Marxismo

Filosofia marxista» orritik birbideratua)

Marxismoa langile-klasea burujabetzeko metodo eta teoria politiko bat da. Teoria gisa analisi sozioekonomikoa egiten du, materialismo dialektikoa eta historikoa erabiliz klase sozialak eta gatazka sozialak dialektikoki azaltzeko. Marxismoak langilearen esplotazioa eta alienazioa salatzen du eta klaserik gabeko gizarte baten alde egiten du. Karl Marx eta Friedrich Engels alemaniar filosofoek XIX. mendean egindako lanetan oinarritzen da. Marxismoak erabiltzen duen metodologiari materialismo historiko deritzo, klaseetan oinarritutako gizartea eta kapitalismoa aztertu eta kritikatzeko. Metodologia berdinarekin klase borrokak sistema ekonomiko, sozial eta politikoan duen egitekoa aztertzen du.[1]

Karl Marx eta Friendrich Engels, hurrenez hurren.

Teoria marxistaren arabera, gizarte kapitalistan, klase-gatazka sortzen da interes materialak ez direlako berdinak esplotatutako eta zapaldutako proletalgoaren (produktuak eta zerbitzuak sortzen dituen soldatapeko langilea) eta burgesiaren (ekoizpen-bideen jabetza duen klase agintari bat, bere aberastasuna proletalgoak egiten duen lanaren gainbalioaren apropiazio bidez lortzen duena, mozkinak sortuz) baitan. Klase gatazka hau, normalki, gizarte bateko sektore produktiboaren eta bere produkzio-harremanen matxinada bezala adierazten da. Ondorioz, epe laburreko krisi bat sortzen da burgesia saiatzen denean proletargoak bizi duen alienazioa handitzen, klase-kontzientzia maila ezberdinetako langileen artean. Krisi sakona dagoen garaietan, zapaldutakoaren erresistentziak iraultza proletarioan amai daiteke. Honek garaipena lortuz gero, sozialismoaren ezarpena etorriko da, ekoizpen-bideen jabetza sozialean, bakoitzari bere ekarpenaren araberako banaketa bat eta erabileran oinarritutako produkzioa ezaugarritzat dituen sistema sozioekonomiko bat. Indar produktiboek aurrera egiten badute, Marxen hipotesia da sozialismoa azkenean gizarte komunista batean bilakatzen dela: klaserik gabeko eta estaturik gabeko gizarte bat, jabetza-komunean eta "Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera" printzipioan antolatuta.

Marxismoa hainbat pentsamendu-eskoletan eta adarretan garatu da, eta, beraz, ez dago erabateko teoria marxistarik[2]. Eskola marxista bakoitzak marxismo klasikoaren aspektu ezberdinei ematen dio garrantzia, beste batzuk aldatu edo ukatzen dituzten bitartean. Pentsamendu-eskola askok kontzeptu marxistak eta marxistak ez diren beste batzuk konbinatu dituzte, ondorio kontraesankorretara helduz.[3] Beranduago mugimendu bat sortu da proposatzen duena pentsamendu-eskola marxista guztiak bateratzen dituzten kontzeptuak materialismo historikoa eta materialismo dialektikoa direla.[4]

Marxismoak akademian inpaktu sakona izan du, eta hainbat esparrutan eragin du, hala nola arkeologia, antropologia,[5][6] informazioaren jakintzak,[7] politika-jakintza, antzerkigintza, historia, soziologia, ertiaren historia, ertiaren teoria, ikasketa kulturalak, hezkuntza, ekonomia, etika, kriminologia, geografia, literatura-kritika, estetika, zinemaren teoria, psikologia kritikoa eta filosofia.[8]

Etimologia

aldatu

"Marxismo" terminoa Karl Kautskyk zabaldu zuen, bere burua Marxista "ortodoxo" izendatu zuenean Marxen ondoren etorri ziren ortodoxo eta errebisionisten arteko eztabaidan.[9] Kautskyren aurkari errebisionista Eduard Bernstein zen, terminoa ere berarentzat hartu zuena.[9] Engelsek ez zuen babesten "Marxismo" terminoa bere edo Marxen ikuspegia deskribatzeko. Bere ustez terminoa gehiegikeriarekin erabiltzen zen euren burua erretorikoki Marxen "benetako" jarraitzailetzat zutenen aldetik, besteak erdeinuz aipatuz, adibidez "Lassallear" terminoarekin.[9] 1882an Engelsek esan zuen Marxek bere burua "Marxistatzat" zuen Paul Lafargue kritikatu zuela, esanez Lafargueren ikuspuntua "Marxista" batena bazen, orduan "ziur zegoela bera ez zela Marxista bat".[9]

Marxismoaren aurrekari eta eragileak

aldatu

Ilustrazioa eta sozialismo utopikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Ilustrazioa» eta «Sozialismo utopiko»

Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeetan zehar Mendebaldean garatutako aldaketa ideologiko sakona izan zen, arrazionalismoa eta indibidualismoa sustatu zituena, tradizioaren eta erlijioaren nagusitasunaren aurka. Marx eta Engelsek idatzitako Familia Santua lanean aitortu zuten Ilustrazioaren eragina euren ideietan, pertsona guztiak berez berdinak direla eta pertsonen bizimodua hobetzeko gizarte bidezkoa eratu behar dela baieztatzean. Ilustrazioaren ildotik, sozialismo utopikoaren korrontea garatu zen: pentsalari batzuek, hala nola Henri Saint-Simongoa, Charles Fourier eta Robert Owen, gizarte sozialista eta komunistak irudikatu eta planifikatu zituzten, baina garaiko gizartetik gizarte ideal horietara nola heldu zitekeen hausnartu gabe.[10]

Iraultza Industriala

aldatu

Ingalaterran XVIII. mendean abiarazi eta Europa kontinentalera zabaldutako Iraultza Industrialak gizarte-klase berri bat eratu zuen: proletalgoa, industria-lantegi handietan soldata baten trukean lan egiten zuten langileak, gizon, emakumeak eta haurrak. Nekazari-ohiak eta artisau txikiak ziren, nekazaritzaren eta makina berrien garapen azkarrak lanik gabe utzi zituenak. Lan-kondizio gogorrak zituzten lantegien ondoan eratutako auzoetan, eta euren eskubideak defendatzeko langileen mugimendua eratzen hasi ziren.[11][ohar 1][12] Marxek aldaketa hauek gertutik ikusi, langileekin bat egin eta bere teoria eratzen hasi zen: langileak ekoizpen-bideen jabe ez zirenez, kapitalistak euren lanaren zati bat bereganatzen zuen, gainbalio deitu zuena. Langileen lana salgai bilakatzen zen, gainera, harreman haietan; etengabe hazten zen langileen ugaritasunak soldaten beherakada ekartzen zuen eta horrek langileen kondizio txarrak areagotzen zituen. Ekoizpen-indar eta harreman horiek ekoizpen-modu kapitalista eratzen dute. Beste alde batetik, industria-lantegietan lanaren zatiketa gero eta handiagoa zen, produktibitatea gehitzeko helburuarekin. Kapitalistak langilearen lanaren zati bereganatu eta lanaren zatiketaz ataza errepikakorrak egitera behartzen zuen egoera hori deskribatzeko alienazio kontzeptua garatu zuen Marxek.

Hegelen filosofia

aldatu
 
Hegel.

Marxek Hegelen metodo dialektikoa bereganatu zuen, baina Hegelen idealismoa biziki ukatuz eta horren ordez materialismo dialektikoa ezarriz. Historiari dagokionez, esaterako, Hegelek ideologia politikoa, estatuan gauzatua, funtsa eta gizarteko harremanak haren isla diren bitartean, Marxek eta Engelsek arlo ekonomikoari (arlo materialari, hain zuzen) eman zioten lehentasuna, egitura politikoak ere berezko izakitasuna bazuen ere haien iritziz.[13] Marx eta Engels hegeldar gazteen taldean kokatu izan dira eta talde horretako kide izan zen Ludwig Feuerbachek idealismoaren aurka azaldu zuen jarrerarekin bat egin zuten, baina hark gizakiari buruz aldeztutako materialismo naturalista ere arbuiatu zuten, gizakia gizakiaren emantzipaziorako eraketa politiko berri batetik askatuko dela baieztatuz eta ez gizakia zanpatzen duten erakundeak, erlijioa eta estatua kasu, soilik ezabatuz edo aldatuz.[14][15]

Filosofia marxista

aldatu

Filosofia marxista marxismoa jorratzen duen filosofia da. Filosofia tradizionaletik urruntzen den filosofiaren adar bat gisa uler dezakegu. Horretarako ulertu behar dugu filosofia hau edo materialismo dialektikoak honakoa defendatzen du: Idealismoa eta dualismoa burgesiak erabiltzen duen arma bat dela, langile klasea ahultzeko. Horretarako hainbat tesi daudelarik.

  • Pentsamenduarekiko beregaina den errealitate bat, materia kontzientea bezala ezagutua.
  • Materia kontzientearen garapena aurkakotasun edo ezeztatzearen ondorioz.

Materialismo dialektikoaren adar bat materialismo historikoa litzateke, zeinak bizitzako kontraesan eta produkzio erlazioekin bateratzen du. Ondorioz klase arteko borroka sortuz, Marxek eratutako sozialismo zientifikoaren ekonomia aplikatuz.

Sobietar filosofia marxista

aldatu

Sobietar Batasunean, filosofia marxista iraultza errusiarraren eraikuntza prozesuan aurkitzen dugu eta baita ere ondoren estatu sobietarra sortzean tsarismoari aurre egitean. Gainera, Leninek ez zuen soilik filosofia marxista alderdi politikoan soilik erabili baita ere filosofikoki, materialismoaren oinarriak ezarriz, sozialismoaren garapenean.

Honela gizartearen garapeneko alderdi garrantzitsuenetan filosofia marxista txertatzen da, alderdi sozialean, ekonomikoan, zientifikoan, filosofikoan, kulturala etab.

Stalin hil eta bere ondorengoekin filosofia marxistaren planteamendu berria sortzen dira beti ere Leninen oinarriak garrantzia handia dutelarik. Alderdi komunistak asko eragingo du aldaketa hauetan, sozialismotik komunismorako bidea hartu nahi dutelarik, honela aurretiaz aurkitzen ziren arazoak konpontzeko eta langile klasearen garapena aurrera eramateko alderdi guztietan.

Filosofia marxistaren garapena eta ikaskuntza 1960tik aurrera eta Sobietar Batasunaren amaierara arte, gehienbat materialismoarekin lotu zen eta Marxen Kapitala Liburuarekin lotu zen. Logika, estetika, zientzia, hizkuntza eta morala errealitatean ez ziren zehaztuko Sobietar Batasunak zituen barne eta kanpo gatazken ondorioz. Hala ere aztertzen jarraitu zen Errusian marxismoa nola hobetu garatzen joateko.

Hainbat autore aurki ditzakegu honetan sakondu zutenak: Nikolái Bujarin, V.N. Sarabianov, F.V. Konstantinov, I.V Kuznetsov, S.A Ianoskaia adibidez.

Kontzeptuak

aldatu

Materialismo dialektikoa

aldatu

Materialismo dialektikoa marxismoaren metodo filosofikoa da. Marxek ez zuen termino hori aipatu bere lanetan eta Engelsek idatzitako Anti-Dühring lanean azaltzen da zehatz-mehatz. Geroztik, alderdi sozialista eta komunisten doktrina filosofikoa izan zen, Sobiet Batasunaren filosofia ofiziala bilakatu arte.[16] Materialismo dialektikoa idealismoarekin eta pentsamendu metafisikoarekin kontrajartzen da: horien arabera objektuak «ikergai isolatuak» diren bitartean, «positiboa eta negatiboa» ukatuz eta «kausa eta efektua» kontrajarriz, dialektika objektuak euren harreman eta mugimenduetan, euren jatorri eta akaberan, ikertzen ditu, izadia izanik abiapuntua eta froga-harria, ikuspuntu materialista batetik.

Materialismo historikoa

aldatu

Materialismo historikoa historiaren filosofia marxista da. Horren arabera, gertaeren bilduma soila izateaz haraindi, historia gizakiak munduarekiko duen harremanaren isla da, dialektikaz etengabeko aldaketan dagoena. Gizakiak mundua lanaren bitartez aldatzen duenez, historiaren eragileak teknologia, ekoizpen-indarrak eta ekoizpen-harremanak dira, historian zehar, hurrenik hurren, asiar ekoizpen-modua, esklabotza, ekoizpen-modu feudala eta ekoizpen-modu kapitalista ekarri dituztenak. Aldaketa dakarren aldagaia klaseen arteko aurkakotasuna da, klase-borroka alegia. Kapitalismoaren kasuan, langileriaren eta kapitalisten arteko klase-borroka izango da kapitalismoa gainditu eta sozialismoa ekarri duena.

Marxismoaren joerak

aldatu

Marx eta Engelsek eratutako teoriaren baitan laster sortu ziren joera zenbait. Lehenengoa XIX. mendearen bukaeran sortu zen eta sozialdemokrazia abiarazi zuen. Korronte honen abiarazlea Eduard Bernstein izan zen, XIX. mendearen bukaeran. Haren arabera sozialismorako bidea pausoz pauso eta modu baketsuan gertatuko litzateke eta ez kapitalismoaren bilakaera kritikoak ekarriko proletarioen iraultzaz. Faktore ekonomikoen garrantzia ere mugatu eta sozialismoa iritzi moraletan ere oinarritu behar dela aldezten dute.[17] Korronte horien aurka, marxismo iraultzailea garatu zen, Errusiako Iraultzan garaituko zena 1917 urtean. Hurrengo urteetan, leninismoa garatu zen Errusian, komunismorako bidean abangoardiazko alderdi iraultzailearen garrantzia nabarmentzen zuena.

Oharrak

aldatu
  1. Engelsek 1845 urtean plazaratutako Langileen klasearen egoera Inglaterran liburuko hitzaurrean garbi utzi adierazi zuen langileen egoera garaiko mugimendu komunista eta sozialisten oinarria zela. Liburu horretan zehatz mehatz azaltzen dira Iraultza Industrialak ekarritako aldaketak eta soldatapeko langileen egoera negargarria.

Erreferentziak

aldatu
  1. «The German Ideology. Karl Marx 1845» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  2. Wolff, Richard D.. (1987). Economics : Marxian versus neoclassical. Johns Hopkins University Press ISBN 0801834791. PMC 15195873. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  3. Encyclopedia of political economy. Routledge/Taylor & Francis Group 1999 ISBN 0203443217. PMC 252877246. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  4. Ermak, Gennady.. (2016). Communism : the great misunderstanding. The Author ISBN 9781533082893. PMC 962187973. (Noiz kontsultatua: 2019-04-30).
  5. (Ingelesez) O'Laughlin, B. (1975-10). «Marxist Approaches in Anthropology» Annual Review of Anthropology 4 (1): 341–370.  doi:10.1146/annurev.an.04.100175.002013. ISSN 0084-6570. (Noiz kontsultatua: 2019-05-01).
  6. (Ingelesez) Roseberry, William. (1997-10-21). «MARX AND ANTHROPOLOGY» Annual Review of Anthropology 26 (1): 25–46.  doi:10.1146/annurev.anthro.26.1.25. ISSN 0084-6570. (Noiz kontsultatua: 2019-05-01).
  7. Becker, Samuel L.. (1984-03). «Marxist approaches to media studies: The British experience» Critical Studies in Mass Communication 1 (1): 66–80.  doi:10.1080/15295038409360014. ISSN 0739-3180. (Noiz kontsultatua: 2019-05-01).
  8. «Teaching Communication and Media Studies: Introduction» Teaching Communication and Media Studies (Routledge): 1–10. 2014-11-20 ISBN 9780203694480. (Noiz kontsultatua: 2019-05-01).
  9. a b c d Zelnik, Reginald E.; Fawcett, Peter; Haupt, Georges. (1988-04). «Aspects of International Socialism, 1871-1914: Essays by Georges Haupt» Russian Review 47 (2): 201.  doi:10.2307/129978. ISSN 0036-0341. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  10. (Ingelesez) Engels, Friedrich. Socialism: Utopian and Scientific. , 10-12 or..
  11. (Gaztelaniaz) Álvarez-Uría, Fernando; Varela, Julia. (2004). Sociología, capitalismo y democracia: génesis e institucionalización de la sociología en Occidente. , 65-66 or..
  12. (Gaztelaniaz) Engels, Friedrich. La situación de la clase obrera en Inglaterra. .
  13. (Gaztelaniaz) Harnecker, Marta. (1994). Los conceptos fundamentales del materialismo histórico. , 265-291 or..
  14. (Gaztelaniaz) Kolakowski, Leszek. Las principales corrientes del marxismo. I. Los fundadores. , 130-132 or..
  15. (Gaztelaniaz) Kolakowski, Leszek. Las principales corrientes del marxismo. I. Los fundadores. , 121-124 or..
  16. (Gaztelaniaz) Aron, Raymond. El marxismo de Marx. , 549-551 or..
  17. (Gaztelaniaz) Casanova, Eudaldo. (2007). Lo que queda del marxismo. , 32-33 or..

Bibliografia

aldatu

Gotzon Garate saiakeragileak marxismoari buruzko honako liburu hauek idatzi zituen euskaraz:

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu

(Ingelesez) Marxists Internet Archive, marxismoari buruzko entziklopedia eta liburutegia.