Edukira joan

Maria I.a Ingalaterrakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria I.a Ingalaterrakoa

(1554)
Espainiako erregina ezkontide

1554ko uztailaren 25a - 1558ko azaroaren 17a

Ingalaterrako Erresumako Ingalaterrako monarka

1553ko uztailaren 29a - 1558ko azaroaren 17a
Joana Grey - Elisabet I.a Ingalaterrakoa
Irlandako monarka

1553ko uztailaren 29a - 1558ko azaroaren 17a
Joana Grey - Elisabet I.a Ingalaterrakoa
Bizitza
JaiotzaPalace of Placentia (en) Itzuli1516ko otsailaren 18a
Herrialdea Ingalaterrako Erresuma
HeriotzaSt. James jauregia1558ko azaroaren 17a (42 urte)
Hobiratze lekuaWestminster abadia
Heriotza moduaberezko heriotza: reproductive system disease (en) Itzuli
Familia
AitaHenrike VIII.a Ingalaterrakoa
AmaKatalina Aragoikoa
Ezkontidea(k)Filipe II.a Espainiakoa  (1554ko uztailaren 25a (egutegi gregorianoa) -  1558ko azaroaren 17a)
Haurrideak
Familia
LeinuaTudor etxea
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
gaztelania
frantsesa
latina
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, aristokrata eta erregina
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Find a Grave: 1972 Edit the value on Wikidata

Maria I.a Tudor edo Odolzalea[1] (Greenwich, 1516ko otsailaren 18aLondres, 1558ko azaroaren 17a) Ingalaterra eta Irlandako erregina izan zen, Tudor leinuaren laugarrena. Ingalaterrako tronura iristen hirugarren emakumea izan zen Matilde Ingalaterrakoa eta Joana Greyren ondoren.

Haurtzaroa eta lehen urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren eta Katalina Aragoikoaren alaba bakarra izan zen. Txikitatik gaixotia izan zen arren, neskatxa azkarra izan zen. Haur zelarik, Henrike bere alabarentzat ezkongai bila hasi zen eta hainbat ezkontza hitzarmen sinatu eta baliogabetu zituzten, esaterako: Frantzisko I.a Frantziakoaren semearekin, 1522an bere lehengusu Karlos V.a Espainiakoarekin, Frantzisko I.a Lorrenakoa edo honen seme Henrikerekin. Azkenean Filipe II.a Espainiakoarekin ezkondu zen 1554an. Bere gurasoen ezkontza ere arriskuan zegoen gizonezko ondorengoen eza zela eta. Horregatik, Henrike VIII.ak ezkontza baliogabetzea eskatu zion Klemente VII.a Aita Santuari baina honek uko egin zion. 1553an Henrike VIII.a Ana Bolenarekin ezkondu zen eta Katalina Aragoikoarekin zuen ezkontza indargabetu egin zen. Modu honetan Erromatar Eliza Katolikoarekin zituen harremanak eten eta Anglikanismoa sortu zuen. Honen ondorio gisa, Maria sasiko bihurtu zen eta ondorengotzatik kanporatu zuten, baita Gortetik ere. Hala ere, bere aita Katalina Parrekin 1543an ezkontzean, aita-alaben harremanak hobetu ziren eta Henrike VIII.ak ondorengotza segidan sartu zituen Maria eta bere ahizpaorde Elisabet, geroago Elisabet I.a Ingalaterrakoa izango zena.

Tronura igoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere anaia Eduardo VI.a Ingalaterrakoa 1553an hil zen tuberkulosiak jota. Eduardo VI.ak ez zuen Mariak koroa oinordekotzak jasotzerik nahi, katolizismoa berrezarriko zuen beldur baitzen. Horregatik ondorengotzatik ezabatu zuen, baita Elisabet ere. Batzar batek Joana Grey hautatu zuen ondorengo; hala ere, hark bederatzi egun besterik ez zituen eman boterean, eta Mariak ordezkatu zuen. Hala ere, Joana Grey bizirik utziz gero bere aurka matxinadaren bat antolatuko zuen beldurrez Joana Grey eta haren senarra hilarazi zituen.

37 urte zituela, ezkongai bila hasi zen oinordekotza izan eta horrela tronua bere ahizpaorde zen Elisabeten eskuetara irits ez zedin. Espainiako errege izango zen Filipe II.arekin ezkondu eta Espainiara joan zen bizitzera. Geroztik, Espainiako erregina ezkontidea ere izan zen. Bartolome Karrantza izan zuen aitorle Ingalaterran.

Barne politika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe II.a Espainiakoarekin ezkondu ondoren altxamenduak hasi ziren Joana Grey eta Elisabeten aldekoen artetik. Matxinada gehiago ekiditeko Joana Grey, honen aita eta senarra hil zituen. Elisabet Londreseko Dorrean giltzapetu zuen bi hilabetez.

Erlijioa eta jazarpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria, bere ama Katalina Aragoikoa bezala katolikoa zenez erlijioaren inguruko gaiei buruz kezkatu zen. Erregetza bereganatutakoan, anaiak jarritako legeak baliorik gabe utzi, katolizismoa berriz ezarri eta apezpiku protestanteak preso hartu zituen. Neurri horien kontra altxa zen mugimendua zapaldu eta 300 pertsona urkarazi zituen 1554an. Bloody Mary, «Maria odolzalea» ezizena jarri zioten horren ondorioz.

Kanpo politika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa katolikoak ez zuen Irlandako Erreinuaren sorrera onartu 1542an, baina 1555an Mariak Aita Santuaren bulda bat lortu zuen eta bertan baieztatzen zen bera eta bere senarra zirela Irlandako errege-erreginak. Horrela, Elizak Ingalaterra eta Irlandaren lotura onartu zuen.

Mariaren senar Filipe Espainiako tronura iristean, Frantziaren aurkako gerran laguntza eskatu zion Filipek bere emazteari. Paulo IV.a aita santua aliatutzat harturik, Frantziaren kontrako gerran aritu zen (1557-1558), eta ondorioz Calais galdu zuen 1558ko urtarrilaren 13an.

Bere agintaldian zehar bi haurdunaldi faltsu izan zituen. Ondorengoak izateko presioari egotzi zitzaion hau, baina sintomek adierazten dute desorden hormonalenbat zuela, guruin pituitarioan tumore bat ziurrenik. 1558ko azaroaren 17an hil zen St. James jauregian. Bere nahia amaren ondoan ehorztea bazen ere, azkenean Westminster abadian hilobiratu zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Aurrekoa
Joana Grey
Ingalaterra eta Irlandako erregina
1553ko uztailaren 19a1558ko azaroaren 17a
Ondorengoa
Elisabet I.a Ingalaterrakoa