Edukira joan

Me Too mugimendua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manifestazio bat Baltimoren, 2018ko urtarrilean

Me Too mugimendua (traolarekin ere sarri idatzia, #MeToo, euskaraz: "Ni ere bai") sare sozialetan traol bezala modu biralean hasitako mugimendu baten izena da. 2017ko urrian, sexu erasoak eta sexu jazarpena salatzeko sortu zen, Harvey Weinstein estatubatuar zinema ekoizle eta exekutiboaren aurkako sexu abusu salaketen ondorioz. Mugimendu nagusiki feminista da, baina botere posizioetan harreman homosexualak izatera behartu izan dituzten biktimek ere salatu izan dituzte pertsona boteretsu abusatzaileak. Bereziki botere-harremanekin lotutako abusuak dira Me Too mugimenduaren ardatza, ingurune korporatibo edo instituzionaletan jazarpen matxista zein hedatua dagoen salatzeko saio bat da.

Tarana Burke aktibista eta antolatzaile komunitarioak "Me Too" ("ni ere bai") esaldia erabili zuen Myspace sare sozialean 2006an, "enpatiaren bidez ahalduntzea" sustatzeko. Kanpaina bideratu nahi izan zuen Burkek, sexu abusua jasan zuten emakume beltzen artean, bereziki komunitate behartsuenetan, salaketa egitera animatuz bitkimak[1].

2017ko urriaren 15ean, Alyssa Milano aktoreak esaldi hau erabiltzera animatu zuen kontzientziazio kanpaina baten barruan, arazoaren hedadura salatzeko[2]. Milanoren Twitterreko txioak zioen: "Jazarriak izan diren edo sexu erasoak jasan dituzten emakume guztiek txio bat egingo balute "me too "hitzekin, jendeari arazoaren magnitudea erakutsi ahal izango genioke".

Weinstein efektua eta salaketen hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Harvey Weinstein

Milanoren deia bat etorri zen Harvey Weinstein jazartzaileari buruzko informazioen lehen andanarekin, eta #MeToo traol-kanpainak gero eta pertsona gehiago bultzatu zituzten isilpean jasandako esperientziak partekatzera. Hainbat industriatan salaketak hedatu ziren, Estatu Batuetan nahiz mundu osoan botere-posizioetan zeuden gizon asko konprometitu zituztenak. Weinstein efektua ere esan izan diote honi[3].

Estatu Batuetan, 2017ko azken hilabeteetako epe laburrean, Kevin Spacey aktoreak, Louis C.K. komedianteak eta Brett Ratner zinemagileak proiektuak bertan behera utzi zituzten akusazioen ondoren[4]. 200 emakumek baino gehiagok sexu jazarpena leporatu zioten James Toback zinemagileari[4]. Zinearen munduan izan zuen eragina Me Too mugimenduak hasieran, baina hortik hedatu egin zen. Beste industria batzuetan John Besh sukaldaria jo zuen mugimenduak[5], eta hedabideen alorrean, Roger Ailes Fox News kateko presidentea salatu zuten[6]. Iraganeko kasuak ere argitara etorri ziren berriro, abusu akusazio zaharrak berriz argitara ekarriz, hala nola Jeffrey Epsteinen kasua[7].

Espainian eta Frantzian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian oso isilpean joan dira salaketa hauek, harik eta AEB-etako ikerketa batek Placido Domingo opera-kantaria salatu zuen[8].

Frantzian, salatu izan dituzte bortxaketa salaketengantik Tariq Ramadan islamologoa[9], eta Luc Besson[10] eta Abdellatif Kechiche zinegileak[11]. Frantziako politikan salaketak jaso dituztenen artean dago Jean Lassalle Pirinio Atlantiarretako diputatu bearnotarra[12]. Ezkerreko mugimendu politiko eta sozialetan ere, ingurune toxikoak salatu izan dituzte. Horietakoa zegoen nonbait MJS mugimenduan, zeinean Thierry Marchal-Beck MJS-ko buru ohia salatu zuten zortzi pertsonek[13]. UNEF ikasle sindikatuan ere "predatzaileen sistema" bat salatu zuten[14], eta jomugan jarri zituzten mugimendu horretako buruzagiak, Jean-Baptiste Prévost eta Emmanuel Zemmour.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Patxi Ezkiaga idazlea salatu zuten, hura hil eta ia sei urtera. Marisol Zamora kazetariak esan zuen abusuak egin zizkiola haurra zela, eta Me Too salaketen oihartzun mekanismoa aktibatu zen, eta Zamorari beste zenbait lagunek ere adierazi zioten Ezkiagaren erasoa jasan zutela.[15] Ezkiagaren jaioterrian, Legorretako Udalak erabaki zuen seme kuttun izendapena kentzea Ezkiagari, eta erretiratzea haren omenez parke batean zegoen bustoa.[16]

2017an, Sortu alderdiak kanporatu egin zuen militante bat, Donostiako Piraten inguruan, hiriko Alde Zaharreko jaietan eraso sexistak egiteko aprobetxatzen zuelakoan bere posizioa[17].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «The woman behind ‘Me Too’ knew the power of the phrase when she created it — 10 years ago - The Washington Post» web.archive.org 2017-10-19 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  2. «#MeToo: Hashtag Becomes Anti-Sexual Harassment and Assault Rallying Cry - NBC News» web.archive.org 2017-10-16 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  3. (Ingelesez) Dejesus-Remaklus, Mariah. RED ZONE: ‘Weinstein effect’ sparks national reckoning against sexual assault and harassment | The Northern Light. (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Weinstein, Spacey, Hoffman... la bomba del acoso sexual ha estallado en Hollywood» ELMUNDO 2017-12-24 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  5. (Ingelesez) Times-Picayune, Brett Anderson, NOLA com | The. «John Besh restaurants fostered culture of sexual harassment, 25 women say» NOLA.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  6. (Ingelesez) Crockett, Emily. (2016-08-15). «Here are the women who have publicly accused Roger Ailes of sexual harassment» Vox (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  7. (Ingelesez) Hirshman, Linda. (2019-07-09). «MeToo isn't over yet. Ask Jeffrey Epstein | Linda Hirshman» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  8. Gecker, Jocelyn. (2019-08-13). «AP: Women accuse opera legend Domingo of sexual harassment» AP NEWS (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  9. (Frantsesez) Turchi, Marine. «Une cinquième plainte déposée contre Tariq Ramadan» Mediapart (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  10. (Frantsesez) Guilcher, Lénaïg Bredoux, Marine Turchi et Geoffrey Le. «Violences sexuelles: plusieurs femmes accusent Luc Besson» Mediapart (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  11. (Frantsesez) Mediapart, La Rédaction De. «Enquête ouverte après une plainte contre Abdellatif Kechiche pour agression sexuelle» Mediapart (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  12. (Frantsesez) «#Balancetonporc : Jean Lassalle ne pensait pas avoir une attitude "perverse"» Marianne 2017-10-25 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  13. (Frantsesez) «Huit femmes accusent l'ex-président du MJS d'agressions sexuelles et de harcèlement» Le Huffington Post 2017-11-14 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  14. (Frantsesez) Harcèlement sexuel : la parole se libère à l’UNEF. 2017-11-17 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  15. Bastida Alzuru, Jone. (2024-06-06). «Marisol Zamora: «Zama bihurtu zait gertatutakoa barruan gorde izana eta hitzez adierazi ezina»» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
  16. Etxeleku, Iñaki. (2024-06-07). «Legorretako Udalak Patxi Ezkiagari egin goraipamen guztiak kentzea erabaki du» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-07).
  17. Ramirez, Xalba; Mitxelena, Lander Arbelaitz. (2017-07-14). «Piratetatik eta Karmenetatik ere kanporatu dute sexu erasoak egitea egotzitako Donostiako kidea» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]