Edukira joan

Letra xehe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Minuskula» orritik birbideratua)

Letra xehea edo minuskula grafema mota bat da, letra larria baino txikiagoa eta horrenbestez, forma ezberdinekoa.

781ean, Akisgranen, Yorkeko Ealhwine idazlea Karlomagnoren gortera iritsi zen. Erregeak eskola bat irekitzeko asmotan ekarri zuen Ealhwine eta, azkenean, hamabost urte eman zituen bertan, karolingiarren berpizkunde kulturalaren bultzatzaile nagusietako bilakatuta. Tarte horretan, besteak beste, letra xehe karolingiarra garatu zuen, ordura arte erabiltzen zena baino txikiagoa eta biribilagoa, gaur egun letra xehe etzantzat jo daitekeena[1].

Erromatarrek letra larriz idazten zuten. Letren diseinua simetrikoa zen, geometria euklidearrean oinarritua. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren amaierara arte ez ziren hasi kurtsiba erromatar modura ezagutzen den hizki moldea erabiltzen. Idazkera hori ez zen zabaldu, baina mende batzuk beranduago eragina izango zuen Eanwhilek letra xehe karolingiarra asmatu zuenean.[1]

Hala ere, horretarako oinarrizko faktorea teknologia izan zen. Karlomagnoren gortean, aurretik kargatzen ziren arkatzak eta garai hartako paperik fin eta leunena (animalia jaioberrien larruz egindako Vitela papera), erabiltzeko aukera izan zuen Eanwhilek. Idazteko modu errazago hura berehala zabaldu zen kultur maila altuenekoen artean. Baina XI. mendean baztertu egin zuten letra minuskula.[1]

Veneziako Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendean veneziar errenazentistek tipografia berri bat nahi zuten euren errepublikarako, eta Aro Klasikoa berpizteko. Horregatik ipini zioten lettera antica izena, eta horregatik aukeratu zuten kurtsiba erromatarra eredu moduan. Baina izkribu erromatarrak eta karolingiarrak nahastu zituzten, eta azkenean Ealhwinek asmatutako minuskula zabaldu zuten.[1]

Hortik aurrera Europa osoan letra larriak paragrafoaren hasiera markatzeko erabiltzen hasi ziren eta testua letra xehez idazten zuten. Eredua aukeratzeko izandako akatsa deskubritu zuten halako batean, baina tipografia horrek zabaltzen jarraitu zuen. Idazteko materiala garestia zen eta letra horrek espazio gutxiago behar zuen; gainera eskuz idazteko askoz azkarragoa zen.[1]

Inprenta iritsi zenean ere abantaila handia eskaintzen zuen lettera anticak, izan ere, tinta asko aurrezten zen soilik karril erdia erabilita.[1]

Azken mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendearen hasieran lehen estilo liburuak sortu ziren. Europako herrialde bakoitzak modu batera erabiltzen zituen letra xeheak eta larriak, eta arauak bateratzeko beharra zegoen. Mende horretan bertan, Giambattista Bodonik letra xehea garatu zuen, Gracia tipografia sortu arte. Horixe izango zen gaur egun erabiltzen diren tipografia askoren oinarria, besteak beste, Times eta Garamond.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Irazustabarrena, Nagore. (2007-12-16). «Letra xehetzen» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]