Edukira joan

Eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskola irakasleak eta ikasleek osatzen dute funtsean. Irudian, Afrikako eskola txiro bat, etxe, mahai eta aulkirik gabe.

Hezkuntzan, eskola edo ikastetxea ezaguerak irakatsi eta ikasten diren erakundea da, non irakasleek ikasleei irakatsi eta ikasleek ikasi egiten duten. Terminoa hezkuntza sistema baten barnean eta pertsona guztientzat derrigorrezkoak diren erakundeak izendatzen ditu, hala nola lehen hezkuntza edo bigarren hezkuntzako eskolak. Zabalago, hezkuntza maila guztietan aplikatzen den terminoa da: haur eskola, helduen eskola eta baita unibertsitateko ikastetxe zenbaitetan ere. Hezkuntza sistematik kanpo ere autoeskola, musika-eskola, hizkuntza-eskola eta hezkuntza lana egiten duten beste erakunde guztiak izendatzen ditu. Euskal Herrian, ikastola terminoa ere erabiltzen da lehen eta bigarren hezkuntzako mailetan irakaskuntza euskaraz eskaintzen duten ikastetxeei. Hezkuntzarako guneak izateaz gainera, eskolak gizarteratzeko tresna garrantzitsuak dira, haurren kasuan bereziki, familiatik gizartera pasatzeko zubi moduan. Ildo horretatik, ezaguerak transmititzeaz haraindi, egiten, izaten eta elkarrekin bizitzen ikasteko erakundea izan behar da eskola.

Gehienetan, eskoletan ikasleak talde edo ikasgeletan banatzen dira, adina edo ezaguera-mailaren arabera. Bertan, gaiaren araberako eskolak edo lezioak (matematika, hizkuntza, musika, ...) ikasten dituzte, curriculum baten arabera, irakasleak emandako hitzezko edo irudizko azalpenei esker, eskola ordutegi bati jarraiki eta modu antolatu batean. Ikasleak ere modu aktiboan hartzen du parte bere ikasketa prozesuan, ezaguera berriak eskuratu eta finkatzeko ariketak, buruketak, idazlanak, praktikak eta bestelako lanak eginez. Aldiro, ikaslea irakasgai bakoitzean eskuratutako ezaguerak ebaluatu egiten dira.

Eskola publikoak guztientzat zabalik dauden eskolak dira, gehienetan estatuen babespean. Eskola pribatuek, berriz, esku pribatuetan daude, bere burua gobernatu eta nahi dituzten ikasleak bakarrik onartzen dituzte, kasu askotan gizarte bereizkeria sorraraziz. Eskola pribatuetan, gainera, ikasleek ikasketen kostuaren zati handi bat ordaindu behar izaten dute, eskola publikoetan ez bezala. Erlijioa ere eskolak bereizteko irizpide nabarmen bat izaten da: badira eskola katolikoak, islamikoak edo erlijioa gai nagusitzat hartzen ez duten eskolak, Europako eskola publiko gehienak bezala. Herrialde baten barnean ere, eskolak ikasketetan erabiltzen den hizkuntzaren arabera sailka daitezke: Euskal Herrian, adibidez, badira euskara hutsezko eskolak baina baita ere, gaztelaniaz, frantsesez eta beste hizkuntzetan ikasgaiak ematen dituzten eskolak. Beste alde batetik, eskola modernoetan neskek eta mutilek elkarrekin ikasten badute ere, badira eskolak mutilak edo neskak bakarrik onartzen dituztenak.

Oro har, hezkuntzako eta, bidenabar, eskolako jarduera eta prozesu funtsezkoenak aztertzen dituen arloa pedagogia da. Didaktikak, berriz, praktikan eskolako ikasketa prozesurako nolako tresnak erabili behar diren aztertzen ditu. Egun, ikasleak berak autonomia lortu eta bere ikasketa prozesuaren jabe izatea bultzatzen duten hezkuntza pentsamendu pedagogikoa zabaltzen ari da, antzina irakasleak modu teorikoan eta ikaslearen parte hartzerik gabe lezioak ematen zituen eskola eredua baztertuz. Dena den, hezkuntza sistema modernoek eta, horiekin batera, eskolek ere, eskola tradizionalen ezaugarri zenbait jaso dituzte: irakasgaien antolamendu zurruna, ikasleen arteko lehia, saria eta zigorra, arrakasta eta porrota ideiak besteak beste. Eredu tradizional honi aurre egiten dioten eskola eredu zenbait proposatu dira historian zehar. Muturreko ikuspuntu baten arabera, eskola botere-sistema mesedetan dagoen erakundea da, gizakiak ikasteko berez duen gogoa kendu, alienatu eta azkenean gizabanakoari askatasuna kentzen duena. Pentsalari hauen artean Ivan Illich nabarmentzen da. Deseskolatzea proposatzen duten eredu horietara heldu gabe, beste batzuek gizartera irekia dagoen eskola proposatzen dute, Célestin Freineten jarraitzaileak bezala, edota ikaslearen berezko ahalmenetan oinarritutako eskola bat, Maria Montessoriren pedagogian bezala.

Eskolaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hezkuntzaren historia»

Mendebaldeko kulturako eskolaren aurrekaria Antzinako Grezian kokatzen da. Bertan, Homeroren Iliada eta Odisearen ikaskuntzaren bitartez arete edo bikaintasunaren ideala bultzatzen zen, heroiak eta lehia goraipatuz [1]. Espartan haurren hezkuntza gerrarako trebakuntzan eta kiroletan oinarritzen zen. Atenasen, berriz, ideala kalokagathia edo edertasuna izan zen, eskolek alde horretatik poesia eta musika ere irakasten zuten; soinketa batik bat gorputzaren edertasunerako erabiltzen zen. Haurren hezkuntza edo paideia zazpi urterekin hasten zen. Eskolara (edo maisu baten inguruan bildutako ikasle kopurua, hobe esanda) paidogogos izeneko esklabo begirale batek lagunduta joaten zen eta didaskalos edo irakasle batengandik jasotzen zituen irakaspenak. Bi motako eskolak zeuden: palestra, non soinketa eta kiroletan trebakuntza egiten zen, eta didaskaleion, non letrak (aritmetika, irakurtzen eta idazten) irakasten zitzaizkien. Idazten eta irakurtzen ikasteko argizagizko taulak erabiltzen ziren, zotz batez idatziz. Papiroa ere erabiltzen zen. Lantzen ziren testuak olerkiak ziren, Iliada eta Odiseako bertsoak bereziki. Musika ere bereziki lantzen zen.[2]. Eskolak pribatuak ziren eta aristokrata eta pertsonaia nagusien semeak bakarrik joaten ziren. Neskek, orohar, ez zuten hezkuntza eskolan jasotzen eta emakumezkoenak ziren eginkizunak soilik ikasten zituzten etxean bertan, baina hiri batzuetan neskentzako ikastetxeak baziren. K. a. IV. mendean sofistek hezkuntzaren norabidea aldatzen dute, helburu praktiko bat ezarriz: gazteak hiriaren gobernu eta politikarako hezi behar dira, eztabaida eta argudioetan trebatuz. Sokrates izango zen joera hau hautsi eta bere pentsamenduari jarraiki, bertutea, jakintza bera eta egia hartuko ziren hezkuntzaren eta gizakiaren xedetzat.

Antzinako Erromako eskolak ere Grezia hartu zuen eredu moduan eta bertako kultura klasikoa jakintzagai gisa. Berrikuntza gisa, eskolek izaera publikoa izan zuten Erromatar Inperioatik aurrera. Hezkuntza zazpi urterekin hasten zen ludus mailan, ludi magister izeneko maisua baten bitartez. 12 urtetik 16 urtera bitartean, grammaticus izeneko irakaslearengana joaten ziren. 16 urtetik 18 urtera rhetor batengana eta goi mailako ikasketak egiteko professor izenekoarekin aritzen ziren. Kristauen nagusitzak hezkuntza klasikoaren idealak baztertu eta hezkuntza erlijioso bat ekarri zuen, monasterio-eskolen bitartez, Erdi Aroan ugalduko zirenak. XII. mendetik aurrera, ordea, eskolastikak ikasketa klasikoak bultzatu zituen berriz ere, erlijioaren mesedetan bada ere, trivium eta ondorengo quadrivium ikasketen bitartez.

Guantánamoko eskola bat

Eskola publikoa, hezkuntza sistemaren ardatz nagusi eta pertsona guztien hezkuntza eskubidea bermatzen duen tresna moduan, XVIII. eta XIX. mendeetan garatu zen. Eskolaren garapena une historiko horretan gertatu izanari buruz interpretazio zenbait eman dira: ikuspuntu marxista batetik, Industria Iraultzan kapitalismoaren garapenak behar zuen langileen gutxieneko trebakuntza ziurtatzeko behar zuen eskola; beste alde batetik, garai horretan sortu ziren nazio-estatuak indartzeko, hezkuntza arloan ere politika bateratu bati ekinez; azkenik, hezkuntza giza eta gizarte-aurrerapenerako tresnatzat hartu zen eskola, Ilustrazioaren printzipioei jarraiki.

Irizpide anitz jarraituz sailka daitezke eskolak. Eskola publiko eta pribatuen bereizketak eskolaren antolakuntzari eta gizartean txertatzeko moduari zuzenean erasaten dion irizpidea da. Eskola publikoa estatuak edo komunitateak haur guztientzat antolatzen duen eskola da, dohainik (estatuak hartzen baitu bere gain hezkuntzaren kostua) eta gehienetan haurren arteko bereizketarik egin gabe, mailaz mailako sailkapenaren salbuespenarekin. Eskola publikoaren bitartez haurren hezkuntzarako duten eskubidea eta haur guztien aukera berdintasuna bermatzen bada ere, estatuak hezkuntza kontrolatzeko tresna moduan ere erabiltzen du eskola publikoa. Beste alde batetik, eskola pribatuek nahi dituzten ikasleak bakarrik onartzen dituzte, gurasoek hezkuntzaren kostua hartu behar dute bere gain eta estatuarekiko mendekotasun txikiagoa dute, antolakuntzan askatasun zabala badute ere, legeztatuak izateko estatuek ezarritako arauak errespetatu behar baitituzte, batez ere hezkuntzaren mailaketa eta irakatsi beharreko jakintzagaiei buruz. Gizartearen ikuspuntutik, eskola pribatuek bereizkeria dakartela aipatu da, eskola pribatuak onarpen-eskubidearen eta ordaindu beharreko kostuaren bitartez gizarte klase jakin batentzako eskolak direla argudiatuz. Beste kasu batzuetan, eskola pribatuek estatuak hiritarren eskakizunak (hezkuntzaren hizkuntza, eskolaren pedagogia) onartzen ez dituenean gurasoek beraiek edo gizarte-erakundeek bultzaturiko eskolak dira, bokazioz publikoak baina halabeharrez pribatuak, estatuak euskarazko irakaskuntza eskaini eta eskubide hori bermatzeko sortu zen ikastolaren kasuan adibidez. Ildo horretatik, estatuak finantzatu eta kontrolatutako eskola publikoa ez baizik eta estatu-eskola dela aipatu da, benetan behar publikoak (autonomia, pluralismoa, irakasleriaren askatasuna) aintzat hartzen ez dituelako [3]. Beste alde batetik, herrialde batzuetan, Euskal Herrian kasu, eskola kontzertatuak ere badaude, non, pribatuak izan arren estatuarekin egindako hitzarmen baten bitartez estatuak hezkuntzaren kostua bere gain hartzen duen.

Mutilentzako eskola kristau bateko ikasgela. Australia. 1932.

Aldi berean, aparteko ahalmenak, portaera-arazoak eta ggabeziak dituzten haur eta pertsonentzako eskola bereziak edo beste haurrekin batera pertsona hauentzako hezkuntza berezitua eskaintzen duten eskolak ere badaude, hezkuntza politiken joera nagusia arazo hauek dituzten haurrak beste haurrekin batera heztea bada ere, euren gizarteratzea bultzatu eta bereizkeria saihesteko.

Historian bezala, eskola eta beste hezkuntza erakunde asko erlijio-ordenen eskuetan daude. Eskola erlijiosoen alternatiba moduan, non haurrei fede erlijioso jakin batean hezi edo txertatzen diren, erlijiorik gabeko eskola laikoa sortu zen Iraultza frantsesaren idealekin bat[4]. Eskola laikoek erlijioaren heziketa erabaki pertsonala eta familian izan behar dela aldezten dute, eskola eta hezkuntza eskubidea guztientzako eta guztientzat berdina izan behar dela argudiatuz. Hain zuzen, eskola erlijiosoak pribatuak izaten dira eta herrialde modernoetan eskola publikoak laikoak izaten dira. Eskolan erlijioa irakastearen aurka, haurraren askatasuna eta autonomia morala eta eskolak jakintzagai zientifiko eta humanistak soil-soilik, erlijioak eskaintzen dituen sinesmenetatik at, eskaini behar dituela aldarrikatu dira.

Beste irizpide bati jarraiki, landa-eskolak eta hiriko eskolak bereizten dira. Landa-eskolek ezaugarri bereziak dituzte, hezkuntza mota nabarmen erasaten dutenak. Alde batetik, ikasle-kopurua hain da txikia, non askotan ez du mailaz mailako zatiketa ahalbidetzen ikasle guztiak; eskolaz kanpo ere ikasleek harreman sendoak izaten dituzte beraien artean eta horrela eskolako elkartasuna ere sendoagoa da; azkenik, landa-eskola hirian baino modu nabarmenago batez txertatzen da herri txikietan eta kultura-erreferentzia nagusi bilakatzen da [5].

Hezkuntza arautua eta ez arautua eskaintzen duten eskolak bereizi ere egiten dira. Araupeko eskoletan, eskolek estatuak ezarritako baldintzak eta arauak jarraitzen dituzte eta titulazio ofiziala eskaintzen dute, arauz kanpoko eskoletan ez bezala. Haur eta gazteen derrigorrezko hezkuntza eskaintzen duten eskolek estatuaren araudia jarraitu behar dute, hezkuntzaren ibilbidearen amaieran gazteak egindako ikasketen ziurtagiria eduki dezan. Halatan, eskola publikoek hezkuntza arautua eskaintzen dute beti, baina ohikoa unibertsitate-mailan eta helduen prestakuntzan ofizialki onartuak ez dauden tituluak eskaintzen dituzten ikastetxeak aurkitzea. Horietan, tituluaren balioa ikastetxeak duen ospean soilik oinarritzen da.

Eskola ez da, beste alde batetik, haurrei zuzenduriko erakundea soilik. Zentzu zabalean pertsona helduentzako eskolak ere badaude, helduen hezkuntza oinarrizkoa zein lanbide heziketa eskaintzen dutenak. Helduentzako denetariko ikastaroak ematen dituzten erakundeak badaude: adibidez, hizkuntza eskolak hizkuntzak irakasten dituzte, autoeskola izeneko ikastetxeetan ibilgailu zenbait gidatzen irakasten dute eta administrazio publikoetarako lanpostu-lehiaketetarako prestakuntza ematen duten eskolak. Dena den, helduen eskolak eta haurren eskolak izaeraz, helburuz eta jardueraz erabat ezberdinak direla hartu behar da kontuan.

Eskola alternatiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola ofiziala kritikatu egiten duten pedagogoak eta hezitzaileak anitz dira, baina ez horrenbeste kritika hau praktikan jarri eta eskola alternatiboak eratu dituzten ekimenak. Alternatiba sinpleena haurra etxean bertan hezitzearena edo etxeko eskolatzea da, nazioartean ingelesezko "homeschooling" izenez ere ezaguna, lehen eta bigarren hezkuntzan hainbat herrialdeetan legez kanpo dagoena, baina Estatu Batuetan esaterako milioi batetik gora haurrek jarraitzen dutena. Etxean bertan hezitzeko arrazoika anitz dira: guraso zenbaitek arrazoi erlijiosoengatik soilik hezitzen dituzte etxean, beste batzuek pedagogia konbentzionalaren eta eskola-sistemaren aurka daudelako eta beste batzuk halabeharrez, toki isolatuetan bizi eta beste aukerarik ez dutelako. Ohartu behar da, etxe eskolatzea askotan urrutiko hezkuntza sistema baten bitartez laguntzen dela, tutoretza edo gidaritza moduan.

Pedagogia berritzaileen artean, eskolak sortzean zabalkuntza handiena izan duena Waldorf hezkuntza da. Waldorf eskolak mundu osoan daude zabaldurik eta 2010 urtean ia mila ziren Waldorf eskola independenteak mundu osoan, Waldorf metodoak jarraitzen dituzten eskola publikoak eta joera horretako etxeko eskolatzeak kontuan hartu gabe. Waldorf eskolak haur bakoitzaren garapen pertsonalaren erritmoarekin egiten du lana, haurraren esperientzian zentraturik eta ikasketa sormenean oinarrituz. Ezaugarri konkretu moduan, Waldorf eskolek testulibururik ez dutela erabiltzen aipatu behar da, lehen hezkuntzan behintzat, ikasleak ikasten duena bera osatzen joaten baita koaderno batean. Jostailuetan ere sinpletasuna bilatzen da, haurraren sormena pizteko. Berrikitan, Rebeca Wild hezitzaileak proposatzen dituen eskola aktiboak eta CEPAS izenekoak dira ezagunak, haurra helduaroan pertsona aske eta bere kabuz ikasteko gauza izan dadin haurraren askatasunean oinarritu eta ikuspuntu politiko batetik ere garatzen direnak [6]. Beste pedagogia batzuek hasiera batean eskolak sortu bazituzten ere, azkenean eskola ofizialetan integratuak izan dira, neurri batean behintzat, Maria Montessoriren pedagogia esaterako.

Eskolako espazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eskola bateko ikasgela tradizional bat, ikasleen arteko harremana eta lankidetza ahalbidetzen ez duena.

Eskolak ikastetxe izeneko eraikin itxietan eratzen dira gehienetan, ikaslearen hezkuntza mailaren araberako ikasgeletan banaturik eta aire librean kokatzen den jolastoki batekin batera, haur eta gaztetxoen eskolen kasuan. Eraikina eta jolastokia kanpoaldetik hesi batez inguratuta izaten dira, haurrak eskolan dauden bitartean hobeto kontrolatzeko. Horretarako baliabide ekonomikoak izanez gero, eskoletan laborategiak, non ikasleek jarduera zientifikoak egiten dituzten, eta kirol instalakuntzak izaten dira. Areto nagusi bat izaten da, non eszenatoki eta aulki ilarak izaten diren, eskolako ikasle guztiek baterako ekitaldiak (antzerkiak, dantzak, jaialdiak) egiteko. Liburutegia eta ludotekak ere izaten dira eskoletan.

Eskolako jarduera ikasgeletan gertatzen da funtsean, berrikitan eskolan espazio berri eta balioaniztunen sorrerak guztizko garrantzia kendu badio ere. Gehienetan, ikasgelako espazioak hezkuntzaren hierarkia islatzen du: mahai zabal batetik eta arbelean idatziz irakasleak ezaguerak transmititzen dizkie berari begira eserita eta mahaitxo bat dutela dauden ikasleei, askotan banaka edo binaka eserita. Kokapen hau aski kritikatua izan da pedagogoen aldetik, ikasleak beraien artean harremanetan jartzea eta irakaslearekiko komunikazioa oztopatu eta ikasgelari erosotasuna eta goxotasuna kendu egiten dizkiolako. Disposizio honek eskolaren izaera akademiko, uniforme eta formala indartzen dituela ere aipatu da, ikasle guztiek gauza bera egiten baitute bertan [7]. Kritika zorrotzago batez, eskolako espazioa hezkuntzaren produkzioa gehitu eta ikasleen gainean zaintza eta diziplina errazteko dago antolaturik. Adibidez, ikasgeletan irakasleak ikasle guztiak kontrola ditzake bere lekutik, panoptiko moduan. Halatan, espazioaren antolamendua obedientzia bermatu eta boterea indartzeko tresna bat besterik ez da [8].

Eskola katoliko bateko ikasgela.

Beste alde batetik, ikasgela espazio itxi eta formal moduan gaindituz, ikasleek ikasgela eurena sentitu behar luketela proposatu da, ikasgelan balio anitza duten espazio multzoa sortuz, banakako zein taldeko lanetarako, eta ikasgelaren antolaketan ikasleari ere bere ekimena utziz. Waldorf hezkuntzan, adibidez, ikasgelan etxe bateko giroa sortzen saiatzen da, material naturalak erabiliz gainera. Ikasgela irekia ere izan behar da eta jarduera bereziak egiteko kanpoko beste espazio batzuk ere eskaini behar dira. Horrela, egun ohikoak dira txangoak eta bisitak ikasleen artean, gizartearen errealitatean bertan ezagut dezaten.

Ikasgelako ikasle kopuruari dagokionean, oso aldakorra izaten da maila, eskola eta eskualdearen arabera baina lehen eta bigarren hezkuntzan 15-30 bitartekoa izaten da arruntena. Maimonides Erdi Aroko irakasleak gela batean 40 ikasle behar zirela adierazi zuen. Nolanahi ere, ikasgelako ikasle kopurua hezkuntza administrazioen kezka sortu duen gaia izan da beti, hezitzaileek 30 ikasle edo gehiagoko gelak handiegitzat jo eta 15 ikasleko kopuruetara aldatzea eskatuz. Baina, gela txikiek hezkuntzaren kostua nabarmen igotzen dute, irakasle eta gela gehiago behar baitira. Ikasle kopuru txikiagoek hezkuntza hobetzen dutela egiaztatzen duten ikerketak badaude, baina baita ikasle kopuruak hezkuntza-emaitzetan eragin nabarmenik ez duela eta hobekuntza egiaztatzen duten ikerketen baliorik eza adierazten duten ikerketak ere[9][10].

Eskolako denbora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eskola tradizionaletan haurrek gauza berdinak egiten dituzte une oro. Irudian, ikasle batzuk liburu berdina irakurtzen.

Eskolak bete behar dituen jarduera formalak burutzeko, denbora antolatua behar du. Antolakuntza hau egunean, astean eta urtean zehar izaten da. Egunean zehar, ikasleak badu sartu eta irteteko ordu bat. Horren baitan, ikasleek eskolak edo lezioak jaso ohi dituzte, irakasgai zehatz bati buruzkoak, edo jarduera jakinak burutzen dituzte. Eskola, lezio eta jarduera hauek ordu erditik ordubetera bitartekoak izaten dira eta horien artean atsedenak izaten dira. Haur eta gaztetxoen kasuan, jolasaldia ere izaten da, non ikastalde guztietako ikasleak jolastokian jolastu edo atseden hartzen duten. Eguerdian, eskola bertako jantokian edo etxean bazkaltzeko pare bat orduko tarte bat izaten da, beste eskola batzuek ordutegi jarraitua izaten badute ere, goizean goizetik eguerdira arte.

Irakasgai eta jardueren araberako denbora-antolaketa horrek eragozpen nabariak ditu: lan erritmoa eta ikasketa-prozesuak eten egiten ditu, ikasleak zer eta noiz ikasteko askatasuna kenduz. Hain zuzen ere, denborari gizatiar-izaera kendu eta erlojuaren mendean jartzen da. Praktikan, arreta handiagoa eta txikiagoa eskatzen duten irakasgaiak txandakatzen badira ere, alternatiba moduan jarduerak eta ikasgaiak bateratzea edo eskola denboraren zati bat ikasleek beraiek antolatzea proposatu da, ikasleak osotasunez eta askatasunez ikas dezan. Ikasteko jarduerak bukaturik, eskola hezkuntza langileen beste zereginetarako eta gurasoekiko bilkurak egiteko ere irekita egon behar dira. Eguneko zikloa astelehenetik ostiralera errepikatzen da gehienetan, jai-egunak gorabehera. Bestelako eskola-asteak ere badaude: Frantzian, adibidez, haurrak ez dira asteazkenetan eskolara joan izan eta bai ordea larunbat batzuetan, astea arinagoa egiteko asmoz. Ordutegiari dagokionean, herrialde batetik bestera aldaketak izaten dira, klima eta ohiturak zein diren (bazkalordua eta musulmanen ostiraletako otoitza, esaterako). Nolanahi ere, eskolako denboraren ezaugarri nagusia mugatua eta arautua izatea da: bere zurruntasunak ikasle bakoitzaren erritmoa hautsi eta ikasteko prozesuaren bizitasuna kolokan jartzen du [11]. Eskola ondoren, haurrak egin behar zituen eskolaz kanpoko jarduerak (kirola, klase partikularrka, hizkuntzen ikasketa) haurraren hipereskolatze bat sortzen dutela kritikatu da, haurrarentzat hain garrantzitsua den jolaserako denborarik uzten ez duelako.

Eskolako urtea ikasturtea da eta irailaren hasieratik ekainera edo uztailera bitartean luzatzen da ipar hemisferioko eskoletan. Ikasturte batetik bestera udako oporraldiak izaten dira. Hego hemisferioan, berriz, udako oporraldiak abendu hasi eta otsail edo martxora bitartean izaten dira, hango uda garaiarekin bat etorriz. Ikasturtean zehar ere opor txikiagoak izaten dira, hala nola eguberri, negu eta udaberri garaian. Udako oporraldiak luzeegiak izatea kritikatu izan da, haurrak eskolako jarduerak guztiz baztertu eta hurrengo ikasturtean berriz ere eskolan hastea gogorra egiten zaiolako. Ildo horretatik, ikasturtea luzatu eta oporraldi ugariagoak eta txikiagoak egiteko proposamenak daude [12]. eta ikasturte batetik bestera eskolarik gabeko udako oporraldiak izaten dira. Ikasturtean zehar dauden eskola-egun eta jai-egunen programazioak, ebaluazio-datak ere zehazten dituena, eskola egutegia da. Gehienetan ikasleak gainditu behar dituen mailak bat datoz ikasturtean ikasitako gai multzoarekin. Ikasturteko gaiak behar bezala ikasten ez badira, ikasleak ikasturtea errepikatu egin behar izaten du.

Eskolako denboraren antolaketak eta zatiketa kritika zorrotzak jaso ditu. Horren arabera, eskolako denbora lineal eta homogeneoak ikaslea beti zerbaitetan aritzea eskatzen du (orain arbeletik kopiatu, gero ariketa egin, ...) eta ahalik eta lasterren gainera. Denbora produktiboa izan behar da, beraz. Jolas-orduak eta bestelako atsedenak ondorengo produkzioa ziurtatzeko besterik ez dira ematen. Denbora sailkatzeko ere erabiltzen da, haurrak adinaren arabera mailakatuz, produktibitate hobezin baten bila betiere. Denbora behar bezala aprobetxatzen duenari, gainera, alperra deitzen zaio. Halatan, azken xedea askatasunik gabeko pertsona otzanak sortzea da, boterearen mesedetan [8].

Eskolaren antolakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola hezkuntza sistemaren parte bat da eta aldi berean sistema bat osatzen du bere baitan, irakasleak eta ikasleak, jakintzagaiak, ikasketa eta beste jarduerak batera antolatuz. Horrela, alde batetik estatuaren aginpideari jarraitu behar dio, baina bere baitan antolakuntza ere behar du. Hezkuntza sistemaren atal moduan, eskolaren autonomia eta hezkuntzaren deszentralizazioa gai garrantzitsuak dira. Antzinako hezkuntza sistemetan, eskolak guztiz estatuaren kontrolpean izatea ohikoa bazen ere, egun baliabideak erabili, praktika pedagogikoak eta, neurri batean, curriculumak garatzeko eskumena ematen zaie eskolei herrialde aurreratuetan, eskolako eragileen ekimena bultzatu eta hezkuntza hobetu eta eskolen aniztasuna ere bultzatuz. Beste alde batetik, estatuek eskola arautu eta kontrol burokratikoa ezartzen dute, aukera berdintasuna bermatu eta hezkuntza eskubidea ziurtatzeko. Bi joeren arteko oreka lortzeko, eskolaren beraren ebaluazioa erabili da, eskolak bere autonomiaren egintzan lortutako emaitzak kontrolatuz[13].

Eskola barneko antolakuntzan, zuzendariak eskolako kanpo harremanak (hezkuntza administrazioarekin, gurasoekin) eta barneko funtzionamendu orokorra (arlo ekonomikoan eta akademikoan) kudeatzen ditu. Zuzendariaren mendean, ikasketa-buruak irakaskuntzaren eguneroko koordinazioa eta kontrola egiten ditu. Idazkaria administrazio, artxibo, ziurtapen eta arlo ekonomikoaren ardura izaten du. Horretaz gainera, eskola kontseilua, Espainian, edo antzeko batzorde batek beste herrialdeetan, eskolako erabaki gorenak hartzen ditu, bere autonomia eta eskumenen alorrean betiere [14]. Eskola-kontseiluan eskolako eragile guztiak daude ordezkaturik: irakasle, ikasle, guraso eta bestelako langileak. Aldian behin biltzen den irakasleen klaustroak eskolako irakasleak biltzen ditu eta irakaskuntza planifikatu eta koordinazioaren ildo nagusiak zehazteko ardura dauka. Legez ezarritako antolakuntza honen parean, bestelako kudeaketa-proiektuak ere gara daitezke eskolaren baitan, bere autonomiaz baliatuz. Ikas komunitateak osa daitezke hezitzaileen artean eta eskola bere ingurunera ere zabal daiteke, gurasoek eta, orohar, gizarteak ere eskolan parte har dezaten.

Eskola eta informazio eta komunikazio teknologiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrikitan garatutako IKT informazio eta komunikazio teknologiek haurren ikasketa, irakasleen lana eta eskolaren kontzeptua bera aldarazi ditu modu kualitatiboan. Informazio aberatsa eskuratu, interaktibitatea eta komunikazioa erraztu eta informazioa, datuak eta kalkuluak prozesatzeko sekulako ahalmena eskaintzen dute teknologia hauen aurretik zegoen eskolako baliabideen aldean. Teknologia hauek baliatzeko, hezkuntza administrazioek eskoletan informatika-gela bereziak prestatu eta, kasu batzuetan, ikasgeletan ikasle bakoitzaren eskuetan ordenagailu bat jarri ere egin du. Hezitzaileen artean, iritzi orokorra da IKT izeneko teknologiak hezkuntza hobetzeko aukera bat eskaintzen dutelako, eta ez soilik bertan daudelako, aplikatu behar direla. Hala ere, teknologiek ez dute berez eskolako hezkuntza hobetzen. Ildo horretatik, hezkuntzan aplikatzerakoan, teknologia horien erabileraren planifikazio zehatz bat burutzea eskatzen da, edukiak teknologia hauek ahalbidetzen duten ikaslearen erritmo eta ikasketa autonomora egokituz. Hori dela eta, nabarmendu egiten da irakasleak eskola tradizonaleko metodoak baztertu eta ikasketa konstruktibistaren alde egin beharko lukeela, teknologia hauek hezkuntza hobetuko badute, eta horrek irakasleen trebakuntza handiagoa eskatzen du.

Teknologia hauek ikaslearen autoikasketa eta etxeko eskolatzea erraztu eta, azken finean, irakaslearen lana eta eskolaren baliagarritasuna ere kolokan jartzen dutela aipatu da. Ildo horretatik, teknologia hauen arriskuak eskola harreman-toki moduan ahultzea eta ikaslea bere ikaskideengandik ere ikastea da. Nolanahi ere, XXI. mendearen hasieran bide luzea geratzen da IKT izeneko teknologiak mundu osoko eskolen eskura jarri eta tresna arrunta izan daitezen. Herrialde pobreetan teknologia hauen sarrera eskoletan oso mugatua da oraindik eta halatan, herrialde aberats eta pobreen artean hezkuntza-muga berri bat altxatzen da. Eskolaren dependentzia teknologikoa areagotzeko arriskua ere nabarmendu da [15][16].

Eskola mailaz maila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, haurraren eskolaratzea gehienetan 6 urterekin hasten bazen ere, gero eta lehenago hasten dira egun haurrak eskoralatzen, gurasoen lan-beharrak direla eta. Haurtzaindegietan 0-3 urteko haurren hezkuntza eta zaintza garatzen da. Espainian, haur hezkuntza mailak 0-6 urteko haurrak hartzen ditu, hiru urteko bi zikloetan (0-3 eta 3-6): hiru urtetik aurrera haur hezkuntza publikoa doakoa da [17] eta lehen hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeetan bertan eskaintzen da gehienetan. Maila honetan helburuak haurrak bere gorputza ezagutu eta kontrolatu, ingurunea behatu, besteekiko bizikidetza landu eta musika, erritmo eta mugimenduak, irakurketa eta idazketan hasten dira, gehienetan haur jolasaren bitartez. Eztabaida bizia dago haurrak 6 urte baino lehen irakurtzen eta idazten ikasi beharko lukeen: batzuek 2 urterekin haurra irakurtzen eta idazten ikasteko gauza den bitartean dioten bitartean[18], beste batzuek irakurketa eta idazketa goizegi ikastearen arriskuei buruz ohartarazten dituzte [19]. Haur eskola hauetan ikasgelako haur kopurua lehen eta bigarren hezkuntzako ikasgeletan baino txikiagoa da, gehienetan 5-15 haur irakasle edo begirale bakoitzeko.

Lehen hezkuntza 6 urtetik 12 urtera luzatzen den hezkuntza maila da, Euskal Herria osoan, Iparraldean zein Hegoaldean, sei ikasturte hartuz. Munduan zehar ere antzeko iraupena eta adin-tartea biltzen du. Derrigorrezkoa izaten da eta doakoa ikastetxe publikoetan. Gehienetan, haur-hezkuntza eskaintzen duten eskolek lehen hezkuntza ere eskaintzen dute. Haur hezkuntzan haurra jolasean aritu bada ere, maila honetan jakintza arloen arabera banatuko bere ikas-ordutegia eta ikas-lana egin beharko du. Hizkuntza landu (ulermena sendotuz eta lexikoa aberastuz, ortografia eta gramatika ikasiz, idazmena jorratuz), matematika aritmetika ikasiz (batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak) eta ingurunea (gizartea eta zientzia) ulertuz. Soinketa eta arlo artistikoa ere jorratuko dira. Antzinean, atzerriko hizkuntza bigarren hezkuntzan ikasten hasten bazen ere, egun lehen hezkuntzatik bertatik (eta lehenago batzuetan) hasten da. Ikaslearen ebaluazioa jarraitua da eta bigarren hezkuntzan ez bezala kalifikazioak kualitatiboak izaten dira, ikasleak curriculumak ezarritako gaitasunak eta eskuduntzak bereganatu dituen adieraziz [20]. Hezkuntza maila honetan, ikasgelako haur kopurua handiagoa izaten da eta haur hezkuntzak haurrak ikasgelan mugitzeko askatasuna bazuen ere, estatu-eskola gehienetan haurrak dagokion eserlekuan eserita egon behar du, aurrean mahai bat duela, irakasleak emandako azalpenei adi.

Bigarren hezkuntzak, oro har, lehen hezkuntza bukatu eta unibertsitate mailako ikasketak burutu bitarteko hezkuntza aldia biltzen du. Hego Euskal Herrian, ordea, DBH edo derrigorrezko bigarren hezkuntza 12-16 urte bitarteko hezkuntza-adia hartzen du, ondoren Batxilergora (eta hortik unibertsitatera) edo Lanbide Heziketara iragateko. Bigarren hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeek lehen hezkuntza eta haur hezkuntza ere eskaintzen dituzte kasu askotan, baina eskola publikoetan ohikoa da bigarren hezkuntzarako eskola bereziak izatea (institutu izenekoak, Hego Euskal Herrian eta collège eta lycée edo lizeoa, Iparraldean). Bigarren hezkuntzako helburuak ikasleak kulturaren oinarrizko elementuak eskuratzeaz gainera, lan mundurako prestakuntza hastea, ikas-lana garatuz eta ikasleak hautazko irakasgaiak aukeratuz. Herritar moduan bere betebehar, erantzukizun eta eskubideen berri ematea ere curriculumenko arlo garrantzitsua izaten da hezkuntza aldi honetan[21]. Haurrek eskolan garatzen duten erasokortasuna hezkuntza maila guztietan gertatzen bada ere, bigarren hezkuntza mailan, nerabezaroarekin batera, agertzen da indar eta krudeltasun handiagoz [22].

Biolentzia eskolan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Francisco de Goya margolariaren La letra con sangre entra ("Letra odolez sartzen da") margolana. Zigor fisikoak ohikoak izan dira eskolaren historian.

Gizarte erakunde denez gero, biolentzia ere agertzen da eskolako jardueran. Haur eta gazteekin lan egiten duen erakundea izanik, gainera, eskolako biolentziak gizartearen ardura piztu eta hedabideen arreta erakarri du. Iritzi orokorra da, ordea, biolentzia ez dela ikastetxean bertan sortzen, gizartean baizik. Baina eskola gizartearen isla den erakundea ere bada eta, beraz, eskolako botere eta mendekotasun-egiturek eta lehia-helburuek ezinegona eta frustrazioa sortu eta biolentziarako bidea zabaltzen dute. Halatan, eskolako biolentzia biolentzia estruktural baten ondorioa besterik ez litzateke izango. Ohartu behar da, gainera, eskola ikasleentzat 16 urte bete arte derrigorrez joan behar duten instituzio bat izaten dela, haurrak aurretik hertsatuz. Eskolako biolentziaren beste ezaugarri bat bere aniztasuna da, eskolan batera diharduten kolektiboen aniztasunarekin bat: ikasleen arteko biolentzia eta eskola jazarpena edo bullying, irakasleak ikaslearengana egin dezakeen biolentzia, ikasleak irakaslearengana egin dezakeena eta irakasle-gurasoen arteko biolentzia. Beste alde batetik, diziplina ere eskolak inposatzen duen beste biolentzia mota bat izaten dela, eskolako arauek definitu eta zigorraren bitartez inposatutakoa.

Eskolako diziplina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Don Manuel Arresek - irakasleak - euskaraz hitz egiten harrapatzen zuen ikasleari eraztuna jartzen zion; eraztun hori ikaslez ikasle pasatzen zen, hutsegiteak egin ahala; gu, orduan, beldur ginen eraztuna poltsikoan zuen ikaskidearengana hurbiltzeko, izan ere, ikaskide hori nahita euskaraz mintza baitzitekeen gurekin, guri hutsegitea eginarazteko eta zoritxarreko eraztun hori guri emateko; eraztuna zuenari ihes egiten genion; gauzak horrela, eraztunak helburu bikoitza betetzen zuen: eraztuna zuenari bakarrik sentiarazten zion, ikaskideak beregana hurbiltzeko beldur baitziren, eta bestalde, egurra jasotzeko beldurra ere hor zegoen, asteburuan eraztuna zuena zigortuta geratzen baitzen[23].

Eskolako hierarkiak irakaslea ikaslearen gainetik dagoela eta, beraz, ikasleak obeditu egin behar duela ezartzen du kasu gehienetan. Halatan, ikaslearen desobedientzia dagoenean, ikaslea zigortu egiten da. Eskolako autoritarismoa eta diziplina-sistema zorrotzek hezkuntzaren helburu nagusia kolokan jartzen dutelako iritzia nagusi da, ordea, hezitzaile eta pedagogoen artean [24], zigorrak epe laburreko irtenbidea, arazoa areagotu eta ikaslearen jokabidearen jatorria, askotan eskolaz kanpokoa, kontuan hartzen ez duelako. Utzikeria ere, beste muturrean, ez da irtenbidea izan behar eta ikasleak beste ikasleekin, irakaslearekin eta eskolako jardueran dituen arazoei heldu behar zaie, ikasleek eskolan jokabide desegokiak eta askotan onartezinak (beraiek ere indarkeria erabiliz) izaten baitituzte. Halatan, ikaslearekin, gurasoekin eta hezitzaileekin arazoaren jatorria eta konponbidea aztertzea beharrezkoa izaten da, arazoaren azken irtenbidea gizartean edo familian kokatzen bada ere.

Historian zehar ikasleei egindako zigor fisikoak eta umiliazioak ohikoak izan dira. Horien jatorria XVIII. mendean kokatzen dira, Michel Foucault filosofoak aztertu zuenez [25], kartzela, ospitale eta bestelako erakunde diziplinarioekin batera. Helburua haur eta gazteak moldatu eta kontrolatzea, gaizki produktiboak bihur daitezen. Euskal Herrian, gainera, euskara eskolan erabiltzeagatik egindako errepresioa da ezaguna, eraztunaren bitartez, besteak beste. Egun, helburu horrek kasu askotan indarrean jarraitzen badu ere, zigor fisikoak debekaturik daude herrialde askotan. Euskal Herriari dagokionez, Espainiako legeak zigor fisikoa debekatzen du 2007az geroztik; Frantzian berriz ez dago debekaturik[26]. Zigor fisikoak baztertzen diren bitartean, hain agerikoa ez den biolentzia ere burutzen du eskola eta irakasleek: hitzezko umiliazioak (ikasgaiak behar bezala ez badakizkite, beste ikasleen aurrean nabarmen uztea ohikoa da oraindik ere, zoritxarrez, irakasle zenbaiten aldetik), azterketen bitartez ikasleak sailkatu eta behar bezalako errendimendua ez dutenak baztertu (gurasoei "ez doa ondo" esanez edo ikaslea "kurtsoa errepikatzera" behartuz) eta ikasle "onak" goraipatu egiten dira. Diziplina gogorra laxatzen doan arren, ikaslearen kontrola areagotu egiten dela esan daiteke, ikaslearen hezkuntza-ibilbidea une oro zuzenduz.

Eskola jazarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Eskola jazarpen»

Unetik unera ikasleen artean gerta daitezkeen eraso eta liskarrez haraindi, larritasun berezia sortzen du ikasleen aurka beste ikasleek burutzen duten jazarpen eta eraso jarraituak, fisikoa zein psikologikoa, ikasle batek edo ikasle batek erasotuarekin duen mendekotasun-harremanaz baliatuz. Eskola jazarpen edo bullying deritzo biolentzia mota honi eta biolentzia fisikoa, hitzezkoa (irainak, ezizenak, ikaslearen lepotik egindako txisteak) zein emozionala (txantajeak, bazterkeria) barnehartzen ditu. Biktima babesik gabe geratzen da erasotzaileek erakutsitako botere eta indarkeriaren aurrean eta estutasun eta batzuetan depresioa ere pairatzen dute; autoestimu eskasa eta harremanetarako arazoak jasan eta bizitza osorako ondorioak ekar ditzake; kasu batzuetan, biktimaren suizidioaz ere bukatu da eskola jazarpena. Estatistika fidagarriak zehaztea zaila bada ere, ikasleen %3ek eskola jazarpena jasotzen dutela zenbatetsi da eta munduko eskola guztietan gertatzen da, mutilen artean nesken artean baino gehiago gertatzen dela jaso bada ere. Arazoa hautematea ere zaila izaten da, biktimek jazarpena ezkutatzeko joera izaten baitute. Prebenitzeari begira, gurasoekiko komunikazioa garrantzitsutzat jotzen da arazoa hautemateko batez ere eta eskolako eragileek gaia ikasleen artean lantzea ere garrantzitsutzat jotzen. Batez ere, "haurren gauzak" direla aitzakiapean arazoa ez da estali edo gutxietsi egin behar.

Eskola egunak munduan zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aneren lehenengo eskola eguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Honako testu hau errealitatean oinarrituriko fikzioa da eta gaiari buruzko azalpenak beste ikuspuntu batetik ematea du helburu.
Ni Ane naiz, ezkerrean dagoen lehen neska. Lehenengo eskola egunean oso ondo pasa nuen!

"Ane dut izena eta hiru urte ditut. Gaur amak inoiz baino lehenago jaikiarazi nau. Eskolara joan behar naizela esan dit. Orduan ez nintzen gogoratzen, baina, orain bai, gogoratzen dut nola aurreko etengabe aritu zaidan eskolako kontuak direla eta. Gosaria azkar hartu, bainatu, inoiz baino hobeto orraztu, lehengo astean erositako arropa politak estreinatu eta nik aukeratutako motxila egokitu dit bizkarrean. Hau estresa! Bitartean, eskolan zeinen ongi pasa behar dudan, lagun asko egingo ditudala eta gauza asko ikasiko ditudala esan dit. Eskola joan behar naizen egun guztietan erretolika hori ez errepikatzea bakarrik espero dut. Ni enago oso konbentzituta, ama horrela hasten den guztietan, beti zerbait txarra gertatzen baitzait, sendagilearengana txertoa jartzera joan behar izan genuen hartan edo aita eta amaren lagunekin jatetxe batera joanda txitxi nazkagarri hori jan behar izan nuenean. Pozik nago motxilarekin, koloretsua da ta. Amak, gainera, jateko gauza goxoak jarri dizkit barruan. Eskolarako bidean, Laura nire lagun eta bere amarekin topatu gara. Gure amak hizketa bizian hasi dira eta nabaritzen zaie urduri daudela. Laura beste eskola batera doala uste dut, baina nire motxila berea baino politagoa da. Norekin jolastuko dut Laura beste eskola batera badoa? Abiatzen gara berriz ere, amak tiraka egiten dit eskutik, azkarregi goaz, amaaaaa! Eskolara hurbiltzen ari gara. Ai, ama! Ez dut joan nahi. Haur asko daude, baina ez dut inor ezagutzen. Haur batzuk negarrez ari dira, eskolara sartu nahi ez dutelako. Amak lasai egoteko, bera denbora guztian nirekin egongo dela esaten dit. Ama gelditu gabe eskola barrura sartzen da eta korridore batean zehar narama. Gela batera heltzen gara. Hara! Zeinen polita, paretetan marrazkiak daude (bada, amak ez dit uzten etxean horrelakorik egiten!) eta jostailu pila. Mahai eta aulki txikiak ere bai. Andre bat gugana dator eta ama agurtu egiten du eta gero nire izena galdetzen dit: Ane, esaten diot. Bera Amaia dela esaten dit eta nire andereñoa dela gaineratzen du, irrifartsu. Beste haurrak nahi ditudan ezagutu esaten dit eta belauniko jarrita beste haurren izenak hasten da esaten: "Hau Mikel da, hau Irati, hau Naiara, ...". Egia esan, berehala ahazten zaizkit. Jolastu nahi dudan galdetzen dit eta nik ezetz, margotu nahi dudan galdetzen dit orduan eta hori baietz, margotzea atsegin baitut. Eskutik goxo heldu (ez amak bezala) eta mahai txiki batera eramaten nau, bertan margo asko daude eta paperak. Atzera begiratzen dut ama hor dagoen ikusteko, eta bai, hortxe dago, irribartsu eta niri begira. Hasten naiz margotzen, baina, noizean amari begiratzen diot eta beste ama batzuekin eta andereñoarekin hizketan ari dela ikusten dut. Enau engainatu, beraz. Hemen geratu behar du. Haur bat hurbiltzen zait eta nirekin batera margotzen hasten da, zer margotzen ari naizen galdetzen dit. Etxe bat egiten ari naizela erantzuten diot. Berak, mendi bat egingo duela esaten dit. "Zure ama zein da?" galdetzen dit. Ama seinalatu eta berak berea nire amarekin hizketan ari dena dela esaten dit. Halako batean, beste haurrak koloretako pilotekin hasten dira jolasten. Pila daude! Goazen gu ere!. Hau kaleko parke bat bezala da, baina gauza gehiagorekin. Zeinen ongi! Ez dakit zenbat denbora pasa den, baina amak errekadu batzuk egin behar dituela eta laster etorriko dela esaten dit. Bale! Hau amarekin dendaz denda ibiltzea baino hobea da ta! Jolastu eta jolastu egiten dugu eta andereñoa ere gurekin jolasten da. Abesti bat eta dantza bat ere erakutsi dizkigu. Hamaiketakoa hartu ondoren, andereñoak Iratiren urteak direla esan eta tarta ateratzen du. Zorionak zuri abesten diogu. Ama itzuli da. Etxera joan behar dugula esaten dit. Ia?. Hiru ordu pasa direla esaten dit. Bihar berriz ere etorriko garela esaten dit. "Nahiko al duzu?" Bai, noski!".

Bernardinok eskolara joan nahi du

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Honako testu hau errealitatean oinarrituriko fikzioa da eta gaiari buruzko azalpenak beste ikuspuntu batetik ematea du helburu.
Bernardino naiz, ezkerrean, Abigail nire lagunarekin eskolan. Meategiko lanean elkarrekin eta eskolan ere elkarrekin gaude, baina eskolan hobeto pasatzen dugu.

"Bernardino dut izena eta 11 urte ditut. Potosi eskualdeko Sumaq Urqu edo Cerro Ricon bizi naiz, Bolivian. Nire aita meatzaria zen, baina orain dela bi urte hil zen, meategian izandako istripu batean. Eskolara joaten nintzen orduan, baina etxean dirurik gabe geratu ginen eta amak lanean hasi behar nuela esan zidan. Pozik joaten nintzen eskolara. Eskola txikia zen, eta ez zen hiri handian behin ikusi nuen eskola bezalakoa, zorua lurrezkoa da eta denentzako eserlekurik ez zegoenez, aulki batean bi haur egoten ginen askotan, batak besteari enbarazo eginez. Maisuak irakurtzen eta idazten irakatsi zigun, baina geroztik ahaztu egin zait asko. Meategian lan asko egiten dut. Orain dela gutxi, lan egiten dugu haurrentzat eskola bat zabaldu dute, eskolak arratsaldez ematen dituena. Horrela behintzat lan egin eta eskolara joan naiteke. Amak batzuetan anai-arreba txikiak zaindu behar ditudala eta etxean geratzeko esaten dit, ordea. Batzuetan, meategietako hautsa biriketara sartu, gaixotu eta denbora luzean eEskolara joaten naizenean ere, ezin naiz guztiz ikasketetan kontzentratu, oso nekatuta egoten bainaiz. Maisuak ikasi egin behar dugula dio, meategietatik ateratzeko. Berak asko daki, munduan asko ibilia da eta oso urrutitik etorri da, ozeanoz bestaldetik berak esan digunez, eta esaten duena egia izango da. Ni ilusio handiz joaten naiz, itxaropena baitut egun batean, mediku edo irakasle izango naizela eta nire familiari lagunduko diodala. Eskola ez da lehenengo eskola bezalakoa, denok daukagu mahai bat eta aulki bat eta denontzat ordenagailu bat ere badago. Bertan, gauza asko ikasten ditugu, jolasten aritu bagina bezala. Gainera, eskola batzuk ketxuaz egiten ditugu, nire aiton-amonek egiten zuten hizkuntzan. Etxean ere badakigu, baina gero eta gutxiago erabiltzen dugu. Maisuak esaten du saiatuko dela datorren urterako internet sartzen ordenagailuan eta orduan munduko gauza asko ikasiko ditugula eta beste tokietako haurrak ezagutuko ditugula horrekin. Ea lortzen dugun.".

Harukiren arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Haruki naiz, ezkerreko mutila. Ikusten denez, soinketan ere zorrotza gure eskola.
Honako testu hau errealitatean oinarrituriko fikzioa da eta gaiari buruzko azalpenak beste ikuspuntu batetik ematea du helburu.

"Haruki dut izena eta 16 urte ditut. Japoniako Yokohama hirian bizi naiz nire gurasoekin. Ez dut anai-arrebarik. Bigarren hezkuntzako ikastetxe batera joaten naiz ikastera. Bertan bigarren urtea egiten ari naiz eta orain bi urte barru unibertsitatera sartzeko prestatzen ari naiz. Gurasoek nik medikuntza ikastea nahi dute, baina ez dut batere garbi. Egia esan, ikasteari utzi nahi diot, ezin baitut gehiago. Eskolarekin nazkatuta dago aspalditik, baina beldur naiz gurasoek zer esango duten. Goizeko 6etan jeikitzen naiz eta atera baino lehen korrika eta presaka aritzen naiz nire burua prestatzen eta egunean beharko ditudan liburuak eta koadernoak motxilan sartzen. Gero metroa hartu behar dut, nire eskola hiriaren beste muturrean baitago. Nire gurasoek han matrikulatu ninduten, eskola pribatu horretan ikasleak hobeto prestatzen omen baitituzte unibertsitaterako. Bertan sartzeko azterketa prestatzeko hilabeteak pasa nituen asteburuetan etxean sartuta ikasten. Mutilak bakarrik joaten gara eskoal horretara. Eskerrak metroa garaiz ibiltzen den, bestela askoz ere goizago jeiki beharko nintzateke, eskolako zuzendariak ez baitu inolaz ere onartzen inor berandu heltzerik. Gelara sartu, uniformea apaindu eta irakaslea sartzearen zai geratzen gara zutik. Irakaslea sartzen denean, bezperako etxeko lanak entregatzeko eskatzen digu hiruzpalau ikasleri. Ondoren, klasea ematen hasten da, baina irakasle batzuei ez zaie deus ere ulertzen eta galdetu ere ezin diezu egin. Aldamenekoarekin hitz egiten harrapatzen bazaituzte, klasetik kanpora bidali eta oharra bidaltzen diete gurasoei. Eskolak ordubata arte ditugu eta gero, ordubete bazkaldu eta atseden txiki bat hartzeko. Ondoren, beste hiru ordu dauzkagu. Bi egunero, azterketa bat izaten da eta notak biharamonean ateratzen dira, ikasleak nota handienetik nota txikienera sailkaturik agertzen dira eta erditik behera daudenei gutxiesten hasten dira irakasle zenbait, ez dugula ezertarako balio, kaleak garbitzen bukatu behar dugula eta abar. Azken aldi honetan notetean beheraka noa eta behin baino gehiagotan egokitu zait umiliazio hori pairatzea. Gero, azterketa orokorrak ere baditugu eta horietan huts eginez gero (eta huts egitea onenen artean ez egotea da), akabo unibertsitate on batera sartzeko aukera. Etxera arratsean heldu eta berehala iristen da nire irakasle partikularra. Berari esker, nola edo hala ari naiz kurtsoa aurrera ateratzen. Berarekin, 20.00ak arte egoten naiz, afaldu eta berriz ere ikasi. Burua ia lehertzear daukat, gogaiturik nago, ez baitakit zertarako balio duen horrenbeste gauza buruz ikasteak. Igande arratsaldeetan bakarrik dut libre eta lagun batekin joaten gara zinemara. Bera antzeko beste eskola batera joaten da eta lehengo astean bere gelako mutil bat bere buruaz beste egiten saiatu zela kontatu zidan, irakasleak eta beste ikasle batzuek etengabe mespretxatu egiten zutelako."

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Marrou, Henry-Iréneé. (1985). Historia de la educación en la antuigüedad. , 28-31 or..
  2. (Gaztelaniaz) Marrou, Henry-Iréneé. op. cit.. , 58-69 or..
  3. (Gaztelaniaz) Fernández Enguita, Mariano. (1999). ¿ES PÚBLICA LA ESCUELA PÚBLICA?. ..
  4. Kultura- eta historia-egitate moduan, ordea, irakatsi egiten da erlijioa eskola laikoetan.
  5. (Gaztelaniaz) Murillo García, José Luis. (2007). ¿Existe la escuela rural?. .[Betiko hautsitako esteka].
  6. (Gaztelaniaz) CEPAS, PESTALOZZI ECUADOR, 2010-10-18an kontsultatua.
  7. Buján Vidales, Karmele; Aramendi Jauregi, Pello. (2005). Eskola antolaketa. , 83-86 or..
  8. a b (Gaztelaniaz) Orbelli, Alejandro Raúl. (2008). EL CUERPO EN LA ESCUELA ENTRE EL CASTIGAR Y VIGILAR. .. Kritika hau Michael Foucaulten pentsamenduan kokatzen da.
  9. (Ingelesez) Achilles, C. M.. (2003). How Class-Size Makes a Difference: What the Research Says. The Impact of Class-Size Reduction (CSR). ..
  10. (Ingelesez) Ballantine, Jeanne H.; Spade, Joan Z.. (2007). Schools and society: a sociological approach to education. , 86-95 or..
  11. (Gaztelaniaz) Soto, Encarna; Díaz, Lola. (2003). «El tiempo en la escuela:una tenaza invisible» Kikirikí. Cooperación educativa. (69)..
  12. (Gaztelaniaz) Los expertos creen que el calendario escolar no es el más adecuado para los niños, lavanguardia.es, 2008-06-19.
  13. (Gaztelaniaz) Calero, Jorge. (2010). «¿Autonomía de las escuelas?» publico.es..
  14. (Gaztelaniaz) El consejo escolar: funciones[Betiko hautsitako esteka], 2010-10-15ean kontsultatua.
  15. (Gaztelaniaz) TIC, educación, sociedad: uso crítico, 2010-10-21ean kontsultatua.
  16. (Gaztelaniaz) Las TICs: Multimedios y tecnologia de información en la educación, 2010-10-21ean kontsultatua.
  17. Haur-hezkuntza[Betiko hautsitako esteka], Gobierno de España, Ministerio de Educación, 2010-10-18an kontsultatua.
  18. (Gaztelaniaz) Corral Villascastín, Ana María. (1997). «El aprendizaje de la lectura y escritura en la escuela infantil» Didáctica.[Betiko hautsitako esteka].
  19. (Gaztelaniaz) Sin leer ni escribir hasta los seis, www.elpais.com, 2009-10-29.
  20. Lehen hezkuntza[Betiko hautsitako esteka], Ministerio de Educación, Gobierno de España, 2010-10-20an kontsultatua.
  21. Lehen hezkuntza[Betiko hautsitako esteka], Ministerio de Educación, Gobierno de España, 2010-10-20an kontsultatua.
  22. (Gaztelaniaz) Cornellà i Canals, Josep; Llusent i Guillamet, Àlex. (2005). «Agresividad y violencia en el niño y en el adolescente» Sociedad Española de Pediatría Extrahospitalaria y Atención Primaria.[Betiko hautsitako esteka].
  23. Joxe Miel Barandiaranek Martin Ugalderi 1974an kontatutakoa.
  24. (Gaztelaniaz) Alva Cabanillas, Edwin. (2006). AUTORITARISMO EN LAS ESCUELAS: "METODO INEFICAZ DE ENSEÑANZA Y DE CONTROL DE LA DISCIPLINA EN LAS ESCUELAS". .
  25. Ikus bere (Frantsesez) Surveiller et punir ("Zaindu eta zigortu") liburua.
  26. (Ingelesez) Global progress towards prohibiting all corporal punishment, 2010-10-09an kontsultatua.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: eskola .