Antzinako Erregimenaren krisia Hego Euskal Herrian
Euskal Herriko historia |
---|
XVIII. mendearen azken bi hamarraldietan, krisi sakona bizi izan zuten probintzia foruetan gauzatzen ziren Antzinako Erregimeneko politika erakundeek. Frantses Iraultzaren prozesuak eragin handia izan zuen Hego Euskal Herrian, eta krisi politiko larria sorrarazi zuen, zeinean aurrez aurrez jarri baitziren tradizioa, alde batetik, eta konstituzioan oinarritutako sistema liberalaren modernotasuna, bestetik. Lehenagotik ere, Argien Mendeko despotismo garaitik, elkarren kontrako borrokan hasita zeuden, dena den, bi aldeak. Konstituzioa Foruen aurka: Koroa konstituzioaren alde, eta probintziak foruak aldezten. Euskaldunak euskaldunen kontra, interes desberdinen arabera. Iraultza kontinente guztian hedatzen ari zen bitartean, aldaketak egin behar izan zituzten probintzia foruetan, galduko ez baziren.
“Antzinako Erregimenaren krisia” esaten zaion kontzeptua historiografiaren asmakizuna da, hau da, XVIII. mende bukaeran eta XIX. mende hasieran Europako politikaren eta erakundeen eraldatzea azaltzeko asmatua. Antzinako Erregimena esapidea Frantziako Iraultzan (1789) erabili zen lehen aldiz, iraultzaileek gainditu nahi zuten korporazio-estamentuen nagusitasunean oinarritutako sistema izendatzeko. Frantzian monarkia tradizionalaren gobernu motak irauli, eta aldi berean, Estatu berria eta haren nortasunaren bereizgarriak diseinatzeko eragiketa iraultzailea oso indartsua eta bizkorra izan zen; horregatik, ez dute arazorik izan historialariek Antzinako Erregimenaren eta iraultzak sortutako erregimen berriaren arteko mugak ezartzeko.
Europako beste herrialdeetan, ordea, ez zen horren garbia izan prozesu hori; hori dela eta, arazoak daude Aro Berriko erakunde sistema politiko tradizionaletik Estatu liberalerako trantsizioa aztertzeko garaian. Hala gertatzen da, esaterako, Espainiako monarkiari dagokionean, eta euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuari dagokionean ere. Horietan eragin handia izan zuen Frantziako iraultzaren prozesuak (1789an hasia); hala ere, Espainiako erregimena eta gobernu erakundeak ez ziren errotik aldatu 1808 eta 1812 bitarteko burujabetasunaren eta konstituzioaren krisia gertatu zen arte, hau da, Napoleonen gudarosteak Espainian finkatu eta Espainiako Cadizko konstituzio liberala (1812) emaitza izan zuen prozesua hasi zen arte. 1812ko konstituzioari Cádizko Konstituzioa esaten zaio Andaluziako hiri horretako Gorteetan egin zelako. Hala ere, egoera konstituzional horrek ez zuen luze iraun, 1814az gero Fernando VII.ak gobernu erregimen pertsonala ezarri baitzuen. Erregimen horrek erregea hil arte (1833) iraun zuen; 1820-1823 bitarteko Hiru Urteko Konstituzio Aldia izan zen erregimen haren eten bakarra. 1833an egitura politikoen aldaketa prozesua hasi zen berriz ere, eta 1837ko konstituzioa onartu zenean prozesu hori bizkortu egin zen.
Euskal lurraldeetan eta Nafarroako erreinuan, gobernu erregimen batetik besterako trantsizioa 1808-1839 bitartean gertatu zen. Lurralde horien bilakaera tokian tokiko monarkiaren bilakaeraren araberakoa izan zen, eta urte bitarte haietan beren gobernu moduak erabat aldatu ziren, monarkia tradizionalak Estatu liberalari lekua utzi zionean.
Atal honetan trantsizio hori azaltzen da, eta horretarako, XVIII. mende bukaeran euskal lurraldeetako egoera politikoa eta erakundeena zein zen hartuko da kontuan lehenbizi, eta garai hartakoek beren gobernu mota eta Espainiako monarkiarekin zuten harremana nola esplikatzen zuten adieraziko da. Ondoren aztertuko dira 1793-1795 bitartean Espainiako monarkiaren eta Frantzia iraultzailearen arteko gerran (Konbentzioko gerra) iraultzarekin izandako lehen harremanen ondorioak eta harreman horrek euskal probintzien antolamenduaren gainean, foruen gainean hain zuzen, sortu zuen eztabaida. Ondoren monarkiak konstituzioan eragin zituen aldaketen eta foru errejimenaren arteko harremana, eta harreman horrek Fernando VII.aren gobernuan izan zuen bilakaera azalduko dira. Horren guztiaren azterketarekin zenbait ondorio aterako dira trantsizioaz.
Euskal antolamendu tradizionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Monarkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Erregetzarako gerraren (1700-1713) ondoren, Borbondarren dinastiko Espainian izan zuen lehen errege Felipe V.aren monarkia berriaren egitura asko soildu zen Habsburgotarren egituraren aldean.
Ez bakarrik Espainiak Iberiako penintsulatik kanpoko europar jabetasunak utzi behar izan zituelako (Italiako eta Herbehereetako lurraldeak, Menorca eta Gibraltar), baita antzinako Aragoiko erreinuko lurraldeek Gaztelako gobernu erak bereganatu behar izan zituztelako ere. Felipe V.ak Decretos de Nueva Planta izeneko dekretuen bidez Katalunia, Aragoi, Valentzia eta Mallorcako lurraldeetako nortasun politikoa ezabatzen zuen, eta bakarrik Bizkaiko Jaurerriak, Arabako eta Gipuzkoako probintziak, Nafarroako erreinuak eta, maila apalagoan, Asturiasko Printzerriak gorde zituzten antolakuntza eta lurralde ordezkaritza mota bereziak monarkiaren barruan.Nortasun hori hiru ezaugarri nagusitan laburtzen zen: berezko zuzenbidea, ordezkaritza erakundeak, eta gobernu eta justizia organoak. Berezko zuzenbidea bakoitzari zegozkion foruek osatzen zuten. Lurraldeen pribilegioak eta probintzietako komunitateak antolatzeko moduak biltzen zituzten idazkiak ziren Foruak (Araban eta Gipuzkoan Anaitasun Ordenantzen koadernoak, 1697an Foru bihurtu ziren arte). Baina, kulturaren ikuspegitik foruak idazki hutsak baino gehiago ziren, ohiturak ere baziren, familiaren antolakuntza, herri ondasunen erabilera edo merkataritza bezalako gaietan komunitate haietan erabili izan ziren formak. 1527ko Bizkaiko foru idazkiak, foru idazkien artetik formalenak, hala hasten zituen beti bere kapituluak: “Que habían de fuero, uso y costumbre y establecían por Ley…”. Horrek erakusten du ohituraren eta testu idatziaren, hots legearen, arteko harremana. XVIII. mendeak aurrera egin ahala foru lurraldeek, beren erakundeen bidez, Foruaren interpretazio zabalagoa egin zuten, testuan idatzita zegoen baino zerbait gehiago zirela uste baitzuten.
Foruak eta ordezkaritza sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren nortasun ezaugarri garrantzitsua lurralde ordezkaritzako batzarrak ziren: Nafarroan Gorteak, eta Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan Biltzarrak. Nafarroako Gorteak, Erdi Aroko erreinuetako gainerako batzarren antzera, estamentu mailakoak ziren. Adar edo ganbara bereziak zituzten, aitoren semeentzat, apaizentzat eta hirientzat.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Biltzarrak, antolakuntzari dagokionez bakoitzak bere berezitasunak bazituen ere, oro har ez ziren estamentu mailakoak, lurralde mailakoak baizik; hau da, batzarretan lurraldeetako elkarte askok zuten ordezkaria: elizateek, hiribilduek, lurraldeek edo koadrilek.
Beraz, ez zuen zerikusirik –ez Nafarroako estamentu mailako biltzarrean, ezta beste hiru probintzietako lurralde mailakoetan ere– gaur egun legebiltzarreko ordezkaritza demokratikoaz dagoen ideiarekin, izan ere, biltzarretan ez zuten ordezkaritzarik gizabanakoek, estamentuek edo korporazioek baizik.
Erakundeetan parte hartzeko, beraz, ezinbestekoa zen korporazio horietako kide izatea, eta hori ez zitzaien gertatzen –ezta gutxiagorik ere– lurralde haietako biztanle guztiei; Nafarroako erreinuan jaiotzaz edo izatez hiru estamentuetako batekoak zirenak baizik ez ziren korporazioetako kide, eta Bizkaiko Jaurerrian eta Gipuzkoako probintzian, Valladolideko Kantzilergoaren aurrean probintziakoak zirela frogatzen zutenak, probintzia horretan bizi zirelako, dirua zutelako edo aitoren seme zirelako.
Biltzar horiek edukitzea oso garrantzitsua zen euskal lurraldeentzat, izan ere, monarkiaren gainerako lurraldeetan ez bezala (Asturiasen salbu) izaera politiko berezia hartzen zuten. XVIII. mendearen hasieran Felipe V.ak Aragoiko erakundeetan esku hartu zuenean ere, aragoitarrek ez zuten halako sendotasun politikorik.
Justizia eta gobernu erakunde bereziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nortasun politikoaren hirugarren ezaugarria gobernu eta justizia erakunde bereziak izatea zen. Nafarroako erreinuak, monarkiari lotu ondoren ere, erakunde egitura berezia gorde zuen; Gorteak, diputazioak, erregeordeak eta Nafarroako Errege-Kontseiluak osatzen zuten egitura hori. Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak zeinek bere diputazioa sendotu zuen, eta Bizkaian eta Gipuzkoan gainera, korrejidoreak ezarri zituzten. Araban, bestalde, ez zen inoiz erregeak izendatutako korrejidorerik izan; haren egitekoak Arabako diputatu nagusiak betetzen zituen, tertzioko buruzagi baitzen.
Aro Berrian sortu eta XVIII. mendean sendotu zen erakunde multzoko osagai nabarmenenak diputazioak eta korrejidoreak izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, eta erregeordetza eta Errege Kontseilua Nafarroan. Diputazioak Batzarretatik edo Nafarroako gorteetatik sortutako gobernu erakundeak ziren. Hasieran, biltzarretako ordezkaritzak ziren, biltzarrak biltzen ez ziren garaietarako sortuak. Baina, XVIII. mendearen bigarren erdialdean gero eta autonomia handiagoa eskuratu zuten biltzarrekiko, eta lurraldeetako benetako gobernuaren tankera hartu zuten.
Diputazioez gainera, erregeak izendatzen zituen karguak zeuden, Araban izan ezik: korrejidoreak Bizkaian eta Gipuzkoan, eta erregeordea Nafarroan. Erdi Aroaren amaieran, errege magistratuak edo korrejidoreak izendatu ziren Ahaide Nagusien botere handiari aurre egiteko. Nafarroako erregeordea Nafarroa Gaztela-Aragoiren mende erori izanaren (1512) ondorio logikoa izan zen. Araban ez zen halako erakunderik izan, erakunde horren jurisdikzio eta gobernu eginkizunak diputatu nagusiak berak betetzen baitzituen. Lurralde bateko korrejidorea izendatzen zenean, korrejidorea lurralde horretako erakundeetako kide bihurtzen zen, eta horietara iristen zenean bertako zuzenbidea onartzen zuen zin eginez. Lurralde hauetako gobernu eta justizia agintariek lurralde osoan zuten eskumena, eta lurraldeko jurisdikzioak bateratzen zituen karguak eta magistratuak zituzten; bi ezaugarri horiek bereizten zituzten, hain zuzen ere, lurralde hauek monarkiako gainerako lurraldeetatik.
Ereduen arteko lehia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiar monarkiaren mendeko euskal lurraldeetako nortasun osagai horiek bere horretan iraun zuten monarkia tradizionalaren krisia arte. Eta krisi horren ondoren ere ez ziren erabat desagertu, berritu baizik, Espainiako Estatu liberalean lekua eduki ahal izateko. Lurralde hauek monarkiaren parte izateak, eta erregea bera eta bere magistratu eta ofizialak lurralde horietako ordenamenduei lotuta egoteak, ez zuen esan nahi, ordea, harreman horretan eragin ez zuenik eremu horiek menderatzeko auziak. Kontuan hartuta Antzinako Erregimeneko Europan erakunde unibertsoa mugatu gabe zegoela, jurisdikzioen eta hainbat motatako eta ingurutako –herriak, lurraldeak, eliza, zergak, militarrak, etab.– agintarien arteko lehia etengabea zen. Euskal Herrian, lurraldearen jurisdikzioa eskuratzeko lehia nabarmendu egin zen Koroak eta gorteak monarkiaren gobernu egitura berritu ahala.
1713ko Utrechteko Itunaz geroztik, Hego Euskal Herriko arrantzaleek galdu egin zuten Ipar Atlantiko mendebaldean arrantza egiteko aspaldiko eskubidea eta ohitura, euskal kostaldea egoera gaiztoan utziz. Bestalde, Gaztelako Koroak ez zuen diru sarrerarik eskuratzen euskal kostalde-lurraldeetan egindako transakzioengatik. Borboi dinastia berriaren asmo zentralizatzailean kokatuta, 1717an, Filipe V.ak aduanak kostaldera eramateko Errege Agindua eman zuen. Hari 1718ko matxinadak jarraitu zion eta, handik gutxira, 1727ko Hitzarmena heldu zen, hurrengo urteko Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren ataria. Artean, euskal lurraldeek Ebroko aduanei eutsi zieten, Gaztelako (Espainiako) Koroaren asmo merkantilista gauzatzeko erreforma batzuk aplikatu ondoren
Karlos III.aren erreinaldiaz gero (1759an hasia), eta batez ere, 1765 ingurutik aurrera, ordu arte beste erakundeen esku (Eliza, udalak edo noblezia) egon zen boterea menderatzea izan zen monarkiaren helburu nagusia. Gorteak (garai hartan “ministerio” esaten hasia) proiektu bat landu zuen zenbait alorretan zuzenean esku hartzeko, hala nola, herri haziendan, merkataritzaren kontrolean eta zabaltzean, Elizaren edo aitoren semeen ondasun handietan; proiektu horretan biltzen diren berrikuntzei “ilustratuak” esaten diete historialariek. Berrikuntza horiek guztiak ondo zuzenduko zituen administrazio bat sortzea ere agertzen zen egitasmo hartan.
Euskal lurraldeetan erakunde antolakuntza sendoa zuten, eta horri eskerrak, eraginkorrago egin zieten aurre gorteak bultzatu zituen berrikuntzei. Euskal lurraldeetan, bertako erakundeen eta agintarien esku gelditu ziren berrikuntzen ondorioz sortutako botere eremu berriak; bertako gobernuan, udal haziendan eta herri ondasunen inguruan, merkataritzaren arautzean eta gobernuaren beste alorretan sortu zituzten eremu horiek. Espainiar erregeen despotismoaren eraginez euskal lurraldeen gobernu era, beraz, ez zen ahuldu. Aitzitik, 1760tik XIX. mende hasiera arteko aldiak oso bestelako ondorioak erakusten ditu: erakundeen sendotzea, lurraldeetako mugak sendotzea, eta euskal lurraldeen eremuen jurisdikzioa indartzea. Gorteak, bestalde, berrikuntza horien bidez lurralde horiek gehiago kontrolatu eta hobeto gobernatuko zituelako ustea zuen.
Mende bukaeran diputazioek gogorarazten zuten bezala, probintzietako konstituzioa sendotu egin zen. Ez euskal konstituzioa, lurralde bakoitzeko konstituzio bat baizik. Dena dela, garai hartan konstituzioak ez zuen gaur egun duen esanahia, hau da, ez zen eskubideak adierazten eta botereak banatzen eta mugatzen dituen idazki formala; lurralde bakoitzaren botereen eta jurisdikzioen egitura berezia adierazteko erabiltzen zen konstituzio hitza, denboraren joanak egitura hori nola zehaztu zuen adierazteko alegia.
Iraultzarekiko lehenengo harremanak eta euskal probintzietako konstituzioari buruzko eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1793-1808 urteen bitartean, monarkia tradizionalaren bukaeran, euskal lurraldeetan garapen prozesu garrantzitsuak hasi ziren. Prozesu horiek bi izan ziren: batetik, Konbentzio gerran iraultzarekin izan zen lehen harremana, eta bestetik, XIX. mende hasieratik izan zen eztabaida konstituzio probintzial esaten zitzaion gobernu eraren esanahiaz eta eraginkortasunaz.
Konbentzioaren gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1793ko martxoan Frantziako errepublikaren eta Espainiako monarkiaren arteko gerra sortu zen. Urte hartako urtarrilean, Luis XVI.a –Frantziako Borbon etxeko erregea– hil zuten Biltzar Nazionalaren aurrean epaiketa nahasi bat izan ondoren. Gerra hura ez zen izan Espainiaren eta Frantziaren artean ordura arte izandako gerrak bezalakoa, bi ikusmolde elkarren erabat kontrako jarri baitziren aurrez aurre. Probintzia Baskongadoek eta Nafarroako erreinuak, Frantziarekin mugan zeudenez gero –Pirinioetako mugan dauden gainerako lurraldeek bezala–, hurbilagotik bizi izan zuten gerra, eta harreman handiagoa izan zuten iraultzaile frantsesekin.
Euskal probintzietan foru errejimen tradizionalaren arabera antolatu zen gerra. Euskal diputazioek zeinek bere “naturales armados” taldeak osatu zituzten, eta beren komandanteak izendatu. Koroak buruzagi militarrak bidali zituen herrialde hauetara, susmoa baitzegoen liskarrak hasi zirenetik lurralde hauek inbadituko zituztela, eta diputazioetako komandanteak haiekin jarri behar zuten harremanetan. Probintzietako gobernu erakundeei gerra finantzatzeko zor handiak egiteko baimena eta erraztasunak eman zitzaizkien; horrez gainera, udalek, merkataritza kontsulatuek edo monarkiako beste lurraldeetako bizkaitar eta gipuzkoar koloniek, Andaluziakoak eta Ameriketakoak batez ere, diru laguntzak eman zituzten.
Uste osoa zegoen beharrezkoa zela espainiar monarkia frantses errepublikazaleetatik babestea, haiek beren erregea hil eta gobernu sistema tradizionala arras azpikoz goratu baitzuten.
Euskal diputazioek eta agintariek, monarkia katolikoaren eta kultura politiko tradizionalaren barruan zeudenez gero, eutsi egin behar zioten monarkiari kontra egin eta kultura tradizionalari arrotza zitzaion gobernu sistema armen bidez zabaltzen zuen gudarosteari. Errepublikazale frantsesek hizkuntza politikoa eta konstituzioaren ikusmolde erabat bestelakoak zituztela argi ikusi zen euskal lurraldeak mendean izan zituzten denboran. Dena dela, denbora bitarte hura laburra izan zen, eta ez zen nahikoa izan probintzietako gobernu sisteman berrikuntza sakonak eragiteko. Hala ere, errepublikar frantsesen lehen neurriek probintzietako bizimodu tradizionala aldarazten edo talde elizkizunak debekatzen zituzten, eta neurri horiek erakusten zuten probintzietako antolamendu tradizionalaren eta Iraultzaren hitz egiteko modu eta ikusmolde politikoen artean ez zela adostasunik.
Donostiak borrokarik gabe men egin zien tropa frantses iraultzaileei. Ordurako Hondarribia, Irun, Pasaia eta Errenteria frantsesen eskuetara eroriak ziren. Hala ere, kapitulazio horietan espainiar monarkiari[erreferentzia behar] eta herriko foruei eta probintziako foruei leialtasuna gordetzen zitzaien. Getaria Gipuzkoan, dei bat egin zen Etxabe, Berroeta eta Leizaurren babesean Probintziako Batzar Nagusiak elkartzeko. Hala egin zen; bertan, Gipuzkoaren burujabetza berretsi zuten, eta frantses iraultzaileekin kolaboratzeko prest agertu ziren. Frantses iraultzaileekin harremanetan jarri ziren Gipuzkoa Frantziaren babespean jar zedin (1794ko abuztua). Aldiz, mandatari iraultzaileek errefusatu egin zituzten batzarkideen baldintzak, eta okupatutako lurraldetzat jo zuten Gipuzkoa. Luze gabe, Arrasaten Gerrako Diputazioa eratu zen, Gipuzkoa hegoaldeko beste herri batzuek eratutako batzarra, frantsesei aurre egingo ziena.
Europako hainbat lurraldeetan, Belgikan esaterako, gertatuak ziren ordurako halakoxeak. Izatez, gutxik zuten nahi hori, eta lehenago ere adierazia zuten ez zetozela bat beren merkataritza interesak mugatzen zituen foru sistema harekin. Ez zen beste halakorik izan euskal lurraldeetan; aitzitik, probintziako eta herrietako agintariek argi utzi zuten beti monarkiari zioten leialtasun hautsi ezina.[erreferentzia behar] Herri esaten zaionak ere, garai hartan ere hala esaten zitzaion (hau da, nekazariak eta hirietako gizarteko maila apalak), kontra egin zion gudaroste iraultzaileari, komandante eta agintari politiko frantsesek (Chaudron-Rosseau) gizarte hartako nortasun ezaugarri oinarrizkoetako batzuk hutsaldu nahi izan baitzituzten, erlijiozko gurtzak, adibidez.
Jakobinoen Elkartearen kontrako gerra oso gaizki zuzendu zuen Borboien gorteak. Manuel Godoy, Karlos IV.aren eta –batez ere– bere emazte Maria Luisa Parmakoaren begiko eta guztietarako ministroa, gerra hartan tematu zen beste ministro batzuen iritziaren kontra; Arandako kondea, esaterako, 1792an kargutik kendu zutena, Godoyren ideiaren kontrakoa zen erabat. Basileako hirian (Suitzan) 1796ko uztailaren 22an izenpetu zen bakearekin (erregearen ministro gehienari Bakearen Printze titulua lortzeko balio izan ziona) amaitu zen galera ekonomiko handiak eta hildako asko eragin eta ageriko emaitzarik izan ez zuen gerra hura.
Euskal lurraldeetan eta Nafarroan zor handiak sortu ziren probintziako errenten –tabako eta bide errentak– eta herrikoetakoen gainean, eta zorra ordaintzeko herri ondasunak saldu behar izan zituzten.
Baina Godoyk gobernu egituretan esku hartzeko erabili zituen gerra bera eta gerraren emaitza txarrak. Borrokan parte hartzeko zoritxarreko urratsaren eta Basileako bake ahularen erantzukizuna, norbaitek edukitzekotan, Godoyk zuen; erregearen ministro gehienak Kontseiluko ministro bat bidali zuen 1796an, Mariño hain zuzen, konstituzio probintzialaren alderdiren bat aldatzeko aukera aztertzera. Horren inguruan ez bazen ere ezer erabaki, Godoy ekinaldi bat ari zen prestatzen gai horren inguruan eta Juan Antonio Llorenteren lana finantzatzen ari zen. Juan Antonio Llorente 1797az gero konstituzio probintziala esaten zitzaionaren oinarri historikoak eta dokumentuak ikertzen ari zen; Bizkaiko eta Gipuzkoako foru idazkiak eta Arabako ermandadeetan bildutakoen ordenantzak baino gehiago zen konstituzio hura.
Barne antolaketari buruzko eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, euskal lurraldeen barruko antolakuntza berri bati buruzko eztabaida hasi zen; Nafarroari maila apalagoan eragin zion eztabaida horrek. Hainbat alderditan eta hainbat asmorekin probintzietako gobernu errejimenaren oinarriak aztertzen hasi ziren garai hartan. XIX. mende hasieran Historiaren Errege Akademiak Diccionario geográfico-histórico lanaren proiektua egin zuen; proiektu haren lehen alea 1802an kaleratu zen; Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko lurraldeak aztertzen ziren ale hartan; ez zen halabeharren ondorio hutsa gauzak hala gertatzea. Garai hartan izen handia zuten egileek (Francisco Martínez Marina, Vicente Arnoa, Joaquín Abella) hartu zuten parte, eta monarkiaren barruan zeuden lurralde haien antolamendu bereziaren oinarriei buruzko kritika historiografiko sakona egin zuten. 1806-1808 bitartean, asmo zientifiko gutxiagorekin, Juan Antonio Llorentek hainbat lan argitaratu zituen Noticias históricas de las tres provincias vascongadas izenburuaz.
Lan hori osatzen zuten bost aleetan, goitik behera desegiten ziren ordu arte probintziek bakoitzak bere diputazioaren bidez probintziaren kontrola eta nagusitasuna finkatu eta sendotzeko erabili zituzten argudio guztiak: lurraldeen eraketa historiko autonomoa, bakoitzaren ordenamendua berez sortua izatea, gaztelar koroaren barruan borondatez eta hitzarmen bidez sartzea, monarkiaren barruan egondako mendeetan haren konstituzioa gorde izana. Llorenteren lanak berehala izan zuen erantzuna. 1807an, dokumentu bilaketa lan handia egin ondoren, Francisco de Aranguren y Sobradok, Bizkaiko diputazioaren aholkulariak –1780 ondoko hamarraldiaz gero Jaurerriko erakundeetako bizitza politikoan garrantzi handiko pertsonaia zenak–, Demostración del sentido verdadero de las autoridades de que se vale el doctor D. Juan Antonio Llorente lana argitaratu zuen. Lan horren bigarren alea ere idatzi zuen baina ez zen argitaratu.
Euskal probintzien antolamendua, edo antolamendu horren oinarri historikoak, kritikatzen zituzten saio haiei erantzun beharra ez zen ustekabean sortu. 1802an Arabako Biltzarrek ohartarazi zuten behar hartaz, izan ere, kritika haiek kalte handia egin ziezaioketen beren konstituzioari. Bestalde, kontuan hartu behar da eztabaida hura hiru lurraldeetan gertatu ziren krisi sail baten testuinguruan sortu zela. Araban eta Bizkaian Kantabriako Errenta Ordezkariorde zen Juan Módenezen kontrako matxinada gogorrak (1803) eta Bizkaiko Zamakolada matxinada (1804) krisi haien ondorio izan ziren guztiak. Bi altxamendu horiek, bestalde, gizarte tradizionaletako matxinaden itxura izan zuten, 1760 ondoko hamarraldian Gipuzkoan izan zirenen antzera. Oraingo hauek bestelako esanahia zuten ordea, izan ere, probintzia bereko ikusmolde eta interesak aurrez aurre jarri ziren, batez ere Bizkaiko Zamakolada matxinadan, merkataritza kontrolatzearren. Bizkaiko diputazioak, monarkiaren diru-laguntzaz, Abandon, hau da, Bilboren jurisdikziotik kanpo (garai hartan Abando ez zegoen Bilbo barruan, elizate independentea zen) merkataritza portu berri bat eraikitzeko saioak biztuarazi zuen zamakolada; diru-laguntzaren ordainetan, bizkaitarrek Koroari zerbitzu militar arautua eta iraunkorra egin behar zioten.
Matxinada horien ondorena, eta Juan Alfonso Durán korrejidorea Gipuzkoara iritsi zen unea, euskal probintzietako antolamenduaren garai latzenak izan ziren. Araban ezarri zen arau berri baten arabera, diputatua Errege Haziendarekin eta bere interesekin lotura zuten kasu guztietatik baztertzen zuen, eta Bizkaian bertako Forua eta pribilegioak Kontseiluaren aurrean aurkezteko agindu zen Foruaren antolamendu guztia aztertu ahal izateko. Aldi berean, Gipuzkoan, Juan Alfonso Durán korrejidoreak erregeari azaldu zion beharrezkoa zela aztertzea antolamendu berri bat, lurjabez eta errenta hartzailez osatutako oligarkia bati probintzia erabat kontrolatzeko aukera emango ziona.
Napoleonen inbasioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ia Europa osoa Napoleonen inbasioekin erabat nahasirik zegoela, oso nabarmena zen Espainiako monarkiaren krisia (1807), eta krisi horrek zerikusia izan zuen neurri horiek baliogabetu izanarekin. Karlos IV.aren gorteak, azkenik, onartu zuen euskal lurraldeak hobeto kontrolatu zitezkeela bertako agintarien bidez, probintzia eta herri antolamenduan berrikuntza sakonak eginez baino. Garai hartan monarkia ez zegoen sakontasun handiko eragiketak egiteko, eta hori hala zela 1808an ikusi ahal izan zen lehen aldiz. Urte horretako martxoan izan zen Aranjuezko matxinadaren ondorioz, Godoyk behin-betiko beheraldia izan zuen, eta Karlos IV.ak bere seme Fernando VII.ari utzi zion erregetza. Fernando VII.ak Kontseiluari agindu zion Bizkaira bere Foruaren baieztapena bidaltzeko.
Napoleonen osteak 1807. urte amaieran Espainiako erresuman sartu zirenean, Espainiako eta Euskal Herriko historian aldi zaila hasi zen. Euskal probintzietan, erakunde politiko historiko sendoen bidez aurre egin zitzaion garai gogor hari; izan ere, erakunde haiek gauza izan ziren XVIII. mendearen bukaeran sendotzeko eta XIX. mendearen hasieran eztabaida gogorrari eusteko.
Monarkia tradizionalak, zalantzarik gabe, ez zuen konstituzio probintzialaren ordekorik.
Espainiako konstituzioa eta probintzietako konstituzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Napoleonen planak euskal lurraldeentzat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1808an Espainian hasi zen garaian bi prozesu garrantzitsu gertatu ziren. Batetik, atzerritar gudarostearen esku hartzea; hau da, Napoleonen esku hartzea Europarako zuen proiektu inperialaren barruan. Esku hartze horren ondorioz Napoleonek Espainiako Koroa bereganatu eta bere dinastiako errege berria jarri zuen, Jose I.a hain zuzen.
Napoleonen inbasioa Jose I.ak aurkeztutako konstituzioak biribildu zuen. Konstituzio hori, aurretik egina, erregeak berak izendatutako biltzar baten aurrean aurkeztu zuen Baionan 1808ko udan. Garrantzizko bigarren prozesua esku hartze militarraren eta Napoleonen konstituzioaren aurrean sortutako erresistentzia izan zen. 1810. urtetik aurrera, erresistentzia hori prozesu iraultzaile bihurtu zen, eta 1812ko martxoan Cadizko Isla de Leónen lehen espainiar konstituzioa osatu zen.
Euskal lurraldeek harreman handiagoa izan zuten Napoleonen erregimenarekin, 1812ko konstituzioarekin baino; Espainiako monarkiaren konstituzio politikoarekin 1820-1823 bitartean izan zuten batez ere harremana. Euskal Herriak garrantzi estrategiko handia izan zuen Napoleonen inbasioaren hasieran eta gerra garaian. Madril eta Frantziaren arteko harremana Gasteizen bitartez egiten zen; harreman hori, bestalde, oinarrizkoa zen enperadorearen eta bere anaia Joseren interesentzat. Gerraren lehen urteetan Bessières jeneralaren eginkizuna Madril-Gasteiz-Baiona bidea mantentzea izan zen, Gasteiztik Iberiako penintsularen iparraldea kontrolatzen baitzen Coruñaraino, eta Ebroko bidea Zaragozaraino (Napoleonen gudarostearen beste gune garrantzitsua Katalunian zegoen).
Napoleonen asmo militarretarako Euskal Herriak garrantzi handia zuen, horregatik enperadoreak erabaki zuen lurralde horiek –baita Santander ere– bere anaia Jose I.aren mendetik kentzea (1810eko otsailaren 8an). Garai hartako enperadorearen zenbait dekreturen arabera, Araba, Gipuzkoa, Santander eta Bizkaiak laugarren gobernu militarra osatuko zuten, eta Nafarroak hirugarren gobernua. Bi gobernu horiek Thouvenot eta Dufour (ondoren Reille) jeneralek zuzendu zituzten, hurrenez hurren. Gobernu militarrak osatzearen ondorioz, dekretuetan biltzen ziren lurraldeak Baionan onartu zen konstituziotik kanpo gelditu ziren. Gudarostea hornitu eta gune militarrak zaindu behar ziren lehenbizi, eta horretarako, piramide egiturako gobernua ezarri zen: gobernu Kontseilu bat, Probintzietako hiru Kontseilu eta herrietan Udal Kontseiluak.
Gobernu horrek berarekin ekarri zuen erabaki militarren bidez herrietako eta hirietako herri ondasunetan esku hartzea, antolamendu eta gobernu erak aldatzea, eta edozein erresistentzia mota kontrolatu ahal izatea. Guztiak proiektu militarraren inguruan behar zuen. Proiektu horretarako, bestalde, gero eta diru gehiago behar zen (Araban, esaterako, 1808-1813 bitartean 5 milioi erreal gastatzetik 130 milioira iritsi ziren).
Horrez gainera, Napoleonek garrantzi handia ematen zion prentsaren kontrolari, hura baitzen bere ustez propaganda bide egokiena. Gazeta de Navarra eta Gazeta de Oficio del Gobierno de Vizcaya egunkarietan, esaterako, Europako eta Espainiako ekintza militarren berri emateaz gainera, gobernuaren aginduak jakinarazten ziren.
Baionako batzarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Napoleonek, 1808. urteko udan, Espainiako koroa bere anaia Joseri emateko erabakia berresteko batzarra bildu zuen Baionan, eta batzarrera euskal probintziak eta Nafarroako erreinua ere deitu zituen. Gertaera horrek erakusten du lurralde horien nortasun politiko-juridikoa kontuan hartzen zela, lurralde bakoitzak bere ordezkaria edukitzeko aukera izan baitzuen: Nafarroako erreinutik Miguel Escudero eta Luis Antonio Gaintza, Bizkaiko jaurerritik Juan José Maria Jandiola, Arabako probintziatik Montehermosoko markesa eta Gipuzkoako probintziatik José María Lardizabal. Batzar hura gizarte ordena guztien ordezkaritza bezala hartu zenez gero, parte hartu zuten, besteak beste: Joaquín Javier Uriz Orreagako Kolegiatako prioreak (Veremundo Arias Iruñeko apezpikuaren ordez), Nafarroako zenbait aitoren semek eta aurreko monarkiaren gobernuko erakunde nagusietan egondako zenbait kidek (Mariano Luis Urkixo bilbotarra, batzarreko idazkari izan zena, eta Miguel José Azantza nafarra, lehendakari izan zena).
Talde horrek eragin handia izan zuen batzarrean idatzi zen testuan, batez ere 144. artikulua sartzeko garaian. Artikulu horren arabera ondorengo batzar baterako uzten zen lau lurraldeetako foruen inguruko erabakia; erabaki hori, dena dela, ez zen behin ere hartu, ez baitziren Jose I.aren Gorteak bildu. Artikulu hark, bestalde, ez zuen garrantzi handirik izan; izan ere, arestian aipatu bezala, 1810ean enperadoreak gobernu erabat militarrak ezarri zituen lurralde haietan.
Iberiar penintsulako gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Independentziako gerrak iraun zuen bitartean (1808-1813), euskal lurraldeetan ideia liberalak nagusitu ziren. Ideia haiek Cadizen 1810-1812 urteen bitartean eztabaidatu eta onartu zen konstituzio proiektuaren hurbilekoak ziren. Bilboko El Bascongado edo El Correo de Vitoria egunkariak sentimendu liberal horien hedabide izan ziren. 1812ko konstituzioaren testuak errotiko aldaketak eragin zituen Espainiako monarkian. Lehenbizi, erregearen aginpidea nazioaren eskuetara aldatzen zen: “Aginpidea funtsean Nazioaren esku dago, eta horrexegatik Nazioari dagokio, beste inori gabe, funtsezko legeak ezartzeko eskubidea”, zioen hirugarren artikuluan. Hastapen horren arabera, nazioak, estamentala ez zen batzarrean ordezkatuta –Gorteetan alegia–, bere gobernu erak definitzeko eskubidea eta eginkizuna zuen, hau da, zein botere existitu behar ziren eta horien ahalmena ezarri behar zuen. Bestalde, nazioak lurraldearen egitura berria eman zezakeen, eta egoki iruditzen zitzaizkion lege berrikuntzak egin zitzakeen.
Hori guztia konstituzio haren proiektuaren barruan zegoen. Konstituzioaren 11. artikuluak Gorteei baimena ematen zien lurraldearen banakuntza berri bat egiteko; VI. tituluak probintzietako eta herrietako gobernu era berri baten oinarriak aipatzen zituen, eta 258. artikuluak zioen monarkia osoan ezin zela inolako pribilegiorik izan.
Errotiko berrikuntzak ziren horiek denak; aginpidea nazioari emateko ideia zuten oinarrian. Bide horretatik Gorteek jaunen pribilegioen kontrako legeak eman zituzten (1811ko abuztuaren 6ko dekretua), eta elizak kontzientzia mailan zituen pribilegioen kontrakoak (Inkisizioaren ezeztatzea 1813ko otsailaren 22an).
Sistema horrek lurraldeei ematen zien trataera aztertuko da atal honetan. Erresumako lurraldeak aipatzen zituen 10. artikulua eztabaidatu zenean, lurralde horien nolakotasunaren aipamenik ez egitea erabaki zen (edo erreinuak ziren, edo jaurerriak, edo probintziak), ez baitzen uste horrek garrantzia zuenik. Artikulu horretan bakarrik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari ematen zaie trataera berezia: “Provincias Vascongadas”. Testu berean, lurraldearen antolamendua zehazterakoan, probintziak aipatzen dira. Lehen aldiz monarkian, lurralde osoan gobernu erakunde probintzialak sortu ziren: herritarrek hautatutako diputazioak, hain zuzen. Probintziako zergak, merkataritza, hiri lanak, hezkuntza, eta abarren administrazioa kudeatzeko ahalmena zuten diputazio horiek. Euskal lurraldeetan ezaguna zen antolamendu mota hura, haietan lehenagotik baitzeuden probintziako gobernu eta biltzarrak.
Horrek guztiak Napoleonek Espainian zuen boterea ahuldu ahala geroz eta garrantzi handiagoa hartu zuen. Arestian aipatu da euskal lurraldeak estrategiari dagokionez oso garrantzitsuak izan zirela enperadoreak Iberiako penintsularako zeuzkan plan militarren barruan. Enperadorearen hondamena ere, Gasteizko guduan gertatu zen. 1813ko ekainaren 21ean, Gasteiz inguruan, Wellingtonek (Napoleonen kontrako gudarosteko komandanteak) erabaki zuen frantses gudarosteari erasotzea.
Egun hartan, gudarostea Logroñotik Gasteiza zihoan bere oinarrizko base militarra babestera. Miguel Ricardo Alaba jenerala Gasteizen sartu zenean, eta Jose I.ak alde egin zuenean bukatu zen Napoleonek Espainian egin zuen aldia.
Cadizko Gorteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin hori gertatuta, Cadizko Gorteek osatu zuten eredu politikoa aztertzen has zitekeen. Euskal probintzien ustetan, Konstituzio haren edukia probintziek ordu arte izan zutenaren oso antzekoa zen. Horregatik, onartu zuten Bizkaiko Biltzarrek (1812ko urria) eta Gipuzkoakoek (1813ko uztaila) konstituzio hura, eta nabarmendu zuten testu haren eta probintzietako “jatorrizko eta berezko Konstituzioaren” arteko “uniformetasuna” eta “antzekotasuna”. Arabako probintziak 1812ko urriko Batzar nagusian zin egin zuen Konstituzioa; 1813ko urrian onartu zuten Iruñeko Udalak eta Nafarroako erreinuko diputazioak. Gorteek Konstituzioa zin egitera behartu zituzten agintari zibil, militar eta elizako guztiak, eta baita probintzietako Biltzarrak eta Nafarroako erreinuko diputazioa ere.
Konstituzioaren lehen aldia 1814ko udaberrian amaitu zen, bat-batean; iraun zuen denbora bitartea laburregia izan zen, beraz, euskal lurraldeek errejimen berriaren ondorioak ezagutzeko. Fernando VII.a Espainiara itzuli eta berehala, konspirazio bat izan zen konstituzio erregimenaren kontra, erregeak berak babestua. Ez zen bakarrik 1812an sortutako sistema liberalaren amaiera izan, baita liberal guztiena ere, era batera edo bestera sistema liberalaren alde egin zutenena alegia. Konstituzioaren alde gehien nabarmendu zirenek, Gasteizen Pablo de Jericak esaterako, konstituzioa zabaldu eta erakunde berrietan parte hartu zutenek, espetxea, atzerriratzea eta erbestea jasan zituzten 1814az gero. Zapalkuntza horretan probintzietako agintariek –foru diputazioek– parte hartu zuten. Agintari horiek monarkia berrezartzearekin batera, 1808ko krisiaren aurretik ari ziren bezala hasi ziren lanean.
Foru Gobernura itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal erakunde tradizionalek, lehengo egoerara itzuli zirenean, arestian izan zuten egitura bera hartu zuten berriz ere.
Berehala sartu ziren erakunde horietan konstituzio erregimena gehien gorrotatzen zutenak, eta erregearen eskuko errejimenaren falta nabaritzen zutenak. Euskal probintziak ere berehala joan ziren erregearengana beren foruak berrets zitzan. Berrestea 1814ko irailean egin zen; lehen aldia zen Bizkaiko jaurerriarentzat eta Gipuzkoako eta Arabako probintzientzat berreste hori batera egiten zena: “ontzat harturik –zioen erregeak– baieztatzen, berresten eta onartzen ditut aipatutako hiru probintzietako Foruak, usadio zintzoak, ohiturak, pribilegioak, eskubideak eta askatasunak…” Foruaren berreste honek aditzera ematen zuen monarkiak ulertzen zuela forua zenbateraino zen baliagarri eta komenigarri lurraldeen barne errejimenerako, eta batez ere, adierazten zuen monarkiak konfiantza osoa zuela bertako agintariengan ordena zaindu eta Fernando VII.aren monarkiaren kontrako higikundeak galarazteko.
Bestalde, ez zegoen oso argi nola funtzionatu behar zuen probintzietako erregimenak eta nolakoak behar zuten izan probintziaren eta monarkiaren arteko harremanek, zerga bilketari zegokionez batez ere; hura zen, hain zuzen, kezka gehien eragiten zuen gaia. 1814-1820 bitartean Gorteak ahalegin handiak egin zituen zerga salbuespena zuten lurraldeen –hala esan ohi zitzaien– eta Koroaren arteko zerga harremanak zehazteko. Batzorde bat izendatu zen gai horren inguruko azterketa zehatza egiteko, baina 1819. urtea arte ez zen azterketaren emaitzarik jaso. Informe de la Junta Reformadora de Abusos de la Real Hacienda de las Provincias Vascongadas esan zitzaion azterketa hari; bertan, euskal lurraldeen zerga salbuespenerako oinarriak zehazten ziren –XIX. mendearen hasieran Juan Antonio Llorenteren azalpenak kontuan hartuta–, probintzia bakoitzeko konstituzioa ere aztertzen zen, eta erregeari iradokizunak egiten zitzaizkion egoera hori aldatzeko monarkiarentzat komenigarrien zen moduan.
1820. urteaz geroko aldakuntza politikoa zela eta, txosten horrek ez zuen ondoriorik izan; hala ere, probintzietan txosten horren ondorioei aurre egiteko erantzuna prestatzen hasiak ziren. Francisco Aranguren Sobradok Juan Antonio Llorenterekin konstituzio probintzialaren izaeraz izan zuen eztabaidan erabili zituen argumentuetan oinarritzen zen erantzun hura, alegia monarkiatik eta bere zuzenbidetik at eratu zen lurralde antolakuntza zela. Horren bidez ez zen indartu konstituzioari buruzko hizkuntza liberala; diputazioetako agintariak ohartu ziren argumentu hura zela behar zuten indarra probintziako gobernu egiturei eusteko, izan ere, egitura haien bidez errazago kontrolatzen zituzten gobernuaren oinarri ziren erakundeak: udalak, biltzarrak eta diputazioak. Helburua ez zen Errege Haziendaren zabalpen asmoak mugatzea, zerga harreman hori probintziek borondatez egiten zuten ordainketa gisa definitzea baizik. Soldaduskaren kasua argi egingarri izan daiteke: 1815eko deialdi orokorrean probintziak sartu ondoren, probintziek Gortearekin negoziatu zuten zerbitzura gizonak bidali beharrean dirua ematea. Horren arabera monarkiari ordaindu egin behar zitzaion, baina horren bidez foru lurraldeek erregimen berezia eta monarkiarekin harreman berezia zutelako hastapenari eusten zioten. Harreman berezi hori, bestalde, euskal erakundeetako agintariei komeni zitzaien batez ere beren nagusitasuna sendotzeko.
1820. urte hasieratik 1823ko udaberrira bitartean gertatu zen 1812ko erregimen konstituzionalaren bigarren aldia. 1820ko urtarrilean Riego jeneralak Cabezas de San Juanen zuzendu zuen matxinadaren ondorioz, Fernando VII.ak berriz ezarri behar izan zuen Cadizko Konstituzioa. “Joan gaitezen guztiok, eta ni lehena, konstituzioaren bidetik…” esaldiarekin hasi zuen erregeak aldi hau. Dena dela, ez zuen gogo handirik bide horretatik aurrera egiteko.
San Luisen ehun mila semeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahal izan zuen guztietan Gorteen lana oztopatu zuen, eta azkenik, 1823ko apirilean frantsesen inbasioa onartu zuen, Aliantza Santuaren izenean, Cadizko konstituzioaren erregimena ezabatzeko.
Euskal liberalek, Espainiako gainerakoek bezala, askatasuna lortu zuten edo erbestetik itzuli ziren. Garai egokia izan zen liberalen ohiko elkarteentzat, tertulientzat alegia. Horietako bat, La Balandra izenekoa, Donostian biltzen zen Jose Maria Labaien buru zuela. Tertulia haietan prentsa liberala irakurtzen zen –El Liberal Guipuzcoano esaterako, bertan Legarda, Etxague eta Collado donostiar liberalek idazten zuten besteak beste–, eta konstituzioan egin behar ziren erreformak eztabaidatzen ziren.
Tertulia haietako zenbait kidek gainera, konstituzioa betetzen zela zaintzeko egitekoa hartu zuten beren gain.
Espainiako konstituzio ezberdinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konstituzioak lehenengo aldian baino gehiago iraun zuen, baina hala ere, ez zen 1813koa bezain ondo hartu. Araban eta Nafarroan arazorik gabe zin egin zen Konstituzioa; Nafarroan, berriz, behar zena baino lehenago. Baina, Bizkaiko Biltzarrak zin egitean adierazi zuen Espainiar monarkiaren konstituzio politikoa eta Bizkaiko konstituzio probintziala ezin zirela adostu 1812an pentsatu bezala, eta Biltzarrak hainbat berrikuntza egin beharko zituela. Gipuzkoako Biltzarra zehatzagoa izan zen 1820ko martxoan Azkoitian: “konstituzio erregimena berriz ezartzea, Gipuzkoako foru sistemaren erabat kontrakoa da”. 1812an aipatutako “uniformetasuna”, bi errejimenen arteko kontrakotasun bihurtu zen (espainiar konstituzionala eta probintziala). Hiru Urteko Konstituzio Aldi horretan gero eta nabarmenagoa izan zen kontrakotasun hori.
Espainiako konstituzio politikoaren eta euskal errejimen probintzialaren arteko adostasun ezak ez zuen esan nahi elkar ukatzen zutenik. Biltzarretako eta euskal diputazioetako kideen asmoa ez zen espainiar monarkiaren kontrako agertzea, ezta gutxiagorik ere: “Bizkaitarrek estimu handitan daukate espainiar familiaren barruan egotea”, esaten zen Bizkaiko Biltzarrean. Bi antolaketa modu horien elkar ukatze prozesua azaltzeko, 1808-1820 bitarteko aldian izan zuten bilakaera behar da aztertu lehenik.
Alde batetik, diskurtso liberala gero eta nabarmenago espainiar monarkia eta merkataritza legeak eta erakundeak batzearen aldekoa zen. Bestalde, euskal probintzietako barne erregimenak erregimen administratibo probintzial gisa definitzeko prozesua hasi zuen; prozesu hori 1823-1833 bitarteko Fernando VII.aren gobernuaren garaian amaitu zen.
Herri erakunde berriek –udal konstituzionalek– eta probintzietakoek –1812ko konstituzioaren araberako diputazio probintzialek–, epaile berriek, zerga errejimen berriak eta zerbitzu militarrak erabat desegin zuten euskal probintzietako errejimena.
Udalak eta diputazioak 1812ko konstituzioaren arabera antolatu ziren eta ez foru sistema tradizionalaren arabera. Antolamendu berriak herrietako agintari taldeak aldatu bazituen ere, talde horiek probintzia mailan zuten ahalmenari zegokionez, eragina ez zen horrenbesterakoa izan. Foru diputazioak kontrolatzen zituzten agintari berberek, konstituzio errejimenaren garaian ere agintean jarraitu zuten. Nafarroan, buruzagi politikoaren kargua –ez baitzen hautetsia, erregeak izendatua baizik–, esaterako, Pedro Clemente Liguések, Erreinuko diputatu ohiak, hartu zuen.
Aldaketak, beraz, erakunde berrien izaerari zegozkion batez ere; hala, euskal lurraldeak monarkiako gainerako probintzien pareko ziren. Liberalismoak Espainiako nazio eremua eratu nahi zuela adierazten zuen horren bidez. Konstituzio bakarra osatu nahi zuela, alegia. Proiektu espainiar hori eta foru erregimenaren oinarri zen beste euskal proiektua kontrajartzea –historiografia foruzaleak lehenbizi eta nazionalistak ondoren egin zuten bezala– okerra da.
Konstituzioaren interpretazio liberala euskalduna ere bazen, izan ere, konstituzio hura euskal lurraldeetara aurrerapena ekarriko zuen aukera gisa ikusten zuten euskal liberalek ere parte hartu baitzuten hartan.
Zerga berdintasuna, jabegoaren segurtasuna, inprimatzeko askatasuna, ordezkaritza erakundeak izatea eta botereen banaketa, ziren konstituzioak biltzen zituen balioetako batzuk. Euskal liberalek nahiago zituzten balio horiek antolamendu tradizionalak baino, azken horiek zaharkituak eta pribilegioetan oinarritutako korporazio munduari lotuak iruditzen baitzitzaizkien.
Konstituzioaren lehen aldian ez bezala, bigarren aldi honetan ahalegindu ziren sistemaren benetako aldaketaren beharra adierazten eta foruen irakurketa liberala egiten.
Espainian eta euskal lurraldeetan izan zen aldaketa hari aurre egin zieten –Araban Berastegi esaterako– botere forma tradizionalaren eta garai hartan Aldare eta Tronuaren aliantza esaten zitzaionaren aldekoek, hau da, Espainiako monarkia katoliko tradizionalaren errejimen politikoaren aldekoek. Azken horiek behin eta berriro saiatu ziren errejimen konstituzionalaren kontrako azpikerietan: 1821ean Agurainen altxamendua izan zen eta Gasteiza iritsi zen; 1822an higikunde erregezalea sortu zen, eta 1823an, Aliantza Santuko Europako potentzien laguntzarekin, garaile irten zen.
Foru erregimena: despotismotik Estatu liberalera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal lurraldeetako erakundeen bilakaera ulertzeko, oso garrantzi handia du Fernando VII.aren heriotzarekin eta gerra zibilarekin –Lehen Karlistaldia esaten zaiona– eta 1839ko urriaren 25eko legearekin hasi zen aldiak. Garai horretan, alde batetik, euskal lurraldeetako foru antolamendua “erregimen probintzial” edo “foru erregimen” bezala definitu zen, eta Espainiako antolamendu konstituzionalaren barruan sartu zen, bestetik, konstituzioaren araberako bideetatik kanpora izan bazen ere.
Liberalismoak 1823ko konstituzioaren kontra egin zuenean, zapalkuntza gogor ankerra jasan zuen, 1814koa baino are gogorragoa.
Ez zen soilik liberalen kontrako zapalkuntza izan, konstituzioaren eredu politikoaren kontrakoa baizik. Erregezaleen erreakzioaren ondoren berehala antolatu ziren berriro ere foru erakundeak, eta gogor aritu ziren liberalismoaren kontrako zapalkuntzan.
Euskal biltzarrek neurriak hartu zituzten iraganean konstituzioaren aldeko izan zirenek aukerarik izan zezaten probintzietako erakundeetan parte hartzeko.
Joaquín María Ferrer gipuzkoar liberalari, esaterako, hala gertatu zitzaion. Baina esetsaldi hura Araban izan zen, zalantzarik gabe, gogorren, Valentín Berastegi muturreko erregezalea (ezizenez Valentín I.a, botereari zion zaletasunagatik) diputatu nagusi zela. Neurri haiez gainera foru agintariek liburu eta idazki liberalak konstituzioarekin batera jendaurrean erretzeko agindua eman zuten.
Liberalismoaren kontrako zapalkuntza probintzietako erakundeek zuzendu zuten; gertaera horrek berorrek argi erakusten du zein erraz sartu ziren erakunde horiek Fernandoren monarkian. 1823-1833 urte bitartean Arabako eta Gipuzkoako probintziek eta Bizkaiko Jaurerriak gobernu erregimen berria sendotu eta definitu zuten. Erakunde berrietako agintariek “barne administrazioa” kontzeptua erabili zuten; ez ziren “jurisdikzio probintziala” edo “konstituzio probintziala” kontzeptuak aipatzen gehiago.
Hizkuntz aldaketa hori ez zen, ordea, funsgabea. Izan ere, foru errejimenak, bere antolamendu berria zela eta, aukera ematen zien probintzietako buruzagiei gehien interesatzen zitzaizkien gaietan esku hartzeko: herri eta probintzietako aginpidea, errentak, bideak, merkataritza, polizia. Horretarako ez zen egoki konstituzio bat izatea, bizitza politiko bizia eragingo baitzuen probintzien barruan; egokiago zatekeen administrazio probintziala, lurralde bakoitza bere diputaziotik bertatik kontrolatzeko aukera emango zuena. Biltzarrak, esaterako, herri korporazioetako erakundeen ordezkari ziren aldetik, garrantzia galduz joan ziren eta diputazioak hasi ziren hartzen haien lekua.
Konstituzioaren kontrako errejimenaren jarraitzaile izandakoek osatzen zituzten diputazioak –esandako Valentín I.a, edo Bizkaian Pedro Novia de Salcedo eta Valdespinako markesa, besteak beste–, eta saiatu ziren probintziaren eredu euskaldun bat osatzen. Garai hartan, jarduera politikoa urria zen, eta administrazio gaiak nagusitzen hasi ziren. Gai horiek kontrolatzea zen, hain zuzen, eredu haren helburua. Zergen inguruan monarkiak eta euskal diputazioek egin zituzten negoziazioek argi erakusten dute euskal diputazioek nola ikusten zuten beren burua monarkiaren barruan.
Fernando VII.aren ministroek, 1814an egin bezala, ahaleginean tematu ziren zerga salbuespena zuten eremuetan zerga sistema erregularra ezartzen.
Euskal diputazioen arazoa, ordea, ez zen zergak ordaintzea edo ez ordaintzea, nola ordaindu baizik. Printzipio horren arabera, probintziek Errege Haziendari dirua ematen ziotenean, ez zioten ordaintzen lurraldeek berez zergak ordaindu behar zizkiotelako, diputazioek halaxe erabakitzen zutelako baizik. Hala, emaitza edo eskaintza ideia horren bidez, probintziek errazago eutsiko zioten, ustez, berezitasun administratiboaren ideiari. 1824an diputazioek eman beharreko diru kopurua, esaterako, 1827an ordaintzeke zegoen oraindik, eta urte horretan berorretan, Bizkaiko diputazioak gogorarazi zion ministerioari diru emate horiek ez zirela “Estatuko errenta” gisa hartu behar, “borondatezko eta berezko” diru emate gisa baizik.
Euskal foruei garrantzi handiko beste bi gaitan eman zitzaien administrazio izaera.
Poliziaren kontrola batetik, eta udal aginpidearena bestetik. Garai hartan, gizarteko ordena higikunde iraultzaile liberaletatik babestea zen ardura nagusietako bat, eta helburu horrekin erabaki zen 1824ko abuztuan polizia talde berezia antolatzea. Gortean intendentzia orokorra sortu zen, eta horren mende probintziako eta alderdiko intendentzia. Probintzietako intendentziak berehala ohartu ziren beraiei zegokiela foru diputazioa; Gipuzkoako diputazioak, esaterako, Borondatezko Errege Soldaduen ordez Mikeleteen taldea sortu zuen udalen eta diputazioaren mende.
Justizia ministerioak –poliziaren intendentzia orokorraren arduradunak– behin eta berriro zioen probintziako intendentziaren jardunerako berezko agintaria (Bizkaian eta Gipuzkoan) korrejidorea behar zuela izan, baina, egiteei dagokienez, probintziek jarraitu zuten funtzio hori betetzen. Azkenik, 1831n Kontseiluak onartu zuen egokia zela horretan jarraitzea. Onarpen harekin argi ikusten zen euskal probintziek beren erregimena berregituratu zutela administrazioari dagokionez, hau da, eremu haien kudeatzea oso ondo betetzen zutela bertako erakundeek.
Arestian esan bezala, konstituzionala ez zen errejimen monarkikoaren aldeko “jaunen” mende zeuden erakunde horiek.
Aldi berean, eta ez halabeharrez, Nafarroako foru errejimenaren hondamena gertatu zen, bere antolakuntza politiko bereziaren hondamena alegia. Nafarroako foruak ez zuen erdietsi hiru probintziek 1812ko Konstituzioaren bigarren aldiaren hasieran (1823-1824) lortua zuten berregituratze maila. Nafarroako diputazioak ez zuen ez zergak, ez polizia eta ez udalak kudeatzeko modurik aurkitu, eta poliki-poliki errege intendentziek eta funtzionarioek hartu zituzten alor horiek. Nafarroako Erreinuko azken Gorteak 1828an egin ziren.
Estatua eta foru erregimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu liberalak eremu politiko bakarra sortzeko joera argia du, hau da, berdintasunez gobernatutako nazio bat sortzekoa.
Liberalismoaren ustetan, Estatuak merkatu bakarra eta armada bakarra baditu, eta neurri eta diru sistema berak erabiltzen baditu, Estatuko erakundeek antolamendu bera eduki behar dute. Alexis de Tocquevilleren ustez, Estatu liberalak absolutismoaren helburua bete zuen, jaun handien ordezkaritza erakundeak sortu baitzituen. Despotismo ilustratuak aurretik hasitako bidea amaitu zuen Estatu liberalak; despotismo ilustratuko erregeak eta bere gobernuak, “gizartearen ongiaren” edo “interes orokorraren” izenean, erabaki eta adierazi zituen gizarte pribilegioak (aitoren semeak, apaizak), profesionalak (gremioak, merkataritza kontsulatuak) eta lurraldeko pribilegioak (hiriak, probintziak) higatuz amaitu zen bidea.
Baina lehen prozesu horrek huts egiten duenean, absolutismoa erabat absolutista ez denean (ez gobernu monarkikoaren jardun zuzenaren eremua zabaldu nahi ez duelako, baizik aurrean oso egitura sendoak topatzen dituelako) zer gertatzen den galdetu behar da. Historiografiak prozesu horren inguruan garrantzizkoak izan ziren beste prozesu batzuk aztertu ditu, hala nola, desamortizazioaren prozesu luze eta aldizkakoa, edo nobleen ondasun errejimen bereziaren, hots maiorazkoaren, amaiera.
1808-1839 bitartean euskal probintzietan izan zen erakunde aldaketaren azterketarako ere prozesu horiek hartu behar dira kontuan.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako erregimen probintzialen eraldatzea eta sendotzea gehienbat gobernu monarkikoaren ahalmen handieneko garaietan gertatu zela (XVIII. mende amaiera, 1814-1820 eta 1823- 1833) egiaztatu ahal izan da. 1823-1833 bitarteko aldian, hain zuzen, erakunde probintzialak “administrazio probintzial” edo garai hartan esaten zen bezala “barruko administrazio” gisa definitu ziren. Monarkia osorako aurreikusita zeuden erakundeen ordez (intendentziak, ordezkaritzak, udal aginpideak), probintziak kontrolatzen zituen beste erakunde batzuk (diputazioak eta foru udalak) sortu ziren poliki-poliki. Bestalde, monarkiak onez onartu zuen lurralde horiek kontrolatzeko eta kudeatzeko erakunde berri horiek zituela egokienak.
Estatu liberalaren konstituzioa eta administrazioa eta bere erakundeak zehazteko prozesua hasi zenean (1830 ondoko hamarraldian), euskal probintzien errejimenaren egoera ez zen inolaz ere ahula. Bitarte horretan, bestalde, gerra bat izan zen –1833- 1839 bitarteko gerra zibila–, eta gerra horretan, auzi dinastiko politikoaz gainera, Estatuko antolamenduaren barruan euskal lurraldeetako erakundeak mantentzearen auzia ere izan zen. Ez zen gerra hasteko arrazoi izan, ezta bakerako baldintza ere, bai ordea euskal lurraldeak Espainiako antolakuntzaren barruan sendotuko zituen tresna.
Bergarako besarkadaren ondoren (itun militar baterako baldintzak jarri zituena, eta Espartero eta Maroto agintari militarrek izenpetua), garrantzizko beste itun bat izenpetu zen, Madrilgo Gorteetan gehiengo aurrerazalearen eta Evaristo Pérez de Castro gobernu moderatuaren artean. Euskal foruak berresteko gobernuak ganbarara bidali zuen lege proiektuak eztabaida bizia sortu zuen. Eztabaida hartan garbi ikusi ahal izan ziren gai haren inguruan ziren jarrera elkarren kontrakoak. Talde aurrerazaleak antolamendu konstituzional bakarra nahi zuen ezarri, batez ere; hau da, erregetza bakar bat, horren legegintzan eta justizian izango zituen ondorioekin. Luzuriaga gipuzkoar diputatu liberal aurrerazaleak argi agertu zuen hori guztia bereizkuntza baten bidez: “foru politikoak”, onartu behar ez zirenak, eta “foru ekonomikoak”, onargarriak.
Liberal progresistek, baita euskaldunek ere, 1837ko konstituzioan adierazten ziren printzipioen arabera antolatu nahi zituzten zenbait gai, hala nola, nazioaren mugak, justizia administrazioa edo gudarostea. Hala ere, beste zenbait gai mantentzearen aldekoak ziren: udaletako eta probintzietako agintariak; kintoak ez izatea; zeharkako zergak ez izatea, edo beste zerga mota batzuk ordaintzeko era berezia. Probintzietako errejimen bereziaren antolamenduaren inguruan, beraz, erabat kontrako ikuspegiak zeuden; Donostiako udaletxea kontrolatzen zuten liberalek, esaterako, 1832an adierazi zuten Gipuzkoako gobernu probintzialetik bereizi nahi zutela. Nahiago zituzten (1844an oraindik ere hala zioten) “hiritarren eskubide politikoak” eta “batasun konstituzionala”, “talde pribilegiodun” baten mendeko foru eskubide guztiak baino.
Moderatuek, bestalde, nahiago zuten foru lurraldeen egoera bereziaren berrespenerako lege soil bat onartzea, eta ondoren, Estatuaren eta bere erakundeen inguruko auziari zegokionez, gobernuaren eta agintarien arteko hitzarmen bat izenpetzea.
Arrazoi ugari zituzten iritzi hori izateko, eta arrazoi nagusia Justizia ministroak adierazi zion Kongresuari galdera baten bidez, izan ere, Kongresuaren arabera ezinezkoa baitzen estatuaren antolamendua uniformea izatea eta gainera probintzietako berezitasunak elkarren parean egotea: “Eta zer axola dio konstituzioaren kontrakoak direlako mugatzen ditugun ala ez, Konstituzio eta guzti, foru ekonomiko desberdinak baldin baditugu probintzia batzuetan? Azkenik, hitzarmen bat izenpetu zen gutxieneko puntu batzuetan oinarrituta.
1839ko urriko 25eko legeak bi artikulu besterik ez zituen: lehenak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako foruak berresten zituen “batasun konstituzionalari kalterik eragin gabe”; eta bigarrenak, arazoaren behin betiko konponbidea geroagoko beste lege baterako uzten zuen. Bigarren artikulu horri esker, gobernuak denbora izango zuen Estatuko erakundeak euskal foruen berezitasunera egokitzean sor zitezkeen arazoei behin behineko konponbidea emateko.
Behin betiko konponbidea emango zuen legerik sortu ez zenez gero, 1839ko legeak foruetako eta gobernuko agintarien arteko harreman administratibo zuzena onesten zuen. Lege hori bide egokia izan zen, beraz, euskal probintzien foruak, “barruko administrazio” gisa hartuta, Espainiako antolamendu politikoaren barruan sar zitezen. 1837ko konstituzioan ez zen gai hori bere horretan aipatu, eta ez zen hurrengoetan ere aipatu 1978ko konstituzioa onartu zen arte. Irtenbide federal guztikoa, beraz, saihestu egin zen; horretarako, gainera, ezinbestekoa izango zen burujabetasun iturburu oro onartzea. Hala ere, lege hura oinarrizkoa izan zen espainiar gobernu moderatuek eta foru lurraldeetako gobernu moderatu eta kontserbadoreek elkarrekin kudeatu zuten errejimenerako. Foru berrien neurrikoa zen, horregatik garai hartako foruzaleek “probintzietako konstituzio legea” esan zioten 1839ko legeari.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/8/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.