Giacomo Casanova
- Artikulu hau italiar abenturazaleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Casanova».
Giacomo Casanova | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Giacomo Girolamo Casanova |
Jaiotza | Venezia, 1725eko apirilaren 2a |
Herrialdea | Veneziako Errepublika |
Lehen hizkuntza | italiera |
Heriotza | Duchcov, 1798ko ekainaren 4a (73 urte) |
Hobiratze lekua | Duchcov |
Familia | |
Aita | Gaetano Casanova |
Ama | Zanetta Farussi |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Paduako Unibertsitatea 1742ko azaroaren 28a) in utroque jure |
Hizkuntzak | italiera frantsesa Veneziera alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | itzultzailea, poeta, liburuzaina, bankaria, eleberrigilea, diplomazialaria, idazlea, abenturazalea eta autobiografialaria |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Musika instrumentua | biolina |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Giacomo Girolamo Casanova (Venezia, 1725ko apirilaren 2a – Dux, gaur egungo Duchcov (Txekia), 1798ko ekainaren 4a) italiar abenturazalea izan zen.
Emakumeak limurtzen trebea izateagatik, maitale eta abenturazale prototipo gisa ezaguna da, batez ere bere autobiografiaren ostean (Histoire de ma vie (‘Nire bizitza’), bere bidaiak eta abenturak kontatzen dituen lana). Bere emakume limurtzaile irudia hain paradigmatikoa izan da, ezen Don Juan-ekin alderatuta izatera iritsi den (bat egiteraino benetako gizona izan zena eta literaturako pertsonaia), baina, antza, bien arteko desberdintasuna ondorioetan dago: emakumeak oroitzapen goxoekin lagatzen zituen Casanovak eta Don Juan-ek ez, bildumatzaile hutsa zelako.
Casanova ez da pertsonaia ilustratutzat hartzen, Antzinako Eraentzako ideiak baitzeuzkan, eta ukatu egiten zitzaion aitoren semeen parte izatea izan zen beti bere helburua.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Komediante edo antzezleen semea zen. Bere amak Zaretta Farussi zuen izena eta bere aitak Gaetano Casanova. 8 urte zituela galdu zuen aita, eta bere ama Europa osoan zehar ibili zen antzezlanetan. Giacomoz gain beste 4 ume izan zituzten, eta ez zuten nahi izan haietako inor antzezlea izan zedin.
Horrela, Gozzi abadeak emandako apaiz irakaskuntza jasotzen ari zela ikusi zen Giacomo mutiko argia zela.
Garai hartan egindako lan intelektualen artean, latinez idatzitako pentametro bat itzuli zuen eta Zuzenbideko bi tesi idatzi zituen: bata Zuzenbide Zibilekoa eta bestea Zuzenbide Kanonikokoa.
Malipiero veneziar senataria izan zuen Filosofia eta Jakintzen irakasle, baina senatariaren gustuko emakumearekin harremanak izan zituelako haserretu egin ziren.
Abentura handien garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]21 urterekin bere amak Erromara eraman zuen, Acquaviva kardinalaren zerbitzuan egon zedin eta fraide gisa bizi izan zen. Dena dela, emakumeekin izandako aferengatik bota egin zuten langune hartatik.
Orduz geroztik, Europa osoan bidaian hasi zen: Korfu eta Konstantinoplara egin zuen lehen bidaia, baina Veneziara itzuli zen ondoren.
Bien bitartean biolin-jotzailea izan zen, baina ogibidea utzi egin zuen, maila baxukoa zela iritzi baitzion. Ondoren, Matteo Bragadin veneziar patrizioaren sendagile bihurtu zen: bihotzeko batetik sendatu zuen patrizioa eta ordainetan diru asko ordaindu zion, magia eta kabala irakaspenak emateaz gain. Inkisizioaren belarrietara iritsi ziren horren berriak eta ihes egin behar izan zuen bere jaioterritik.
1749 eta 1752 urte bitartean, Milan, Cremona, Cesena, Parma, berriz Milan, Genova, Lyon, Paris eta Dresden hirietan ibili zen. Urte horietan, benetan maitatu zuen emakumea ezagutu zuen: Henriette. Bederatzi hilabetez elkarrekin egon ostean banatu ziren, baina emakumeak beti izan zuen gogoan eta Casanova gaixo izan zenean zain zezaten arduratu zen.
1753an berriro itzuli zen Veneziara, baina eskandalu berri baten arduradun bihurtu zen: Bernis abadearen, Frantziako enbaxadorearen eta bi lekaimen arteko ménage à quatrea. Ondorioz, preso hartu eta Piombi espetxean (‘berunen espetxean’) sartu zuten 1755an moral kaxkarragatik, magia egiteagatik eta atzerritarrekin tratua izateagatik. Hurrengo urtean ihes egin zuen, espetxean ezagututako monje batekin, eta 18 urtez atzerrian bizi izan zen.
Parisa joan zen eta han Luis XV.arekin, Madame Pompadourrekin eta gortearekin harreman onak izan zituen. Esan ohi da, Frantziako estatuaren loteriaren sortzaileetako bat izan zela 1757. Misio ezkutuak egin zituen gortearentzat eta Voltaireekin tratuak izan zituen, baina desadostasun politikoek banandu zituzten. Dena dela, berriro istiluak izan zituen: hilaur egiteagatik, oihalgintzan iruzur egiteagatik eta truke-letrak faltsutzeagatik ihes egin behar izan zuen.
Horrela, leku batetik bestera ibili zen Europan zehar eta aitoren semea zela esaten hasi zen, Chevalier d'Seingalt izena hartuta.
Ondoren Zuricha joan zen, eta monasterio batean sartu zen. Erroman Klemente XIII.a Aita Santuaren domina bat jaso zuen.
Gero, Prusiako Frederiko II.a Handiaren mesedea jaso zuen eta bere gudarosteko kadeteen agintea jaso zuen. San Petersburgon Katalina Handia ezagutu zuen. Polonian herrialdean gertatutako bortxakeria politikoari buruzko historia-lan bat idatzi zuen. Madrilen plan bat egin zuen Sierra Morenan kolonia bat sor zezaten Espainian bizi ziren suitzar eta alemaniarrek. 1768an, Bartzelonan 42 egunez preso hartu zuten gudarosteko kapitain jeneralaren emaztearekin izandako afera zela-eta.
Bidaia etengabe hauetarako dirua, berarekin maiteminduta zegoen emakume batek ematen zion: Madame D'Urfék. Emakume horrek uste zuen Casanova magia eta alkimian aditua zela: Casanovak ama izan zitekeela zin egin zion 70 urte baino gehiago zituen arren eta bizitza luzatzeko toniko baten gaindosia hartuta hil zen, Casanovarengan guztiz sinetsita.
Ondoren, Italia aldean ibili zen berriro, emakumeak limurtzen (Napolin besteak beste). 1771n Homeroren Iliada itzuli zuen eta Ahuntz artilea izeneko liburua idatzi zuen (gogoeta honekin: emakumeen pentsatzeko ahalmenean umetokiak eragina ote duen ala ez aintzat hartzea). Berriro Veneziara joatea lortu zuen, hiriak agindutako misio bat egin ostean, baina eleberri batean Carlo Grimani aitoren semeari kalte egiteagatik (zorretan zela esan ziolako, liburuan ezkontzaz kanpoko semea zela argitaratu zuen) bidali egin zuten berriro 1783an.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berriro bidaia etengabeak egin zituen eta bizileku izan zituen: Viena, Bolzano, Augsburgo, Akisgran edo Aachen, Spa, Paris, berriz Viena, Dresde, Berlin eta Praga —Wolfgang Amadeus Mozart ezagutu zuen bertan eta, diotenez, bere Don Giovanni opera Casanovak kontatu zizkion gauzetan oinarrituta dago neurri batean—.
1785an Waldstein kondearen laguna egin zen, hargin beltzak baitziren biak eta Casanovari Bohemiako Dux liburutegiaren arduradun izatea eskaini zion. Baina Casanova ez zen zoriontsu eta, terapia gisa, bere autobiografia idazten hasi zen. Ez zuen lan hori amaitu, 73 urterekin hil baitzen 1798an (27 urtetako hutsunea dauka liburuak). Bere azken esaldien artean honakoa zegoen: «Bizitzan zehar egin dudana, ona izan ala txarra izan, aske egin dut, gizon askea bainaiz».
Casanovaren lanen balioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giacomo Casanovaren lanen balio literario eta historikoaz asko eztabaidatu da. Idazle, historialari, filosofo eta matematikari gisa saiatu zen arren, ez zuen lortu arrakasta edo izen handirik, ez bizi zela ez hil ostean.
Bere idatziak helburu jakinak lortzeko idatzi zituen sarri (Veneziara itzultzeko onespena lortzeko, adibidez, 1768an Bartzelonan espe zela idatzitakoa; Katalina II.a Errusiakoarengandik edo Frederiko II.a Prusiakoarengandik onurak lortzeko idatziak bezala, etab.).
Icosameron lanak arrakasta literarioa eman behar izango zion, baina ez zen hala gertatu. Aldiz, Storia della mia fuga dai Piombi lanarekin lortu zuen, argitalpen bat baino gehiagorekin eta azkarrekin, italieraz nahiz frantsesez.
Asko idatzi zuen, horrenbeste non bere bizitzaren une batzuetan horretantxe bakar-bakarrik aritu baitzen, baina bereizi egin behar da, nahitaez, autobiografiaren eta beste lanen artean.
Horrelaxe adierazi zuen, jada garai hartan Charles-Joseph de Lignek. Printze honek zioen, Casanovak miresmena lortzen zuela bere bizitzari buruzko kontakizunekin (ahozkoak izan ala idatziak izan), ostera, aspergarria izaten zela bestelako kontuez ari zenean. Casanovak, aldiz, ez zuen sekula hori horrela zenik onartu nahi izan.
Horregatik, bere lan handia Histoire de ma vie (‘Nire bizitza’) izan zen, eta ez zuen amaitzerik izan, berandu hasi zuelako idazten. Gainera, garairako argitara ezina zen ia, garai hartako ohiturez eta pertsona ezagunez zioen gauzengatik. Eskuizkribua Heinrich Brockhausek eskuratu zuen 1821ean eta 1826 eta 1838 artean argitaratu zen, baina Jean Laforguek moztuta (pasarte “gogorrak” kendu zituen eta egilearen ideologia ere aldatu zuen argitaratzaile honek: Antzinako Eraentzaren iraunarazlea zen Casanova, ia jakobinoa bihurtu zuen). Argitalpen osoa egiteko, azkenik, Brockhaus etxeak Parisko Plon etxearekin bat egin zuen 1960-1962 artean argitaratu zen Angelika Hübscher editorearen eskutik.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere autobiografian ez da lanik aipatzen, baina 43 lan idatzi zituen eleberri, libelo, olerki, gutun-bilduma eta oroitidazkiak kontuan hartuta. Horietatik, batzuek ahaztuak izan dira eta beste batzuek 15 argitalpen izatera iritsi ziren.
- Epistolarioak ehunka gutun jasotzen ditu: lagun, antzezle, jaurlari, abade, kardinal, irakasle, militar eta abarrengana zuzendutakoak dira eta maitasunaz, ekonomiaz, politikaz, diplomaziaz edo literaturaz dihardute. Lehena Piombi espetxetik ihes egin zuenean idatzia da (1765ean) eta azkena hil baino hiru egun lehenagokoa.
- Amelot Houssaieren «Veneziako gobernuaren historia» lanari ezeztatuz egindako erantzuna (1769), Veneziako buruzagien onespena berreskuratzeko idatzi zuen.
- La Poloniako gorabeheren historia (1772), historialari gisa zituen akatsak ikusten zaizkio lan honetan.
- Likantropo baten eskutitza (1773), bere lanik onenetako bat da, emakumea gutxiesten dutenei egindako trufa da, eta oso argiro idatzita dago.
- Pentsalariaren bakarrizketa (1786), frantsesez idatzi zuen lan hau. Magiaren eta, bereziki, Cagliostroren aurka egin zuen liburuan.
- Ikosameron (1787), bi anaien gorabeherak kontatzen dituen alegiazko eleberria Jonathan Swiften Gulliverren bidaiak lanaren bidetik.
- Frantziako Iraultzari buruzko gogoetak (1793–1794), Bastilla erori zenetik, errege-erreginak erori ziren arte gertatutakoa kontatzen du. Munduaren amaieratzat deskribatzen du, bere ikuspegi zaharra eta iraultzaren kontrakoa agertuz.
- Nire Bizitza (1725–1786), Casanovaren bere lanik onena eta ezagunena, dudarik gabe. Lan hori frantsesez idatzi zuen gehiago heda zedin (garai hartan frantsesa Europa osoan zen kultura-hizkuntza). XVIII. mendeko aitoren seme eta burgesen eguneroko bizitza ezagutzeko lan izugarri baliotsua da, baita beste maila baxuago pertsonena ezagutzeko ere. Bere garaiko pertsonaia esanguratsuenak ezagutu zituen gorte eta aretoetan eta bere liburuan ageri dira: Rousseau, Voltaire, Madame Pompadour, Mozart, Katalina II.a Errusiakoa, Frederiko II.a Prusiakoa eta abar.
Filmak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | Filma | Zuzendaria | Casanovaz egin zuen antzezlea |
---|---|---|---|
2005 | Casanova (TV) | Sheree Folkson | David Tennant |
2005 | Casanova | Lasse Hallström | Heath Ledger |
2004 | Casanova (TV) | Richard Blank | Robert Hunger-Bühler |
1990 | Casanova | Morten Lorentzen | |
1987 | Casanova (TV) | Simon Langton | Richard Chamberlain |
1981 | Casanova (TV) | Kurt Pscherer | Walter Koeninger |
1976 | Casanova di Federico Fellini | Federico Fellini | Donald Sutherland |
1971 | Casanova | Mark Cullingham y John Glenister | Frank Finlay |
1934 | Casanova | René Barberis | Ivan Mozzhukhin |
1928 | Casanova | Michael Bohnen | |
1927 | Casanova | Alexandre Volkoff | Ivan Mozzhukhin |
1918 | Casanova | Alfréd Deésy | Alfréd Deésy |