Jean Rey (politikaria)
Jean Rey (Lieja, 1902ko uztailaren 15a - ibidem, 1983ko maiatzaren 19a) belgikar politikaria izan zen.
Familia protestante batean jaio zen. Zuzenbidea ikasi zuen Liejako Unibertsitatean, eta abokatu gisa lan egin zuen politikan hasi aurretik. Alderdi Liberaleko kide izan zen. 1935ean bere hiriko zinegotzi hautatu zuten eta 1939an diputatu.
Belgikako neutraltasun politikaren aurka agertu zen eta Bigarren Mundu Gerran borrokatu zuen. Alemaniarrek harrapatu zuten Belgikako guduan, eta gainerako gerra preso bezala igaro zuen.
Belgika estatu federal bihurtzearen aldekoa izan zen, baina Parlamentuak proposamena baztertu zuen. Berreraikuntzako (1949-50) eta Ekonomiako (1954-58) ministro izan zen, eta Europako erakunde nagusien sorreran parte hartu zuen.
1958tik 1967ra Walter Hallstein buru zuen Europako Batzordeko kanpo arazoetako arduraduna izan zen.
1967tik 1970era Europako Batzordeko bigarren presidentea izan zen. Erakundeak indartu zituen, Europako Parlamentuaren botereak handitu zituen eta aduana-batasuna amaitu zuen.
Europako Ikastetxeko (1964-74) eta Europako Mugimenduko (1974-78) presidentea izan zen. 1979an Europako Parlamentuko kide hautatu zuten.