Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Pachycephalosaurus

Pachycephalosaurus baten ustezko itxura.

Pachycephalosaurusa Kretazeo garaian, duela 98 - 65 milioi urte, gaurko Ipar Amerikako lurretan bizi izandako dinosauro bat izan zen. Haren izenak "buru lodiko muskerra" esan nahi du; izan ere, burezur lodia zuen, burukadak ematen zituelako defendatzeko.

Ornithischia izenez ezagutzen den dinosauroen ordenakoa zen, hau da “txori-aldakadun” dinosauroen ordenakoa.

Dinosauro hauek landaretza ugariko lekuetan bizi ziren, beharbada basoetan edo haietatik hurbil.

Pachycephalosaurusa 4,5 metro luze zen, eta haren buruak 60 zentimetro neurtzen zituen. Buruaren goialdean hezurrezko kupula moduko bat zuen, oso sendoa eta 25 zentimetro lodi. Kupula hori punta zorrotzez inguratua zegoen, koroa baten antzera. Muturrean ere bazituen antzeko punta zorrotzak. Hortz txikiak eta triangelu-formakoak zituen, lepo labur eta lodia, eta tamaina handiko gorputza. Atzeko bi hanken gainean ibiltzen zen, eta buztan gogor eta astuna zuen. Haren aurreko hankak atzekoak baino askoz laburragoak ziren.

Seguruenik, Pachycephalosaurusak landare leunak, fruituak, haziak eta intsektuak jaten zituen. Zientzialari batzuek uste dute Pachycephalosaurus arrak ugalketa garaian elkarren aurka borrokan hasten zirenean burukadak ematen zizkiotela elkarri. Teoria horren arabera, bizkarrezurra eta buztana animalien talka arintzen laguntzeko diseinatuta zeuden bereziki, aurrez aurre talka egitean.

Burezur lodia kasko bat balitz bezala erabiltzen zuen, garun txikitxoa babesteko. Beste zientzialari batzuek uste dute Pachycephalosaurusaren burezurra ez zela jokabide mota horretarako egokia, eta, aldiz, dinosauroak hegaletik jotzen zituela aurkariak. Beste batzuek uste dute dinosauro honek garezurraren diseinu berezia erabiltzen zuela kideak erakartzeko, seinale bisual gisa.