Terrakotazko armada
Lehen Qin enperadorearen Mausoleoa1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
1. gelako ikuspegi orokorra | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | i, iii, iv, vi |
Erreferentzia | 441 |
Kokalekua | Txina |
Eskualdea2 | Asia eta Ozeania |
Izen ematea | 1987 (XI. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Terrakotazko armada (兵馬俑, pinyin-ez, bīng mă yōng, "Soldadu- (eta) zaldi-irudiak"), Lehen Qin Enperadorearen Mausoleoaren barruan (秦始皇陵, pinyin-ez, qín shĭ huáng líng) dauden tamaina errealeko 7.000 zaldi eta gerlariren multzoa da. Qin Shi Huangekin, bere burua Txinako lehen enperadore izendatu zuen Qin dinastiako lehen enperadorearekin, lurperatu ziren, K. a. 210-K. a. 209 bitartean.
Estatua horiek lurperatuta, Enperadoreak bere agindupeko tropak izaten segituko zuela uste zen. Terrakotazko armada gudu eraketan ehortzi zen hiru lubakitan, Enperadorearen hilobitik kilometro eta erdi ekialdera (Xi'anetik 33 kilometro ekialdera). Lubakiek 4 eta 8 metro arteko sakonera dute. Lurretik atera dituzte eta, tokian bertan, museo bat eraiki, "Lehen Qin Enperadorearen Terrakotazko Armadaren Museoa" izenekoa.
Armada 1974ko martxoan aurkitu zen. Txinako Shaanxi probintziako Xi'anetik gertu, ureztatzeko urez hornitzeko lan batzuk egin zirenean. 1987tik, UNESCOk, Gizateriaren Ondare izendatuta dago.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen lubakia 1974an aurkitu zuten kasualitatez, lehorteari aurre egiteko ur bila zebiltzan nekazari batzuek. Toki horretan, jada eriden ziren aurretik hondakinen batzuk, baina ez zitzaien garrantzirik eman, indusketa hasi zuen arkeologoak lubaki berriaren aurkikuntzaren berri izan zuen arte.
Lubakiak 200 metroko luzera eta 60 metroko zabalera du eta 6.000 gerlari baino gehiago dauzka; haietako batzuk oraindik lurpean daude, argitara ateratzeke. Irudiak tamaina naturalekoak dira: 1,80 metro luze dira eta terrakotaz eginiko armajantziz hornituta daude. 1979an, lubakia publikoarentzat ireki zen.
Irudi bakoitzak bere ezaugarriak ditu: batzuk bibotedunak dira, besteak ez, hainbat orrazkera dituzte, badira gazteak, zaharrak, etnia askotako ezaugarriak nabari zaizkie... Buruak eta eskuak aparte moldeatzen ziren eta gero gorputzei gehitzen zitzaizkien. Uniformeak haien maila militarraren isla ere badira. Soldadu bakoitzak arma bat zeraman: arkua, lantza, ezpata... Qin dinastia erori ondoren, nekazariek hilobia arpilatu eta armak lapurtu zituzten. Jatorrian, irudiak kolore bizi eta distiratsukoak ziren, baina oxigenoarekin kontaktuan egon ondoren, handik bost ordura kolorea galdu eta herdoildu egin ziren. Arrazoi hori dela eta, koloreak mantentzen lagunduko duen teknika aztertzen ari dira eta, azterketa amaitu arte, oraindik lurpean dauden gerlariak ez dituzte argitara aterako.
Publikoarentzat ireki zen bigarren lubakiak 69 irudi ditu eta "Jeneralen lubakia" esaten zaio. Uste denez, armadaren estatu nagusia irudikatzen zuen. Lubaki hartan, lau zaldiren irudiak ere daude. Azkenik, hirugarren lubakiak mila gerlari inguru ditu, horietako asko oraindik zaharberritu gabeak.
1980an, brontzezko bi gurdi margotu aurkitu ziren: haietako bakoitza 3.000 atalez baino gehiagoz osatuta dago. Bakoitzeko lau zaldiak gidari inperial batek gidatzen ditu. Ikerketa batzuen arabera, gurdiotako lehenak enperadorearen segizioaren bidea lautzeko funtzioa omen zuen eta bigarrena erregearen lo egiteko tokia zen. Ez dira tamaina errealekoak (gutxi gorabehera, tamaina erdikoak dira) eta urre eta zilarrezko inkrustazioak zituzten.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]