Gernikako bonbardaketa
Gernikako bonbardaketa | |||
---|---|---|---|
Gerra Zibila | |||
Euskal Herriko frontea | |||
Gernikaren hondarrak | |||
Data | 1937ko apirilaren 26a | ||
Lekua | Gernika-Lumo (Bizkaia) | ||
Koordenatuak | 43°19′N 2°40′W / 43.32°N 2.67°W | ||
Emaitza | Hiriaren suntsipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Gernikako bonbardaketa 1937ko apirilaren 26an Gerra Zibilean Gernika hiriak (Bizkaia) pairatutako hegazkin-erasoa izan zen. Erasoak zibilak sarraskitu zituen, eta hiria suntsitu: eraikinen % 1 baizik ez zen zutik geratu. Luftwaffe naziaren Kondor Legioa eta italiar faxisten Aviazione Legionariako hegazkinak izan ziren erasotzaileak. Operation Rügen (euskaraz: "Rügen operazioa") izenekoan, hildakoak, azken ikerketen arabera, 2000tik gora izan ziren,[1] kopuru askoz txikiagoak ere eman izan diren arren:[2] 126 herritar.
Mendebaldeko herrialdeen begietara, Gernikakoa Luftwaffek egin zezakeen terrore bonbardaketaren adibidea izan zen, eta halako ekintzak egiteko prestatuta zegoelako froga zen.[3] Bonbardaketa Pablo Picassoren gerraren aurkako margolan famatuaren gaia izan zen.
Gernika Bizkaian eta Euskal Herrian sinbolo inportantea izan da, bai bonbardaketa gertatu baino lehen eta baita bonbardaketa izan eta gero ere. Ohituraz, Bizkaiko Batzar Nagusiak bertoko harizpean elkartu izan dira, horiek 1876tik aurrera desegin baziren ere.
Politikoki, Gernika ikurra ere bazen, Bizkaiko foru-eskubideen etxetzat hartzen baitzen. Gerra Zibileko alde bietan zeuden Jeltzale zein karlistek eskatzen zuten foruen berrezarpena euskal herrialdeetan[4].
Orduko egoera militarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1937ko udaberrian Emilio Molak zuzendutako armada matxinoak, Nafarroako errekete-tertzioek osatua, Iparraldeko frontea izeneko kanpainia hasi zuen. Saibigainen eta Intxortetan fronte-lerroa hautsi ondoren, matxinoek Bilbo defenditzen zuen Burdin Hesia zuten jomuga. Bonbardaketaren egunean, Gernika leku estrategikoa zen Bilborako bidean Bizkaiko Lur Edegia kontrolatzeko. Abertzaleentzako balio sentimentalaz gainera, Euzko Gudarostearen erretreta-bidean zegoen, Urdaibain, Bizkaiko ipar-ekialdean .
Kondor Legioaren bonbardaketa baino lehen, Gernikak ez zuen borroketan era zuzenean parte hartu. Hala ere, Euzko Gudarosteak 23 batailoi zituen Busturialde ekialdeko fronte-lerroan. Herrian bertan batailoi bi zeuden, baina aire-defentsa estatikorik gabe. Gainera, aire-armadak errepublikarrak bere hegazkinak galdu berriak baitzituen, Euzko Gudarosteak ez zuen babesik zeruan.[5]
Azoka eguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gernikak 5.500 bizilagun zituen erroldatuta une horretan.[6] Gainera, errefuxiatu asko ere hartzen zituen, Bizkai ekialdetik eta Gipuzkoatik heldurik. Bada, guztira, 7.500 pertsona bizi ziren bertan.[6] 1937ko apirilaren 26an astelehena zen, azoka eguna Gernikan. Ohikoa legez, Busturialdeko baserritar eta erosle asko Gernikara joatekotan ziren, salerosketak egiteko.
Astelehen jakin hartan azoka egin zen ala ez gai eztabaidatua da historialarien artean. Alde batetik, Euzko Jaurlaritzak bonbardaketa baino lehen azoka guztien debekua agindu zuen errepideetan pilatzeak saihesteko eta jende-multzo handiak murrizteko. Azokak debekatzeko agindua eman izana ukaezina izanagatik ere, bonbardaketa hasi aurretik, Bizkaia osoan dagoeneko zabaldurik zen ala ez duda da. Horrexegatik, historialari gehienek astelehen hura "azoka eguna izango zela" esaten dute.[7]
Babesleku-sarea eta alerta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonbardaketan izandako hildako-kopurua hiribilduan eraikitako babesleku-sareari esker murriztu zen.
Gerra Zibilaren hasieran, Gernikako bizilagunentzat babesleku-sarea eraikitzen hasi ziren, 1936ko uztailaren 22ko Otxandioko bonbardaketak beldurtuta. Castor Uriarte udal-arkitektoa eta garai hartan Gernikan oporretan zegoen Manuel Cabañes ingeniari madrildarra izan ziren proiektuaren zuzendariak. 1937ko urtarrilerako dagoeneko hiru babeslekuk osatutako defentsa-zibil sistema martxan zegoen. hormigoizko lau galeria udaletxeko sotoetan, Santa Maria kaleko etxe batean eta Pasealekuan zeuden. Babesleku publikoez gainera, baziren gutxienez beste zazpi babesleku pribatu zenbait txaletetako sotoetan.
Talleres de Guernica, Cuberterías Jypsa eta Astra, Unceta y Cia S.A. enpresetako eraikinek beren babesleku antiaereoak zituzten. Astrakoak oraindino zutik dirau eta kanoi-ganga itxurako 30 metroko galeria du.
Babeslekuez gain, Gernikako Udal Defentsa Batzarrak garatutako defentsa-zibil sistemak alerta-seinaleen sistema ere bazuen, sistema ikus-soinuduna. Kosnoaga mendiko tontorrean zegoen. Zelatariak bandera gorriak erabiliz, hegazkinak bazetozela jakinaren gainean jarri zuen Santa Maria elizako kanpandorrean zegoen beste zelataria. Horrek eraginda adarrak zituzten herriko industria guztiek jotzeari ekin zioten[8].
Bonbardaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kondor Legioa guztiz armada matxinoaren aginduetara zegoenez gero, bonbardaketa egiteko agindua Salamancako Espainiako armada frankistaren kuartel nagusiak eman zion Wolfram Freiherr von Richthofen oberstleutnantari telegrama baten bidez[9].
Plangintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historialariek bonbardaketaren asmoari buruz egindako galderak 1970eko hamarkadan esplikatu ziren, misioaren komandante eta planifikatzailearen egunkariak argitaratu zirenean. Gernikako erasoa eskualdean matxinoen aurreratze zabalari laguntzeko egin zuten, bertan Emilio Molak hogeita bost batailoi zituelako.
Richthofenek, Gernikako balio estrategikoa eta errepublikarren erretretarako arazoak ulertuz, Renteria auzoko zubiaren eta errepideen aurkako erasoa agindu zuen[10][11]. Zubia suntsituz eta herria bonbardatuz infanteriari lagundu nahi zioten, Markinako errepublikar posizioen aurkako erasoan. Bigarren mailako helburuak ziren errepublikarren trafikoa eta hornikuntza murriztea, eta obra-hondakinak erabiliz, zubiaren konponketa eragoztea.
Helburuak betetzeko, Heinkel He 111 bi, Dornier Do 17 bat, hamazortzi Ju 52 Dreimotoren eta hiru Savoia-Marchetti SM.79 aukeratu zituzten. Bonbardaketarako bonba leherkor goi-ertainak (250 kilokoak), bonba leherkor arinak (50 kilokoak) eta bonba su-eragileak[12] (1 kilokoak).[13] erabili zituzten. Guztira hogeita lau bonbaketariek hogeita bi tonako munizioa erabili zuten[14]. Richthofenek beste bonbardaketa bat ere prestatu zuen apirilaren 27rako, Messerschmitt Bf 109 hegazkinak erabiliko zituena, hain zuzen ere. Richthofenek honela transkribatu zuen agindua apirilaren 26ko bere egunkarian:
« | Aldi bereko hasiera: A/88 eta J/88 bonbardaketa misio askea Markina-Gernika-Gerrikaitz gertuko kaleetan. K/88 (behin Gerrikaitzetik itzulita), VB/88 eta italiarrak Gernikako ekialdeko zubi eta kaleetan (tartean inguruak). Hantxe trafikoa gelditu behar dugu, azkenean etsaiaren aurkako tropa eta hornikuntzaren aurkako erabakia hartu nahi badugu. Vigonek Gernikako hegoaldean dauden kaleak blokeatzeko bere tropak mugitzea adostu du. Arrakasta izanda, etsaia Markina inguruan harrapatuta izango dugu.[15] | » |
Bonbardaketaren bost astinduetako lehendabizikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gernikak jasan zuen lehendabiziko astindua arratsaldeko lau eta erdietan izan zen[14]. Hegoaldetik iritsitako Dornier Do 17 batek hamabi 50 kiloko bonba leherkor bota zituen.
Hiru Savoia-Marchetti SM.79 italiarrak 15:30tan aireratu ziren Soriatik. Haien agindua bigarren astinduan "Gernikako ekialdeko zubia eta kalea bonbardatzea zen, "etsaiaren atzera-egitea blokeatzeko".Haien aginduetan argi eta garbi zegoen herria bera ez bonbardatzea[16]. Iparraldetik hegoalderantz eginiko Gernikatik hirurogei segundoko joaneko pasatze batean, SM.79ek hogeita hamasei 50 kiloko bonba leherkor arin bota zituzten. Vidalek[16] momentu hartan herriaren oinazea "mugatu samarra... eraikin batzuetara murriztua" zela esan zuen, tartean San Juan eliza eta Izquierda Republicanako egoitza.
Hirugarren, laugarren eta bosgarren aginduak gero etorri ziren, arratsaldeko seiak inguruan bukatuak. Hirugarrena Heinkel He 111 batek egin zuen, Corrado Ricci kapitainak zuzendutako bost Fiat CR.32ek lagunduta. Laugarrena eta bosgarrena bi motorreko hegazkin alemaniarrek egin zituzten. Vidalek honako hau esaten du:
« | Aire-erasoak une hartan gelditu izan balituzte, orduan guduaren dardaretatik urrun izandako herri batentzat, zigor jasanezina eta guztiz neurriz kanpokoa izango zen. Hala ere, une latzenak etortzekotan zeuden."[16] | » |
Hurrengo bonbardaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hori baino lehen, eguerdi inguruan, Kondor Legioaren Junkers Ju 52ek Gerrikaitz inguruan bete zuten misio bat. Berriro armatzeko lurreratu eta laster aireratu ziren Gernikako bonbardaketa burutzeko. Iparraldetik hegoalderantz eraso zuten, Bizkaiko golkotik etorrita eta Urdaibaiko norabidea jarraituz.
Kondor Legioaren lehenengo eta bigarren eskuadrila Burgosetik arratsaldeko16:30etan aireratu ziren eta hirugarrena, minutu batzuk geroago. Lutzow eskuadrilako Fiat CR.32 eta Messerschmitt Bf 109Bek Gasteiztik aurrera eman zieten eskolta. Guztira, 29 hegazkin ziren.
Arratsaldeko 18:30etatik 18:45etara, hiru bonbaketari-eskuadrilek Gernika eraso zuten. Formazioa osatzen zuten hiru Ju 52ek 150 metroko eraso-frontea sortu zuten. Aldi berean, eta bonbardaketa iraun bitartean eta hamabost minutu gehiago, Bf 109B eta Heinkel He 51[17] biplanoek kaleak metrailatu zituzten, zibil asko erailtzen[18].
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonbardaketaren amaierako egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonbardaketak defendatzaileen eusteko borondatea txikitu zuen, matxinoen zanpaketa erraztuz. Izan ere, apenas aurkitu zuten erresistentzia apirilaren 29an herria okupatu zutenean[3]. Erasoaldiek ia Gernika osoa suntsitu zuten: suteak eraikinen % 70 guztiz hondatu[8][11] eta beste % 20 nahiko minduta utzi zituen. Suteak Armas Astra-Unceta y Cía eta Talleres de Guernica arma-lantegiak hondatu bazuen ere, apenas ez zuen Batzar Nagusien egoitza eta gertuko haritza ukitu.
Richthofenek helburu nagusitzat adierazitako zubia ez zen ez suntsitua ezta ukitua ere. Horrexegatik huts egindako misiotzat hartu zuten, nahiz eta bonbardaketak anabasak zeharo murriztu zituen Euzko Gudarostearen mugimendua. Bonbardaketa eta hiru egun geroago, apirilaren 29an, herria okupatu zutenean, matxinoek Gernikan sartu eta Santa Maria elizaren fitxategiak erre zituzten: era horretan, hildakoen kontaketa eragotzi zuten. Matxinoen soldadu batzuek Gernikako Arbola ebakitzeko asmoa zutenez, batailoi karlista batek Batzar Nagusietarantz jo eta arbolari omenaldia egin zioten, baita foruen ikur gisan ohorezko guardia jarri ere.
Hala ere, Jaime del Burgo kapitainak zuzendutako erreketeak heldu baino lehen, Tetuango erregularren 1. batailoiko soldadu marokoarrek Gernikako Arbola eta Batzar Nagusiak babesteko goardia jarrita zegoen, Emilio Mola jeneral matxinoak bonbardaketaren berri izatean, suminduta, ikur foralak babesteko agindu zehatza eman zuen eta.[erreferentzia behar] Euskal literaturak galera bat ere izan zuen. Estepan Urkiaga Lauaxeta, EAJren komisario politiko ibili zela, Gernika bonbardatua bisitatzera zeramatzan kazetariekin batera atxilotu eta, Gasteizko espetxera eramana, ekainaren 25ean fusilatu zuten[19].
« | Apirilaren 26ko egun hura egunik tristeentzat daukat gogoan. Orain ez naiz negarrez hasiko, baina, zalantzarik gabe, bizi naizen artean ez dut ahaztuko.
Denda txiki bat genuen, taberna funtzioa ere egiten zuena, eta han hartu zuten ostatu Loiola gudarostekoek. "Bigarren batzokia" deitzen zioten. Guk kanpoan egiten genuen loc edozein tokitan, han gazteak geldi zitezen. Hilabete pasatxoko ume bat nuen nik eta senarra frontean. Astelehena zen. Kanpaien hotsa hasi zen, eta Loiolakoek aterpera bidali gintuzten, udaletxeko plazan zegoen hartara (...). Hamaiketan hasi ziren, eta ez zioten bonbak jaurtikitzeari utzi hirurak aldera arte. Aterpetik txistu hotsak entzuten genituen, eta ondoren leherketak, eta tartean metrailadoreak (...). Bonbardaketa amaitu ondoren, guztia mugituta zegoen (...). Atera nindutenerako iluntzen hasita zegoen. Ez nuen askorik ikusten, baina gogoan dut Urrutia etxekoen aitak heldu ninduela lehenengo, eta negarrez hasi zen. Etxea suntsituta zegoenez, Bilbora eraman gintuzten (...). Alde egin genuenok latzak pasatu genituen, baina han gelditu zirenek (...), gauza jakina da, Gernikan mairuak sartu ziren, eta izugarrikeria latzak egin zituzten. Neska bati..., ez dut izenik esango, ziurrenik familiari ez baitzaio gustatuko. Beste bati..., beno, bestearen izenik ere ez dut esango, bizi da oraindik eta... |
» |
—Juanita Arzanegiren lekukotza, Punto y hora |
Heriotzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biktima eta hildakoen zenbatespenean gorabehera handiak egon dira ikertzaileen artean. Kontuan hartu behar da 40 urtez Francoren diktadurak hor ezer gertatu zenik ukatu zuela. 1975etik, gezurra ezkutatzea ezinezkoa gertatu zenean teoria minimalistak nagusitu ziren, erregimenaren aldeko egileek aipatuta, eta gero atzerriko beste egile batzuek horiek hartu zituzten oinarri, Xabier Irujok bere Gernika liburuan adierazi duenez (2016). Nevadako Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak milaka dokumentu aztertu ditu, eta ez du dudarik 2.000tik gora hildako izan zirela esatean. Andra Mari babeslekuan 450-500 hildako zenbatu ditu, 'bertsio ofizialak' 45 pertsona inguru dioenean.[1]
Raul Arias Ramosek La Legión Condor en La Guerra Civil bere libururako egin zuen ikerketaren arabera, 250 hildako izan ziren; Joan Villarroya eta J.M. Sole i Sabatek España en Llamas. La Guerra Civil desde el Aire bere liburuan dioenez, berriz, 300 hildako.[20] Iturri horiek Stanley Payne edo Antony Beevor bezalako historialariek edota BBC edo El Mundo[21] komunikabideek erabili dituzte. Emilio Molak zuzendutako Nafarroako Brigadek Gernika konkistatu zutenean ez zuten datu zehatzak biltzeko ahaleginik egin. Euzko Jaurlaritzak orduan egindako biktima kopuruen zenbaketaren arabera, gutxienez 1.654 gertatu ziren hilik, eta 889 zauriturik. Ikerketa bakarra izanda, gatazka kanpoko ikertzaileek ontzat eman zuten[22][23] 1970eko hamarkadara arte.
Erresuma Batuko komunikabideek, aldiz, hildakoen kopurua handitu zuten, hiru mila ere zirela esanez. Era horretan, Adolf Hitlerrek etorkizunean halako bonbardaketak errepikatzeko gai zelako irudia azaldu nahi zuten. Hugh Thomasek historialari britainiarrak ehun eta mila hildakoren artean izan zela adierazi zuen, eta ontzat eman mila hildako izateko aukera.[24]. "Gernikazarra" erakundeko Vicente del Palacio eta José Ángel Etxaniz historialariek, berriz, 126 hildako besterik ez zirela izan esan dute.[8] Batzar frankistek, hasieran, gertatutakoaren bertsio faltsua eman eta euren balizko errugabetasuna aldarrikatzeko propaganda zabaldu zuten, sarraskia etsaiei (errepublikazaleei) leporatuz eta Gernikakoa gorriek eta separatistek eurek egin zutela adieraziz. Bide hori jarraitu zuen Arriba egunkari frankistak; 1970eko urtarrilaren 30ean hamabi hildako baino ez zirela izan esan zuen[25].
Heriotzak, beste bonbardaketekin konparatuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorrizko zenbaketaren zehaztasunari buruzko zalantzak Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketa masiboen hildakoen kopuruen ikertzaileek sortu zituzten. Gernikan izandako sarraskia irregularra zen beste lekuetan izandakoa kontuan hartuta. Horrexegatik zenbakiak zertxobait harrotuak izan zirela esan zuten. James S. Corumek[26] Gernikan 40 tona bonba bota eta 1.654 hildako izan baziren, bonba-tona bakoitzeko 41 hildako izan zirela adierazi zuen. 1945eko otsaileko Dresdeneko bonbardaketan, berriz, 3.431 tona bonba botata, bonba-tona bakoitzeko 7,2 — 10,2 hildako "baino" ez ziren. Corumen ustetan, Gernikan edo Rotterdamen ikusitako aldeak propagandak sortuak izan ziren. Haren ustez, "Herri txiki bat bonbardatua eta ehunka bakan batzuk hilak izan zirela esateak eta hiri bat bonbardatua eta ia 1.700 hildako izan zirela plazaratzeak ez zuten inpresio bera izango", horrexegatik Gernikan 300-400 hildako inguru izan zirela esan zuen[26].
Bonbardaketaren garrantzi militarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gernikako bonbardaketa gudaren lexikoan ‘bonbardaketa-terrore'aren adibidetzat hartu zuten. Kondor Legioak egindakoa ez dute oroitzen bakarrik onik atera zirenenek baizik eta euskal herritar guztiek.[27] Denbora pasa ahala, bonbardaketan sortutako zauriak ez zirelako ondo sendatuak.
Militarren asmoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Gerra Zibilean Luftwaffek izandako parte-hartzea Bigarren Mundu Gerrarako entrenamendua izan zela argi geratu zen Hermann Göring Reichsmarschallek Nurenbergeko epaiketetan adierazi zuen bezala:
« | Nik [Hitleri] erregutu nion [Francori] gorabeherak gorabehera laguntza ematea, lehendabizikoz, eskualdean Komunismoaren zabalkuntza eragozteko eta, bigarrenez, nire Luftwaffe gazteak alderdi teknikoak frogatzeko aukerak izateko.[28] | » |
Borroketan esperientzia lortzeaz gain, Luftwaffek lehendabizikoz ekintza estrategiko batzuk saiatu zuen Espainiako Gerra Zibilean[18][27]. Bonbardaketa estrategikoaren teoriek lehendabizikoz 1937ko irailean saiatu zuen Asturiasko frontean "Tapizezko bonbardaketa" erabiliz. Gernikakoa ez zen Gerra Zibileko bonbardaketa bakarra ez Euskal Herrian ezta estatuan ere. "Tapizezko bonbardaketa" teknikaren erabilera Kondor Legioaren ezaugarri bihurtu zen. James S. Corum historialari militarrak adierazi du 1938ko Kondor Legioaren txostenak honela zioela:
« | Nahiko emaitza onak izan ditugu frontearen gertuko helburuak astinduz, batez ere etsaien erreserba edo kuartel nagusiak dituzten herriak bonbardatzen. Helburu hauek aurkitzeko errazak direlako eta tapizezko bonbardaketaren bidez erabat suntsitu ditzakegulako izan dugu arrakasta asko.[26] | » |
Matxinoen ikuspegian, Emilio Molak aurretik "Espainiako iparraldean gerra laster bukatzeko" mehatxuak eta gero Bilbon errepublikarren aurkako egindako mehatxuak bonbardaketarena estrategia argia zela adierazi zuen. Denbora pasa ahala, matxinoen estrategian bonbardaketak geroz eta inportanteago bihurtu ziren.
Beste teoriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vidalek[16] bonbardaketari buruzko beste teoriak zirriborratu zituen:
- Bonbardaketa aurreko ikuskapen-misioien ezak Kondor Legioak helburu zehatz bat bilatu baino herria guztiz suntsitu nahi zuela adierazi zuen. Emilio Molak, orduan matxinoen Aire-Armadaren agintari nagusia zena, Salamanca 1937ko urtarrilaren 6an eskualde jendeztatuak bonbardatu baino lehen zehar-kalteak saihesteko ikuspen-misioak derrigorrez egin behar zirela agindu zuen.
- Gernikan Molaren agindu zehatzak bete ez zirenez, Vidalen ustez, Richthofenek Molaren edo Francoren agindu zuzenak jaso zituen[16].
- Zubia suntsitzeko misioa sinplea, Vidalen ustez[16], ez zukeen bonba su-eragileak behar izango baizik eta 10 kilokoak. Hogeita bi tona bonba erabiltzeak gehiegi zen helburu estatiko bakarrarentzat. Horretarako frontearen lehendabiziko egunean hirurogeita sei tona erabili zituztela adierazi zuen eta, gainera, alemaniarren txostenaren arabera Gernikan 7.956 kilo baino ez zituzten erabili.
- Corpo Truppe Volontarie armada italiarrak bake-ituna negoziatzen ari zen EAJrekin eta ez zuen nahi ahaleginak kolokan jartzea hildako zibilak nahita sortuz[16].
Orduko erreakzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingelesezko komunikabide eta politikariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingelesezko komunikabide batean Gernikako bonbardaketaren berria gertatu eta egun bi geroago agertu zen. George L. Steer kazetari britainiarra bonbardaketaren lekuko izan zen, nazioartean sinesgarritasunik handiena lortu zuena. "The Times" egunkarirako informazio baliotsua bildu zuen.
Steer-en ikuspegiak geroko erreportaje guztietan izan zuen eragina. Steer-ek Alemaniaren konplizitatea nabarmendu zuen,[29] eta Adler edo alemaniar arrano inperiala zuten hiru bonba-zorroek argi eta garbi erakutsi zuten Espainiako Gerra Zibilean Alemaniak ofizialki sinatutako gerran ez parte hartzeko ituna eta bere neutraltasun-jarrera iruzurra besterik ez zela. Steer-en erreportajea astebetez egunero izan zen argitaratua.
Steer-en erreportajea New York Times egunkariak ere argitaratu zuen, munduan zirrara zabalduz. New York Postek bineta bat argitaratu zuen, non Hitlerrek 'aire-bonbardaketa' etiketatutako ezpata odoltsu bat iltzatzen zuen eroritako zibilen meta baten gainean, the Holy City of Guernica izena gainetik zuela (euskaraz: "Gernikako hiri sakratua").
Estatu Batuetako Kongresuko Agirietan, Gernikan gas-pozoia bota zutela esan zen. Erresuma Batuko Legebiltzarreko debateetan berriz, Gernika oker aipatua izan zen open city (euskaraz: "hiri irekia") hitza erabiliz, hau da, militar helburuak ez zituena.Argitu Oro har, Gernikako bonbardaketak areagotu egin zuen 1930eko hamarkadan eratutako bonbardaketekiko izua, eta etortzear zegoen Bigarren Mundu Gerran hiriak mapetatik ezabatzeko erasoen aurrekaria izan zen.
George Steerren idatzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Gernika, euskaldunen kultura-tradizioaren hiriburua eta herririk zaharrena, guztiz suntsituta geratu zen atzo arratsaldean, matxinatuen aireko eraso baten ondoren. Herri hori oso urruti geratzen da borroka-lerroetatik, eta bonbardaketak hiru eta laurden iraun zuen. Denbora horretan, hiru hegazkin mota alemaniarrez (Junkers eta Heinkel bonbaketariak, eta Heinkel ehiza-hegazkinak) osaturiko aireontzidi indartsu batek etengabe bota zituen 450kg-ko bonbak, bai eta, kalkuluen arabera, 1kg-eko 3000 aluminiozko jaurtigai su-eragile ere. Halaber, ehiza hegazkinak herriaren hirigurunearen inguruan hegan aritu ziren, altuera txikian, landan babesa harturiko zibilak metrailatzeko. (...).
Gaur arratsaldeko ordu bietan, herrian izan naizenean, ikuskizuna lazgarria zen, oso-osorik erretzen ari baitzen. (...). Gau osoan, etxeak amildu egin dira, eta kaleak kolore gorriko zabor multzo luze eta zeharkaezinak bihurtu dira. Bonbardaketa nola egin den, suntsipena nolakoa izan den eta hautaturiko helburua zein izan den kontuan hartuta, Gernikaren aurkako erasoak ez du parekorik historia militarrean. Gernika ez zen helburu militarra. Herritik kanpo, gerra-materiala ekoizteko fabrika bat dago, eta oso-osorik geratu da. Gauza bera esan daiteko gudarientzako bi barrakoiri buruz, herritik gertu egon arren ez baitituzte suntsitu. Herria oso urruti dago borroka-lerroetatik. Antza denez, biztanleria zibila adoragabetu eta euskal arrazaren sorlekua suntsitu nahi zuten bonbardaketaren bidez. Gertaera guztiek, ekintza egiteko hautaturiko eguna barne, iritzi hori berresten dute. |
» |
—George Steer, The Times, 1937ko apirilak 27 |
Espainiako komunikabide eta politikariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonbardaketa eta gero, frankistek suntsipena "gorriek eta separatistek eurek" egin zutela[30] esan zuten, "lehen Irun edo Eibar erre zuten bezala"; izan ere, Irungo guduaren amaieran, hiriko defendatzaile batzuek, batez ere anarkistek, Irungo zati batzuk erre zituzten, arma gabeziagatik amorruak jota.[31] Gernika arma eta lehergaien biltegia izan zela ere esan zuten, sutea areagotu zuena.[erreferentzia behar] Ez zuten ezeztatu hiria bonbardatu izan zutela baina kazetarien erreportajeak propagandatzat jo zuten.[erreferentzia behar]
Kanpoko zenbait kazetarik, tartean orduan Errepublikazalea zen Brian Crozier, esan zuen Euzko Gudarostearen hiria dinamitatzeak bonbardaketaren ondorioak areagotu zituela. Hala ere, gehienek Steer-ek hasitako ikuspegia jarraitu eta benetan gertatutakoa azaldu zuten. Frankisten bertsio ofizialak gerra amaitu eta gero iraun zuen. George Steerren idatziak galaraziak izan ziren. Bonbardaketaren lehendabiziko aipamena 1949an Ejército aldizkarian herria okupatu zuen militar batek idatzi zuen. 1970eko hamarkadan azkenean bertsio ofiziala aldatu zen, nahiz eta Arriba egunkari frankistak 1970eko urtarrilaren 30ean hamabi hildako baino ez zirela izan esan, 1971ko Espainiako Armadaren Zerbitzu Historikoko Espainiako Gerra Zibilaren monografiaren "Vizcaya" liburukian gertatutakoa esan zuten.
Hildakoen kopurua murrizteaz gain, matxinoek Bilbotik etorritako suhiltzaileen atzerapenari egotzi zioten errua. Salaketa hau Vidalek ezeztatua izan zen[16].
Frankisten bertsioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | (...) Gernika suntsituta dago, suak hartuta. Su eman diote eta errauts bihurtu dute Agirre kriminalaren horda gorriek, Euskadiko errepublikaren lehendakariaren zerbitzariek.
Sutea atzo izan zen, eta Agirrek, delitugile arrunta denez, gezur doilorra bota du, gure gudaroste nazionaleko abiazio heroiko eta nobleari krimen hori leporatzeko. Guztiz froga daiteke abiazio nazionalak ez zuela hegan egin lainoagatik, ez Gernikaren gainean, ez Bizkaiko beste inongo guneren gainean ere. (...)Agirrek deabrua balitz bezela jokatu du, eta ekintza histrioniko eta nazkagarria prestatu du: Gernika suntsitzea, errua arerioari leporatzeko. (...). Euskaldunek eta mundu osoak jakin behar dute Agirrek Gernika erre duela. Horixe da egia, egi bakarra. |
» |
—Azul egunkaria, 1937ko apirilak 29 |
Euskal Herriko hedabide eta politikariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguna egunkarian, bonbardaketatik bi egunera —apirilaren 28an—, albiste nagusia hau izan zen: «Gernika, euskotarren uri maitea, birrindu nai izan dabe zearo». Euskal Herriko politikariek beren laztura azaldu zuten, Gernikan gertatutakoaren berri izan zutenean. Euzko Jaurlaritzaren Herrizaintzako sailburu Telesforo Monzon bonbardaketaren lekuko izan zen, eta ondorengo telegrama hau bidali zion Jaurlaritzako lehendakariari 1937ko apirilaren 27an:
« | Gernika bazen puntu Gaur txingar eta errautsak besterik ez da puntu Une honetan oraindik sutan dago bonbardaketa oso bizia bonba su-eragileek guztiz hondatu dute puntu Aldasoro, Torre eta hirurok hara heldu ginen izuturik puntu Hamar mila emakume eta umek errepideetatik ihes egiten dute arratsalde honetan bezala bihar egunsentian hegazkinek metrailatuak izatearen beldur puntu Hondamendi honen aurrean eta Bilbo aste honetan ere suntsitzearen mehatxua gaur bertan egin digutenez egoeraren larriaz jabetzea baino ez dugu eskatzen.[32] | » |
Jose Antonio Agirre lehendakariak telegrama jaso eta honako adierazpena egin zuen:
« | Jainkoaren eta denok epaituko gaituen Historiaren aurrean, adierazten dut hiru ordu eta erdiz alemaniar hegazkinek amorru bizian errauts bihurtutako Gernikako hiribildu historikoan biztanleria zibil babesgabea bonbardatu zutela, emakumeak eta umeak metrailadoreen suaz jazarriz; asko hil dituztela, eta gainerakoek izu-ikarak zoraturik ihes egin dutela.[33] | » |
Indalecio Prieto bilbotarra, 1937ko maiatzean Errepublikako Defentsa Ministroa izandakoa, erbestean zela, frankisten bertsio faltsua deuseztatzeari lotu zitzaion.[34]
Ondorena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Steerren Gernikako bonbardaketaren kinka larriari buruzko erreportajea hain estimatua zen Gernikan non Udaletxeak bere omenez kale baten izena (George Steer kalea) eta brontzezko busto bat jarri baitzizkioten. Honela dio bustoaren inskripzioak[35]:
Halaber, 2010. urtean Bilboko Udalak Atxuri auzoko kale bati George Steer izena ipini zion. Irekiera ekitaldian George Barton Steer, kazetariaren semea, eta bere iloba Sophie izan ziren[37].
Frankisten ahaleginak erreportajeen zabalkuntza murrizteko, Gernikako historia adibide bihurtu zen XX. mendeko historian.
Pablo Picasso margolana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pablo Picasso pintore espainiarrak, sarraskiak hunkiturik, 1937an bertan margotu zuen mundu osoan ezaguna den eta gerraren aurkako ikur bilakatu zen "Gernika" margolan handia. Horretarako, lehen egindako margolana egokitu zuen[38] Parisko Nazioarteko Erakusketan Espainiako Bigarren Errepublikako Gobernua ordezkatzeko. Nahiz eta Picassok laster margolana bat egiteko eskakizuna onartu, ez zen etorria Gernikako historia entzun arte. Margolana hunkitu zituen munduko kontzientzia asko eta ikur bihurtu zen Frankismoaren aurkako borrokan[39]. Egun jatorrizkoa Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían dago eta tapizko kopia New Yorkeko NBEko egoitzan gudaren izua gogorazteko.
Gaztelaniazko literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Blas de Otero bilbotar idazleak eta Nobel saridun Gabriela Mistral txiletarrak "Guernica" eta "Árbol de Guernica" izeneko poemak, hurrenez hurren, idatzi zituzten.
Euskal Herriko artelanetan izandako oihartzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nemesio Manuel Sobrevillak,[40] 1937. urtean bertan, 23 minutuko Gernika film dokumentala egin zuen,[41] bonbardaketa eta geroko irudiak eta Bizkaitik ihes egitera behartutako umeak grabatuta.[42]
1987an bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira, ENAMek antolatuta 37/87 Gernika jaialdia ospatu zen Gernikan. Martxa eta Borrokako kontzertuak barne zituela, urte horretako Aberri Egunako astean ospatu zen jaialdi erraldoi bat izan zen.
1988an Kortatu musika taldeak Azken Guda Dantza albumean Gernika 37-87 abestia argitaratu zuen.[43]
2007an Bernardo Atxaga gipuzkoar idazleak Markak. Gernika 1937 saiakera-liburua kaleratu zuen,[44] Gernikan gertatutakoari buruz gogoeta eginez eta orduko hainbat material jatorrizko berreskuratuz.
Alemaniaren barkamen eskea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kondor Legioaren ekintzagatik eta alemaniar herritarrek Gerra Zibilean egindakoaz lotsaturik, 1990eko hamarkadaren hasierako Alemaniaren bateratzean izan zuen eragina. 1997an, sarraskiaren 60. urteurrenean, Roman Herzog presidente alemaniarrak ekitaldi sinboliko batean barkamena eskatu zuen bere herrialdearen izenean, munduaren aurrean herrikideen parte hartzea aitortuz[45].
Adierazpen hau berresteko 1998an Bundestagek base militar alemaniar guztietatik Kondor Legioaren kideen izenak kentzea erabaki zuen.
Espainiako agintarien posizio historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko hainbat eragile politikok hamarkadetan Gernikako bonbardaketaren gaitzespena eta barkamena erreklamatu dizkiote Espainiako Gobernuari, baina beste horrek ez du halakorik egin. 2022ko maiatzean, lehen aldiz, Espainiako Senatuak gaitzetsi egin zuen Gernikako bonbardaketa, baina ez barkamena eskatu.[46] Espainiako Kongresuaren ondoren. PSE-EEren ustez, zentzugabea zen gobernu horri bonbardaketa gaitzestea erreklamatzea, Pedro Sánchezen gobernua Bigarren Errepublikako gobernu legitimoaren ondorengoa delakoan.[47]
Bonbardaketaren 70. urteurrena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an bonbardaketaren 70. Urteurrena zela eta, Eusko Legebiltzarraren presidentea zen Izaskun Bilbaok, Bakearen Nobel Saria irabazi zuen Adolfo Pérez Esquivel, Hiroshima, Volgogrado, Pforzheim, Dresden, Varsovia eta Oświęcimgo (Auschwitz) ordezkariak eta bonbardaketatik bizirik ateratako zenbait lagun hartu zituen Gernikan. Bileran bonbardaketaren irudiak ikusi, 250 hildako oroitu eta "Gernikako Bake Agiria" irakurri zuten, Gernika munduko bake hiriburu bihurtu zedila eskatzeko.[21][48]
- Dokumentala
Gernika, Bonbardaketa, 2007ko dokumentala Alberto Rojok zuzenduta.
Beste bonbardaketa batzuekiko konparaketa historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dresden: 1945eko otsailaren 13 eta 14an, Erresuma Batuko RAFek eta AEBetako Aire Armadak 7.100,5 tona bonba bota zuten Dresdenen 24.000 eta 40.000 arteko hildako sortuz[49]. 2003an Bonbardaketaren 58. urteurrena gogorazteko Gernika eta Dresdeneko bonbardaketen bizirik zirauen lagun batzuk Agiri bat irakurri zuten[50].
- Hiroshima: 1945eko abuztuaren 6an AEBetako Aire Armadak Hiroshima bonbardatu zuen[51]. Bonba nuklear bakarrak 140.000 hildako sortu zituen Japoniako hiri honetan[52]. 2007an Hiroshimako alkatea zen Tadatoshi Akibak Gernika eta bere hiriko esperientziak alderatu zituen[53].
- Irak: 2003ko otsailaren 5ean AEBetako ordezkariak ziren Colin Powell eta John Negropontek NBEko egoitzan Irakeko gudan izandako jarrera azaltzeko hitzaldia egin eta errezel urdin bat erabili zuten Picassoren margolana ezkutatzeko[54]. Laurie Brereton, Australiako ordezkariak ekintzaz konturatu eta Gernika eta Irakeko bonbardaketak erkatu zituen[55][14].
- Gaza: 2008ko abenduaren 27an Israelek "Berun Urtu operazioa" hasi eta Gaza bonbardatu zuen[56]. Palestinako Aginte Nazionalaren Mustafa Barghouthik Gaza eta Gernikako bonbardaketak lotu zituen idatzitako artikulu batean[57].
Bonbardaketa zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pelikula hauetan zeharka edo zuzenean, Gernikako bonbardaketa agertu izan da;
- Gernika (1937ko filma)
- Guernica (1950eko filma)
- A los cuatro vientos 1987
- L'Arbre de Guernica 1975
- Gernika bonbapean 2012
- Gernika (2016ko filma)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «ATZEKOZ AURRERA. Xabier Irujo. Historialaria eta irakaslea «Zaila da egia azalera ateratzea, 40 urteko gezur baten ondoren»» Berria 2017-03-28.
- ↑ «Ondorioak» atala, Gernikako bonbardaketa multimedia, EITB.
- ↑ a b answers.com: bombing of Guernica
- ↑ Ludger Mees: Europako herri txikien esnatzea" Online
- ↑ Hala ere, apirilaren 27an Kondor Legioaren Messerschmitt Bf 109 ehiza-hegazkinek Gernika inguruan bi hegazkin errepublikarren eraistearen berri eman zuten.
- ↑ a b «Gernikako bonbardaketa» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).
- ↑ Jesus Maria Salas Larrazabal "Guernica: El Bombardeo", 1981, ISBN:84-300-5188-0
- ↑ a b c elcorreodigital.com: Refugios de vida para Gernika
- ↑ Maier: "Guernica 26.4.1937. Die deutsche Intervention in Spanien und der "Fall Guernica"", Friburgo Brisgoviakoa, 1977, 6. apendizea
- ↑ Jesus Salas Larrazabal: Precisiones sobre el bombardeo de Gernika
- ↑ a b La Legión Cóndor
- ↑ Holocaust-Referenz: Luftkrieg: Guernica. Die Erprobung der jungen Luftwaffe
- ↑ Richtofenek orduan ez zituen Ju87 A1 (Stuka) hegazkinak, era horretako hegazkinak ez ziren Espainiara bidaliak 1937ko abendura arte.
- ↑ a b c Gerhard Piper: Guernica - Geschichte eines Luftangriffs
- ↑ Setzen sofort ein: A/88 und J/88 auf Straßenjagd im Raum Marquina-Guernica-Guerriciaz. K/88 (nach Rückkher von Guerriciaz), VB/88 und Italiener auf Straße und Brücke (einschließlich Vorstadt) [sic!] hart ostwärts Guernica. Dort muß zugemacht werden, soll endlich ein Erfolg gegen Personal und Material des Gegners herausspringen. Vigon sagt zu, seine Truppen so vorzurücken, dass alle Straßen südlich Guernica gesperrt sind. Gelingt das, haben wir den Gegner um Marquina im Sack Axis History Forum.
- ↑ a b c d e f g h Guernica, Demolished
- ↑ Der Spiegel: Hitlers Bomben auf Guernica
- ↑ a b Discovery Channel: Los niños de Guernica
- ↑ Gipuzkoa kultura: Esteban Urkiaga, Lauaxeta
- ↑ El Mundo, "El Bombardeo de Guernica", El Mundo, 12. Liburukia (2005eko urria)
- ↑ a b El Mundo: "Guernica recuerda el 70º aniversario de los bombardeos con un espíritu de paz"
- ↑ Gérard Brey, "La destrucción de Guernica", "Tiempo de Historia" aldizkarian, 29. zbk, 1977ko apirilaOnline
- ↑ Herbert R. Southworth, "La destrucción de Guernica", Ruedo Ibérico, Paris, 1975.
- ↑ Hugh Thomas. "Historia de la Guerra Civil Española". ISBN 84-226-0874-X
- ↑ https://www.elmundo.es/elmundo/2007/04/26/espana/1177559395.html
- ↑ a b c James S. Corum: "Inflated by Air. Common perceptions of civilian casualties from bombing", Air War College. 1998.
- ↑ a b Joseba Sarrionandia: Suntsiketa faxistaren 70.urteurrena
- ↑ Nazioarteko Epaitegi Militarra: Göringen testigantza, Nuremberg, 1946, IX. Liburukia
- ↑ The Times, 1937ko apirilaren 28: "Guernica was not a military objective.... The object of the bombardment was seemingly the demoralisation of the civil population and the destruction of the cradle of the Basque race." Online
- ↑ Público: Las mentiras de Mr Franco
- ↑ Preston, Paul. 2013, 230. or.
- ↑ Jatorrizko testua, gaztelaniaz: Guernica fue Punto Hoy no es más que brasa cenizas Punto En este momento arde todavía pueblo tres horas bombardeo intensísimo bombas incendiarias lo han destrozado totalmente Punto Aldasoro, Torre, yo llegamos allí espantados Punto Diez mil mujeres niños huyen carreteras temiendo ser ametrallados por aviación mañana al amanecer como lo fueron esta tarde Punto Ante esta catástrofe con amenaza hecha hoy mismo destrozar incendiar Bilbao esta semana sólo suplicamos háganse cargo situación angustiosa
- ↑ Jatorrizko testua gaztelaniaz: Ante Dios y ante la Historia que a todos nos ha de juzgar, afirmo que durante tres horas y media los aviones alemanes bombardearon con saña desconocida la población civil indefensa de la histórica villa de Gernika reduciéndola a cenizas, persiguiendo con el fuego de ametralladora a mujeres y niños, que han perecido en gran número huyendo los demás alocados por el terror.
- ↑ Indalecio Prieto: Guernica, la mártir
- ↑ [1] Guernica honours Times man for telling its story
- ↑ The Times: The Tragedy of Guernica
- ↑ [2] Bilbao dedica una calle a George Steer que informó del bombardeo de Gernika (gazteleraz)
- ↑ PBS: Guernica: Testimony of War
- ↑ El Mundo: Ibarretxe reclama para siempre el Guernica
- ↑ Euskal Zinema[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Artikulua imdb.com
- ↑ Koldo Larrañaga eta Kike Calvo, Historia de la Cinematografía Vasca
- ↑ Hitzak musikazblai.com-en
- ↑ Liburuaren aipamena idazlearen webgunean
- ↑ CNN: Exhibit recalls German destruction of Spanish town of Guernica
- ↑ «Gernikako bonbardaketa gaitzesteko mozioa onartu du Senatuak» EITB 2022-05-11 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
- ↑ «Anduezak uste du "zentzugabekeria" litzatekeela Espainiako Gobernuak Gernikagatik barkamena eskatzea» EITB 2022-05-11 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
- ↑ (Ingelesez) «The legacy of Guernica», BBC, 2007-04-26.
- ↑ Apocalypse 1945: The Destruction of Dresden
- ↑ International Network for Peace
- ↑ David Rezelman: The atomic bombing of Hiroshima
- ↑ Radiation Effects Research Foundation
- ↑ Mayors for Peace
- ↑ Slate: What's so controversial about Picasso's Guernica?
- ↑ Common Dreams: The Lessons of Guernica
- ↑ International Middle East Media Center: Ki-moon” Israel should halt excessive force, disproportionate attacks against the Palestinians”
- ↑ Palestine's Guernica and the Myths of Israeli Victimhood
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingelesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Corum, James S.: "Wolfram Von Richthofen: Master of the German Air War" University Press of Kansas, 2008
- Coverdale, John F.: "Italian Intervention in the Spanish Civil War" Princeton University Press, 1975 9780691052250
- Militärgeschichtliches Forschungsamt: "Germany and the Second World War" Germany's Initial Conquests in Europe 1. liburukia, Oxford University Press, 1990 9780198228851 Online
- Whealey, Robert H.: "Hitler And Spain: The Nazi Role in the Spanish Civil War, 1936-1939" University Press of Kentucky, 2005 9780813191393 Online
- Patterson, Ian: "Guernica and Total War", Londres: Profile; AEB: Harvard University Press, 2007. ISBN-13: 978-1-86197-764-9
- Rankin, Nicholas: "Telegram From Guernica: The Extraordinary Life of George Steer, War Correspondent" Faber & Faber, Londres, ISBN 0-571-20563-1
- Southworth, Herbert Rutledge: "Guernica! Guernica!, a study of journalism, diplomacy, propaganda, and history", Berkley, 1977
- Carr, Raymond (Hasiera): "Images of the Spanish Civil War", Londres (Allen & Unwin) 1986, 116–121. orr.
- Beevor, Antony: "The Spanish Civil War", Penguin, 2001
- Preston, Paul: "A Concise History of the Spanish Civil War", Londres (Fontana Press) 1996.
- Preston, Paul. (2013). The Spanish Holocaust. HarperPress ISBN 978-0-00-638695-7..
- Proctor, Raymond L.: "Hitler's Luftwaffe in the Spanish Civil War" Greenwood Press, 1983 0313222460
- Boling, Dave: "Guernica: A Novel" Bloomsbury, AEB, 2008
Alemanez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Maier, Klaus A.: "Guernica 26.4.1937: Die Deutsche Intervention in Spanien und der "Fall Guernica"" Friburgo Brisgoviakoa: Rombach, 1975 9783793001768
- GEO Ausgabe "05|Mai 2007: "Guernica" (Jens Schröder)
- Olaf Groehler: "Unternehmen Feuerzauber" Fliegerkalender der DDR 1986. aldizkarian, Militärverlag der DDR, Berlin, 1985, 138–150. orr.
- Klaus A. Maier: "Die Zerstörung Gernikas am 26. April 1937" Militärgeschichte, Zeitschrift für historische Bildung aldizkarian, 2007, 18–22. orr. Online
- Gordon Thomas, Max Morgan-Witts: "Der Tag, an dem Guernica starb. Eine Tragödie der europäischen Geschichte" Sven Bergh, Berlin 1982, ISBN 3-88065-074-8
- Klaus A. Maier: "Guernica 26.4.1937", herausgegeben vom Militärgeschichtlichen Forschungsamt, Friburgo Brisgoviakoa, 1975
Gaztelaniaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Moa, Pío: "Los Mitos de la Guerra Civil", La Esfera de los Libros, 2003.
- Ramírez, Juan Antonio: "Guernica: la historia y el mito",Electa, Madril, 1999
- Arias Ramos, Raúl: "El Apoyo Militar Alemán a Franco: La Legión Cóndor En La Guera Civil", La Esfera de los Libros, 2003, 9788497340939
- César Vidal: "La Destrucción de Guernica" Online
- Brey, Gérard: "La destrucción de Guernica" Tiempo de Historia aldizkarian 1977 Online
- Talón, Vicente: "Arde Guernica" Servicio Comercial del Libro, 1973 8431201738
Frantsesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gordon Thomas, Max Morgan-Witts: "Les dernières heures de Guernica" Nouveau Monde, 2007 9782847362251
- Southworth, Herbert: "La destruction de Guernica : journalisme, diplomatie, propagande et histoire" Ruedo Ibérico, Paris, 1975
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gernika (margolana)
- Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian
- Durangoko bonbardaketa
- Bakearen museoa
- Gernika (aldizkaria)
- Otxandioko bonbardaketa
- Ni ez naiz Mikel Laboa
- Bat-Hiru diskoa Mikel Laboarena
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- EITB: Gernikako bonbardaketaren infografia[Betiko hautsitako esteka]
- Gernika Gogoratuz
- Gernikako Bakearen Museoa
- Luis Iriondo bonbardaketaren lekukoarekin elkarrizketa, Euskonews Gaztean
- Beti astelehena. Gernika 85 urte. Ikusgarria. [3]
- Ni ez naiz Mikel Laboa - Gernika. Mikel Larratxe - Youtube (2023). Musika: Mikel Laboa, "Gernika" (Bat-Hiru, 1974) Mikel Laboa Katedra eta Elkar argitaletxearen eskutik, Harkaitz Canok, Unai Iturriagak eta Joseba Larratxe "Josevisky"-k ondutako komikiaren Gernikako bonbardaketaren pasartearekin egindako bideoa. Irudiak eta bideoaren muntaia