Edukira joan

Mariaka dorretxea

Koordenatuak: 43°03′42″N 2°58′36″W / 43.06173°N 2.97662°W / 43.06173; -2.97662
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mariaka dorretxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAmurrio
Koordenatuak43°03′42″N 2°58′36″W / 43.06173°N 2.97662°W / 43.06173; -2.97662
Map
Ondarea
EJren ondarea28

Mariaka dorrea Amurrion (Araba) dagoen dorretxea da. 2018ko otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Arabako eskualde kantabriarreko dorreak monumentu-multzo sailkapenaren barnean.

Leku garai batean dagoenez, Mariaka izenekoan, Nerbioi ibaiko igarobideak zaintzeko erabiltzen zen[1]. Egun baserria da, baina XIII. mendean Aiaratarren senide Pedro Ospina de Mariakak eraikitako dorrea izan zen[2].

Eraikin exentua da, hego-ekialdeko muturretik salbu; bertan, eraikin erantsi txikia du. Lau angeluko oinplanoa du (13 x 13 m-koa gutxi gorabehera), ipar-ekialde eta hego-mendebaldeko ardatzaren arabera orientaturik; dorrearen sarbide nagusia hego-mendebaldera begira dago. Bolumen eraikiak hiru isurkiko estalkia, hiru solairu eta hiru hormarte ditu.

Fatxadak tamaina txiki zein ertaineko hareharrizko harlangaitzez eginda daude batik bat, gorantz piezen neurria txikituz doazen arren. Eskantzuek fabrika landuagoa dute, tamaina irregularreko harlangaitz eskuairatuzko pezez egina, hareharrizkoak hauek ere. Zokalo bat antzeman daiteke beheko ilaretan. Baoen adreilu-zoladura askoz landuagoa da, hareharri-harlanduzko piezekin egina. Fatxada nagusiaren (hegoaldean) ate altua balkoi bilakatu da geroago, eta arku nahasian errematatzen da. Arku horrek kiribil itxurako irudiak ditu landuta baoaren inguruan, gurutze batek koroatuta. Eskuinaldean, beheko solairuan, bederatzi dobeladun sarbide zorrotza dago, XV. mendekoa izan litekeen armarria duena giltzarrian. Armarriak bost panel eta San Andresen gurutzea ditu, dorrearen jaunen blasoia, lurraldeko ahaide nagusiak. Mendebaldeko fatxadan, arku konopiala duen bao bat dago. Ekialdeko fatxadan, arku konopiala duen leihate bat dago; kordoi makur batek dekoratzen du, arkuaren harlanduan landutakoa eta Mariakako bost panelek dekoratuta. Horren eskuinetara, arku konopial soilagoa dago. Beso-abiaburu moztuak nabarmentzen dira alboko hormen kanpoaldean, dorrearen goialdeko zurezko egitura zahar batenak, egun desagertutakoa.

Barruan jatorrizko egituraren zurezko elementuak gordetzen dira, horman sarturikoak, egungoarekin bat ez datorren egitura-antolamendu batena, lau zutikotan oinarritutakoa (bi eta bi), egitura originalaren hiru hormartetako banaketarekin lerrokatzen direnak. Aurreko eta atzeko hormen jatorrizko egituraren hondakinei esker, suposatu liteke Mariaka dorreak solairu gehiago izango zituela goialdean, zurezkoak ziurrenik, eta bere egitura bi zutikotan oinarrituko zela solairu bakoitzean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Mariaka (toponimoa) sarrera Auñamendi entziklopedian.
  2. Amurrio turismo webgunean.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa