Bobsleigh
Bobsleigh-a suitzarrek 1860ko hamarkadaren amaieran asmatutako neguko kirola da. Bertan, taldeek lasterketa kronometratuak egiten dituzte izotz-pista estu eta bihurrietan barrena, grabitateak bultzatutako lera batean[1].
Bobsleigh-a neguko kirol olinpikoa da eta leran jaisteko modalitateetako bat. Ikusgarritasun handiko modalitate olinpikoa da, baina herrialde gutxitara mugatuta dago, bere instalazioen kostu handiagatik, nahiz eta mugak hausten ari diren eta dagoeneko Jamaika bezalako herrialde beroetan praktikatzen den[2].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lera arinaren eta lera arruntaren moduan, bobsleigharen hastapenak ere XIX. mende amaieran Suitzako Alpeetan hasi ziren. Kirol hau skeletonezko bi lera elkartzean eta honi direkziorako mekanismo bat ezartzean sortu zen. Bertan, grabitatearekin lagunduz zihoan lera batekin talde desberdinak elkarren arteko erlojupeko lasterketak egiten hasi ziren pista estu, estali eta izoztuetan, grabitateak lagunduta.
Hasiera batean, egurrezko lera eskeletikoak erabiltzen zituzten. Denbora aurrera joan ahala ordea, egurra altzairuarekin ordezkatu eta bobsleigh izenez deitzen hasi ziren, tripulazioak hasierako zatian abiadura handitzeko aurrera eta atzera kulunkatzen ziren forma dela eta.
Bobsleigharen lehen kluba, 1897an sortu zen, St. Moritz-en, Suitzan, hain zuzen eta hortik gainontzeko Europako herrialdeetara zabaldu zen. Lehen txapelketa ofiziala 1914an burutu zen. 1923an bobsleigharen federazio internazionala sortu zen. Berehala sartu zen neguko olinpiar jokoetan, hau da, 1924an Chamonix-en hain zuzen (Frantzia). Urte honetan modalitate bakarra zegoen indarrean, tripulazioa lau gizonek osatzen zutela. 1932tik aurrera, Estatu Batuetako Lake Placid jokoetan estreinatuz, binakako tripulazioen modalitatea gehitu zioten kirol honi.
Skeleton programa olinpikoaren parte izan zen 1928ko eta 1948ko Joko Olinpikoetan, biak St. Moritz-en ospatuak; hala ere, Salt Lake City 2002ra arte ez zen berragertu. Bere izena hastapeneko metalezko lera txikiaren diseinuari zor dio, eskeleto antza baitzuen. 1892an jokatu ziren lehen lehiaketak[3].
1950eko hamarkadan, indar esplosiboa zuten hainbat kirolari, kirol honekiko erakarriak sentitu ziren eta parte hartzea handitu zuen faktore honek. 1952an ordea, tripulazioaren pisu maximoa ezartzen zuen arau berria ezarri zen, eta honek, “super pisuen” aroari amaiera eman zion, eta kirola lehiaketa atletikoan orekatzera eraman.
2002an, Salt Lake Cityko joko olinpikoetan emakumezkoan lehen bobsleigh txapelketa olinpikoa gauzatu zen, eta, hasiera batean, binakako modalitatean lehiatzen hasi ziren.
Gaur egun, munduko talderik sendoenek, urte guztian zehar entrenatzen dute eta izotz pista artifizial batean teknologia-maila altuaz egindako altzairu zein beira zuntzez osatutako lerekin lehiatzen dira.
Ricardo Soriano, bobsleigh aldatu zuen espainiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ricardo Soriano eta Scholtz von Hermensdorff, Costa del Sol Europako mapa turistikoan kokatu zuten sustatzaile gisa ezagutzen dira. Salamanca-ko aristokrata honek bere garaiko bobsleigh-a aldatu zuen[4].
1905 urtean, ordea, dena aldatu zen. Sorianok lera bat aurkeztu zuen, "Gredos" izenekoa, orduko lerak ez bezalako diseinua zuena. Ez zegoen zurez egina, altzairuz baizik. Aurrealdean egitura bat zuen, ibilgailu berria erdi-kabinatu bihurtzen zuena. Azkenik, torpedo forma zuen, gaur egungo leren antzekoago bihurtuz[4].
Bobsleigh berri hark sekulako abiadurak hartzen zituen gainerako lerekin alderatuta, eta Sorianori lasterketa ugari irabazteko balio izan zion. Garai hartan, tamalez, Bobsleigh-a oraindik ez zen kirol gisa ezagutzen eta, beraz, garaipen horiek ez zuten eraginik izan. Ez dago horien erregistrorik, aldiz, badaude garaiko komunikabideetan idatzitako erreferentziak[4].
Bobsleigh-aren bilakaera honek abiadura handitu zuen, eta, ondorioz, kirola birmoldatu eta ibilgailu horientzat egokiak ziren pista berriak eraiki behar izan ziren[4].
Espainiarrak bobsleighen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sinesteko zaila dirudien arren, Sorianok bobsleigh-ean egindako parte-hartze hau espainiar batentzako lehena izan zen neguko kiroletan. Aldiz, ez zen izan kirol-diziplina horretan lehiatu zen espainiar bakarra. 50eko hamarkadan, beste aristokrata bat, Alfonso Cabeza de Vaca, bobsleigh-aren munduan sartu zen[4].
Alfonso Cabeza de Vaca kirolari petoa zen, hainbat kiroletan lehiatu zen eta Ferrari-ko pilotu ere izan zen. Baina, 1956. urtean historia egin zuen Espainiako bobsleigh-ean lehen taldea osatu zuenean, eta Cortina d 'Ampezzo-ko urte bereko Olinpiar Jokoetan parte hartzean[4].
Taldeak lau partaideko bobsleigh bat eta biko beste bat zeukan. Taldeko kide guztiak kirol honetan esperientziarik ez zuten senide eta lagunak ziren, eta proiektua hilabete gutxiren buruan gauzatu zen, ia lehiaketarik egin gabe[4].
Olinpiar Jokoetan, lauko bobsleigh-ak bederatzigarren postua lortu zuen, baina ezustekoa biko bobsleigh-arekin iritsi zen. Bere lehengusu Vicente Sartoriusekin batera, podiumera iristeko 0,16 segundo eskasera geratu zen, 4. postuan geratuz. Beraz, esan daiteke garaipen handia izan zela amateur talde batentzat[4].
Hala ere, hura ez zen Alfonso Cabeza de Vacaren emaitzarik onena izan. Hurrengo urtean, 1957. urtean ospatutako St. Moritz-eko Mundu Txapelketan podiumera igo zen, Luis Nuñozekin batera, brontzezko domina jasoz. Esan beharra dago, Alfonso Cabeza de Vaca bertan hil zela eta horren omenez 15. bihurguneak bere izena du[4].
Ander Mirambell espainiarra 2. olinpiadak jokatu zituen Sotxin. Bertan, 26. postua lortu zuen, Vancouverre-ko 24. postua hobetzea lortu gabe[3].
Kirolaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako hamarkadetan zenarekin alderatuz gaur egun zerikusi gutxi du bobsleigh-ak, materiala, diseinua, pistak zeharo aldatu baitira. Aurrez esan bezala, hasieran, lerak egurrezkoak ziren, nahiz eta berehala altzairura pasa.
Hiru modalitate daude, tripulazioan doan partaide kopuruaren arabera: 2, 4 edo 6 kide joan daitezke. Gizonezkoek bi proba egiten dituzte, bobs 2 eta bobs 4, emakumezkoek berriz, bobs 2 (zenbakiak partaide-kopurua adierazten du). Bala formako lerak izotz-pistatik irristatzen dira, irteeratik helmugaraino etengabeko jaitsiera neurtua duen pista batean. Gizonek lau txanda dituzte, eta emakumeek bi. Azkarren egiten duen taldeak irabazten du lasterketa guztien amaieran[2].
Aurrerakuntza nagusiak, materialean izan ziren, bi alorrean bereziki: alde batetik, altzairu eta beira zuntzez egindako lera berriak sortu ziren, fabrikazioan teknologiako azken berrikuntzak erabiliz (aerodinamika alorreko berrikuntzak). Beste aldetik, abiadura handia hartzea errazten duten izotzezko pista artifizialek ere berrikuntza handia eragin zuten.
Lehiaketa hasteko, epaileek seinale akustiko edo bisual bat baliatzen dute. Hortik aurrera talde bakoitzak 60 segundo ditu lasterketa hasteko[2]. Kirol honen gakoa, irteeran dago. Erabakigarria da tripulatzaileak irteerako lehen metroetan lera bultzatuz abiadura handia lortzea, horregatik parte hartzaileak indartsuak eta azkarrak izatea komeni da. Bost edo sei segundo inguru irauten duen fasea da eta lasterketaren lehen 50 metroak 40 km/h-ko abiaduran egiten dira, bob-ean sartu aurretik[2]. Parte hartzaileen artean diferentzia zentesimal gutxiren arteko desberdintasuna izaten da normalean. Lera hauek, galga bat izaten dute, eta hori soilik helmuga gainditzean sakatzen dute. Ibilgailu hauek, askotan 150 km orduko abiadurak gainditzen dituzte, eta parte hartzaileak 4 edo 5 Lurreko grabitatearen indarra jasatera iristen dira.
Ibilbidea amaitu ondoren, epaileek lera pisatzen dute, tripulazioa barne, baimendutako pisua gainditzen ez dela egiaztatzeko. Pisua modu artifizialean gehitu daiteke, abiadura irabazteko, tripulatzaileek pisu gutxi izatekotan, baina inola ere ezin da gainditu baimendutako muga. Jaitsiera baliozkoa izan dadin, tripulazioak osorik egon behar du bobsleigh-ean helmuga zeharkatzen duenean. Lasterketak erlojuaren kontra baino ez dira egiten, eta zozketa bidez ezarritako ordenaren arabera hartzen du parte tripulazioak[2].
Biko bob-ean pilotua aurrean esertzen da eta balaztatzailea atzean. Pilotuak zuzentzen du aparatua, bihurguneak ahalik eta azkarren gainditzeko; balazta aldiz, helmugako marra zeharkatu ondoren baino ez da erabiltzen. 135 km/h-ko abiadurara irits daiteke. Ondoren aipatuko den bezala, pistak 1.200 eta 1.350 metro arteko luzera du gutxi gorabehera, eta irteeratik helmugaraino 120 eta 130 metro bitarteko desnibela. Pistako azken 100 metroak maldan gora dira, balaztatzea errazteko[2].
Frogak, bi saialditan lehiatzen dira, bi lasterketa hauetan atera den denbora gehitu eta denera denbora gutxien behar izan duenak irabazten du. Berdinketa baten kasuan, domina partekatzen da, nahiz eta berdinketa gertatzea ez den oso ohikoa.
Kirol honen zailtasun aipagarriena, bere kostu ekonomiko altua da, batez ere, instalazioena. Hori dela eta, egun herrialde oso gutxitan praktikatzen da, batez ere Europako iparraldean eta Ameriketako Estatu Batuetan. Euskal Herriaren kasuan ez dago kirol hau praktikatzeko instalaziorik.
Pistak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo pista modernoak, hormigoiez eginda daude. Gutxienez zuzengune bat eta bihurgune jarraituak dituen labirinto bat izatea eskatzen da. 1.200 eta 1.300 metroko luzera izatea da egokia, hori bai gutxienez 15 bihurgune izatea eskatzen da.
Nazioarteko lasterketetarako ibilbideek 1.500 metroko luzera eta bost bihurgune hartzen dituzte gutxienez, 25 metrotik gorako erradioa dutenak. Bihurgune bakoitza kanpoko kurba peraltatu batek osatzen du, eta sarrerako eta irteerako zuzenari «koilara» izeneko gainazal inklinatu baten bidez lotzen zaio (koilara posizio horizontaletik bertikalerako trantsizioa errazteko erabiltzen da). Bihurgune peraltatuen goiko aldea ahurra da, bobsleigh-a pistatik kanpora irten ez dadin. Pistaren hondoa elur irabiatuz egina dago, eta gauez ureztatzen da, guztiz laua den izotzezko geruza lodi bat osatuz Hozte artifizialeko sistemak sartzeak (lehenengoa Alemaniako Königssee hirian eraiki zen 1968an) iraultza ekarri du kirol honetan, kirolariek edozein urtarotan entrenatu ahal izango dutelako[5].
Irteera lerroa pistako sarrera markatzen duen egurrezko taula batez osatuta dago. Lasterketaren hasierako zatian hiru fase daude: a) lehenengoa ia laua den 15 metroko tarte bati dagokio (gutxi gorabehera % 1eko inklinazioa), baita kronometrajeari hasiera ematen dion 50 metroko tarte bati; tarte horretan bobsleigh-a ekintza koordinatu eta indartsu baten bultzadaz azeleratu egiten da; b) bigarrena berriz, tarte inklinatu bati dagokio, eta hortik jaisten da bobsleigh-a, grabitatearen eraginez azeleratuz; c) hirugarrena tarte luzeari dagokio, non ibilgailuak ahalik eta abiadura handiena hartzen duen[5].
Leraren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bob-a lera metalezko bastidore bat da, altzairuzko bi patin pareren gainean muntatua dagoena. Kapota koniko batez estalia dago eta alboetan heldulekuak ditu, irteeran bultzada errazteko. Aurreko patin parea polea sistema baten bidez biratu daiteke, eta ibilgailua oso abiadura handian gidatzea ahalbidetzen du; atzeko pareak palanka balaztak ditu, izotzaren gainean metalezko hortzekin eragiten dutenak. Bob modernoek metal arinen aleazioak, altzairuzko patinak eta material konposatuko gorputz aerodinamikoak konbinatzen dituzte. Lehiaketako lauko bobsleigh-ak gehienez 3,80 metroko luzera izan behar du eta bikoak aldiz 2,70 metroko luzera. Bi kasuetan, gehieneko zabalera 0,67 metrokoa da. Gehienezko pisua (tripulazioa barne) 630 kg-koa da lauko bobsleigh-erako eta 390 kg-koa biko bobsleigh-erako. Pisu gehiago gehitu daiteke; izan ere, zenbat eta pisu handiagoa izan, orduan eta azkarragoa izango da ibilgailua[5].
Kirolarien janzkera homologatutako kasko aerodinamikoa eta estaldurarik gabeko material teknikoko jantzi aerodinamikoa dira. Bultzada-fasean izotzari heltzeko balio duten tako txikiak izan behar dituzte oinetakoek, gehieneko diametroa 1,5 mm-koa eta gutxienekoa 5 mm-koa izanik[5].
Biko bob-erako lerak 2,70 metro luze dira eta 67 zentimetroko zabalera dute. Pisua gutxienez 170 kilokoa da (patinekin, baina tripulaziorik eta lastarik gabe) eta 390 kilokoa gehienez (tripulazioarekin eta lastarekin). Emakumeen artean aldiz, gehienekoa 340 kilokoa da[3].
Euskal Herria eta bobsleigha
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun, Euskal Herriko lurretan ez dago bobsleigha praktikatzeko inongo pistarik, hori dela eta klub eta federaziorik ere ez dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Olimpics.com.
- ↑ a b c d e f (Gaztelaniaz) Bobsleigh | Avance Deportivo. (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) PIZARRO, RAMÓN. (2014-01-24). «Skeleton en los Juegos Olímpicos de Sochi 2014» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
- ↑ a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) elSuperHincha. (2017-02-02). «El precursor del Bobsleigh Moderno es español: Ricardo Soriano» elSuperHincha (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
- ↑ a b c d Technogym.