobernua leporatzera eta tronua uzteko eskatzera joan zen nobleen biltzar bat deitu zuen. Guztien harridurarako, Ivan, biltzar hartatik atsekabeturik irten zen, eta bere semeen mesedetan tronua utziko zuela eta erbestera joango zela esan zuen. Baina guztia, tsarraren trikimailu bat baino ez zen izan, Moskutik 100 kilometrora baino ez baitzen joan, Aleksandrovskaia Sloboda edo Aleksandroveko babeslekura. Handik, hiru gutun bidali zituen, bata, metropolitar berria zen Afanasiori, beste bat, nobleei, eta, hirugarrena, herriari, non instituzio erlijioso eta administratiboak, ustelkeria, traizioa eta lapurretaz salatzen zituen. Gutun hauek, hirietako plaza publiko guztietan irakurtzen dira, herrian, amorru eta matxinada giro bat sortuz. Gerra zibil baten beldurrez, Afanasiok, Ivani barkamena eskatzea erabakitzen du, eta itzultzeko eskatzen dio. Orain, tsarrak, inoiz baino indar gehiago zuen.
Bere gortea, Aleksandrovskaia Slobodako bere babeslekura eraman zuen, non, egunaren zati handi bat, otoitz egiten ematen zuen. Kurbsky printzearen traizioaren ondoren (mendebaldeko armadaren komandantea) opritxnik direlakoak sortu zituen, bere zaintza pertsonala eta estatu polizia, errepresio eta akzio militarreko erabilera eman ziona. Oprichinikak, Errusiako iparrekialdeko eskualdetako noblezia txikitik aukeratuak izan ziren, boiardoak urriak ziren tokiak. Eskualde hauek, banandutako administrazioak izan zituzten, eta Oprichnina deituak izan ziren. Goardia honekin, 1564 eta 1572 bitartean boiardo eta kleroko partaide ugari exekutatu zituen, eta Errusian erregimen feudal bat eratzea eragotzi zuen. Oprichninako liderrik gorrotatuenetako bat, Maliuta Skuratov izan zen. Historialari askok, Oprichnina sistema aristokrazia hereditario boteretsuaren pribilegioen suntsitzerako tresna bezala hartzen du, etengabeko gerra egoeran dagoen estatu zentralizatu baten hedapenerako. Oprichniken, boiardo eta herriaren aurkako neurrigabeko erabilera odoltsuak, milaka biktima eragin zituen zortzi urtetan. Ordutik aurrera, "Izugarria" bezala ezagutzen hasten da. Garai honetan, printze bat, heriotz zigorrarekin zigortu zuen orgia homosexual batean parte hartzeaz salatu izanagatik. 1570ean, oprichniken laguntzarekin, Novgorod hiria eraso zuen, bere aurka altxatuko zela ustez, Lituaniarekin ustezko aliantza baten ondorioz traizio handia egiteaz salatuz. 15.000 soldaduko armada batekin, Novgorod suntsitu zuen, biztanleetako asko torturatuz, burua moztuz eta zutoinean sartuz (27.000 eta 60.000 bitartean, tokiko kleroaren mezu ez oso objektiboen arabera.) Egungo ikerlari askok, biktima kopurua, 2.000 eta 3.000 artean uste dute. Uzta txarren, gosearen eta 1567tik 1569rako izurri izurritearen ondoren, Novgorodeko biztanleria 10.000 eta 20.000 biztanle artera jaitsi zen. Antzeko zeozer eginarazi zuen Pskov hiriaren aurka.
Krimeako kanerriak, etengabe hondatu zituen Errusiako mugako lurraldeak, 1571n, Krimeako Tartariarrek, Devlet I.a Giray buru zutela, Moskuko inguruak erre zituzten (Tartariarren inbasioak Errusian XVI. mendean), 60.000 babesle baino gehiago hilez eta milioi bat biktima baino gehiago eraginez, ondorengo sute eta goseteen ondorioz. Tartariarrek, 100.000 esklabu baino gehiago harrapatu zituzten. Tartariarren sarraskiak baretu zirenean, Ivanek, Krimeako khanerriaren inbaditzaileekin Molodiko guduan amaituko zuen armada bat prestatu zuen, handik aldenduz.
Bere azken urteetan, suediar eta poloniar armadek, Errusiako mendebaldeko eta iparraldeko eskualdeak suntsitu zituzten, errusiar hiriren batzuk konkistatu zituzten (Polotsk, Veliz, Sokol, Velikie Luki, Narva), bertako goarnizioak eta biztanleak akabatuz.
Jada bere azken urteetan, bere perbertsioak askatu zituen. Poloniar idazle ez oso objektiboen arabera, 1.000 emakume birjina baino gehiagorekin maitasuna egin izanaz, eta, ondoren, sexu horreman horien ondorioz izandako seme-alabak hil izanaz harrotzen zen, honela, bere asaldura erakutsiz. (Historialariren batzuk, hau, poloniar propagandak sortutako kondaira beltz bat baino ez dela pentsatzen dute. Hala ere, benetako oinarri bat dago tsarraren neskalagunaren hautaketan, horretarako, neskatxa nabarmen asko hiriburura iritsi zirelarik). Haserre ateraldi batean, 1580ko azaroak 16an, modu hilgarrian jo zuen bere seme nagusia, Ivan tsarevicha, bere gogokoena, bere makuluarekin. Oso modu latzean negar egin zuen bere semearen heriotzagatik, eta alhadurak izan zituen horregatik, hil zen arte, ileetatik eta bizarretik tiratzea edo hormak hatzamarkatzea eraginez. Asaldura hauetan, honako moduko esaldiak esan zituen:
« | Adanen garaitik egundaino, bekatari guztiei gailendu natzaie. Basati eta usteldua, neure arima zikindu dut | » |
.
Gainera, bere zenbait lagun eta etsai hil zituen, Ivan, oraindik psikopatago bihurtu zuena. Azken eroaldi honetan, sinesmen jentil eta sorginkeriazkoetan babestu zen. Bere bizitzaren amaieran, Siberia konkistatu zuen (1581-1583), Obi ibaiaren arroa konkistatzen amaitzeko, tropen buru bezala, Yermak Timofeyevich kosakoa zegoelarik, Sibirreko kanerria okupatuz, lurraldeari izena eman ziona. 27 urteren ondoren eta barnealdean kleroak eta boiardoek estutua, Livoniaren aurkako gerra galdu zuen eta Suediari, Ingria eta Hegoaldeko Karelia eman behar izan zizkion, Livonia, Poloniari itzultzeaz gain. Ivan IV.a, 1584ko martxoak 18ko goizean hil zen, xake partida bat jokatzera zihoala. Bere hondarrak, San Migel Goiaingeruaren katedralean lurperatuak izan ziren. Tsar bezala, bere oinordekoa, bere seme txikia Teodoro I.a Errusiakoa izan zen.
Tsarrak jasandako krisi psikotikoak, adituen arabera, sifilia merkurioarekin tratatzearen ondorio izango lirateke. Tratamendu hau, oso arrunta zen garai hartan, eta etengabeko aldarte aldaketetan eta krisi euforiko eta haserre krisietan eratortzen ziren burmuin kalteak eragiten zituen, kutsu psikotikoarekin. Historialari askok, Ivan, boiardoek pozoitu zutela uste dute, bere ama Elena Glinskaya bezala (bere hondarrek, merkurio kopuru handi bat ere erakusten dute), baina badaude erreferentziak, Ivanek, aldian-aldian, bere sifilisarentzako merkurio kopuru txikiak hartzen zituela diotenak.
Hil ondoren, bere seme Teodoro I.a Errusiakoa izan zen Errusiako hurrengo tsarra. Boiardoen esku zegoen txotxongilo bat izan zen, bere izaera apalaren eta adimen urriaren ondorioz.
Ezkontzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Anastasia Romanovna Zakharina (Анастаси́я Рома́новна Заха́рьина), norekin hiru seme izan zituen: Demetrio, jaio eta gutxira ibai batean istripuz itoa, Ivan, Ivan IV.ak hila, eta Teodoro, bere ondorengoa izan zena.
- Maria Temriukovna (Мари́я Темрю́ковна), zirkasiar noble baten alaba, norekin beste seme bat, Vassili, izan zuena (1563ko martxoak 21-1563ko maiatzak 3). Hau, bost edo sei aste inguruz baino ez zen bizi izan. Maria, handik gutxira, ziuraski pozoituta hil zen.
- Marfa Vasilyevna Sobakina (Ма́рфа Васи́льевна Соба́кина) ezkondu eta 16 egunera hila aurkitu zutena (1571ko urriak 28an), beharbada, hau ere pozoitua.
- Ana Ivanovna Koltovskaya (А́нна Ива́новна Колто́вская), emakume plebeioa (1572ko apirilak 28an ezkondua), bi urte beranduago, komentu batean giltzaperatua izan zena.
- Ana Grigorievna Vasilchikova (А́нна Григорье́вна Васи́льчикова), 1575ean ezkondua. Hau ere, komentu batean giltzaperatua izan zen, ezkondu eta urte bete baino gutxiagora
- Vasilisa Melentieva (Васили́са Меле́нтьева), Ivanen seigarren emaztea (1579an ezkondua). Maitale bat izan zuen, basatiki zutoinean sartu zutena adulterioaren ondoren. Vasilisa, aurreko biak bezala, komentu batean giltzaperatua izan zen.
- Maria Dolgurukaya (Мари́я Долгору́кая), Ivanen zazpigarren emaztea, Ivanek birjina aurkitu ez zuena, eta, hurrengo egunean, itoa izan zena.
- Maria Fiodorovna (Мари́я Фёдоровна Нага́я), mozkor baten alaba. Honekin ere, Demetrio izeneko seme bat izan zuen (errusieraz Дми́трий, 1580)
Literatura lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ivan IV.a Errusiakoa, idazle on bat ere izan zen. Bere lanik nabarmenena, Andrei Kurbsky printzearentzako gutunak da. Pertsonaia honek, Livoniar Gerran desertatu zuen Lituaniako Dukerri Handira, eta, Ivan IV.ari, honi bidalitako zenbait gutunetan, tirano bat izatea leporatzen zion. Ivan IV.ak, Estatuaren benetako etsaiak boiardoak zirela erantzun zion, Errusia, printzerri txikitan zatitzea nahi zutenak. Polemika honek, hogei urte iraun zuen, baina Ivan IV.ak, garai honetan idatzitako hizkuntzaren estiloari buruzko bere iritzia ere idatzia utzi zuen, eta, gainera, gai bezala eliza zuten zenbait olerki eta musika kanon idatzi zituen.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iván el Terrible, Jules Koslow, Ediciones Selectas, 1966.
- Iván el Terrible, Benson Bodrick, Martínez Roca, 1990.
- Iván el Terrible: fundador del estado ruso, Francis Carr, Edaf, 1990.
- Iván el Terrible. Zar y Gran Príncipe de todas las Rusias, Henri Troyat, Vergara, 2003.
- Pasajes de la Historia, Juan Antonio Cebrián, Ediciones Corona Borelis, 2001. ISBN 84-95645-41-6
- Isabel de Madariaga (2008). Iván el Terrible. Alianza Editorial. ISBN 978-84-206-9138-1.
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ivan Grozni, Sergei Eisensteinek zuzendua eta Nikolai Txerkasovek protagonizatua. Lehen zatia (1944) eta bigarrena (1958).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ivan IV.a Errusiakoa |
Aurrekoa Vasili III.a Moskukoa |
Errusiako Printzea 1533-1547 |
Ondorengoa Tsar bihurtu zen |
Aurrekoa - (lehenengo tsarra izan zen) |
Errusiako tsarra 1547-1584 |
Ondorengoa Teodoro I.a Errusiakoa |