Idi-ohoinak
Idi-ohoinak | |
---|---|
Behaketa | |
Distantzia Lurretik | 1.274,05 pc |
Itxurazko magnitudea (V) | 11,8293, 9,8, 9,21 eta 9,011 |
Honen izena darama | kazo, wagon (en) eta Gurdi |
Konstelazioa | Hartz Handia |
Abiadura erradiala | −25,91 km/s |
Igoera zuzena | 247,02304929843 ° |
Deklinazioa | −49,211114175263 ° |
Izendapenak | |
ikusi
|
Idi-ohoin edo Itohoinak,[1] Gurdi edo Karroa,[2][3], zazpi izar distiratsuk osatzen duten asterismo zabala da, Hartz Handiaren konstelazioaren barnekoa. Zazpi izar horietatik sei bigarren magnitudekoak dira eta zazpigarrena, Megrez (δ) hirugarren magnitudekoa. Lau izarrek "gorputza" edo "kazoa" irudikatzen dute eta beste hirurek "kirtena" edo "heldulekua". Munduan zehar ez dira gutxi asterismo hau aintzat hartu duten kulturak. Iparrizarrak (Polaris), egun iparraldea seinalatzen duen izarra, Hartz Txikiaren isatsaren punta irudikatzen du eta bertara iritsi daiteke asterismo honen aurreko muturreko bi izarretatik (Merak eta Dubhe) pasatzen den irudizko lerro zuzen bat margotuz. Horrek nabigaziorako asterismo baliagarria egiten du.
Beste izen arruntak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurdia tokiko euskarazko testuetan:[4] Gurdia; Idi-ohoinak (Itohoinak); Zazpi-ahuntzak; batzuetan Itzaina bere idiekin; Zazpi lapurrak; Zazpizarra.
Izarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hartz Handiaren konstelazioan egonik, Gurdiko izarrek Bayerren izendapenak dituzte, zeintzuen izenek alfabeto grekoko letren ordena jarraitzen duten gorputzetik hasi eta kirteneraino.
Izen
propioa |
Bayerren | Itxurazko | Distantzia
(arg) |
---|---|---|---|
Dubhe | α UMa | 1.8 | 124 |
Merak | β UMa | 2.4 | 79 |
Phecda | γ UMa | 2.4 | 84 |
Megrez | δ UMa | 3.3 | 81 |
Alioth | ε UMa | 1.8 | 81 |
Mizar | ζ UMa | 2.1 | 78 |
Alkaid | η UMa | 1.9 | 101 |
Mizar izarraren ikuste-norabide berean baina argi-urte bat atzerago, Alcor (80 UMa) izarra dago. Izar hori eta Mizar izarra "Zaldia eta Zalduna" direla esan ohi da. Alcor izarra laugarren magnitudekoa da eta beraz, normalki erraza ikusteko begi hutsez, baina Mizar izarretik hain hurbil egoteak zailago egiten du bereiztea, eta tradizionalki ikusmena neurtzeko erreferentziatzat erabili izan da. Mizar izar lautarra da eta optikoki izar bitarra, izan ere, aurkitu zen lehen bitar teleskopikoa da (1617an aurkitua) eta baita ere aurkitutako lehen bitar espektroskopikoa (1889an aurkitua).
Zartagineko zazpi izarretatik bost Hartz Handiaren Talde Higikarian daude, haren nukleoan zehazki. Muturretako bi izarrak, Dubhe eta Alkaid, ez dira talde horretako kide eta aurkako noranzkoan mugitzen dabiltza. Taldea osatzen duten bost izarrak mapan behe-eskuinaldera mugitzen dabiltza. Horrenbestez, poliki-poliki Hartz Handiaren itxura aldatu egingo da eta bere kirtena gero eta makurtuagoa izango den bitartean, kazoa gero eta zabalagoa izango da. Hemendik berrogeita hamar mila urtera Idi-ohoina ez da ezagutzen dugun bezala existituko, alabaina, beste zartagin bat eratuko da kontrako noranzkora begiratuko duena. Hori gertatzean Alkaid eta Phecda izarrek Idi-ohoinaren gorputza osatuko dute eta Phecda, Merak eta Dubhe izarrek kirtena.
Kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kulturan zeresan handia izan du asterismo honek.
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian gurdi baten formarekin lotu izan da tradizionalki zazpi izarren forma, eta gurdi zein karro deitu izan zaio. Gurdia Ursa Majorrekin lotua den bezala, Gurdizain (Burtzaiñ, Andima Ibiñagabeitiak jasotako testigantzan) izena ere erabili izan da zeruan haren atzean ageri den Auriga konstelaziorako[5].
Gurdiaren irudia, lotua egon daiteke halaber idiarekin, eta hortik beste izen batzuk Darrikarrerek 1912ko lan batean aipatu zituenak[6], eta bere iritziz erabiliak izan direnak Lapurdin, Nafarroa Garaian eta Beherean, eta Zuberoan, idi-ohoinak, ithohoinak edo idi-uhuiñak, hau da idien lapur edo ebasleak.
Darrikarrerek etimologia latindar interesgarri batekin lotzen ditu euskal izenak, Ursa Minor konstelazioko ipar izarrra (Ipharreko izar, edo Norteko izar Darrikaburunean), Septemtrion dela latinez, zazpi idiak literalki, eta hortaz, analogia egiten du Ursa Minorreko zazpi idien ideiarekin lotua egon daitekeela beste zazpi izarreko multzo hau, Ursa Majorreko zazpi ohoinena[6].
Zazpi ahuntzak da Darrikarrerek emandako beste forma bat[5]. Labayru hiztegiak aipatzen du halaber zazpi ohoinartz forma[3], lapur edo ohoinei lotzen zaielarik hartzaren izena, ohikoa kultura askotan izar multzo hauek izendatzeko orduan.
Beste herri batzuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galizian adibidez, galizieraz setestrelo izenez ezagutzen da, "zazpi izarrak" esan nahi duena. Irlandan eta Britainia Handian the plough izena jasotzen du, "goldea" alegia. Ingalaterra eta Eskandinaviako zenbait tokitan "Karlosen Gurdia" izenez ezagutzen da. Karlomagno enperadoretik datorrela ematen duen arren, dirudienez, gizonaren gurdia (churl's wagon) esan nahi du jatorriz, emakumearen gurdiaren (Hartz Txikia) aurkakoa. Herbehereetan zartaitzat hartzen da. Finlandian Otava (izokinaren sarea esan nahi du) izena da zabalduena. Orokorrean, kultura bakoitzak bere izena ipini dio, Hungarian (Göncölszekér), Indian (Saptarshi), etab.
Banderetan ere sarritan agertzen dira asterismo honi erreferentzia egiten dioten ikurrak:
-
Alaskako bandera, indarrean dagoena. Iparrizarra goian bakarrik. -
Indiako Nazioen Ligako bandera, 1917koa. Gaur egun ez da erabiltzen -
Irlandar herritarren Armadaren Bandera, 1930ekoa. Gaur egun ez da erabiltzen. -
Madrilgo Erdi Aroko armarria. K. o. 1212-1222. -
Madrilgo Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala, zazpi izar dituena. Indarrean dago egun. -
Txeroki Nazioaren bandera. Hau ere indarrean. -
Starry Plough bandera, irlandar ezkertiar eta abertzaleek erabilia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).
- ↑ «Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea - Sociedad de montaña - Club de montaña - Mendizalearen hiztegia» www.ostadar.org (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).
- ↑ a b «Labayru Hiztegia» Labayru Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).
- ↑ Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
- ↑ a b «OEH - Bilaketa - Gurdizain» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).
- ↑ a b Darrikarrere, Jean Baptiste. (1912). «Zazpi izarrak, zazpi auntzak, idi ohoinak...» RIEV (Noiz kontsultatua: 2020-07-16).