Henry Campbell-Bannerman
Sir Henry Campbell-Bannerman (Glasgow, 1836ko irailaren 7a - Londres, 1908ko apirilaren 22a) britainiar politikaria izan zen. Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen 1905tik 1908ra.
Glasgow eta Cambridgeko Unibertsitateetan ikasi zuen, eta familiako ehungintza-enpresan lan egin zuen. Alderdi Liberaleko kidea izan zen eta 1868an eserleku bat irabazi zuen Parlamentuan. Legebiltzarreko kide izan zen hurrengo berrogei urteetan.
Hainbat gobernutan parte hartu zuen, eta Gerrarako estatu-idazkaria izan zen Gladstone eta Roseberyren gobernuetan. 1899an, Alderdi Liberaleko eta oposizioko buru bihurtu zen.
1905ean Arthur Balfour lehen ministroak dimisioa eman zuen eta Campbell-Bannermanek koalizio gobernua eratu zuen. Parlamentua desegin zuen eta gehiengo zabalarekin irabazi zituen hauteskundeak deitu zituen. Osasun-arazoengatik dimisioa eman zuen 1908ko apirilaren 3an, eta hemeretzi egun geroago hil zen 10 Downing Streeten.
Lagunartean "CB" izenez ezagutzen zen. Merkataritza-askatasun, Irlandarako Home Rule eta baldintza sozialen hobekuntza babestu zituen. Grebetan eragindako kalteengatik sindikatuei erreklamazioak egitea debekatu zuen, haurrentzako otorduak doan sartu zituen eskoletan eta udalei latifundisten lurrak erosteko aukera eman zien.